Dokumentuaren akzioak
Lantzeko zortzikoaren lehen ikastaroa
- Dantza-irakaslea: Sabin Egiguren Apraiz
- Klase egunak: 2018ko abenduaren 11, 13, 14, 18, 19, 20 eta 21ean
- Orduak: 20:00etatik 21:30era
- Tokia: Autonomia, 44an. 48010 Bilbo
- Emaila: sabin@bizkai-elkartea.net
Lantzeko Ijotiak
Lantzeko Ijotiek jada 1920tik 1930era nahikoa ospe zuten mendialdean. Baina Miss VIOLET ALFORD idazle ingelesak Zuberoako Maskaraden jatorriari buruzko Entsegua (Pedro Garmendiak gaztelaniara itzulitakoa) izenburupean argitaratutako lanaren ondotik, non besteak beste Lantzeko Inauteriei buruz ari den, haren goraldia handitzen joan zen, batez ere Folklore gaietan adituak zirenen artean.
1936-39ko gerrarekin, Francoren erregimenak inauteri-jai guztiak deuseztatu zituen Espainiako Estatuan. Hori dela-eta Lantzeko inauteriekin lotutako ezer ere ezin zen ospatu. Julio Caro Barojak honako hau diosku egoera horri buruz: «... mucho después dos navarros promotores de muchas tareas culturales, José Esteban Uranga y José María Iribarren, tuvieron la idea excelente de pedir que se levantara la prohibición, siquiera fuese por una vez. El Carnaval volvió a celebrarse con exactitud en sus detalles y ello dio ocasión a que Uranga hiciera unas fotos impresionantes y que Iribarren publicara un magnífico estudio, que apareció primero en la revista «Príncipe de Viana» y luego en libro aparte, recogido con otros de carácter folklórico. Cuando a fines de 1963 mi hermano y yo nos decidimos a llevar a cabo una serie de documentales folklórico-etnográficos uno de los que pensamos realizar fue el de este Carnaval».
Horrekin lotuta, Caro Barojak Lantzeko Udalari idatzi zion hango inauteriak filmatzeko aukerarik ba ote zegoen jakiteko eta idazkariak, adeitasunez, hori egiteko zeuden zailtasunen berri eman zion. Era berean, zailtasun horiek konpondu edo gainditzea erabaki eta nola egin zuen esaten digu, hau da, bere lagun JOSE ESTEBAN URANGAri laguntza eskatu zion eta behin lortuta gobernuaren baimena lortu zuen.
Baina hurrengo arazoa sortu zen, musika-arazoa hain zuzen ere. Lantzeko doinuak zuzen jotzen zekien pertsona bakarra FERMIN MARTIKORENA zen, Maesternia etxekoa, eta bere arrebaren heriotzagatik dolualdian zegoen. Azkenean FRANCISCO ZILBETI BAKEDANO jaunarekin hitz eginak ziren. Zilbeti jauna Iruñeko Udalaren txistulari bikaina zen eta harekin batera JOSE SUMALDE atabalaria joan zen, hura ere Iruñekoa. Lantzera igande horretako iluntzean heldu ziren.
Ostatuaren sukaldean, sutondoan, eta bi pertsona nagusik astelehen eta asteartean jo behar zituzten doinuak ahapetik kantatzen zizkioten bitartean, Zilbeti jaunak pentagramara pasatu zituen eta pixka bat landu ondoren musikaren arazoa konponduta geratu zen. Horrela bada, 1964ko otsailaren 10 eta 11n, astelehen eta asteartea, Lantzeko mutilek beren arbasoek egin bezala ospatuko zuten, Baroja anaiek Lantzeko Ijotiak filmatu ahal izan zitzaten. Aurrekari horiekin hirurogeiko hamarkadaren erditik aurrera Lantzera bisitak egiten hasi ginen.
Hango ospakizuna ikusi eta gozatzeko joan ohi nintzen. Gogoan daukat Lantzen egon nintzen lehenengo aldia. Inauterietako astelehena zen eta elurra mara-mara ari zuen. Astelehen horretako goizean zehar oso jende gutxi zegoen Lantzen. Bilboko lagun bat eta biok geunden, biak ala biak Gorantza dantza-taldeko kideak. Jaia nola garatzen ari zen ikusi bitartean, burura etorri zitzaidan nik ere Ijotia hori Bilbon munta nezakeela. Eta, horrela, 1968 edo 1969an berriz ere Lantzera joan nintzen Bilboko Gorantza taldeak aipatutako inauteri-segizio hori bere programan izateko zein aukera zegoen aztertzera.
Sasoi hartan Lantzera berriki joandakoak Arizkungo Maurixio Elizalde txistularia eta Felix Iriarte atabalaria izan ziren. Hala ere, nire lehenengo lana izan zen Maurixio Elizalde baino lehen Lantzen jo zuen txistulariarekin harremanetan jartzea.
Guretzat garrantzitsua zen txistulariak inolako musika-formaziorik ez izatea. Gure ustez musikari hauek, beren folkloreetan erabiltzen zituzten doinuei buruz eman ziezazkiguketen erantzunak askoz ere fidagarriagoak edo benetakoagoak ziren musika-formazioa zuen txistulari batek eman zitzakeenak baino. Esaten dugun hori, JUAN IGNACIO IZTUETAk ere adierazten du Gipuzkoako dantzak bere lanean, Gipuzkoako txistulari musikari edo musika-formaziodunei buruz ari denean, eta gu horrekin erabat ados gaude.
Oso arin aurkitu genuen. Gure aldean, orduan, gizon zaharra zen, eta esan dugun bezala dolualdian zegoen, horrek Lantzen txistua jotzeari utzi izana ekarri zuelarik. Haren izena FERMIN MARTIKORENA zen. Gizon horrek asko zekien Lantzeko eta inguruko herri txikietako folkloreari buruz. Haren lagunak egin ginen eta asko irakatsi zigula esan dezakegu.
Herrian txistulari jardundakoa zen inolako musika-formaziorik gabe eta, horrez gain, ezin bestela izan, Zortzikoa dantzatzen dantzari izugarri ona zen. Haren semeek ere zoragarri dantzatzen zuten. Harengandik bere Zortzikoaren urratsen lehen aldakia lortu genuen. Haren semeetako bat Zortzikoa dantzatzen grabatu ahal izan genuen.
Hortik aurrera bidaia ugari egin genuen Lantzera eta lagun asko egin genituen. Horietako batzuk nire Dantza-irakasleak izan ziren Zortzikoarekin eta beren Ijotiekin lotutako xehetasunetan. Hainbatetan hango Ijotiek grabatzeko aukera izan genuen.
Azkenean gure lana amaitu zen eta, horrela, Lantzeko Ijotiak lehen aldiz jendaurrean aurkeztu ahal izan zen Basaurin, 1973-X-21ean, Euskal Herriko II. Dantza Agerketa Nagusian. Arrakasta handia izan zuen eta TVEk grabatu zuen.
Lantzeko Ijotiak, Atharratze-Zuberoan, Donibane Lohizune-Lapurdin edo Bilbo (Areatza) Bizkaian ere aurkeztu zen, Euskal Herriko beste leku batzuen artean. Herrikoi taldeak Lantzeko Ijotiak aurkezten zuen lekua zena zela, arrakasta segurua zen ikuskizunak berez zuen ikusgarritasunagatik. Ikuskizuna Lantzen Ijoietako Asteartean aurkezten dutena zen eta horri, antzina egiten zen bezala, Miel-Otxini egiten zaion judizioa eransten zitzaion.
1971ko neguan eta Begiraleak taldeko BETTI BETELUren eta Baionako Lauburu elkarteko HIERRY TRUFFAUT etnologoaren eskariz, Lantzeko Zortzikoa irakasteko ikastaroa eman nuen Lapurdiko euskal dantza taldeei zuzenduta. Ikastaroa Maison des Jeunes et de la Culture. Maison pourtous de Balichon delakoan burutu zen. Horrela Iparraldean, gure lanari esker, Lantzeko Zortzikoari dagozkion urrats tradizionalak lehen aldiz sartu ziren, gerora baita Euskal Herriko mugetatik at ere hain ezaguna egingo zena, alegia.
Gerora Begiraleak taldeko gure adiskideek, BETTI BETELU ren zuzendaritzapean, Lantzeko Ijotiak Donibane Lohizunen eszenaratu zuten. Partitura ere Dantzariak aldizkarian argitaratu genuen 8. zk.an, 1978an, «Euskal Dantza Herrikoiaren Soinua» atalean. Partiturari erantsi nion, zegokionean, FERMIN MARTIKORENAk ahapetik kantatuta jaso genuen doinua. Hark esan zigun, antzina, ahapetik kantatu zidan doinu hori Lantzen eta Almandotzen jotzen zela Zortzikoa dantzatzeko.
Urteak igarota, Euskal Herriko edozein tokitan (Lantzen izan ezik) Zortziko hori kalean dantzatzen ikustean, buruko min handiak izan ditut eta nire baitan nolabaiteko egonezina sentitu dut, agian nik ez nuelako Lantzetik bere inauteria atera behar izan.
Lantzeko Zortzikoa %98an beti gaizki dantzatu izan da eta dantzatzen da Lantzetik kanpo. Eta egoera hori jada duela denbora asko pairatzen ari gara. Duela urte batzuetatik hona Iparraldeko eta Hegoaldeko dantza-taldeetako txistulariek Lantzeko doinuari Baztango Zortzikoaren doinua eransten diote. Eta gure Dantza Tradizionalak dantzatzen ari direla diote. Eta lasai-lasai botatzen dute hori.
Denbora pasa ahala Lantzeko Zortzikoarekin lotuta sortu den egoerak horri buruz hausnartzera bultzatu ninduen. Partitura Dantzariak aldizkarian argitaratu zenetik doinu hori hedatzen hasi zen, baita nazioartean ere. Frantziako musikariei entzuten hasi nintzen, baina ondoren, munduko beste toki batzuetako musikariei ere jotzen entzun diet (internetetik) eta, jakina, baita Euskal Herriko askori ere. Bakoitzak bere modura jotzen du, bere erritmo edo moldaketak eginda, baina inoiz ere ez da entzuten Lantzen jotzen dena. Gaur egun egoerak nabarmen egin du txarrera.
Gure hurrengo ikastaroan saiatuko gara gure ikasleei Lantzeko Zortzikoari buruzko beste errealitate bat ezagut dezaten. Gure aldetik ziur gaude horrela izango dela.
Sabin Egiguren Apraiz / Bizkai Euskal Folklor Elkartea
Dokumentuaren akzioak