Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Unibertsaltasuna bakoitzaren ezaugarri kultural propioei eutsi eta horiek munduari eskaintzea da"

Dokumentuaren akzioak

"Unibertsaltasuna bakoitzaren ezaugarri kultural propioei eutsi eta horiek munduari eskaintzea da"

Oier Araolaza Kezka dantza taldeko kidea

Egilea
Andere Santisteban
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Eibar
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/12/14

Oier Araolazak bizitza osoa darama dantza munduari loturik. Egun, Eibarko Kezka taldean eta beste hainbat ekimenetan ere badabil buru-belarri, dantzan.com elkartean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako Dantzan Ikasi proiektuan, esaterako. Koreografia tradizionala ere sarean barneratzea posible egin zuen, www.dantzan.com 2000. urteko hamarkada hasieran jarri zuenetako orrialdea bat baita.

Noiz sortu zen Kezka dantza taldea?

1958. urtean sortu zen, eta iaz ospatu genuen 50. urteurrena. Eibarko Klub Deportiboan kirol eta kultura alorreko batzordeak funtzionatu izan dute eta, garai horretan, Juan San Martin -euskaltzain eta Ararteko izan zena-, elkarteko idazkaria zen. Berak proposatuta, batzorde berriak antolatu ziren, tartean dan-tza taldea. Gregorio Santa Cruzi, garai horretan Eibarren zegoen dantza maisu garrantzitsuenari eskatu zioten taldearen zuzendari-tzaz arduratzeko. Horrela jarri zen martxan taldea.

Noiztik daramazu bertan?

Elgoibarren egin nituen lehen urteak, hangoa baitut familia, eta han hasi ginen dantzan anaia eta biok. Eibarrera etortzean, Kezkan jarraitu genuen. Orain hamabost urte inguru Elgoibarko Haritz dan-tzari taldearekin harreman estu bat hasi genuen, eta asko ikasi genuen haiekin, bai dantzari eta baita kudeaketa lanen inguruan ere. Gaur egun, Kezkan batzorde txiki baten bidez antolatu eta bideratzen ditugu dan-tza taldeari dagozkion lanak, ingurukoen laguntzarekin. Guztion lanarekin funtzionatzen du taldeak.

Zein izan da taldearen garapena?

Eibarko Udalak Portalea kultur etxean dantzarako gela bat prestatu zuen eta bertan gaude 1997tik. Dan-tza eskola dugu antolatuta eta 150 ikasle ditugu guztira -helduen dan-tza taldean 30 bat lagun gara-. Azken hamabost urteotan Eibarko dantza tradizionalen egutegi eta errepertorioa indartzeko lan handia egin da. San Juan egunean soka-dantza egiten da, baita Azitain, Santa Kurutz eta Goimendi auzoetan ere; San Andres jaietan Plazara Dantzara erromeria eta inauterietan Kaldereroak eta Koko-dantzak plazara-tzen ditugu. Urte osoan ditugu emanaldiak, garai bakoitzari dagozkion festetan txertatuta.

Euskal Herriko dantza talde askorekin duzue harremana?

Emanaldiak elkarrekin egiten eta beste taldeekin ikasteko ahaleginen ondorioz, poliki-poliki dantza tradizionalaren sektoreko talde asko ezagutzen joan gara. Donostiako Argia taldearen proiektua izugarri aberasgarria gertatzen ari da gure-tzat, tradizioaren ezagutza sakon batetik abiatuta eta sorkuntzaren bizipozarekin gozatzeaz gain, Elgoibar, Donostia, Añorga, Baiona edo Iruñeko dantzari bikainekin harremanak sakondu eta elkar aberasteko aukera eman baitigu. Horren eta Juan Antonio Urbeltzen magiaren emaitza izan zen, esaterako, abenduaren 4an Victoria Eugenian aurkeztu zen Axuri-beltza ikuskizuna.

www.dantzan.com web orrialdearen sortzaileetariko bat zara.

Dantzaria eta dantzazalea izanik, dantzari buruzko informazio kon-tsumitzailea naiz. Dantza taldeak elkarren berri izateko aukera gutxi ditugu eta pentsatu genuen Internet izan zitekeela komunikazio hori bideratzeko kanal egoki bat. Dan-tzariok eta dantzazaleok gure alorrean gertatzen diren albisteak ezagutu eta iritziak elkartrukatzeko gune bat sortzea zen helburua. Hori baino gehiago, komunitate bat ere trinkotzen joan da gunearen inguruan, eta hori izan daiteke proiektuaren arrakasta handiena.

Zaila izan al zen abian jartzea?

Interneteko euskal panoraman ai-tzindaria izan den eibartarrak posta zerrendako kidea izan naiz bere lehen urratsetatik eta esparru horretan probatzen ziren aukera berriak dantzara aplikatzen joan gara. Horrela sortu zen dantzan posta zerrenda 2000. urte inguruan. dantzan.com webgunea etorri zen gero, dantzaren hemeroteka egiten hasi ginen, albisteak ekoizten, agenda eskaintzen, atzerrian dabiltzan euskal dantzariengan arreta jarri genuen, argazkiak eta bideoak sareratzen ari gara etengabe...

Folklorea herri bateko tradizio eta kulturaren bereizgarrietako bat da. Egun zein da bere egoera?

Kontraesan batean bizi garela esango nuke. Zenbaitentzat gure kultura tradizionala atzean utzi beharreko zama bat da. Konplexuz bizi dute tradizioa, euskaldun moderno bezala agertu nahi dute eta Europarekin homologatutako gizarte aurrerakoi baten itxura eman, eta tradizioa oztopo da haientzat. Hala ere, tradizioa zorrotz aztertu duen edonor konturatzen da oinarrizkoa dela garai berrietara egokitzeko. Hala ere, komunikabideen indarra baliatuta, kultura guztiak homogeneizatzen ari dira. MTVk erabakitzen duen eredua da mundu osoko gazteek gau eta egun entzun eta dan-tzatzen dutena. Erabat akulturiza-tzen ari gara, eta benetan okertuta gaude uste badugu hori dela unibertsaltasuna. Hemen mestizaiaz hitz egiten da, baina praktikan asimilazioa da gertatzen ari dena. Mestizaia gure aiton-amonek egiten zutena da, Parisen modan zeuden doinuak trikitiaren eta txistuaren errepertoriora egokitu eta Azkarateko erromerian dantzatu. Unibertsaltasuna bakoitzaren ezaugarri kulturalei eutsi eta horiek munduari eskaintzea da.

Zein dira etorkizuneko erronkak?

Dantza plazerra da, ia droga modukoa. Baina gainera komunikazioa da, hitzik gabeko komunikazio oso berezia. Dantzan eginez gozatzen jarraituko dugu, baita gure ondare koreografikoaren transmisioan ere. Dantzaren alorra oso desegituratuta dago eta behar larriak ditu. Dantzaren irakaskuntza esparrua erregulatu beharra dago, dan-tza tradizionalen altxorra ongi dokumentatu eta dantzarien komunitatea dinamizatu behar da. Lan handiegiak gurea moduko sektore ahul batentzat, baina ahal dugun guztia egingo dugu erantzunak aurkitzeko.

 

Dokumentuaren akzioak