Karmele Goñi gogoan

2017/06/08
Karmele Goñi gogoan

Karmele Goñi

Elai Alaitik doluminak adierazi nahi dizkiogu Karmele Goñiren senitarteko eta lagunei, Euskal kulturgintzak hutsune nabarmena izango du atzotik aurrera.

Karmele 1926an jaio zen, Tolosan, eta Jose Migel Barandiaranen dizipulu kutunetako bat izan zen. Aranzadi Elkarteko Etnografia Saileko Idazkaritzaren arduraduna izan zen, Euzko Folklore urtekariaren idazlea, eta Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egin zuen Etniker Gipuzkoa taldeko kidea 1964tik. Bilboko aurreneko ikastola (Resurrección Mª de Azkue) sortu zuen taldeko kidea izan zen, eta, 1997an erretiroa hartu zuen arte, Euskal Herriko Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoaren (Bilbo) zuzendaria ere bai. Esan beharra dago maila gorenera eraman zuela museoa.

Euskal jantzietan aditua izanik, hitzaldi ugari eskaini zituen gai horren inguruan, bai eta liburu garrantzitsuak idatzi ere. Aholku paregabeak eman dizkigu Elai Alai taldeari, laguntza eske joan gatzaion guztietan; hala euskal dantza tradizionaletako jantziak egiteko, nola Kultura Tradizionaleko Nazioarteko Topaketetan parte hartzeko eskatu diogunean.

Sari garrantzitsuak jaso ditu bere ibilbidearen ohoretan, eta gure dantza-taldeak ere omenaldia eskaini zion 1997an, Nazioarteko Folklore Jaialdiaren barruan.

Goian Bego Karmele Goñi.

Aurtzaka dantza taldea
Aurtzaka dantza taldea
2017/06/09 08:11
Bat egiten dugu Aurtzaka dantza taldetik ere, Karmeleren izaera eta egindako lan eskerga goraipatzeko orduan. Zeraingo dantza eta tradizioen berri eman zigunean, oso gogoan dauzkagu bere amonaren baserri eder horretan egindako harrera abegitsua, eta elkarrizketaren goxoa. Zerbait magikoa sentitu arazi zigun, bai kontatutako edukietan, bai bere patxadan eta hitzen jarioan.
Oso gogoan zaitugu Karmele!