Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza hezkuntza arautuan: Onurak

Hemen nauzue berriro ere. Aurreko atalaren amaieran aurreratu nizuen moduan, gaurkoan dantza hezkuntza arautuan txertatzen bada haurrari ekar diezaiekeen onurez inguruan berba egingo dugu. Horretarako, baina, aurretik hainbat oinarri jartzea ezinbestekotzat jotzen da onuretara iristeko hezkuntzak zertan datzan ulertu behar dela uste baita. Beraz, zer da hezkuntza eta zein onura ekartzen ditu dantza oinarrian daukan gorputz hezkuntzan hezten baditugu haurrak?
Hezkuntza eta dantza
Gatozen, bada, hezkuntzaren erpinak ezagutu eta dantzak eskaini diezazkiokeen onurez jabetzera. Horretarako, baina, ezinbestekoa izango da, lehenik eta behin, hezkuntzak zertan datzan ezagutzea.
Hezkuntzaren xedea haurraren garapen osoa da, gaitasun ezberdinak bultzatuz bere autonomia, gizarteratzea eta ongizatea ardatz nagusitzat dituela. Hezkuntzaren xedea haurraren garapen osoa da, eta hainbat gaitasun bultzatzen ditu; autonomia, gizarteratzea eta ongizatea ditu ardatz nagusitzat. UNESCOren Nazioarteko Batzordearen txostenak dioen moduan, hezkuntza eremuaren helburuetako bat norbanakoen artean gizarte-loturak jostea izan behar da, denek partekatutako erreferentziak oinarri hartuta. Kultura eta inguruaren arabera, usadioak eta baliabideak aldatu egiten diren arren, hezkuntzaren xedea gizakia gizartearen baitan garatzea izango da beti. Hori kontuan izanda, hezkuntza kultura eta balioak transmititzeko bidetzat hartzen da, gizarte-espazioak eraikitzeko tokitzat, denona izango den proiektu bati ekiteko gunetzat.
Hortaz gaindi, hezkuntza etengabeko gizarteratze prozesua ere bada; norberaren garapenaren, pixkanakako kulturizazioaren eta sozializazioaren bidez gauzatzen dena. Ikastetxe testuinguruan jarrita, heztearen humanizazio prozesu hau hezkuntza esperientziez baldintzatuta dago, non esperientzia horiek hezitzaile eta ikaslearen arteko komunikazio bat inplikatzen duen. Horregatik, hezkuntza prozesu moduan ere ikus daiteke, hezten den pertsonarengan gertatzen diren askotariko aldaketak medio. Mudatze horiek, programazio edo egituraketa baten bitartez aurreikusita eta mailakatuta beharko luketen hainbat irakaskuntzaren ondorio lirateke. Heziko den haurraren garapen akademikoan testuinguruak daukan garrantziaz jabetuta, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan garrantzitsutzat joko dira hezkuntza motetan ematen diren bereizketak kontuan hartzea. Bereizketa horiek ulertzeko, ikus ditzagun zeintzuk diren gaur egungo hezkuntzak dauzkan hiru alderdi esanguratsuenak:
-
Hezkuntza formala (HF): era kontzientean eta aldez aurretik eskola testuinguruaren barruan egituratutakoa.
-
Hezkuntza ez formala (HEF): hezkuntza formalaren moduan kontzienteki eta egituratuta dagoen hezkuntza, baina eskola erakundetik at egiten dena.
-
Hezkuntza informala (HI): Esku-hartze pedagogikoetatik, aurrez pentsatuta daudenetatik edo nahita egindako prozesuetatik aldendu ohi izan den hezkuntza prozesua.
Beraz, hezkuntza testuinguruaren barruan hiru klase horiek bereiziko dira. Bereizketa hori eta gaur egungo dantza hezkuntza aintzat hartuta, euskal dantzaren irakaskuntza, oro har, hezkuntza ez formalean (HEF) gauzatzen dela ondorioztatu eta esan daiteke. Noski, modu batera edo bestera hezkuntza formalean (HF) sartzeko beta ere izan dute gure dantzek, Dantzerti eskolan kasu, baina modu sistematikoan txertatu barik egoteaz gain, gutxirengana heltzeko aukera dago bide horretatik. Zergatik? Euskal Herriko pertsonak gure dantza sistemetan eta komunikatzeko bideetan hezteko modurik masibo bezain eraginkorrena hezkuntza arautua izango delako, derrigorra den hezkuntza klase hori.
Onurak
Dantza irakaskuntza arautuan egoteak ikasleen nortasun pertsonal zein profesionala eraikitzen ere lagun dezake. Ikasgelan gaitasun horiek garatzeak dantzaren ezagutza eta abileziatik harago eramaten du ikaslea, hau da, teknikatik eta adierazkortasunetik harago joatea lor daiteke, bizitzarako oinarrizkoak diren gaitasunak bildut; gaitasun emozionala esaterako, gure sentimenduetan sakontzen dena.
Azken hamarkadetan egin dituzten ikerketen emaitzen ondorioz, agerian gelditu da dantza hezkuntzara eramanda eta mugimendu sinbolikoa haurrekin aplikatzen bada, beraien garapen kognitiboa ikaragarri hobetzen dela. Horrela, dantzak haurraren ibilbide akademikoan eduki ditzakeen onurak aztertzen jartzen bagara, edozein adin zein unetan, dantza garun egitura aldatzeko eta ikasketa errazteko lotura neuronalak bultzatu zein indartzeko baliabide esanguratsua da eta garunaren aldaketa fisiko horiek modu positiboan ikus daitezke, esaterako, haurraren ikasketa prozesuan. Ondorioz, ikasleen burmuina ikaskuntzarako prestatu eta beraien hezkuntza prozesurako baliabide garrantzitsutzat ulertuko da dantza.
Azken finean, norbanakoa mugitzen hastean, gorputzaren eta burmuinaren arteko komunikazio kanalak irekitzen hasten dira. Horregatik, dantza moduko ariketa fisikoa egiteak; hipokanpoaren funtzionamenduan, neurotransmisore garrantzitsuen askapenean edota garunaren funtzio exekutiboen garapenean eragin positiboak erakusten dute. Aipatu berri diren hiru alderdi horiek zuzeneko eragina daukate ikaslearen errendimendu akademiko zein garapen pertsonalean. Ikasleak dantzak gauzatzen dituenean, bere buruan egiten dituen irudi mentalen ondorioz sortzen diren ezaugarri neuronalek eta dantza egiterakoan sortzen diren esperientziek ere, eragin zuzena daukate gauzatzen dituzten mugimenduetan. Mugimendu horietatik garunera igarotako informazioaren ondorioz, irakasleek proposatzen dizkieten zereginetan erraztasun gehiago erakusten dute mugimenduan dabiltzan haurrek. Dantzen ikaskuntzaren ondorioz, beraz, haurraren burmuina birmoldatzen hasiko da, norbanakoaren presentzian eta kontzentrazio mailan efektu positiboak erakutsita. Horrez gain, sormenean eta balizko estresean ere eragin positiboak erakuts ditzake. Beste modu batera esanda, dantzaren ikaskuntza-irakaskuntzak gure gorputzarekiko kontzientzia eta gorputz formak garatzeko aukera emateaz gain, gure egunerokotasuneko bizitzan erabaki hobeak hartzeko beta eskaintzen digu.
Aipatu berri diren ideiak eskola testuingurua eta adibide batekin aurkezteko, idazketa eta irakurketa prozesuan mugimenduak nola lagun dezakeen azalduko da ondorengo lerroetan. Azken finean, haurrak, inertzia natural baten ondorioz; guztia ukitzen du, eskua ahora eramaten du… Mugimenduaren baliabidea darabil munduaren ezaugarriak garunean txertatu, munduan orientatu edota bere burua babesteko, besteak beste. Kontatzen hasterakoan ere, ia mundu osoan, hatza erabili ohi izan da, motrizitate xehea alegia. Behatzen erabilera horrek zentzumen eta mugimendu jarduera bati ateak irekitzen dizkio, kalkulua automatizatu eta prozesu mental hutsala bihurtu aurreko prozesua baita. Historikoki hatzekin kontatzea desegokitzat jo izan den arren eta hezkuntzak ikasketa prozesutik ezabatuko lukeen arren, hamarreko oinarria ikasteko, ikusteko eta barneratzeko mugimendu ekintza garrantzitsua da. Bide horretatik, haurraren gaitasun aritmetikoa garatzen hasten da. Ikerketen arabera, haur hezkuntzako etapan hatzak hobeto maneiatzen dituzten haurrek erantzun hobeak erakusten dituzte gerora matematiketan. Garunaren funtzioek eta motrizitate xehea martxan jartzeak, beraz, haurraren ikaskuntza hobea erakusten dute. Mugimendua hizkuntzaren irakaskuntza testuingurua ekarrita, haurrek letrak hatzekin marrazteak daukan erabilgarritasuna ere egiaztatu da. Idazketa keinuen praktikaren bitartez, ikusmen zein entzumen estimuluak eransten joaten dira, modu horretan irakurketaren ikaskuntza bizkortuta. Gai horrekin lotuta, duela aste batzuk gertatu zitzaidan anekdotatxo bat ekarri gura dizuet. Euskal Kulturaren Eragiletza masterraren 3. jardunaldietan Master Bukaerako Lana jendaurrean aurkezteko aukera eduki nuen. Bertan euskal kultura ulertzeko hainbat molde ikusteko aukera izan genuen eta baita jendeari nirea plazaratzekoa ere. Bada, HUHEZIn irakasle eta doktoregai gisa zebilen, baina ikasketaz matematikaria zen neska batek ondorengo hau esan zidan: "Aurkeztu diguzun ikuspegiaz inoiz hausnarketarik egin gabea nintzen, baina entzuten ari nintzen bitartean imajinatzen nenbilen Lehen Hezkuntzako ikasgela bat matematikak mugimenduaren bitartez ikasten!". Egia esan ederra izan zen hori entzutea.
Adibidetik aldendu eta gorputz mugimenduak gure garunean eduki ditzaken onurez hitz egiten jarraituta, alderdi kognitiboan dantzak norbanakoari hainbat onura eskaintzen dizkiola esan daiteke. Zahartzea gutxinaka doan gainbehera kognitibo moduan ulertuta, hainbat ikerketen bitartez dantzak narriatze horretan geldotzea ekartzen duela ikusi dute, hobekuntza kognitibo bati bide emanez. Garunak eta gorputzak daukaten hartu-eman konstantearen ondorioz, garunak informazio sentsoriala prozesatu ostean erantzunak exekutatzen ditu, hala nola memoria edota askotariko funtzio kognitiboak. Interakzio horregatik, gure gorputzeko konexio neuronal berriak sortzen dira, plastikotasun neuronalari mesede eginez. Beste era batera esanda, zahartzaroa moteltzeari eta irakaskuntza prozesuari fabore egiten dio dantzak. Hainbat gaixotasunetarako tratamendu gisa ere erabili izan ohi da dantza. Tratamendu horien harira egindako ikerketen emaitzek erakutsi dute dantzak eragin positiboa daukala memoriaren, arretaren eta ahozko arintasunaren prozesuetan. Horrez gain, dantzak bere izaera terapeutikoa ere badu. Horregatik, behar bereziak dauzkaten haurrengan, dantza erlaxazio, irakaste eta ikaste bide bilaka daiteke; arreta, sentsibilitatea, autoestimua edota talde lana areagotzeko ere baliagarri izanda. Aurretik aipatutako guztia tarteko, hezkuntza eremuan autoezagutza, autokontzeptua eta besteekiko konexio sozialerako zubiak lantzeko tresna garrantzitsua bilakatzen da dantza.
Motzean...
Arestian aipatu berri diren onura hauengatik guztiengatik, dantza ikasgelan erabili beharreko baliabide interesgarria dela ondoriozta daiteke. Gainera, azterketa neurologikoek diote dantzak garuna aktibatzeko, estimulatzeko eta ikasketan lagundu dezaketen konexio neuronalak errazteko balio dezaketela. Horrela, dantzaren diziplina artistikoak norbanakoaren garapen motor, sozioemozional eta nola ez kognitiboan laguntzen du, hau da, pertsonaren garapen integralean. Beraz, dantzaren bitartez, gure gizartearentzat eskaintzen dituen balio kultural eta artistikoak hobesteaz gain, garuneko ekintza konplexuetan hobetzen eta ikasketan laguntzea hobetzen da. Dena den, egun dantzak Oinarrizko Hezkuntzan daukan testuingurua ezagututa, erraz ondorioztatu dezakegu azkar batean berrikusi egin behar dugula haurrak hezteko daukagun modua.
Aurreko atala:
Hurrengo atala:
- Proposamen bat
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Julen Agirre Lizarralde
Oñati, 2001.
Amamak du errua. Berak josi zuen Oñatiko dantzen traje baten ondotik hasi zen guztia eta hemen nabil ordutik, Oñatz dantza taldean. Amamak egindako arropak eta kaskanol hotsek eraman ninduten dantzara.
Taldeko haurren eta etorkizun izango diren horien antolamendua bermatu guran aurkituko nauzu.