Kukai dantza konpainiak arrakastaz burutu du Argentinako bira

2014/09/10
Kukai dantza konpainiak arrakastaz burutu du Argentinako bira

Kukai Dantza Konpainia Argentinan zehar burututako biratik itzuli berri da. Biraren zifrak esanguratsuak dira: 3 aste, 7 hiri, 10 emanaldi, 3700 kilometro...

Bira Buenos Aires hiriburuan hasi zuen abuztuaren 21ean. Bertan, Sarmiento Antzokian 'Komunikazioa Inkomunikazioa' ikuskizunaren hiru emanaldi eskaini zituen. Ikuskizunak arrakasta bikaina izan du Argentinako hiriburuan. Hiru egunetan antzokia beteta izan da, eta jendeak txalo zaparradaz agurtu ditu emanaldi guztiak. Kritikaren aipamena ere oso positiboa izan da.

Kukai-Tanttakak Buenos Airesko emanaldiak bukatu bezain pronto, KUKAIko dantzariek bira zabal bati ekin zioten. 'Gelajauziak' ikuskizunarekin Tucumán, Jujuy, Salta, Corrientes, Resistencia, Paraná eta Rosario hirietara iritsi dira, Argentinako Antzerki Institutoak koordinatutako bira nazionalaren kontestuan. Harrera bikaina izan da emanaldi guztietan, eta saioak oso jendetsuak izan dira. Saio gehienak espazio publikoetan burutu dira, eta Rosario Hirian Asturiasko Printzea Antzokian. 

Oro har, biraren balorazio oso positiboa egiten du Kukai Dantza Konpainiak. Emanaldien mailagatik, jasotako ikusle kopuruagatik, izandako harrera beroagatik eta etorkizunari irekitako bideengatik. 

Kukaiko kideek ez dute atsedenareko tarte handirik izango. Ostegunean, Donostiako Euskal Jaietan 'GELAJAUZIAK' ikuskizuna eskainiko dute (19:00 Zuloaga Plazan). Emanaldi honek Néstor Basterretxea eskultore zendu berria omentzeko balioko du. Eta jarraian, ostiral eta larunbatean Tarregako Antzerki Firan izango dira, Kataluinian, ikuskizunaren aurkezpen birarekin jarraituz. Urriaren 1ean, berriz, Huescako Arte Eszenikoen Azokan 'GELAJAUZIAK' ikuskizunaren areto barruko bertsioa estreinatuko da.