Iruinkokoa eta Herrixa Dantzan Sortutakoak Tradizionalerako hautatuak

2019/11/29
Iruinkokoa eta Herrixa Dantzan Sortutakoak Tradizionalerako hautatuak

Iruñeko hainbat eragilek aurten plazaratu duten Iruinkokoa osatzeko proiektua eta plazako dantzaldietan eta irakaskuntzan urte asko daramatzan Patxi Monterok aurkeztutako Euskal herriko plazetarako dantza berriak sorta dira Sortutakoak Tradizionalaren zortzigarren deialdian hautatutako proiektuak. Gipuzkoako Dantzaguneak dantza tradizionalaren alorrean sorkuntza sustatzeko eskaintzen dituen diru-laguntzak jasoko dituzte bi proiektu hauek.

Proiektu bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu, 2020an zehar beren proiektuak garatzeko laguntza gisa. Maite Irizar (Oñatz), Jexux Larrea (Ikerfolk), eta Izaskun Salazar (Aurtzaka) euskal dantza tradizionalaren alorreko adituek osatutako epaimahaiak hautatu ditu Iruinkokoa eta Herrixa Dantzan-en proiektuak Sortutakoak Tradizionala zortzigarren deialdi honetarako.

Gipuzkoako Dantzaguneak dantza alorrean sorkuntza eta berrikuntza sustatzen du Sortutakoak deialdien bidez eta aurten 21.500 euro banatuko dira zazpi proiektutan banatuta. Sortutakoak Tradizionala da ezagutarazi den lehena eta datozen egunotan dantza garaikidea eta dantzaren funtzio soziala babesten duten deialdietan hautatuak izango direnak jakinaraziko dira.