Alejandro Polo: “Koreografiak sortzeko grina ari zait pizten”
Alejandro Polo trintxerpearrak ondo ezagutzen du Gipuzkoako Dantzagunea. Udako Ikastaroetan aritu zen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko beka ere eman zioten. 16 urterekin joan zen Madrilera, Kontserbatorio Profesionalean ikastera. Lehen kontratu profesionala Txekian izan zuen, Morabiako Balletean. Gaur egun Kroazian ari da lanean, Rijekako Balletean.
Gorputza lan-tresna
“Oporretan oreka topatu behar dugu. Fisikoki eta psikologikoki atseden hartu behar dugu, baina itzuleran lanak ditugu, eta sasoian egon behar gara. Irailean hasiko gara lanean, eta urrirako pieza berri bat sortzekoak gara”. Bestelako ariketa fisikoa egiten du baita ere, “esaterako, gimnasiora joaten naiz, besteak beste, lesioren bat izan dudalako. Gaztea naiz, baina kontziente naiz urte askoan iraun behar didan lan-tresna dudala gorputza, eta ahalik eta hobekien zaintzen saiatzen naiz”.
Klasikoa eta garaikidea
Dantza klasikoa eta garaikidea egiten ditu Alejandro Polok Rijekan. “Hain zuzen, Kroaziara joateko motibo nagusia izan zen han garaikidea gehiago lantzen dutela”. Denboraldiak bietarik izaten du. “Dagoeneko martxan dauden ikuskizunak ondu eta emanaldiak egitearekin batera, urtean zehar konpainiak ekartzen dituen hainbat koreograforekin pieza berriak sortzen ditugu garaikideak batez ere”.
Koreografo lanetan
Sasoian egoteko lanketan integratu du sormena. “Nire mugimenduekin egiten ditut ariketa asko. Dagoeneko, bizpahiru pieza estreinatu ditut lankide batzuekin, eta dantzako goi mailako ikasketak egiten ari naiz koreografia espezialitatean. Oso ondo etorriko zait aurten izango ditugun koreografoen metodologiak ikustea. Pixkanaka, koreografo izateko grina ari zait pizten. Beste urte baterako kontratua daukat. Gogoz nago, ikasteko gosez”.
Batetik bestera
26 urte ditu Polok, eta distantziatik erreparatzen dio sorterriari: “Konpainian baditugu bertakoak diren bi dantzari, eta ondo ikusten ditut, etxean; habiari lotuta, era berean. Itzultzea ederra litzateke, baina oraindik ez dut uste horretarako unea denik. Gipuzkoan proiektu on eta asko daude, baina egonkortzeko zailtasun handiak dituzte. Gaur-gaurkoz, alde batetik bestera joateak ematen didan askatasuna nahiago dut”.