Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Julen Agirre Lizarralde Euskal dantza hezkuntza arautuan: Sarrera

Dokumentuaren akzioak

Euskal dantza hezkuntza arautuan: Sarrera

Euskal dantza hezkuntza arautuan: Sarrera

Euskal Dantza Hezkuntza Arautuan: Sarrera

Dantza Euskal Herriko biztanleria osora zabaltzeko baliabiderik ezagutzen duzun galdetuko banizu, erantzun bat ematera ausartuko al zinateke? Ni ez, zoritxarrez. Atrebituko nintzateke, ordea, 6-16 bitartean dagoen herritar ororengana iristeko baliabide bat eskaintzen eta bide horretatik dantza txertatzen: hezkuntza. Legeek horrela behartuta, 6 urtetatik 16 urtetara tartean pertsona oro eskolatuta egon behar da, arautua den hezkuntza bat jaso ahal izateko. Horregatik diot hezkuntza izan daitekeela dantza biztanleria zati esanguratsu batengana iristeko erreminta aproposa. Dena den, askotarikoak izan dira historian zehar dantza zein gorputz hezkuntza Hezkuntza Arautuan modu sistematikoan txertatzeko egin izan diren saiakerak. Alta, ezagun da egin diren saiakerek ez dituztela aparteko fruiturik eman eta kasik asmo hutsetan gelditu direla hamaika arrazoi tarteko. Horrek gugan daukan eragin zuzenaz jabetzeko eta egungo hezkuntza sistemak gorputz mugimenduari ematen dion garrantzia hutsalaz hitz egiteko, hiru artikulu argitaratuko ditut, ea konbentzitzen zaituztedan.

Eta bai, dantza hezkuntzan txertatzen badugu, hezkuntzari fabore egiten ari garela jakin behar dugu, eta ez alderantziz.

Dantza

Ez dut luze jardun nahi (euskal) dantzak berak daukan izaeraren inguruan, baina hezkuntza esparruetan sakondu aurretik, laburki dantzak biltzen dituen hainbat elementu, ezaugarri eta funtzio azaldu gurako nituzke. Jakina da komunitate honetan gorputzez komunikatzeko lengoaia dela dantza. Hau da, dantza pentsamendu eta sentimenduen adierazpen sinbolikoak gorpuzteko euskarri fisikoa da. Horrela, gorputzak eta mugimenduak bat egiten dutenean komunikatzeko, sortzeko, sentitzeko, adimena garatzeko, esploratzeko, bizitzeko… lengoaia bat sortzen da. Modu horretan, esan daiteke dantzak esku hartzeko hainbat eremu dituela bere helburuaren arabera, lau eremuetan desberdinduta: aisiaren dimentsioa, dimentsio artistikoa, dimentsio terapeutikoa eta hezkuntza dimentsioa. Hemen ikus daiteke dantza hezkuntza prozesuan lagungarri izan daitekeela. Hau da, dantzak badaukala heziketa emateko indarra. Bertatik ondorioztatu daiteke dantzaren hezkuntza aspektuek presente egon behar dutela eta dantzak haurraren hezkuntza ibilbidean egon behar duela.

Bere eremu horien barruan, dantzak era batera edo bestera funtzio bat gauzatu dezakeela ondorioztatzera iritsi daiteke. Gauzak horrela, nik dantzak dauzkan lau funtzio nagusi bereiziko nituzke: funtzio sozializatzailea, funtzio musikala, funtzio ludikoa eta funtzio identitario eta politikoa. 

 

 

Dantzaren funtzioak

Funtzio sozializatzaileari dagokionez, dantzak norbanako izatetik helburu komuna daukan taldea izatera igarotzeko aukera eskaintzen digu, gizarte prozesu baten parte izanik. Gizartearen isla da, beraz, dantza eta hori, askotan, sokaren bitartez adierazi izan da. Beste modu batera esanda, Euskal Herriaren kasuan dantzak funtzio soziala jokatzen du, dantzaren praktikak elkartasun komunitarioa indartzen duelako, bai barrutik bai kanpora begira ere. Gauzak horrela, erreminta inklusibo gisa ere joka dezakeela uler daiteke.

Alderdi musikaletatik erreparatuta, dantzak musika behar du gauzatua izateko. Hau da, hertsiki loturik doazen bi elementu dira. Horrela, musikaren eta gorputz-mugimenduaren ondotik taldeak egokitzeko, imitatzeko, integratzeko, sozializatzeko… aukera dago. Beraz, musika izango da erritmoarekiko eta gorputz adierazpenarekiko sentiberatasuna indartzen duen elementua, mugimendua gauzatzeko plazera sortzen duena. Alta, motrizitatearen tratamenduan tresna pedagogiko garrantzitsu ere bada musika, non balio didaktikoen errepertorio on bat eskaintzen duen. Ondorioz, funtzio honen bitartez eta dantzaren alderdi musikalei esker dantzaren balio pedagogikoaren garrantziaz jabetu gaitezke.

Jolasaren alderdia ere badaukagu. Jakin badakigu haurraren ikaste prozesuan jolasa ezinbestekoa dela. Jolasaren bitartez ikasten du, mugitzen da… Dantzak gorputz hezkuntzarekin loturik doanez eta berau mugimenduarekin, dantzaren irakaskuntzan modu ludikoan gauzatzeko aukera egongo litzateke. Era horretan, talde kohesioa bultzatzeko eta gizartearekiko loturak egiteko baliabide garrantzitsu bilakatzen du dantza funtzio honek. Gaur egun, halaber, dantzaren izaera ludiko horrek atzera egin du, hein handi batean gure gizartean errotzen hasi diren patroi kultural eta sozial berriek gizartea homogeneizatu eta bideratzeko joera hartu dutelako. Horren ondorioz, jendarteak bere beharrak direnak alde batera utzi ditu eta beste esparru batzuetan jarri du arreta; eguneroko zeregin ugariak egin, azkar bizi eta ezarritako patroi hegemoniko bezain itxiak jarraitzera eramanez. Hori horrela izanik, dantza ariketa fisiko huts bihurtzera hel daiteke eta bere alderdirik garrantzitsuenak albo batean gelditu.

Funtzioekin amaitzeko, dantzaren funtzio identitario eta politikoa daukagu. Dantzak, gaur egun ere, jarrera baten aldeko edo kontrako jarrera erakusteko baliagarri izan daiteke. Euskal dantzak, berak bakarrik edo bestelako arte jardunekin elkarrekintzan, badu komunitate sentimendua sortzeko, antolatzeko eta trinkotzeko bertutea, bertute politikoa, alegia. Horregatik, dantzak gure kulturan bizitzeko, berau interpretatzeko eta herria ulertzeko baliabide dela esan daiteke.

Laburbilduz...

Lehen atal honekin ixteko, motzean, honako hau esango genuke: dantzaren prozesu komunikatiboa gauzatu ahal izateko; dantzariak, mugimenduak, testuinguruak eta soinuak elkarreraginean jardun beharra daukate. Bide horretatik jarraituta, dantzaren bidezko heziketa gauzatzeko lehen pausuak ematen hasi gaitezke, eta ondorioz, haurra gorputz hezkuntzan hezteaz gain, akademikoki lagungarriak izan daitezkeen baliabideak eskaini.

Hurrengo atalean garatuko dantzak hezkuntzan izan ditzakeen alderdi positiboez eta onurez hitz egingo da.

Hurrengo atalak:

  • Onurak
  • Proposamen bat

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Julen Agirre Lizarralde

Julen Agirre Lizarralde

Oñati, 2001.

Amamak du errua. Berak josi zuen Oñatiko dantzen traje baten ondotik hasi zen guztia eta hemen nabil ordutik, Oñatz dantza taldean. Amamak egindako arropak eta kaskanol hotsek eraman ninduten dantzara.

Taldeko haurren eta etorkizun izango diren horien antolamendua bermatu guran aurkituko nauzu.