Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Gipuzkoako Dantzagunea Ion Agirretxe eta Cristina Casa: “Psikologoak behar ditugu konpainia profesionaletan”

Dokumentuaren akzioak

Ion Agirretxe eta Cristina Casa: “Psikologoak behar ditugu konpainia profesionaletan”

Angel Corellaren Konpainian elkar ezagutu zutenetik, ibilbide profesionala eta pertsonala elkarrekin egin dituzte Ion Agirretxe añorgatarrak eta Cristina Casa madrildarrak. Flandriako Dantza Konpainian bost urtez aritu ostean, Espainiako Dantza konpainian ari dira biak orain. Ion Agirretxe haurra zenean hasi zen dantzan, aurreskulari txapelketetan, eta dantza klasikoan geroago, Donostiako Thalia akademian. Gipuzkoako Foru Aldundiko bekei esker, Madrilen goi mailako formazioa egin ahal izan zuen. Europa Balletean ekin zion ibilbide profesionalari. Cristina Casak, berriz, ibilbide luzea eta oparoa egin du, besteak beste, English National Ballet edota Images konpainietan.

Denboraldia hasi haurretik, Gijónen eskatutako gala bat prestatzea suertatu zaie Gipuzkoako Dantzagunea ezagutzeko aitzakia. “Zerbitzuari buruzko gauza asko eta onak entzunak genituen, baina ez genuen bertatik bertara ezagutzen. Dantzarientzako halako zerbitzu publikoa egotea izugarria da… baita apartekoa ere”, dio Agirretxek.

Ionen familiarteko eta lagunak bisitatzeko baliatu dituzte oporrak, baina Cristinak ohartarazten digun eran, “noranahi goazela ere, beti poltsan daramatzagu dantzarako arropak eta oinetakoak; plangintza egun batetik bestera aldatzen denez, beti sasoian eta prest egon behar dugu. Gehienez ere, hamar bat egunez geratzen gara. Gorputzeko muskulu guztietako minak hasten dira orduan, eta erabat gogortu baino lehen, dantzan hastea komeni izaten da”. Sasoian egoteko, bizikletan asko ibiltzen da Ion. “Ahal bezainbeste kilometro egiten ditut. Orduak pilatzea lortzen dudanean, hobekuntza nabarmena sentitzen dut hanketan”. Cristinak, berriz, nahiago ditu “mendia eta isiltasuna”.

Zaintza fisikotik harago, alderdi emozionalaz ohartarazten gaituzte biek: “eszenatokiko zirrara gustatzen zaigu, baina aurreko hilabeteetako presioa handia izaten da, ordu luzez etengabeko tentsioan: zuzendari edota koreografoek dantzarako hautatuko ote zaituzten, nahi duzun mugimendu edo teknika hori menderatzea lortuko duzun, lankideen arteko lehia… Azken batean, dantzatzea gustatzen zaigu, eta ez dugu beti lortzen. Psikologikoki gogorra da”. Gurpil zoroan sar liteke dantzaria, “bolada onean ez dagoenari kosta egiten zaio motibazioari eustea, eta orduan izaten dira, esaterako, lesio larrienak. Aspalditik ari gara aipatzen lankideen artean beharrezkoa dela psikologoak konpainietan integratzea. Funtsezkoa da frustrazioa lantzea. Suertez, bikote garenez batak besteari eusten dio, baina munduan zehar lagun asko dauzkagu konpainietan bakarrik”.

Ondo daki Ion Agirretxek emozioak lantzea zein garrantzitsua den: “dantzari izateagatik bullyna egiten zidaten, eta ez dut berriz inork halakorik bizitzea nahi. Lanketa psikologikoak erakusten dizu egoera bakoitzeko elementuak eta ezaugarriak bereizten, zer dagokion norberari, eta zer ez. Esaterako, dantzako maillotaren ordez bizikletakoa jazten dudanean, errealitatez aldatzen naiz, eta hori oso garrantzitsua da; are gehiago, osasungarria”. Hezkuntzan ere jartzen du arreta Cristinak: “oraindik ere, ikastetxeentzako emanaldiak egiten ditugunean sumatzen dugu mutil dantzariek duten estigma, adibidez, dantzako arroparen azpian genitalen suspentsorea nabarmentzean egiten dituzten irri eta isekatxoekin. Europako herrialde askoren aldean, bide luzea dugu aurretik”.

Guztiarekin ere, dantzan segitzen dute, “gure pasioa delako”. Cristinak 40 urte ditu eta Ionek 35. “Badakigu noizbait erretiratuko garela, eta oraindik plan zehatzik egin ez dugun arren, ikasketei heldu diegu berriz”. Cristinak aurten amaitu du dantzako gradua, eta Ion ikus-entzunezkoena egiten ari da. “Urrutiko ikasketak dira, noski, ezin garelako klasera joan. Gainera, ikasketek asko laguntzen digute, bizikletak edota mendira joateak bezala, dantzaren munduko burbuilatik ateratzen. Hori esanda, erabat kontzentratuta gaude konpainiako lanean. Beraz, gero gerokoak”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Gipuzkoako Dantzagunea

Gipuzkoako Dantzagunea

Dantzagunea Gipuzkoako Foru Aldundiak dantzaren ikaskuntza eta sorkuntza prozesuak laguntzeko eta sustatzeko sortutako zerbitzua da. Errenterian du egoitza, Niessen eraikinean.

Kulturaren Euskal Planak dantzaren alorreko lan-lerro nagusitzat jo zuen herrialde bakoitzean dantzarako baliabideak izateko erreferentziazko gune bat irekitzea. 

Dantzagunean mota guztietako dantzak, bereziki lantzen direlarik dantza klasikoa, garaikidea eta euskal dantza tradizionalean bildutakoak. Bertatik eskeintzen dira Gipuzkoan dantza jardunean ari diren elkarte, konpainia eta eragileei laguntzeko zerbitzuak eta inguruko lurralde eta erkidegoetako antzeko entitate eta zentruekin elkarlana bilatzen da.

Dantzagunearen lan-lerro nagusiak honakoak dira:

1- Sorkuntza koreografikoa sustatzea, sortzaileei eta taldeei Dantzaguneko aretoak utzita, eta egonaldi-programa bat, Sortutakoak, sustatuta.

2- Sorkuntza-prozesuak laguntzea, aholkularitza artistikoaren bitartez; eta dantzaren sorkuntzaren eta produkzioaren inguruko ikerketa garatzea.

3- Prestakuntza espezializatua ematea, gaur egun Gipuzkoan ematen den formazioa osatzeko, alderdi tekniko-praktikoak eta teorikoak landuta.

4- Dantza hedatzeko formula berriak bilatzea, publikoa sentsibilizatzea eta dantza eskola-programetan sartzea.

5- Dantzarekin zerikusia duten gaiei buruzko informazio eta dokumentazio baliabideak interesa dutenen esku jartzea: eskolak, bekak, audizioak, konpainiak, ikuskizunen ekoizpena, hedabiderako kanalak...