Dokumentuaren akzioak
Soka-dantza egiteko zer jantzi?
Estropaden garaipena ospatzeko festa Orion, 1942an. Emakumeen aurreskua, agurra. Argazkia: Vicente Martin / Kutxateka CC BY-NC 4.0 2015
Duela bost urte, hemen bertan “Jantziarekin dantzatu eta jantzia dantzatu” artikulua idatzi nuen. Bertan, jantzia eta dantzaria bat eginik egon behar zirela esaten nuen. Beste gauza batzuen artean, nire ustetan Soka-dantza egiteko emakumezkoek erabili behar ez luketen jantziaz ere jardun nuen. Bestalde, erabil daitezkeen batzuk ere aipatzen nituen bukaera aldera. Halere, gero eta gehiagotan planteatzen ari zen galderari ez nion erantzun irmorik eman eta eztabaida irekita utzi nuen.
Soka-dantza, herria biltzen eta lotzen duen dantza da. Urte batzuetan atzera egin bazuen ere gaur egun berriro hedatzen eta indartzen ari da horrekin batera aldaketa batzuk gertatzen ari direlarik. Aldaketa horietako batzuk dantzatzeko erabiltzen den jantziari oso loturik daudenez eta kezka sortzen duen gaia denez, horri heldu nahi diot hurrengo lerroetan, azterketa bat egin ondoren proposamena egiteko asmoz.
Nola jantzi beharko lukete emakumeek Soka-dantza egiteko?
Soka-dantzetan emakumearen partaidetza areagotu egin da eta, generoari dagokionez, berdintasunerako joera nabaria da, zorionez. Esan nahi da, lehen haserako sokan sexu berekoak (orokorrean gizonezkoak, salbuespenak salbuespen) irteten ziren tokian, gizon eta emakumeak elkarrekin ateratzea gero eta ohikoagoa dela.
Hori horrela delarik, argi dago hemen ez dagoela emakumezkoarena edo gizonezkoarena den paperik. Ba al dago, ordea, batzuek dioten bezala, batena ala bestearena den dantzatzeko modurik? Hala behar luke? Jantziaren egiturak behartutako mugimenduak lirateke? Hemen legoke nire ustez gakoa.
Zer jantz dezake gaur egun emakumeak soka dantza egiteko: frakak, gonak, biak batera…? Bestalde, nola dantzatu behar du emakumeak? Zergatik mantendu duela 100 urteko janzkera duela 100 urteko dantzakera aldatu bada?
Ukaezina da jantziak, dantzakera baldintzatzen duela eta, gainera, dantzariarengan, jendaurrera agertzeko orduan, sentimendu ezberdinak sor ditzakeela. Bi alderdi horiek, hau da, dantzakerarena eta jantziak, bai dantzariarengan bai ikuslearengan sortzen duen sentimenduarena lirateke, nire aburuz, kontuan hartzekoak Soka-dantza egiteko jantzi bat aukeratzeko orduan. Bestalde, Soka-dantza guztiak ez dira ez espazio ez egoera berdinetan egiten eta honek ere izango luke zerikusirik jantziaren hautaketan.
Kezka nagusia emakumeak zer jantz dezakeen bada ere azter dezagun, hasteko, dantza egiten den espazioari eta dantzarien janzkerari begira zer geneukan eta zer daukagun.
XX. mendean, kaleko jantzia eta jantzi zuria
XX. mende hasieran plazan edo kalean kalerakoko jantziz egitea zen ohikoa.
Hala ere, garai honetan ugaltzen hasi ziren dantzari taldeetako partaide ziren gizon edo mutikoek, aurreko mendetik zetorren jantzi zuria ere erabiltzen zuten. Era berean, Soka-dantzan aurreskuak eginiko dantzen txapelketetan ere Jantzi zuria zen nagusi. Janzki zuriak, etxean ekoiztutako lihoz eginiko frakak eta alkandorak, ohikoak ziren gizonen artean XX. mendea baino lehen. Dena den, Jantzia osatzera heldu ziren eta dantzarako erabiltzeaz gain, kiroletarako ere erabili izan dira gaur egun arte.
Jantzi honen ezaugarriak honakoak lirateke: fraka luze zuria, alkandora zuria, abarketa zuriak (zinta gorriekin ere bai), gerrikoa eta txapela gorriak, batzuetan txalekoa eta lepoan zapia, askotan gorbata bailitzan.
XX. mendean zehar bere bilakaera izan zuen. Etxean ekoizten zen lihoa urritzen hasi zen neurrian, merkatuan erosten ziren egindako janzki bilakatu ziren eta honek agintzen zuenez, bai jantziaren eredua baita oihala ere, salgai zegoenaren arabera aldatu egin ziren. Horregatik XX. mende erdi aldera kotoi edo tergalezko fraka patrikadunak eta alkandorak erabiltzen ziren.
Dena dela, 60ko hamarkadan Argia taldeak eginiko berreskuratze lanak izan zuen zantzuaren ondorioz, dantza-talde askok berriro ere XIX. mendeko lihozko prakamantala eta papar-landudun alkandora erabiltzeari ekin zion eta hori ikusi ahal izan zen 70-80ko hamarkadetatik aurrera bai aurreskularien txapelketetan baita agertokietan ere.
Aipatu besterik ez dut egingo beste hainbat dantza tradizional egiteko, bai hemen, baita beste lurralde askotan ere, jantzi zuria dela oinarrian dagoena.
XX. mende erdialdera
XX. mendeak aurrera egin zuen neurrian aldaketak izan ziren. Alde batetik, lehengoari eutsiz, tokian tokiko Soka-dantzak kaleko jantziz jantzita egiten ziren.
Bestetik, gero eta ugariagoak ziren dantza-taldeek euren errepertorioetan Soka-dantza ere sartu zuten, bigarren izatezko dantza bilakatuz eta agertoki edota antzokietara ere eramanez. Aldaketa horrek jantzi berezia eskatu zuen.
Hurrengo argazkian ikus dezakegu mutilek Jantzi zuria zeramatela. Neskek, aldiz, garai hartan sortu zen joera bati jarraituz, baserritarren janzkera, XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako ohiko janzkera zibila imitatzen zuten janzkiak zeramatzaten. 20ko hamarkadan indartu zen Euskal Jaietan baserritarren tankeran janzteko ohitura. Ondoren 30eko hamarkadan Baserritar Jantzi bilakatu zenaren aurrekariak ziren (hainbat argitalpenetan zabalago aztertu dudan jantzia da).
Poxpolin jantzia
Garai horretan ere Baserritar jantziarekin batera emakumezkoen beste jantzi bat sortu zen: Poxpolin jantzia.
Poxpolin jantziari buruz asko hitz egin nezake baina momentuz artikulu honi dagokion neurrian jardungo dut.
Poxpolin jantzi deiturikoa, jantzi herrikoian oinarrituta egonda ere, zeharo berri eta berritzailea suertatu zitzaigun XX. mendean zehar. Bestalde, euskal emakumearen ikur bilakatu da 30eko hamarkadan hasi eta gaur egundainoko hainbat iragarkitako protagonista bilakatu delarik.
Berritzaile diot, sortu zenetik eta XX. mendean zehar 70eko hamarkada bukatu arte, gizonezkoen Jantzi zuria bezala, modarekin eta egoera sozio-politiko-ekonomikoarekin batera garatu zelako. Ikusi besterik ez dago 60-70eko poxpolin minigonen hedatzea. Horretaz gain, debeku egoerari aurre eginez poxpolin gona-gorri eta gona-berdeak edota gona-gorri marra berdedunak ere ikus genitzake debekatuta zegoen ikurrinaren koloreak agertokira azaltzen.
80ko hamarkadatik aurrera, ordea, talde asko beste itxura bateko Poxpolin jantziak plazaratzen hasi ziren. Jantzia bere erroetara itzuli zen XX. mende hasierako tankera hartuz. Gizonezkoen Jantzi zuriarekin gertatutako fenomeno bera izan zen.
Azken urteetako joerak
Orain arteko azterketa hau proposamen bat egiteko asmoz ari naiz egiten eta, esan bezala, emakumeen jantziarekin dauden zalantzak sortutako hausnarketen ondorioa da.
Ondoren, azken urteotan gertatzen ari den fenomeno bati buruz hitz egin nahi nuke. Izan ere, parte handia izan dut horretan eta jarrera argia azaldu nahi nuke.
Ikerfolkeko Atondu proiektuak 90eko hamarkadan, hasieran aipaturiko artikuluan nioen bezala, XIX. mendeko janzkera zibilaren moduan egindako janzkien erabilera proposatu zuen hainbat ospakizunetarako. Janzkien ereduak proposatzeaz gain, mezu tinko bat igorri zuen proposamen horretan: janzteko, atontzeko moduari garrantzi handia eman behar zitzaiola eta egoera bakoitzerako janzkia aukeratzen jakin behar genuela.
Norbanako askok ekin zion joera horri jarraitzeari, baina asko eta asko izan ziren ere honelako jantziak egin zituzten dantza-taldeak. Kontua da, talde horietako baten bat, aipaturiko jantzi hori Soka-dantza egiteko erabiltzen hasi zela. Honek ondorioak izan ditu eta joera hori izugarri hedatu da azken urteotan. Beraz, emakumeak XXI. mendean XX. mendean garaiko jantzi zibilez egiten zena edota dantza-taldeetan Poxpolin jantzi, nolabait erosoz, egiten zena, XIX. mendeko egituradun gona luze eta hedadura handikoekin egiten hasi dira.
Nire ustez Dantza taldeetan zabaltzen den joeren eragina da. Fenomeno ezaguna da dantza taldeen arteko transmisioa. Jantziaren alorrean ere jantzien ereduez gain atontzeko erak ere partekatzen dira, eta honela, nolabaiteko “modak” sortzen dira hainbat erabilera guztiz hedatu arte. Era berean, beste hainbat baztertu egiten dira, ahanzturan geratzen direlarik.
Aurrekari horiek ikusita, galdera litzateke: zer jantziko dugu emakumeok Soka-dantza dantzatzeko?
Zer nahi dugu XXI. mendean: Soka-dantza dantzatu edo aurreko mendeetako Soka-dantza irudikatu?
Tradiziozko dantza bada tradiziozko jantzia erabili behar dugu? Baina zein da tradiziozko jantzi hori? Zein tradiziori jarraitu zaio? Jantzia al da tradizionala ala tradizionala al da horrela janztea?
Aurreko gizaldikoek jantzi berriak plazaratzeaz gain, beren garaira egokitu zituzten. Bai gizonezkoen Jantzi zuria baita Poxpolin jantzia ere modarekin batera eraldatzen joan ziren. XXI. mendean, aldiz, badirudi joera atzera egitea dela. XX. mendeko jantziak baztertzen dira baina egiten den ekarpena ordezkatze hutsa da. Dantza eta berak atzetik dakarrena gaurkotu den neurrian jantziarekin kontrako bidea egin da. Nola uler daiteke hori?
Lehen aipaturiko artikuluan nioen bezala, XIX. mendeko egitura duen jantzi honen erabilera berri hori, norbaitek noizbait plazaratu eta ohikoa egin dena, ez da aproposa nire aburuz. Gona luze eta pisutsua menderatzen zaila da eta dantzariak jantzi hau bereganaturik ez badu, jantzi hau dantzatzen ez badaki, jantziak dantzaria menderatuko du, hainbat mugimendu eragotziko dizkiolako. Hori horrela delarik, dantzakeran eragin handia izango du.
Soka-dantzan, esate baterako hanka jasotzean, hainbeste oihalen artean sortzen den irudia bitxi xamarra izaten da eta dantzaria bera deseroso sentitzeaz gain, ikusleari igortzen dion mezua desitxuraturik heltzen da. Dantzariak eroso eta dotore sentitu behar du. Eta hemen sartuko litzateke hasieran esandako sentimenduaren kontua. Nola sentitzen da dantzaria jantzi honekin? Nola sentitzen da ikuslea dantzaria nolabait deseroso ikustean?
Soka-dantzak izaera soziala dauka, herriak elkarri loturik dagoela adierazteko duen espresatzeko bidea da. Jarduera honi garai bateko jantzi bat esleitzerakoan teatralizatzen ari garelakoan nago, are gehiago, duela 150 urte erabiltzen ziren jantzien tankerakoekin egiten dugunean. Hori ongi legoke, agian, agertoki batean, film batean… Baina kalean, plazan ari garen neurrian, gu-geu izan behar garelakoan nago. Horregatik, ohikoa dugun janzkera erabili beharko genuke. Alde batera utzi beharko genuke gona/fraka janzkiak emakumea/gizona bereizteko jokabidea.
Emakumearen ikurra gonarekin agertzen bazaigu ere, duela 80 urte baino gehiago hasi zen frakak janzten eta gaur egun ohikoa da (ohikoena agian) emakumea frakak jantzita ikustea. Are gehiago, biak jantz ditzake: gonak eta frakak edota biak batera.
Kaleko soka-dantzetan erantzun desberdinak ikusten ditugu.
Kasu honetan Garaiko emakumeek Soka-dantza kalerako jantziz egiten dute, gaur egun ohikoena den bezala asko prakekin jantzita. Aurreskuak eta atzeskuak txapel gorria daramate ikur gisa. Esan dezagun joan den gizaldikoaren oinordekoa litzatekeela.
Ikus Debako proposamen hau:
Hala ere, askotan jantzi berezi baten beharra ere bada. Lazkaon eta beste hainbat tokitan gizonezkoekin kolorea berdinduz Jantzi zurira jo dute, baina kasu hauetan janzkien egitura aurreko gizaldietakoen berbera da.
Proposamena: jantzi zuria
Azken argazki hau oinarri harturik emakumearen jantzi zuriari buruz hitz egingo dut ondorengo lerroetan.
XX. gizaldian emakumeek, Poxpolin jantziaz gain, beste jantzi batzuk ere erabili izan zituen dantzatzeko. Horien artean, Jantzi zuria.
Jantzi zuri horren erabilera oinarri harturik eta duela bost urte idatzitako artikulo horretan mahai gainean jarritako arazoari erantzun nahian, hona hemen nire proposamena.
Soka-dantzariek, agertokiko dantza gisa egiten dutenetan, aurreko gizaldiko joerari jarraituz, jantzi berezia erabili behar/nahi izaten dute. Jantzi horrek tradiziozkoa behar omen du izan. Baina zein izan daiteke jantzi hori? Zein tradiziori jarraituko dio?
Galdera horiei erantzuteko, gaur egun beste hainbat ospakizun herrikoietarako erabiltzen denari begiratu beharko genioke: Jantzi zuriari, alegia.
Soka-dantzaren izatea gizarte dantzarena izanik, egungo gizartea irudikatzen duen jantziarekin egin behar litzatekeelakoan nago eta horretarako, egungo festa-janzkerei kasu egiteari ezinbesteko deritzot, horiek era naturalean sortu eta tradiziozko bilakatu baitira.
Soka-dantza egiteko kalerako jantzia erabili nahi ez denetarako, egoerak jantzi berezi bat eskatzen duenetarako, alegia, Jantzi zuriaren erabilera proposatuko nuke. Jantzi zuri horren egiturak dantzakera eta sentimendua kontuan hartu beharko lituzke, jakina. Horregatik, erosoa izateaz gain, dotorea eta gaur egungoa behar luke izan.
Alde batera utziko nituzke, beraz, XXI. mendea baino lehenagoko jantziak, bai zibilak baita tradiziozko izatera heldu zirenak. Bestalde, tradiziozko bilakatu zaizkigun herrikoi-janzkiei garrantzia emango nieke: txapela, zapiak, abarketak…
Buruan eta oinetan (kasu batzuetan lepoan) tradizioz heldu zaizkigun janzkiak erabili beharko genituzke. Beste janzki batzuei garrantzia kendu gabe, txapela eta abarketak, nolabait ere, herri bezala identifikatzen gaituztela esango nuke. Gorputzean, ordea, guk geuk ohikoak ditugun janzkiak jantzi beharko genituzke.
Iruñean eta Baionan, esate baterako, Jantzi zuria festa-jantzi erritual bilakatu da, duela urte askotatik jasotako usadioari jarraiki. Baina jantziaren beraren egitura garai, moda eta gizabanakoari egokitzen zaio. Honela kamixeta, gona, alkandora, fraka, soineko… zuriak ikus ditzakegu.
Dakarkizuedana proposamen erraza eta egingarria izateaz gain, ez da inola ere arrotz, ezta berria. Ikus 30eko hamarkadako Sección Femeninako dantzari hauen eredua.
Soinekoaren egitura eta lepoko zapiak jartzeko modua, kolorea berdina bada ere, bakoitzaren aukeran dago. Txapela eta abarketak, ordea, modu berean dituzte atonduta.
Zarauzko Euskal jaietako beste hauena ere ildo beretik doa.
Donostiako Konstituzio plazan San Juanetan 1935ean zuriz jantzi ziren ere dantzatzeko.
80 urte beranduago gauza bera egin genezakeelakoan nago. Aukera dezagun gu geu sentiaraziko gaituen jantzi zuria, dantzakera eragotziko ez diguna eta, era berean, jendaurrerako dotore azalduko gaituena. Beste osagaiak taldearen aukeran egon daitezke ezpata-dantzetan egin ohi den moduan: dantza-taldeko ala herriko zapi bereziren bat, banda bat… buruan txapela gorriak eta oinetan zinta gorridun abarketa zuriek errematatuko lukete jantzia. Honela, Soka-dantzan parte hartzen duten guztiak, bai gizon eta bai emakumeak, kolorean eta buruko eta oinetako janzkietan berdindurik egongo lirateke eta dantzari bakoitza jantziaren egituran berezi.
Gainera, aurreko gizaldian bazen tradizio bati eutsiz, XXI. mendean naturalki nagusitu den joera bati jarraituko genioke. Soka-dantzan gizonezko eta emakumezkoak nahasian ateratzen diren bezalaxe, gonak eta frakak aukeran egongo lirateke.
Laburbilduz, Soka-dantzak, ospakizunerako dantza ere den neurrian, kalerako jantziaren ordez, kasu askotan, erritua irudikatuko duen jantzia eskatzen du, batez ere dantza-talde bat denean Soka-dantza hori egiten duena urte luzeetako ohiturari jarraiki. Orain arte emakumea, duela 80 urtetik frakak ere janzten dituena, dantzatzeko enbarazu egiten dion gonarekin atera izan da. Azken urte hauetan, Poxpolin jantzia erabiltzen ez denetan, bi joera ikusi dira: XIX. mendeko jantziaren modukoarekin dantzatzea edo gona eta pololodun Jantzi zuria erabiltzearena. Gizonezkoen Jantzi zuriaren egiturak ez du gaur egungo janzkerarekin alde handirik, baina emakumezkoarena, oso desberdina izateaz gain, ez da ez dantzatzeko erosoa ezta, kasu askotan, dotorea ere.
Beraz, dantzariek bai dotore egoteko baita gustura dantzatzeko ondo aukeratutako jantzi zuriak eta denok berdinduko dituen osagaiak janztea (txapela gorria, zinta gorridun abarketa zuriak, gerriko gorria, bandak…) litzateke nik proposatutako bidea, gaur egun beste era bateko ospakizunetan ikusten den joerarekin bat etorriz.
Dokumentuaren akzioak