Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ane Albisu Iriarte Xabier Urbeltz, orain 50 urte Alemanian dantzari profesional aritu zen donostiarra

Dokumentuaren akzioak

Xabier Urbeltz, orain 50 urte Alemanian dantzari profesional aritu zen donostiarra

2016/07/12 09:30
Xabier Urbeltz, orain 50 urte Alemanian dantzari profesional aritu zen donostiarra

Xabier Urbeltz

60ko hamarkadan dantza klasikoan profesionalki aritu zen Holandan eta Alemanian Xabier Urbeltz donostiarra. Wuppertaleko eta Hanburgoko balletetan aritu zen, ballet klasiko, neoklasiko eta moderno programetan eta Opera ikuskizunetan dantzatuz. Amets ere alemanez egiten zituela ohartuta eta herrimina sentituta itzuli zen etxera, eta anaia Juan Antoniok zuzentzen zuen Argia dantzari taldearekin jarraitu zuen dantzan beste hainbat urtez. Orain 50 urte Europan profesionalki aritu zen dantzariaren historia jaso eta ezagutarazi nahi izan dute Jexux Larreak eta Ane Albisuk, eta hona hemen, beraz, Xabier Urbeltz-i egin dioten elkarrizketa:

Xabier Urbeltz Navarro, lehen euskal dantzari profesionaletako bat 

Hemezortzi urte zituela izan zuen lehen harremana dantzarekin Xabier Urbeltz Navarrok (Iruñea, 1942), Goizaldi dantza taldean sartu zenean. Handik urtebetera, Sarasua-Peter Brownen ballet klasiko konpainiarekin dantzatu zuen Kursaal antzokian. 1965. urtean Europara salto egin zuen eta han dantzari profesional bilakatu zen.

Xabier Urbeltz (1968)
Xabier Urbeltz, 1968an

Konta iezaguzu zein izan zen zure lehen harremana dantzaren munduarekin.

Nire anaia, Juan Antonio, Goizaldi dantza taldean ari zen dantzan eta ni, bera sartu aurretik ere, sartu nahian nenbilen. Baina esan zidaten 18 urte bete arte ezin nintzela sartu, beraz, ordura arte dantza egiteko grina bai, baina aukerarik ez nuen izan. Goizaldin sartu nintzenean, Iñaki Gordejuela izan nuen maisu eta hasieratik ikusi zuen baneukala gaitasuna taldean egiten zena baino gehiago egiteko. Bolada hartan, Agedita Sarasua, klasiko irakaslea, eta Peter Brownen bikotea, dantzari gazte bila zebilen eta Iñaki Gordejuelak harekin harremanetan jartzea proposatu zidan. Hori dela-eta, Peter Brown dantza klasikoko maisuarengana jo nuen.

Xabier Urbeltz, Wuppertaal, 1968
Xabier Urbeltz Navarro, Wuppertaalen, 1968an.
Eta horrela hasi zinen dantza klasikoan…

Bai, artean ni lanean ari nintzen tailer batean eta horrez gain Goizaldira joaten nintzen astean hirutan entseatzera, eta astean beste hirutan edo lautan Peter Brownenera. Askotan igandetan ere entseatzen genuen.

Nolakoa izan zen dantza klasikora munduratze hori?

Sartu eta hilabete batzuetara Peter Brownek Kursaalean egingo zen ikuskizun batean parte hartzeko proposamena egin zidan. Oso programa zabala zen. Taldean neskak ziren nagusi eta Brownek Sergéi Prokófieven Peter and the Wolf obra oinarri harturik muntatu zuen ikuskizunean, ni pas de quatre zeritzonarekin estreinatu nintzen. Otsoaren papera egin nuen (1961). Horren ondoren, Peter Brownek jarraitzeko aukera eman zidan eta hainbat ikuskizunetan dantzatu nuen Victoria Eugenia eta Gayarre antzokietan 1965 arte.

Xabier Urbeltz, Wuppertaal, 1968
Xabier Urbeltz, Wuppertaalen, 1969ko urtarrilaren 6an, Alexander Glasunowren Die Jahreszeiten dantzatzen.
Zein oroitzapen dituzu garai hartaz?

Ikuskizunak beti Kursaalean edo Victoria Eugenian izaten ziren. Bestalde, entseguez gain ballet klasikoa egiteko ezinbestekoa zen balleta ikustea eta musika klasikoa entzutea. Hori dela eta, garai hartan Donostian egiten ziren jaialdietara joaten nintzen eta Peterrekin, Santanderrera joan eta London Festival Balletarekin etorritako Rudolf Nureyev ikusteko aukera izan nuen. Peterren aholkuak jarraituz, musika klasikoari buruzko ezagutza gero eta zabalagoa lortzen ari nintzen.

Eta orduan etorri zen atzerrira joateko erabakia.

Nik soldadutza bukatu berri nuen eta jarraitzen nuen Peterrekin ikuskizunetan dantzatzen. Baziren Uruñuela maisuaren konpainiatik Peterren konpainiara etorritako beste bi dantzari: Jose Antonio Lainez eta Conchita Martinez. Uda batean, Amsterdameko Het National Ballet etorri zen ikuskizun batekin eta Lainezek eta Martinezek audizio batera aurkeztu zuten beren burua. Konpainia horretan sartzea lortu zuten eta Herbeheretara joan ziren. 1965ean oporretan etorri ziren okasio batean, proposatu zidaten haiekin itzultzea. Eta, nahiz eta audizio garaia ez izan, soldadutza bukatu nuelarik, pasaportea atera eta haiekin egin nuen Amsterdamerako bidaia. Han bizi nintzela, Peter Brownen telegrama bat jaso nuen. Bertan zioen Alemaniako Wuppertaleko Alan Carter zuzendariak mutilak behar zituela Beltxargen Lakua dantzatzeko. Hara joan, audizioa egin eta ikasle gisa sartu nintzen.

Beraz, integratzen hasi zinen.

Xabier Urbeltz
Xabier_Urbeltz, Tchaikowskyren Txori Urdina dantzatzen Iruñeko Gayarrre antzokian, 1967ko uztailaren 9an.
Bai horixe! Pentsa, alemana primeran ikasi eta gaztelania ia galdu egin nuen. Amets ere alemanez egiten nuen. Egun osoa ematen nuen konpainian. 8:30ean barra egiten genuen eta gero 13:00ak arte entseatzen genuen. Emanaldia geneukan arratsaldeetan ere gauza bera egiten genuen. Lau urte eman nituen konpainian dantzari mailan, Alan Carter zuzendari eta Ivan Sertic kroaziarra maisu eta koreografo zirelarik. Balleteko dantzari gisa lehendabiziko aldiz Igor Stravinskyren Pulcinella Balleta egin nuen.

Zeintzuk izan ziren dantzatu zenituen obrarik esanguratsuenak?

Lau urte horietan, besteak beste, honakoetan dantzatu nuen: Tschaikovskyren Schwanense, Prokofieven Romeo und Julia. Klasikoari, neoklasikoari eta modernoari dagokionean: Dimitrij Schostakowitschen 10. sinfonia, Igor Strawinsky eta George Skibineren Feuer Vogel, Glasunow Die Jahreszeiten Carl Orff Catulli Carminan, etab. Hainbat operatan ere parte hartu nuen.

Xabier Urbeltz 2016
Xabier Urbeltz Navarro, 2016. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC BY-SA
Aldaketa beharra sentitu zenuen?

Bai, konpainia handi bat ezagutzeko gogoa nuen eta Hanburgon audizio bat egin nuen. Bertan bi urtez egon nintzen. Bi zuzendari izan nituen: Peter Van Dyck eta Sonia Arova. Victor Gsovsky zen entseatzailea. Horrela, George Balanchine koreografo neoklasikoaren George Bizeten Do maiorreko sinfonia deritzonean, John Crancoren Jeaux de Cartenen, Marcel Marceauren koreografoaren Candide mimo-draman eta abarretan lan egiteko aukera ere izan nuen.

Baina maila hartara helduta ere 6 urteren buruan itzuli egin zinen, ezta?

Bai bai, momentu batean neure burua erabaki bat hartu beharrean ikusi nuen. 1971 zen, gurasoak adinean aurrera zihoazen eta herri-mina ere sentitzen nuen. Banekien han jarraituz gero ez nintzela inoiz itzuliko. Beraz, etxerantzako bidea hartzea zuzenena zela pentsatu nuen.

Zamaltzaina Argia Dantzak 1978 Xabier Urbeltz
Xabier Urbeltz zamalzain lanean, Dantzak (1978) liburuan jasotako irudian. Argazkia: Anton Egiguren.
Hona etorritakoan dantza egiten jarraitu zenuen?

Itzuli nintzenean, gure anaia Luis Mari, aitaren aroztegian ari zen lanean eta han, berriz hasteko aukera izan nuen, baita oso gustura hasi ere! Bestalde, Juan Antonio anaia Argia taldean buru-belarri zebilen eta nirekin kontatu nahi zuen hainbat gauzatarako. Nik argi utzi nion ez nuela dantza egin nahi. Horrela, bada, taldekideei barra klasikoa erakusten hasi nintzen. San Telmo Museoko abadian entseatzen zuen artean Argiak eta bertako aulkiak baliatzen zituzten horretarako. Hasiera batean nire egiteko bakarra hori bazen ere, pixkanaka-pixkanaka ikuskizunetan eta ikerketa lanetan ere sartzen hasi nintzen. Argiarekin Gipuzkoako Dantzak, Lapurdiko Inauteria… eta batez ere Zuberoako Maskaradan parte hartu nuen. Zuberoara joaten ginen Etxahun Irurirekin ikastera eta 1978an Zuberoa zeritzon ikuskizuna estreinatu genuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Hamar urte egin nituen gutxi gora behera Argian eta laurogeiko hamarkada hasieran dantza egiteari utzi nion.

***

Esan liteke, beraz, “beranduegi” (hala dio berak) dantzan hasi zen gizon hau Euskal Herriko dantzaririk osatuenetako bat izatera heldu zela, bai dantza klasikoan baita tradiziozkoan ere, goi mailan aritu zelako.

Jexux Larrea eta Ane Albisu

Dokumentuaren akzioak

2016/07/12 19:01
Elkarrizketa interesgarria eta ederra benetan. Urbeltz familiak badu mamia, bai. Eskerrik asko Ane eta Jexux.
2016/07/13 09:57
Oso deigarria. Argiaren itzala baino, itzalaren argia bistakoa da.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.