Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Mendi Alde Sorgin-dantza Otxandion

Dokumentuaren akzioak

Sorgin-dantza Otxandion

2017/03/20 08:30
Sorgin-dantza Otxandion

Deabrua Ama Birjinaren oinetan, Otxandioko elizan. argazkia: Mendi-Alde taldea CC BY-SA

Hitzaurrea

Egunerokotasunean jazotakoen ondorioz edo beste kausa batzuk direla medio, zenbait urtetako atzerapenarekin egindako hitzaurrea da honakoa. Gaurkoan, jarraian azalduko ditugun gertakarien herrian jasotako testu, informazio, eta soinuzko zein idatzizko dokumentuak hartu ditugu berriro ere esku artean. Honekin, bere garaian pertsona anonimo eta ezagunek kontatutako gertakari eta historiak azaleratu eta argitaratu nahi ditugu behingoz. Horiei aipamen berezia ere egingo diegu.

Horrekin guztiarekin Bizkaiko, Otxandioko eta bereziki folklorearen eta herri-dantzaren historiari ekarpen bat egitea espero dugu. Azken horretan zentratu nahi dugu, hortik hasi baitzen lan eta ikerketa hau.

Orain egin nahi duguna aurretik egin ez izana ez da aitzakia eta horregatik jarri gara gaur indarberrituta, lehen baino indar gehiagoz posible bada.

Liburu batetik hartutako datuekin kondaira baten bila abiatu ginen, eta besteren batekin topo egin genuen.

Andoni Flores, 2015-11-22.

Sorgin estrada Otxandio
Sorgin estradako kale izena Otxandion. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

Sarrera

Urte asko pasa dira, folklorea ikertzeari buruzko ezagutza eskasarekin, Otxandiora joan ginenetik. Jasotako dokumentazioa, testigantzak, gertaerak erredaktatzeko eta egunerokoak idazteko moduak bere garaian karpetetan utzi nituen moduan diraute.

Orain, informazio hura berriz irakurrita, guztia beste ikuspegi batekin ikusten dut. Urteek heldutasuna ematen dute, eta badirudi testuak zaharkituta daudela. Baina ez da horrela, eta irakurritakoan, bat konturatzen da, besterik gabe, joandako aro baten testigantza direla, egun haietako orainaldia interpretatzeko geneukan modua zela, eta konturatzen zara, pasa den denborarekin ere, idatzi genituen garaiko freskotasuna dutela, eta indarrean daudela. 

Zaila suertatu zait, ezin delako ekidin, zenbait testuri edo pasarteri funtsezko aldaketak egitea. Nahiz eta aldaketok ez diren oso garrantzitsuak, urte haietan idatzitako oinarrizko formari eragingo diote nolabait.

Ahal dudan heinean, saiatuko naiz lan honen, ikerketa honen, egiturak idatzi zen garaian zuen moduko gaurkotasuna mantentzen. 

Horixe da lortzea espero dudan helburua. 

Jatorria

1974ko azaroaren 28a.

Sestaoko liburutegira joan nintzen, galdutako Bizkaiko dantzaren baten daturik eman zezakeen liburu baten bila.

Ilusioa egin zidan Julio Caro Barojaren Los Vascos izeneko liburuaren orrialde batean Otxandion egiten zen dantza eta pantomima baten berri ikusteak: "Sorguiñ dantza" edo "Sorguin Yantz".

(Nire egunerokotik)

Caro Baroja "Los Vascos" 367
Caro Baroja, Los Vascos liburuko pasartea. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

Hasiera


Lan honen historiak Julio Caro Barojaren Los Vascos liburuaren irakurketak sortutako jakin-minean du jatorria. Hortik abiatuta, lerro gutxi batzuek ematen zizkiguten datuekin eta, era berean, gure herrian galdutako edo galtzear zeuden dantzen inguruko berreskurapen kulturalari ekarpen bat egiteko gogoak bultzatuta, lanean hasi ginen.

Egindako elkarrizketa zein jasotako datu, pertsonen erreferentzia, toki, data eta abarrak behar bezala bilduta eta ordenatuta daude. Datu horietatik guztietatik gure ikuspuntuaren arabera interesgarrienak direnak aipatuko ditugu hemen.

Ezerezetik hasi ginen ia, eta gaiaren inguruko ezagutza murritzarekin. Hala ere mundu magiko batean sartu ginen, guretzat magikoa baitzen maite zuten herriaren eta haren historiaren ateak zabaldu zizkiguten pertsona miresgarri eta apalekin egotea.

Pertsona anonimo horiei zuzenean galdetu genien sorgin-dantzaren inguruan igandeko meza oste batean, mesfidantzaz begiratzen ziguten hasieran, baina azkenean ikerketarako datu garrantzitsuenak eman zizkigutenen izenak eskuratu genituen haiengandik. Sorgin-dantzan egiten zuten doinu bat ere abestu ziguten.

  • Feliciano Viciola: Berarekin hitz egin genuenean 85 urte inguru zituen, Otxandioko burdingintzaren eta industriaren inguruan asko hitz egin zigun, baina sorgin-dantza ez zuen gogoan. Felipe Arreserengana bideratu gintuen, Otxandioko poeta eta idazlea, Bilbon ere familia zuena (ez dugu familia horrekin hitz egin). Cearra-Arrese eta Zubiri familia da hau eta zenbait denda dituzte Bilbon (Artecalle).
  • Juan Leon de Langarika: Bera izan zen koreografiari, janzkerari, musikari eta doinuari buruzko datu guztiak eman zizkiguna. Doinua eta sorgin-dantzaren bertsoak gainera, meza ostean herriko zaharrek abestutako berak ziren. Inguruko burdinolen eta herriko beste zenbait abestiren ingurukoak ere azaldu zizkigun, Hator hator abestia esaterako. Juan Leon de Langarika bide-ingeniaria izandakoa zen, baita herriko historia biltzeko zalea ere. Horren inguruko zenbait artikulu ere idatzi zituen Correo Español - El Pueblo Vasco egunkarian. Beste batzuen artean Otxandioko kanpai-hotsen inguruko artikulua aipagarria da. Bertako ezkilazainak kanpaiak jotzean sortzen zituen abestiak kontatzen zizkigun (Gabriel Viterik konfirmatutako datua). Azken honek gainera ezkilazainaren izena eta gaitzizena ere aipatu zizkigun: Doña MargaritaSorgin-dantzaz gain olagizonek egindako zenbait bertso bitxi ere eman zizkigun.
  • Iñaki Larrea (txistularia): Eskuzabala izan zen, beste gauza batzuen artean, koreografian eta soka-dantzaren musikan laguntzen.
  • Gabriel Viteri: Inoiz ezingo diogu eskertu istorio hau aurrera ateratzeko eskainitako laguntza guztia, berak kontatutako guztia grabatuta dago.
  • Santi Kapanaga (artista, margolaria): Olagizonen, burdinolen eta bertan erabiltzen zituzten lanabesen inguruko informazioa eman zigun. Baita beronek egindako koadro bat ere, zeinetan olagizonak tailerrean lanean ikus litezkeen.
  • Iñaki Irigoien (folklorista): Berak ere zenbait datu helarazi zizkigun.
  • Sabina Oianguren Garaigordobil: Berak erakusti zizkigun soka-dantzaren pausuak.
  • Francisco Urigoitia Magunazelaia (Patxi Aundi): Burdinolen eta sorgin-dantzaren inguruan hitz egin zigun.

Guztiokin izandako elkarrizketak cassete zintetan grabatuta daude.

Otxandio

Gure historiarekin jarraitu aurretik, ikerketak aurrera eraman genituen lekuaren inguruko laburpen historiko txiki bat egingo dugu ondoko lerroetan.

Lan hau Arratia-Nerbioi bailaran kokatuta dagoen herri bati buruzkoa da. Otxandio 12,43 km²-ko udalerria da eta Bilbotik 46 km-ra dago. Arrankuadiaga, Zeberio, Arakaldo, Aranzazu, Villaro, Miravalles, Yurre, Orozko, Orduña, Ubidea, eta Elexabeitako gazteluarekin batera osatzen dute bailara. Ondorengoak dira bere mugak: Abadiño iparraldetik, Villareal de Alava eta Aramaio hegoaldetik eta ekialdetik eta Ubidea, Dima eta Zeanuri mendebaldetik. Gaur egun 1.267 biztanle dituen herria da baina populazio handiagoa izan zuen aurreko garaietan. Otxandio Anteparaluzeta eta Mekoleta auzoek osatzen dute.

Lurrazal nahiko malkartsuko herria da. Motxotegi eta San Bernabe mendiak eta Gorostarbe eta Limitado muinoak dira inguruetako esanguratsuenak, denak ere haritzez, pagoz eta pinuz josiak. Urkiola eta Ulazar ibaiek gurutzatzen dute herria. Santa Marina parrokiapean dago Otxandio eta hari itsatsita dagoen elizak antzinako gotorlekuko dorrea mantentzen du. Herriari izena 1640a bitartean plazan zegoen izen bereko dorretxe batek ematen dio. (Mujikatarren dorretxea, sute batek suntsitu zuen XV. mendeko lehen hamarkadetan. Gauza bera gertatu zitzaien Abendaño eta Otxandio dorretxeei ere, nahiz eta azken horrek bere harresia 1640 arte mantendu).

Historiagile batzuen ustez, garai hartan hiribildua sortu aurretik zeuden baso handietan zebiltzan otso handietatik datorkio izena herriari. Beste zenbaiten iritziz, ordea, garaian egiten zuen hotz izugarritik eta gaur egun ere herrian ematen diren izozte handietatik.

Gehiengoa "otso-handi"-tik eratorritako etimologiaren aldekoa da (Iturriza), izan ere herriko armarriak berak ere haur bat ahoan daraman otso bat erakusten baitu. Otsoa eskuan lantza bat daraman zaldun batek jarraitzen du eta haurra salbatzearren oihuka ari den emakume bat ere agertzen dira armarrian.

Otxandio Artekale
Otxandio Artekale. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

1254an fundatu zuen Diego Lopez de Haro IV.ak edo bere aurrekari Diego de Haro III.ak. Horrekin, Otxandioren sorrera XIII. mende amaieran finkatzen da. Ordutik "muy noble y muy leal" titulua du herriak eta Gernikako batzar orokorretan hitza ere bazuen, 20 zenbakiarekin eta hiribilduen lekuan zuen eserlekua.

Bizkaitarren odolez bustitako lurrak dira hiribildu honenak. Bere inguruetan bandokideen eta Gaztelako erreinuari leialak ziren tropen arteko zenbait bataila gertatu ziren, eta azken horiek behin baino gehiagotan saiatu ziren hiribildua menderatzen.

1355eko abuztuaren 25ean Juan de Abendaño jaunak zuzendutako bizkaitarren eta Gaztelako errege Pedro Krudelaren agindupean Juan Ciervak gidatutako gaztelar tropen arteko batailan, bizkaitarrek irabazi zuten.

Hiribilduko biztanle guztiek borrokatu zuen Abendañoren tropetan, Bizkaiaren alde.

Beste batzuen artean Amandarro ere bazegoen, zeinak, borroka amaitu ostean eta gudu-zelaian zebilela, bere bost semeen gorpuak aurkitu zituen. Etxera itzulita, emaztearen galderei hitz abertzaleekin erantzun zion: "Amandarrok ez dauka semerik, baina Bizkaiak ez dauka uztarririk".

Armarria Otxandio
Otxandioko armarria. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

Vida Vasca aldizkarian Colombok argitaratutako "Breve historia de la villa vizcaína de Otxandiano" artikuluko pasartea:

"Kristo aurreko II. eta III. mendeetan Euskal Herria politeista zen eta ohikoak ziren arte magikoak eta hari lotutakoak. Erromatarrek ere Baskoiak augure trebetzat zituzten. Honela sorginkeriarako eta aztikeriarako tradizio luzea zegoen Euskal Herrian".

Jakina da Garai Modernoaren hasieran, XVI. mendearen hasieran, lainoak ekarri edo lurrak babesteko konjuruak egiten zirela, eta zenbait kasutan konjuruok udalak berak babesten zituela.

Balmasedako artxiboak esaterako 1516, 1529, 1932, 1583 zein beste zenbait urtetan, mahatsondoen izurriteetatik babesteko apaiz adituen exorzismo eta konjueruez gain kanpoko aztiak ere eramaten zituztenaren konstantzia jaso du.

Inskisizioak, ordea, nekazarien artean horren ohikoak ziren mota horretako edozein praktika erlijioaren kontzakotzat jo zuen.

"Hasiera batean akelarreak ez zuen ezer berezirik, gogoei erantzuna emateko bide bat besterik ez zen, nahiak modu sekretu eta misteriotsu batean betetzeko grina".

Arrazoi horregatik begiratzen zioten guztiek plazaren erdian zegoen nagusiari, erruki eske. Gero bere inguruan dantza egiten zuten joare, ontzi, oihu eta garrasiekin zarataka zebiltzan bitartean. Gorputza bihurrikatu eta mugimendu zailak egiten zituzten, nagusiak Ujujuuuuu...ju! oihukatzen zuten zuen arte. Irrintzi honek gainerako guztiak isiltzen zituen.

Denak isilpean egon ondoren nagusiak jendea plazako zuhaitzen atzean ezkutatzera derrigortzen zuen. Saltoka igotzen ziren, eta nagusiak apatx eta adar erreen usainera adi egoteko esaten zien, behin eta berriro errepikatuz: "Apatz adar errea, eriotz ezbiarra".

Langarika testua Otxandio sorgin-dantza
Langarikaren testua, Otxandioko sorgin-dantza. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

"Satanismoaren eta akelarrearen arteko harremana erlijio kristauaren zenbait jarraitzaileren eskutik etorri zen. Horren ongia erakutsi nahi zuten, ez bide teologikoa erabiliz bakarrik, baita beren etsaien kontrako erasoekin ere."

"Inkisizioko epaileek adierazpenaren elementu batzuk aukeratu eta funtsezkotzat jotzen zituen. Apaindu egiten zituzten gainera, kaosa handiagoa izan zedin. Testigu eta errudunen hizkuntza ezezaguna zen gainera epaile gehienentzat eta autoritate eztabaidagarriko itzultzaileez baliatzen ziren."

Baina soginek ez zutenean adar errearen usainik hartzen ohiko oihu indartsua egiten zuten:

"La lara la, la lara la la la"

eta erantzuten zioten: "La lara la, la lara la la la"

Gero, zeuden leku beretatik doinu bera errepikatzen zen, baina tonu bat altuago, eta hirugarren errepikapenean sorginak beren ezkutalekuetatik irteten ziren jauzika, eta oihuka, alai eta zarataka hurbiltzen ziren nagusiarengana eta haren inguruan kiribiltzen ziren. Azken aldiz abesten zuen:

"La lara la, la lara la la la".

Horrekin amaitzen zen festa.

"Honekin akelarreak deabruarenganako kultuarekin zenbaterainoko harremana duten, edo elizako zeremonien parodia diren, meza beltzak edo antzeko zerbait diren galdetu daiteke.

Honen inguruan Julio Caro Barojak XV, XVI eta XVII. mendeetako euskaldunek bilerei burla eta gehiegikerien itxura ematen zien, errepremitutako nahien askatzerako, eta ez, ordea, deabruaganako erritu pagano bat".

Aurretik ere azaldu bezala dena J. Caro Barojaren liburu baten irakurketatik hasi zen: Los Vascos 367.orr.:

"Verdaderamente extraña es por otro lado, una pantomima colectiva que se celebraba en Ochandiano (Vizcaya). Me refiero a la  "sorguiñ-dantza" o "sorgin-yantz", o sea, la danza de los brujos o del brujo. Tiene lugar en determinadas grandes fiestas y se desenvuelve así.

Una cantidad regular de participantes simula ser brujos que están en su junta o aquelarre. Estos aparecen presididos por uno al que llaman rey. Dispuestos de modo especial hacen diferentes figuras coreográficas, mas de repente se paran y callan. Aparece uno como peregrino que recita versos piadosos en vasco y que exhorta a los brujos a que abandonen su error. Convencidos por el peregrino, los brujos se rebelan al rey, que sigue siendo el único partidario del demonio, lo atan y de repente el gallo canta, todos desaparecen corriendo.

Al rey se le juegan todas las malas partidas una vez atado".

1500 inguruan Anbotoko mendikateko sorginak agertu ziren, eta gauza ikaragarriak gertatu zitzaizkien.

Otxnadio sorgin-dantza testua
Otxandioko sorgin-dantzari buruzko testua. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

Halako aurkikuntzak eragindako ilusioarekin, gai enigmatiko baten motibazioarekin, eta bizkaitar errepertoriorako ahaztutako dantza "berri" bat berreskuratzeak are gehiago motibatuta, taldean proposatu nuen eta hortik aurrera, nire anaien eta beste kideen laguntzarekin, bestelako xehetasunik gabe, baina ilusio handiarekin, jatorrizko tokira joan ginen, liburuan izendatzen den moduan, pantomima horri buruzko datu gehiago lortzeko xedearekin.

Ama Birjina eta deabrua Otxandio
Ama Birjinaren eta deabruaren eskultura Otxandioko elizan. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

Geneukan ezagutza eskasarekin eta aurretik aipatutako datuekin, konturatu ginen Caro Barojak deskribatutako edukietan bazela tokiko berariazko ezaugarriekin bat ez zetorren zerbait. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, eta orain egiaztatu ahal izan dugunez, sorginkeriak eragin handia izan zuen Anbotoko mendi-zerra osoan. 

Otxandion eta herri mugakideetan, sorginei buruzko sinesmenak nahiko hedatuta zeuden eta daude. 

Nik ordurako irakurrita neuzkan gaiari buruzko Caro Barojaren eta Barandiaranen zenbait lan.

Lehen urratsak eliza aldera eman genituen. Bertan, inpresio handia egin zigun, ilusioaren eta sorpresaren arteko zerbait, hankapean deabru bat zuen ama birjinaren irudi batek. Ez genuen halakorik topatzerik espero. Sentsazio berria, desberdina, izan zen, niretzat behintzat, eta orduan pentsatu nuen hara eraman gintuena uste baino kontu serioagoa zela. Akaso subkontzientearen eraginez, deabru hura akerra iruditzen zitzaigun.

Bileren edo akelarreen burua akerra zen eta, irudia ikusi eta berehala, konturatu ginen sorginen eta sorginkerien gaia, itxura batean inguruotan oso hedatuta egondakoa eta guretzat herri-ameskerian zegoena, gorpuzten ari zela. 

Zenbait argazki atera ondoren, animoa berrituta ekin genion datu gehiago biltzeari. Une hartan plazan zeuden adinekoengana joan ginen zuzenean. Hasiera batean, uzkur samar agertu ziren (euskaraz ez galdetzeak konfidantzarik ez ziela eman uste dut).

Azkenean, 80 urte inguruko zenbait gizonekin egin genuen topo. Gure helburuak bazekizkitenez, poztu egin ziren, ohitura zaharrak galtzen ari zirela uste zutelako, eta gazteak ez zirelako hori konpontzeko ezer egiten ari.

Gai askori buruz mintzatu zitzaizkigun: inauteriak, burdinolak, eta beste hainbat xehetasun. Tartean, sorgin-dantzari buruz ondorengoa jaso genuen:

"Ongiak gaizkiari irabazten dio, baina zein da ongia eta zein gaizkia? 

Eguneroko lanaren ondoren tabernara joaten ziren, eta ardoa burura pixka bat igotakoan, sorgin-dantza egiten edo dantzatzen zuten.

Horretarako, izarak edo trapu zaharrak jartzen zituzten buru gainean, azti moduan disfrazatzeko eta kale-kantoietan ezkutatzen ziren. Izkinatik izkinara kantatzen zuten, jendea beldurtzeko intentzioarekin. Sorgin-dantza egiten zutenean kantatzen zuten doinu bat ere kantatu ziguten. Erreferentzia gisa, Otxandioko historiari buruzko datuak biltzen aritutako Feliciano Viciolaren eta Juan Leon Langarikaren izenak eman zizkiguten."

(PS: hauek dira herrian entzundako eta jasotako sorgin-dantzari buruzko lehen testigantzak)

Feliciano Viciolari eta Juan Leon Langarikari dagokionez, aurretik ere aipatu dugu lan honi egindako ekarpena. Juan Leon izan zen idatzizko datu esanguratsuena eman ziguna. Horrez gain, dantzari, doinuari eta koreografiari buruzko bere arrazoiketek adierazten zuten herrian galdetutako dantza berari buruz ari zirela gainerakoak. 

Otxandio sorgin-dantza partitura
Iñaki Larreak egindako eta utzitako partitura. Otxandioko sorgin-dantzako partitura. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC-BY SA

Ez gara gure herrira hainbeste sufrikario ekarritako sorginen gaian adituak. Horri buruzko dokumentazio asko dago eta idazle ezagun askoren liburu andana dago. Ez dugu, beraz, gaian gehiago sakonduko.

Beste lan bat da gurea: dantzari buruzko datu batetik abiatu, eta hari segiko diogu.

Bi dokumentuok pixka bat aztertuta antzeman litekeen moduan, ikus liteke, batez ere lehenengoa (Caro Baroja) eta bigarrena alderatuta, bi zati desberdin daudela. Bereziki ondorengoa dioenean:

"Estos aparecen presididos por uno a la que llaman rey, dispuestos de modo especial hacen diferentes figuras coreográficas, mas de repente se callan y paran". 

Horraino esan genezake berdinak direla, baina gure iritziz, liburuan jasotako datuan, garbi ikus liteke kleroak dantza eraldatzen duela, sorginkeria edo pantomima gisa, Caro Barojak Los Vascos liburuan ziurtatzen duen moduan. 

"Verdaderamente extraña es por otro lado una pantomima colectiva que se celebra en Otxandiano en Vizcaya"

"En esta danza se hacen los habitantes de este pueblo vizcaíno de episodios conocidos de la historia del país como son las crisis colectivas de brujería que tuvieron lugar en el siglo XVI principalmente por las tierras próximas a las sierras de Amboto y Gorbea, zonas cercanas al pueblo. Pág. 368".

Uste dugu Juan Leonek jasotako datuek arduraz eta errespetuz jasotzen dituztela Akelarreak izan zirenaren edo izan zitezkeenaren funtsa.

Hainbat urtetan eta hainbat pertsonari jaso izan dizkiegun datuen arabera, egiaztatu ahal izan dugu guztiek ezagutzen zutela doinua, eta dantza egiteko moduarekin bat datozela, gure ustez aldaketa garrantzitsuak eragiten ez dituzten ñabardurak gorabehera. 

Batez ere, ohartu gara guztiek ezagutzen dutela "sorgin-dantza" izena, eta gertutasunarekin eta ezagutzarekin hitz egiten dutela dantzaz.

Dantzarako tokia plaza zen orokorrean, baina Juan Leonek esan zigun zelaietan ere egiten zutela.

Iñaki Larreak kontatutakoaren arabera, batez ere plaza nagusian dantzatzen zen gauerdian. Orixol, Amezola erreka eta Iluntxoko zelaietatik jaisten ziren, eta plazan sartu baino lehen elkartzen ziren. Aurretik Minoiak bidaltzen zizkieten, zalaparta asko sortzen zutelako, eta plazatik Bola-lekuaren ondoan dauden eskilaretatik joaten ziren, goizaldeko laurak aldean, beste zelaietan festa egiten jarraitzeko.

Gabriel Viterik ere, 1984an egiten zuten bertsioa kontatu zigun.

Plazara joaten ziren, eta taldeko bat (orokorrean, garaiena eta indartsuena) erdian jartzen zen, eta sorgin nagusi edo buruzagi lana egiten zuen, eskuan erratza hartuta doinu ezaguna kantatzen, haren inguruan dantzatzen zuten, inolako urrats zehatzik egin gabe, bakoitzak nahi zuen moduan (batzuk galtzontzilotan egoten ziren), baina beti korroa mantentzen. 

Hala segitzen zuten buruzagiak "Ujuuuuuu!" garraisi egin arte. Guztiak ezkutatzera behartzen zituen errazkada gogorrak ematen.

Bere garaian Sorgin Nagusi lanak egiten zituena Pedro Olabarri zen, eta Gaiunba deitzen zioten. 

Hori guztia egiteko behar baino ardo gehiago edaten zutela kontatu zigun Viterik.

Gabriel Viteri izan da harreman handiena izan dugun pertsonetako bat, eta bere bertsioa kontatzeaz gain, aurretik ezagutzen ez zituen arren, Juan Leon Langarikak idatzitakoekin erabat ados agertu da. Konfiantza osoa zuen Langarikarengan, bere jatorria bazekielako.

Sorgin-estrada eta Amezola-erreka erakutsi zizkigun, diotenez, sorginak dantzatzeko elkartzen ziren tokiak (Iñaki Larreak ere konfirmatu zuen hori).

Gabriel Viteri Otxandio sorgin-dantza
Gabriel Viteri. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

  • "R. M. Azkuek Euskalerriaren Yakintzaren I. liburukiaren 390. orrialdean idatzitakoaren arabera, sorginak Amazolan elkartzen ziren, Otxandio eta Olaeta artean. Ostiraletan eta asteartetan elkartzen ziren."
  • "J. M. Barandiaranen arabera, sorgindutako pertsonak edo sorginak, asteazken eta ostiral zehatz batzuetan elkartzen ziren, zenbait sinesmenen arabera. Amezolan, Olaetatik gertu. Obras Completas, I. liburukia".
  • Akelarrea itxura askoko izaki bat (batez ere akerra) oro har gauez adoratzearen inguruan egituratzen dela dakigu. Inguruotan, akerraz gain, mando handi eta eder baten itxura hartzen zuen, eta gizon forma hartuz gero, beti izaten zuen bere jatorriaren eta gaiztakeria erakusteko seinaleren bat, esaterako, buruan edo bekokian adar bat edota zenbait hortz modu deigarrian irteten zitzaizkion ahotik. 14. orr.

Nolanahi ere, egiaztatu ahal izan dugu, industrializazioarekin, gaur egungo teknologia-baliabideekin eta beste garai batzuetako errepresioarekin ere, sinesmen horiei errespetu handia dieten pertsonak daudela oraindik; guk errepespetatzen ditugu, gure herriko kulturarari eta izaerari oso lotuta daudela uste dugulako. Dagoneko esan dugu idatzi honetan ez garela sorginkeriari eta akelarreei buruzko balio-epaiketetan hasiko, ez delako hori helburua.

Baieztatu dezakeguna da dantza hori ez zela sortu beste garai batzuetan sorginkeria erreprimitzeko misiolarien jarduerak gogoratzeko, baizik eta ezinbestean sustrai sakonagoak dituela uste dugu, eta zerikusi gehiago dutela XV. eta XVI. mendeetan inkisizioaren epaimahaiaren aurrera pertsona ugari eraman zituzten sinesmen mitologikoekin.

Ondorioa

Ez dugu lan hau amaitutzat jo nahi, ikerketak egin ziren jatorrizko tokian aurkeztu gabe, egiaztatzeko ea ordutik sorgin-dantzaren inguruan bestelako dokumentazio-lanik egin oten den, eta guk orain arte egindako lana osatzeko datu eta testigantza berririk ote dagoen jakiteko.

Gaurdaino esan dezakegu galdutzat ematen den dantza horietako bat dela eta, modu sinesgarrian birsortzeko moduko datuak daudenez, berriz egiteko moduan dagoela. Horrekin, ahazturatik berreskuratu eta gaurdaino ekarriko genituzke beste garai batzuetan izandako gertaerak.

Katalogatzeko eta sailkatzeko dantza zaila dela uste dugu; akaso erritoen eta mitoen esparruari dagokio.

Utz diezaiegun lan hori adituei. 

Utz dezagun ate bat irekita lan hau ikertzeko, etorkizuneko ikerketek itxi dezaten. 

Amezola-erreka Otxandio sorgin-dantza
Amezola-erreka Otxandion. Sorginen biltokietako bat omen zen. Argazkia: Mendi Alde dantza-taldea CC BY-SA

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Mendi Alde

Mendi Alde

1961. urtean sortu zen Mendi Alde taldea Santurtzin, izen bereko kultur taldearen barruan. Hainbat ekimenetan hartzen dugu parte, eta bereziki interesatzen zaigu tokiko dantzak bertatik bertara ikastea.