Aitor Arrieta Koka: “Konpainia profesional sendoa osatzeko adinako talentua eta eskarmentua dago Euskal Herrian”
“Gorputzaldiari dagokionez, ez digute inolako baldintzarik jartzen oporren itzulerarako. Profesionalak garenez, badakigu geure burua zaintzen. Gainera, abuztu amaieran Japonian gala batzuetan aritu behar naizenez, ezin naiz geldi egon”. Aitor Arrieta Koka 27 urteko dantzari oiartzuarra English National Balleteko dantzari nagusietako bat da. Aurreskulari eta solte txapelketekin hasi zen dantzan, eta teknika lantzeko hasi zen ballet klasikoa egiten. “Ez nuen profesionala izateko asmorik. Telekomunikazio-ingeniaritza ikasteko asmoa nuen, baina 17 urterekin Segovian egon nintzen Angel Corellaren udako ikastaroan batean, eta han aldatu nuen iritziz”.
Esan eta egin. Ikasturte hartan bertan joan zen Madrila. Gogoan du hizkuntza-aldaketa hasieran kosta egin zitzaiola, “ordu arte euskaraz ikasten bainuen materia akademiko guztia”. 19 urterekin Espainiako Dantza Konpainian hasi zen, Jose Carlos Martinezen zuzendaritzapean, eta handik gutxira kontratua lortu zuen Londresen, English National Balleten. Urtez urte hobetzen joan da, lead principal izateraino. “Konpainia handia da, baliabide eta azpiegiturei dagokionez. Guztira, 70 bat dantzari gara, Madrilekoaren aldean ia bikoitza. Tamara Rojo zuzendariarekin ondo moldatzen naiz, eta harekin landutakoak fruituak ematen ari delakoan nago”.
Konpainian zazpi urte beteta, dantzari profesional gisa bete-betean ari den arren, ez dio etorkizunari begiradarik kentzen. “Zenbakiak gustatzen zaizkit, dena koadratuta egotea. Dantzan ere halakoa naizela uste dut, inprobisazioa baino gehiago gustatzen zaidalako koreografiak lantzea eta perfekzionatzea. Administrazioa eta Finantzak ikasten ari naiz, eta zenbait lagunekin konpainia bat sortu dugu Madrilen. Kontabilitatzeaz arduratzen naiz. Ez dut nire burua Londresen erretiratzen ikusten, eta gustatuko litzaidake noizbait itzultzea. Euskal Herrian badago konpainia profesional sendoa osatzeko adinako talentua eta eskarmentua. Errealitatetik urrun dagoen proiektua dela badakit, baina inoiz sortuko balitz, nire burua ikusten dut bai dantzan, bai kudeaketan edota kontabilitatean”.