Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ane Albisu Iriarte Gona luzea, zapia, amantala eta......zapatilak?

Dokumentuaren akzioak

Gona luzea, zapia, amantala eta......zapatilak?

2014/12/20 00:00

Olatz Elosegik Ane Albisuri eginiko elkarrizketan oinarrituta Diario Vascon argitaratutako erreportajea.

Azken hamarkadatan euskal jantziak bilakera nabarmena izan du. Batzuk sorburura jo dute ahalik interpretazio zuzenena egin nahian; beste batzuk, ordea, modaren edo erosotasunaren eraginez erabat desitxuratu dute.

Gona luzea, zapia, amantala... eta zapatilak?

Azken egunotan gutako askok jo dugu armairura urtean behin edo birritan jantzi ohi dugun baserritar jantzi delako hori berreskuratzeko asmoz. Gona luzea, blusa, amantala, zenbait kasutan zapia, abarkak... Izan ere, Santo Tomas azokak direla, Gabon-gau eguneko eskeak direla... herri askotan dago ohitura urte sasoi honetan tradizionaltzat jotzen ditugun arropa hauekin kalera ateratzeko. Baina egiatan tradizionalak al dira gure soineko berri hauek? Benetan baserritarren jantziak ote dira? XIX. mendean gure arbasoek janzten zituzten arropen imitazioak? Ba ote dakigu zer eta zergatik janzten dugun egun hauetan?

Zalantzak argitu nahian Ane Albisu donostiarrarengana jo dugu. Hiru hamarkadatik gora daramatza berak euskal jantziak ikertzen. Argia Dantzari taldean, Eusko Ikaskuntzako Folklore sailean eta orain Ikerfolk folklore ikerketa erakundean folkloreari eta modari loturiko hainbat ikerketa eta lan egin ditu. Hala, 90ko hamarkadan ‘Atondu’ egitasmoa jarri zuen abian Ikerfolkek, baserritar jantzi horien sorrerara, iturburura, bueltatzeko proposamena luzatuz. Duela zortzi urte, berriz, 2006an ‘Atondu. XXI. menderako proposamena’ lana argitaratu zuen.

Albisuk argi du gai honen inguruan nahasmena handia dela, eta informazio asko falta dela, azken urteetan ‘Atondu’rekin hori nolabait konpontzen saiatzen ari badira ere, besteak beste, hitzaldi eta tailerren bidez, edota aipatu liburuarekin.

«Horixe da lehenengo galdera, bai. Zer janzten dugu? –esan digu Albisuk– Izan ere, gauza bat da izena eta bestea izana. Izen pilo bat ditugu eta arropa pilo bat ere bai. Baserritarren jantziak? Urdinak bai. Tradizionalak? Finean, urtero janzten baditugu, tradizio bihurtzen da hori ere. Euskal jantziak, festa jantziak... izan daitezke. Baina nik ez ditut behintzat, bi izen onartzen: ‘tipikoa’ eta ‘traje regional’ delakoa».

Euskal Jaiekin hasiera

Donostiarrak azken ehun urteotan gure jantzi tradizionalek egin duten ibilbidearen errepaso laburra egin digu anabasa honetan bidea nolabait aurkitzeko. «Duela 100 urte hasi ginen, Diputazioak antolatzen zituen Euskal Jaietan, baserritarren arropekin janzten. Baina tradizio urbanoa da, urbanitak hasi ginen baserritarrez jantzen. Izan ere, momentu horretan pentsatu zen euskalduntasunak iraun behar bazuen, baserriei esker izango zela, hori zegoela euskalduntasunaren esentzia nolabait».

Hasiera batean baserrietara jotzen zen jantzien bila, baina 30ko hamarkadan jantzi konkretu bat sortu zen zeregin konkretu baterako jaio zena, eta baserritar jantzi izena hartu zuen. “Hasiera batean gizatalde baten janzkera zena tradiziozko jantzi bilakatu zen. Horrek gero aldaketa ugari izan zituen, modaren zurrunbiloan sartuta”, dio Albisuk.

 

 

«60ko hamarkadan Juan Antonio Urbeltz hasi zen tradizioak ikertzen, eta horien barruan baita janzkera ere. Momentu horretan jantzietan erreferente bakarra dantza taldeak eta Euskal Jaiak ziren. Oso informazio gutxi zegoen».

90eko hamarkadan ‘Atondu’ ekimenaren sorrerak, ordea, nolabaiteko iraultza ekarri zuen esparru honetara. «Gure proposamena izan zen baserritar jantzi horien sorrerara jotzea eta XIX. mendeko janzteko modura bueltatzea. Boom bat izan zen hura», onartzen du ikertzaileak. Epe gutxian lehen nagusi ziren jantzi urdin-gris tantodun haiek ia zokoratuta geratu ziren. “Aldaketarako aukera bat ikusi zuen jendeak, eta hori da gaur egun gustukoen duguna: aldaketa” Ekimenak oso harrera ona izan zuen eta ondoren etorriko zena nolabait markatu zuen: jantzien egitura eta koloreen aldaketa, alpargata zuriaren berrerabilera…

Kasu askotan ‘Atondu’ egindako proposamenak zehatz-mehatz jarraitu ziren («guk egindako gonaren patroia izugarri errepikatu da»), alabaina, ekimenaren bigarren helburua, janzteko era berreskuratzearena alegia, oraindik ere ez da guztiz lortu. «Guk janzteko moduari eman nahi diogu garrantzia, ez jantziari. Baina jende asko hasi da jantziak egin eta egin batere informatu gabe». Esparru honetan ere moda eta negozioa nagusitu dira.

«Alor honetan ez dago inolako formaziorik. Ez zaio garrantziarik ematen. Pentsa, hiru urte behar izan nituen ‘Atondu’ liburua aterako zuen etxe baten bila», azpimarratzen du. Alabaina, onartzen du jende askoren artean jakinmina ere piztu dutela 'Atondurekin', eta horren seinale gero eta hitzaldi eta tailer gehiago antolatzen direla.

Berrikuntzak bai, baina oinarri finkoarekin

Iturrien defendatzaile izanik, Albisu ez da aldaketen eta berrikuntzen aurka agertzen, alderantziz, baina gauza bat berritu aurretik oinarriak, klabeak oso argi izan behar direla azpimarratzen du, gero horren gainean aldaketak sartu ahal izateko. «Eman diezaiogun jantziari gure interpretazioa, baina iturrietara joanda. Janzkera tradizionala imitatzen ari gara, eta tradizioa ohitura berritzea da, baina horrek ez du esan nahi urtero modak eraginda aldaketak egin behar ditugunik. Zentzuz jokatu behar dugu. Tradizioa da atzetik datorrena gordetzea».

Egunotan kalean begirada bat ematea nahikoa da denetatik dagoela erreparatzeko: XX. mendean sortutako baserri jantziak, 60ko hamarkadan armarriarekin agertu ziren kaikuak, ikurriña debekatua zegoenean haren koloreko zintak zeramaten gonazpikoak... Modak agindu du. «80ko hamarkadan izan zen joera bat, baita ere, orduan baserrietan erabiltzen zen arropa janzteko. Eta halaxe agertu ziren, txandalak gonen azpitik, mendiko botak, kalentadoreak...», adierazten du. «Gazte asko ikusten ditugu orain, gona handi bat jantzi, oinetan deportibak, zapia lepoan eta ilea aske ateratzen direla. Ongi, hori festarako look bat da, ados, baina ez ditzagun gauzak nahastu”.

Juan Antonio Urbeltz berak hauxe dio ‘Atondu. XXI. menderako proposamena’ lanaren hitzaurrean: “Jantzi tradizionalak ezin dira berreskuratu duinduko dituen gutxieneko kalitaterik gabe, benetakotasunik gabe. Edozein motatako gehiegikeriak edota ñabardurak, edota oihaletan koloreen eta formen erabilera txarrak, ezinbestean mozorro bihur ditzake».

'Atondu. XXI. menderako proposamena' (Elkar 2006)

2006an argitaraturiko liburuak azken ehun urteotan gure jantzi tradizionalek egin duten ibilbidearen historia laburra jasotzen du; etorkizunerako proposamen berriak egiteko oinarri sendoak emanez, gaurdaino iritsi den ondarea ezagutu eta birsortuz, kasu askotan tartean galdutakoaren arrastoa soilik geratu arren. Liburuak, dena dela, erakusleiho ere izan nahi du orain arte eginiko diseinuak eta aurrerantzean egingo direnak koloreko argazkitan ahalik eta modurik ikusgarri eta zehatzenean ezagutzera emanez.

Liburu honetan, 'Atondu' egitasmoan bezalaxe, jantziari berari baino ia garrantzi handiagoa eman zaio janzteari, prestatzeari edo atontzeari, tradiziozko euskal jantziak atontzeari, alegia. “Aurreko belaunaldietako jantziak berreskuratzeko nahiz berriak egiteko garaian, oso kontuan hartzekoa da zergatik, zer, nola, noiz eta zertarako janzten ditugun tradizioz jaso eta euskal jantzi bihurtu ditugun baserritar jantzia, poxpolin jantzia, arrantzale jantzia eta beste hainbat”, nabarmentzen du liburuak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.