Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ane Albisu Iriarte Jantziarekin dantzatu eta jantzia dantzatu

Dokumentuaren akzioak

Jantziarekin dantzatu eta jantzia dantzatu

2013/07/17 12:25
Artikulu honetan planteatzen denak baliagarri behar luke edozein janzki eta janzkerarako, baita gizonezko edo emakumezko jantzientzako ere. Hala ere, honi buruz hausnartzera bultzatu nauena, batez ere, emakumezkoen dantzarako erabiltzen den jantzi zehatz bat izan da.

Jantzi eta janzkeren inguruan egin ditudan landa lan, hausnartze eta ekimen guztietan ezinbestekotzat jo izan dut jantzia, bere ezaugarri guztiez jabetu ahal izateko, mugimendua duen soinean ikusi behar dela. Dantzarako jantzia bada, gainera, daramanak dantzan ari denean nola daukan eta nola kudeatzen duen ikustean jabetuko gara jantzi horren osotasunaz.

Hau guztia diot, jantzia bere horretan hartzeko joera handia dagoelako, euskarriari garrantzirik eman gabe, alegia. Nire ustez, ordea, idatzizko deskribapenek, argazkiek, irudiek edota jantzia bera ikusi eta aztertzeak, ez digu informazioaren zati bat besterik emango.

Lerrootan adierazi nahi nuke, beraz, oihal edota beste gai bizigabez eginiko janzki bati dimentsio berria ematen diogula gure gorputzak duen bolumen eta mugimendua eransten dizkiegunean. Eta era berean, geure gorputza eta baita gure izatea ere, jantziaren bidez luza daitekeela. Eta hau denon begien bistan badago ere ez da beti kontuan hartzen.

Niri dagokidanean, dantzarako eta festarako jantzi eta janzkeren azterketa egiterakoan gai honi gero eta garrantzi handiagoa ematen diot. Izan ere, egunerokoak ez diren arropa batzuk dira eta, nahiz eta tradiziozkoak direla esan, kasu askotan jantzi horiek janzteko modua ez dugu tradizioz jaso.

Gaur egun tradiziozko deritzegun jantzi eta janzkiek iturburu desberdinak dauzkate. Batzuek, joan den mendean galdu zen nekazari, artzain eta arrantzaleen janzkeraren oinordeko jantziak dira. Beste batzuek, hauen eraldaketak. Badira, egoera politikoaren eraginez sorturiko elementu eta joerak ere. Hitz batean, joan den mendeko politikak, ekonomiak eta modak eragindako arropak dira. Tradiziozkoak? Herrikoiak? Tipikoak? Euskal Jantziak?

Gure dantza, musika eta literatura herrikoiak gora behera handiak jasanda ere, esan genezake tradiziozko bidetik heldu zaizkigula. Aldioro errepikatzen ziren mugimendu, doinu eta erak barneraturik zeuzkatenek helaraziak izan zirela esan nahi dut, alegia. Barneraturik edukitze honek, espresiobide horien esentziaren jabe izatea dakar. Hala ere, zoritxarrez, ez dugu beste hainbat kultura tradizionalek izan duten transmisio zabala izan eta horregatik zenbait alderdi, jantziarena kasu, ez zaizkigu bere osotasunean heldu.

Jantzien kontua, gainera, bai hemen baita Europa mendebalde gehienean ere bereziki argitzen zaila gertatzen zaigu. Izan ere, moda, aurreko mendeetan ez bezala joan den mende hasieran nagusitu egin zen eta modarekin batera galdu ziren janzteko erak, mugimenduak eta baita gure gestoak ere.

Orain dela lau urte hitzaldi bat eman nuen Madrileko Jantzi Museoan. Nire hitzaldia hasi behar nuen, hain zuzen ere azpimarratuz garrantzi handia ematen diodala ez soilik janzteko moduari, baita janzterakoan egiten diren posturei, soinuei, keinu eta imintzioei…Kontua da, nire aurretik hitz egin zuenak, Rosa Martinezek (flamenko jantziari buruzko tesia egin du), kontu berarekin amaitu zuela bere hitzaldia!!!!. Biak geure bidetik helmuga berera iritsi ginen: gestoak eta mugimenduak prenda bati eransten dion balioa aztertzean dagoela gakoa, alegia.

Kontu hau, gaurkoan dantzarako jantzietara mugatuko badut ere, modan ere ikus dezakegu nola aldatzen den jantziak janzteko modua. Hemen daukazue bideo ikusgarri bat:

Hau ekarri nahi izan dut adierazteko azken ehun urteetan dantzariok jantzi izan ditugun jantzien bilakaeran ez duelako soilik egoera sozio-politiko-kulturalak eragin. Arreta jarri behar diogu ere, garaian garaiko atontze eta imintzioei. Gainera garai bakoitzean jantzi berak eragin desberdina sor dezake daramanarengan eta puntu hori da nire ustez ematen diogun arreta baino gehiago eskatuko lukeena.

Beraz, dantzarako jantziei bagagozkie eta orain dela 100 urteko egitura ematen badiegu, ahaztu egiten zaigu bazela ere janzteko era, atontzeko era, jantzi horrekin mugitzeko era alegia, eta jantzi horri bere dimentsio guztia esleitu nahi badiogu, ezinbestekoa dela uste dut alderdi hori ere kontuan edukitzea.

2010-12-08_jantzi-zibilekin-dantzan-aurrez_IZ-6191.jpgTradiziozko dantzen esparruan arituko naizenez, argi dago, prenda batek bizitza desberdinak har ditzakeela dantzaren, adinaren eta sexuaren arabera. Baina badira beste baldintzapen batzuk ere.

Esate baterako, dantzariak jantziari atxikitzen dion nortasunaren gehigarriaz gain, gizatalde batena ere atxikiko dio. Eta gainera, mugimendu berezi batzuk egitean, dantzatzean alegia, beste gehigarri bat ere erantsiko dio. Kontuan hartu behar da, bestalde, zein tokitan ari den dantzan.

Beraz, dantzan ari den pertsona batek, soinean daraman jantziari, jositako oihal hutsari, gorputzaren bolumena, bere nortasuna, gizataldeak duen janzteko modua eta dantzatzean eragiten duen mugimendua erantsiko dizkio. Honela, jantzia gorputzaren atal, luzamendu bilakatuko da.

Tradiziozko dantzak egiten ditugunean XX. gizaldian zehar erabilitako jantzi andana bat daukagu gaur egun aukeran. Horietako batzuk, mendearen erdialdera galdu zitzaizkigun eta Europa Mendebalde osoan zabaldurik zegoen nekazarien munduko tradiziozko janzkeraren eredutik datozkigu (baserritar jantzia). Beste batzuk, berriz, gizaldi hasiera inguruan sorturiko edota eraldaturiko jantziak lirateke. Esate baterako, 30eko hamarkada aldera antzokian dantzatzeko sortu zirenak edota Sección Femeninak ezarritakoak. Badira, ordea, lehenagotik finko mantendu izan diren dantzarako hainbat jantzi.

Hala ere, XX. mendean ikaragarrizko anabasa sortu zen era bateko eta besteko jantzien artean eta horrekin batera geure mugimendu, jesto, “era”ren eta esentziaren galtzea ere etorri zen.

Hainbat tokitan egiten diren dantzetan, jantziaren sena mantendu bada ere, egia da, dantzarako jantzia elementu ezohiko gertatu izan dela kasurik gehienetan, identifikazio ezaren ondorioz.

Horregatik, alde batetik, jakin behar dugu zein den dantza zehatz bat egiteko erabili behar dugun jantzia eta bestetik, jantzi hori nola jantzi, nola atondu eta nola dantzatu jantzia soinean daukagularik.

Esana dut, oraingoan emakumezkoaren jantziaren inguruan aritu nahi dudala.

Zabal ninteke dantza askotara, baina zehazki zentratu nahi izango nuke jantzia-dantza harreman horretan azken aldian oso ohiko gertatzen ari den diskordantzia nabarmen batean.

Kontua da behin baino gehiagotan galdetu izan didatela zein jantzi izango litzatekeen egokiena soka-dantza batean parte hartzeko.

Honi erantzunez joan den mendeko ereduetara jotzen badugu, ikusten dugu emakumea garaiko modak agintzen zuen eran jantzi ohi zela edota dantza-taldeen kasuan poxpolin jantzia izan zela zabalduena dantza mota hau egiteko.

Orain dela hogei urte, Ikerfolken Atondu izeneko proiektu bat jarri genuen martxan. Hain zuzen ere, jantzia okasioari nola egokitu eta jantzia nola atondu izan ziren 2010-12-08_jantzi-zibilekin-dantzan-izas_IZ-6191.jpgeta dira gure ardatzak. Festarako jantziarekin hastea izan zen gure lehenengo erronka eta ehun urte lehenago bizirik zirauen janzkera tradizionalean oinarrituriko ereduak kaleratu genituen. Hala ere ereduok egoera batzuetarako egokiak dira baina argi utzi behar da hainbat kasutarako beste era bateko jantziei egokiago deritzegula.

Kontua da, guk proposatutako eredua hasiera batetik oso arrakastatsua izan zela eta Euskal Herri osora hedatu zirela guk eginiko tankerakoen jantziak. Baina, jantziaren beraren alderdia soilik jaso dute askok eta horregatik goian aipatutako esentziaren arrastorik ez zeukaten jantziak eta atontzeko erak zabaldu ziren 90eko hamarkadan. Ondorengo urteetan haien bilakaera ikusi ahal izan dugu. Beraz, gure proposamena ez da, kasu askotan, bere osotasunean zabaldu.

Adibidez, jantziok ez dute inola ere balio hainbat mugimendutarako. Alde batetik, dantzariarentzat deseroso gertatzen direlako eta bestetik, ikuslearentzat ere mugimendu asko ezkutuan geraraziz azaleratzen dena zeharo antinaturala izaten delako gehienetan.

Jantziak bat egin behar du daramanarekin. Bai neurriari dagokionean baita harengan sortzen dituen sentimenduei dagokienean ere. Dantzaria bada, gainera, eroso egon behar da bai fisikoki baita egiten ari den dantzarekin ere.

Dantzaren mugimenduek ez dute oztoporik behar. Sentimenduei dagokienez jantziak berezi sentiarazi behar du baina ez desberdin.

Jantziarekin bat egiteak, jantziarekin dantzatzeaz gain, jantzia dantzatzea dakar.

2004-03-27_gonarekin-dantzan_0730.JPGEmakume batek soka-dantzan azeri-dantza egin behar badu, esate baterako, 4,5metroko hedadura duen gona eta beste hainbesteko azpiko-gona, kostata kudeatuko ditu buelta eman eta gero hanka jaso behar badu (gona kontrako aldera joan eta enbarazu egingo dio bai berari baita ikusleari ere). Edota, nekez dantzatu ahal izango du gona estuegia bada.

Kontua da galduta dauzkagula halako gonatzarrak erabiltzen zireneko mugimenduak eta horretan datza arazoa. Dantza egiten jakiteaz gain, dantzarako jantziarekin nola mugitu ikasi beharko litzateke. Tradizioan galdutako jesto horiek berreskuratu, alegia.

mexico.jpgBeste hainbat tradiziotan ikus dezakegu gonarekin dantzatzeaz gain gona ere dantzatzen dela.

Beraz, nire ustez, kontu honetan jarri beharko litzateke arreta berezia. Jantziaren joskera, oihal eta neurri egokiaz arduratzeaz gain, berau erabiltzen ikasten ahalegintzea litzateke egokiena.

Bestalde, dantza bakoitzerako jantzi egokia aukeratu behar da. Nork esan du, azken aldi honetan hedatu den bezala, soka dantza egiteko XIX. mendeko janzkeran oinarria duten jantzi hauek erabili behar direla?.

Jantziak gorputzaren luzamendu izan behar luke. Aipatu dudan diskordantzia hori gertatzen da emakume askok gona gorputzetik at dagoen elementu bezala hartzen duelako. Eta bestalde, orain dakardan kasu honetan bezala, gona horiekin dantzatu ezin diren dantzak egiten dituelako.

Beraz proposamena izango litzateke, gonak erabiltzekotan gona horiek nola jantzi, gona horiekin bat egiten ikasi beharko litzatekeela eta zalantzarik gabe mugimenduak ere gonari egokitu beharko litzaizkiokeela.

Neskak nola dantzatu behar du? Mutilak bezala? Eta zergatik ez da ba janzten mutilak bezala?

Badira beste bide batzuk. Horietan osatuena, hainbat ezpata-dantza egiteko gero eta talde gehiagok darabilten jantzi androginoa litzateke.

Aldapako San Fermin ezpata-dantza

Argazkia: Duguna Dantzari Taldea

Baina jantziok ez dira egoera guztietan erabilgarri gertatzen. Beraz, okasioa nolakoa den aztertu beharko litzateke eta kasu bakoitzari erantzun egokia eman. Izan ere, momentu honetan tradizioari jarraitu nahi badiogu kaleko jantzia edota XX. Mendean “jantzi gimnastiko” bilakatu zen poxpolin jantzia lirateke egokienak.

Zuzena litzateke ere, gona luze eta hedadura handikoak erabiltzekotan, mutilak mutilen eran dantzatzen duten moduan , neskak neskenean dantzatzea, honela mugimendua eta jantzia bat letozke.

Argia: Esku-dantza galaiena

Argazkia: Galaiena. Argia dantzari taldea

Bestalde, ez nuke alde batera utziko neskak gonadun jantzi zuria janztea.

Beasain neskatxen esku-dantza

Argazkia: Aurtzaka, Beasaingo San Joanetako neskatxen soka-dantza

Azken aukera litzateke, talde guztia kalez jantzita ateratzea mutilak txapelaz eta neskak buruko zapiz atonduta.

Laburbilduz, gaur egun dantza tradizionalak egiten ditugunean eta tradiziozko egoera, toki eta jantzietatik atera behar dugunean (eta hau kasurik gehienetan izaten da) jantzia aukeratzean honakoa izan beharko genuke kontuan:

  • Dantzariak jantziarekin bat egin behar duela

  • Taldean kokatuta jantzi guztiak armonia batean egon behar direla

  • Taldea kokatzen den espazioa eta jantziak ere, nolabaiteko akordioa eskatzen dutela.

Hala ere, eztabaida irekita uzten dut. Hausnarketa eta, agian, mintegi bat egitea litzateke nire proposamena.

Ane Albisu Iriarte

Dokumentuaren akzioak

2013/07/18 10:01
Oso gai interesgarria Anek plazaratutakoa, mila buruhauste ekartzen baitizkigu, besteak beste. Azken urteotan ikusten ari gara neskek merezitako lekua hartzen ari direla plazan, poliki-poliki (polikiegi?). Askotan, lehen, mutilek bakarrik zuten tokia plaza horretan eta neskek ere salto hori ematerakoan... nola jantziko ditugu? hori da buruhauste handienetako bat. Honi buruz hausnartzea eta etortzen ahal diren egoerei aurre hartzea bikaina litzateke, beraz, aurrera mintegiarekin!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.