Dokumentuaren akzioak
«Hutsaltasunetik abiatuta, ezin da ezer berritu, ezta dantza ere»
Juan Antonio Urbeltz. Folklore aditua
Belaunaldiz belaunaldi transmititutako koreografia tradizionalaren atzean dagoena ikertzen du Juan Antonio Urbeltzek (Iruñea, 1940). Horrekin batera, Argia dantza taldearekin koreografia berrien aitzindari da. Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian eta Pas de Basque jardun horren testigantza dira.
Dantza taldeetan erakusten da pausoen atzean dagoena? Dantzariak jabetzen dira dantzaren esanahiaz?
Dantzaren teoriaz eta historiaz ez da ezer erakusten, eta hori ezinbestekoa da gai diren dantzariak trebatzeko. Ideia orokorrik gabe, nekez ohar daiteke dantzaria oinekin egiten ari denaz, baina hori ez da dantzarien errua. Dantzari asko haurrak direla hasten dira; beraz, taldeak zuzentzen dituztenek arduraren bat izango dute...
Zer-nolako garrantzia dauka dantzatzen den koreografiaren adiera ezagutzeak?
Ezinbesteko garrantzia dauka. Kulturaren zati hau ezin da bizi gaur egun, tradizioaren bizkarretik soilik. Tradizioa garrantzitsua da, baina ikertzen ez bada, ez da nahikoa bere kabuz zeremonien unibertso koreografikoa azaltzeko. Ikerketa tradizioari oinarria ematera dator. Ildo horretatik garrantzitsua da gure tradizioa Europako testuinguruan kokatzea.
Dantza taldeek oro har dantzak diren moduan errespetatzen dituzte, jatorrizko ezaugarriekin?
Orokorrean errespetua badago, aldrebeskeria bat edo beste ikusten den arren. Duela 40 urte Argian jatorrizko iturrietatik sortzen hasi ginen, baina urteak itxaron beharko da martxan jarritako ondarea benetan ongi barneratu den jakiteko, hain da handia.
Euskal dantza tradizionala oinarri duten azken urteotako koreografia berriek zein mailatan erreparatzen diete iturriei? Folklorearen muina den bezala errespetatu behar da edo erabateko askatasunez sortu behar da?
Nire ustez orokorrean ez da ezagutzen iturriaren esanahia bera zein den. Ezin da kultura bat birsortu azaleko ezagutzekin. Konformismotik eta hutsaltasunetik abiatuta ezin da ezer berritu, ezta dantza ere. Bere burua sortzailetzat daukana jakin beza sortzeak ardura sozial bat ematen diola. Gaitasun nahikoa ez izateak norabidea galtzera darama. Bestalde, askatasuna ezinbestekoa da, baina haren izenean ezin da norberak nahi duena egin. Arauak eta mugimenduak daude tradizioari eta historiari lotuak. Ezer ez da hutsetik sortzen, eta besteen sormenak ere iturriak dira, hori aitortzea zaila izaten den arren.
Nora doa euskal folklorea? Krisiaz hitz egiten da, azken urteotako itzal luzeko zama. Nola ikusten duzu etorkizuna?
Duela mende erdi bat genuen egoera eta egungoa nahiko antzekoak dira. Euskal dantza tradizionala berreskuratzea ez da gauza konplexua, baina horretarako borondatea behar da. Beharbada, euskal dantza taldeak eurak berraztertzeko garaia heldu da, egitura eta helburuei dagokienez.
Zein iritzi daukazu lehiaketen inguruan? Dantzari onak sortuz euskal folklorea bultzatzen dute, edo alderantziz, ondorio negatiboak dituzte?
Jarduera bultzatzen dute, baina ez euskal dantzaren barruan interesgarria izango litzatekeen jarduera. Bestalde, lehiaketetan jartzen diren dantza formek lehiaketek beraiek kontuan hartu ezin duten dimentsio soziala dute. Hori izango litzateke onena, hau da, dantza sozialaren jarduera berriro gure artean sustraitua egotea. Modu horretan, gure ekintza sozial garrantzitsuenetan, familien bileretan eta festetan oro har, jendeak etorriarekin dantzatuko luke. Ildo horretan egiten dugu lan Bilboko Kafe Antzokian Dantza Ganbara egitarauan. Lehiaketen ondorio negatiborik aipatzekotan, han sortutako keinuen manierismoa hor dago; txotxongilo antzoki batetik ateratakoa dirudi.
Dokumentuaren akzioak