Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioa, jauzi baten beharrean

Dokumentuaren akzioak

Tradizioa, jauzi baten beharrean

Euskal dantza tradizionalaren egoera eta folklorearen erroekin sortutako koreografiak aztertu dituzte hainbat eragilek, gaurko Dantzaren Nazioarteko Egunaren atarian.

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Mota
Erreportajea
Data
2007/04/29

«Talde gehienetan euskal dantzak erakutsi eta eszenaratu egiten dira, besterik gabe; esanahia eta errituala azaltzea baino gehiago, dantza bere horretan jaso da», dio Jon Maiak (Errenteria, 1977). Kukai taldeko koreografo eta dantzariak Upeletan erronka, 1937 gogoaren bidezidorretatik eta Otehitzari biraka obrak sortu ditu. Haren ustez, dantzari batentzat komenigarria da jakitea zertan ari den hainbat pauso egitean, baina.... «Hor arazo batekin egiten dugu topo: taldeetako arduradunek eta irakasleek oro har, ez dute dantzaren hezkuntza osatu bat; norberak ahal izan duen modu onenean ikasi baitu».

Iritzi berekoa da Faustino Aranzabal (Donostia, 1968). «Prestakuntza alorrean gabezia dago Euskal Herri osorako baliogarria izan beharko lukeen eredu pedagogiko bati dagokionez. Eta hori kaltegarria da dantzarien trebakuntza oso bat eskaintzeko». Aranzabalek Sehaska balleta obra aurkeztu du Kresalarekin duela hilabete gutxi, Idoia Ibarzabalekin elkarlanean sortua. Aurretik beste zenbait koreografia egin ditu, Marixe panpinen balleta esaterako. «Dantzak zentzu etikoa ere badu, herri dantza den aldetik, sustrai bat dauka, esanahia, eta transmititzean, dantzak irakastean alegia, zentzu etiko hori ere eman behar da, horrek osotasun bat ematen duelako».

Edu Muruamendiaraz (Bergara, 1964) ere bat dator dantzen adiera bigarren mailan geratu dela esatean. «Dantzatzen duenak zertan ari den jakitea oso garrantzitsua da, baina dantza irakasterakoan lortu behar da ezagutza hori, dantza eskolan. Hala, dantzariak bere sentimendua emango dio dantza bakoitzari. Gauzak nondik datozen jakitea ezinbestekoa da, gero gauza berriak egitean zer egiten ari garen jakiteko». Muruamendiarazek hamar urte daramatza Aukeran taldearekin euskal tradizioan erroa duten koreografia berriak sortzen. Haren azken ikuskizuna Bideak da, joan den udan estreinatutakoa; aurretik Izena duen guztia omen da eta Sutargi sortu zituen.

Faustino Aranzabalen ustez, adieraren irakaspen hori «derrigorrezkoa» beharko luke, «mistifikazioetan erori gabe» oso komenigarria ikusten duelako. Izan ere, euskal dantza tradizionala «ez da pauso jakin batzuen gauzatze soila». Halaxe dio Jon Maiak. «Gure kultura eta historiari lotuta egonda, dantza ez da bakarrik dantza, errituala da, janzkera, esanahia...».

JATORRIARI ERRESPETUA. Azken mende erdian dantza tradizionalean, koreografia klasikoen baitan aldaketak ikusi ahal izan dira taldetik taldera, herritik herrira, puristek baztertutako zerbait. Lurralde bateko dantza bat beste lurralde bateko janzkerarekin oholtzaratzea jazo da sarri askotan. Dantzak diren moduan errespetatzen dira oro har? Aldaketak zilegi dira?

«Dantza taldeen munduak garapen handia izan du azken 50 urteotan», dio Faustino Aranzabalek. «Askotan ez da asmatu, tradizioa transmititzean. Baina aldi berean tradizioa garapena dela ulertu behar da, ez dela fosil bat. Tradizioa aldatuz doa, baina jakinda atzean zer dagoen». Euskal dantza tradizionala eskaintzen denean, jatorriak errespetatzeko beharra argi ikusten du Edu Muruamendiarazek: «Dantzak diren moduan egin behar dira. Lehengo batean ezpata dantza bat ikusi nuen, eta neskak ikusi nituen mutilez jantzita, nonbait mutil gutxi daudelako. Niri ez zait hori atsegin, nahiz eta tradizioari eusteko zailtasunak eduki askotan». Ideia bera dauka Jon Maiak. «Nik ez nuke ulertuko Oñatiko dantzariek Oñatiko korpus dantzaren itxura aldatzea adibidez». Hala ere, Maiak ñabardurak egiten ditu: «Talde gehienek egiten dutena da zazpi lurraldeetako dantzekin egitarau bat osatu. Ongi dago hori, baina txukun eginda, eta gauzak azalduz gero. Argi utzi behar da emanaldietan lurralde askotako dantzak eskaintzen ari zarela, eta horiek nahastuta azalduko direla, sarri dantzak laburtuz gainera. Inork ez dezala pentsa ikusten ari den hori, berez hala dela zehatz-mehatz». Ondorio txarrak dauzka hala ez egiteak. «Dantzen itxura aldatzen hasten denean, dantza bat beste batekin nahastuz, edo erdi asmatutako batekin tartekatuz, eta dena batera aurkeztuz, benetako arriskua dator».

KOREOGRAFIA BERRIAK ETA TRADIZIOA. Bestalde, tradiziotik abiatuta azken urteotan sortu diren koreografia berriek, esaterako Aukeran, Kresala eta Kukairen sormenek, zenbateraino erreparatu behar diote tradizioari? Erabateko askatasunez sor daiteke?

«Gauzak diren bezala esaten direnean, sorkuntza norberak egiten duenean, aldaketak justifika daitezkeela iruditzen zait», dio Aranzabalek. «Behar pertsonalari aske utzi behar zaio. Horrek ez du esan nahi sormen hori egokia izango den edo ez, denborak esango du hori». Maiak berriz, argi utzi nahi du bere taldeak egiten duena ez dela folklorea. «Kukai taldean ez dugu folklorea egiten; dantza tradizionaletik abiatzen gara, hori delako ezagutzen dugun esparrua, eta hortik aurrera ikuskizunak sortzen ditugu. Gauzak argi azalduz gero, edozein koreografok askatasuna eduki behar du». Edu Muruamendiarazek, berriz, bere sormenen erroa errebindikatzen du: «Dantza tradizionaletik abiatzen naiz, dantza zehatz bat nola egiten den ondo dakit, eta gero hortik zerbait desberdintzen hasten naiz. Gero, agian, ikuslerentzat horrek ez dauka dantza tradizionalarekin zerikusirik, baina nik behintzat, bide hori egiten dut».

Modernitatea eta kalitatea batera al datoz? Faustino Aranzabalentzat ez. «Koreografia berrien artean badira oso txarrak eta izugarri onak ere bai. Modernitatearen etiketak ez du esan nahi derrigorrez kalitatea». Hala ere, sormen berriok folklorearena ez den beste bidetik doazela uste dute. Halaxe dio Maiak: ««Sormen berriak beste norabide batean doaz, ez doaz ezer zapaltzera». Eta bide berri hori ez da hutsaltasunarena Muruamendiarazen ustez: «Ezinbestekoa da jakitea zer egiten ari garen sortzean, abiatu garen dantza tradizional horren esanahi originala zein den jakitea, adiera horretan aurrera egiteko, esanahia zabaltzeko».

Dantza lehiaketen eredua ez da «egokia»

Zein leku dute dantza tradizionalaren barruan lehiaketek? Folklorea laguntzen dute edo oztopatzen? Edu Muruamendiarazek zein Jon Maiak ederki ezagutzen dute lehiaketak irabaztea zer den, eta eredu horrekin ez datoz bat.

«Ongi erabiliz gero, eragin positiboak izan ditzake, promozio mailan esaterako, baina negatiboak ere bai. Dantzarien lana epaitzeko oso eredu zehatza hartzen da, eta hura gehiegi bultzatzen da ondokoen kalterako», dio Maiak. Hitz gogorragoak ditu Muruamendiarazek: «Irabazteko zegoen guztia irabazi dut. Pentsatzen nuen hori zela etorkizuna, eta denborak aurrera egin duenean ikusi dut etorkizunarekin zerikusi handirik ez dutela txapelketek». Faustino Aranzabal ere ez da aldekoa: «Egun txapelketak egiten diren irizpideekin ez zaizkit egokiak iruditzen. Ez dira eredu didaktikoak erabiltzen».

Muruamendiarazek orain ez luke parte hartuko: «Umeek txapelketaz aparte beste mundu bat dagoela ikasi behar dute; nik beranduegi ikasi nuen». Maiak ere ez du berriro parte hartuko. «Noraezean ikusten dut txapelketa», dio.

«Hutsaltasunetik abiatuta, ezin da ezer berritu, ezta dantza ere»

Juan Antonio Urbeltz. Folklore aditua

Dokumentuaren akzioak