Dokumentuaren akzioak
Herri bat berrogeita hamaika urtez dantzan
Lagunartean,talde giroan ospatu du Foruko Urdaibai Dantza Taldeak mende erdia. 50. urteurrenaren harira, hainbat ekitaldi eta jarduera egin dituzte foruarrek 2019. urtean, eta balorazio ona egin dute. Pozik daude urteurren honetarako antolatutako egitarauan, orokorrean, parte hartzea espero baino handiagoa izan delako. Taldeagaz batera bete ditu urteak Jesus Irazabal Urdaibai Dantza Taldeko presidenteak, hasieratik taldeko kide izan baita. Hala, gaur egun taldeko kide direnak eta inoiz kide izan dituenak batzeak polita izan dela esan du.
Zapatu honetan, urteurrenari ginga jarriko diote Foruko dantzariek, urteurren bukaerako jaialdiagaz. 18:00etan batuko dira udaletxe ondoan, eta bertatik, kalejira egingo dute. “50 urtetan gure bandera izan dena aterako dugu, azkenengoz. Taldeak duen mende erdi honetan gorde dugu eskuz egindako estandartea”. Bi erreplika egin dituzte, bat handia eta dantzarako erabiltzeko txikiago bat.
Herriko frontoiraino joango dira kalejiran, eta bertan dantza saioa eskainiko dute. Saioa amaitzean, Urdaibai dantza taldearen bandera Mikel Magunazelaia Foruko alkateari emango diote, herriko ikur legez udaletxean gordeta gelditzeko.
Egunari eta urteurrenari amaiera lasaia emateko, frontoi ondoko aretoan mokadutxoa hartzeko tartea izango dute dantzari eta taldeko kide ohiek. Taberna txiki bat ere ipiniko dute, eta musikarekin girotuko dute gau partea.
Ekimenez betetako urtea
Urtarrilean egin zuten urteurren honetako lehenengo deialdia, eta sorpresa hartu zuten, parte hartzea espero zutena baino handiagoa izan zelako. “Urtean zehar antolatuko ditugun ekintzetara ere jende asko batu da. Sagardotegira joan ginen martxoan, upategi batera urrian, urteurreneko jaialdia egin genuen uztailean, eta denetan ere, kide eta taldekide ohi asko batu izan gara”, esan du.
Hala ere, egiteko asmo baina egin ezin izan duten zenbait ekintza ere aipatu ditu Irazabalek. “Maskarada bat ikustera joateko txangoa antolatu nahi izan genuen apirilean, baina datak ez ziren egokienak izan. Horrez gain, beste dantza talde batzuk gonbidatuta, umeen dantza saioa antolatu nahi izan genuen uzatilerako. Baina oporraldia zela-eta ez zen posibleizan”. Bete gabe geratu diren asmo horiek 51. urteurrenerako gorde dituztela argitu du Irazabalek.
Gerora begira
Talde erreferentea izan da Urdaibai herrian, baita Busturialdean ere. Foruar asko batu ditu, eta hasierako urteetan euskal kultura suspertzeko behar eta nahi horretatik sortutako indarrak taldean jende asko batzea ekarri zuela dio Irazabalek. Gaur egun, ordea, umeak taldean jarraitzea zailagoa dela dio. Hala ere, etorkizunera begira daude. 50 urte bete ditu, eta beste 50 egin nahi dituzte dantzan.
Dokumentuaren akzioak