Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantzari peto-petoa eta dantzale amorratua izan da Abel Iriondo, eta aparteko gizona”

Dokumentuaren akzioak

“Dantzari peto-petoa eta dantzale amorratua izan da Abel Iriondo, eta aparteko gizona”

Komunikabidea
Barren
Mota
Albistea
Data
2021/08/31
Lotura
Barren

2021 08 31 abel iriondo ezpata dantza 2006 sanbartolomeak

Bizikletan zebilela bihotzekoak emanda hil zen domekan Abel Iriondo Elorza (Elgoibar, 1966). “Dohai handiko” dantzaria izan da, “plaza-gizona”, eta traturako, gizon “umila”, “atsegina”, “alaia” eta “gertukoa”. Hala nabarmendu dute ezagutu dutenek.

 Gaur, martitzena, hilak 31, egingo diote azken agurra senide eta lagunek Durangoko Santa Ana parrokian, 19:00etan. (*Durangoko Anboto atarian argitaratu duten bideoan ikus dezakezue Abel Iriondori egin zioten agurra)

 Abel Iriondo Elgoibarko Izarran, Sebas Larrañaga irakasle zuela hasi zen dantzan, eta 1981ean, 15 urterekin, hasi zen helduekin, Haritz euskal dantzari taldean. Argia, Kezka, Kriskitin eta Aiko dantza taldeetan ere jardun zen, baina sekula ez zen eten Elgoibarko dantza-taldera batzen zuen soka.

 • Jon Lizarralde: "Haritzen, figura inportantea izan da"
Etxetik zetorkion kanturako, musikarako eta dantzarako zaletasuna. Ume zela hasi zen txistua eta dantza ikasten eta 1981ean, 15 urte zituela, batu zen Haritzera. Han bat egin zuen taldean hasi berria zen Jon Lizarralderekin, ehunka dantza saiotan lagun izango zuenarekin. “Lagun handi bat galdu dut; dantzari handia joan zaigu”, esan du Lizarraldek. Elgoibarko San Bartolome eguneko soka-dantzan aurrez aurre dantzatu zuten Lizarraldek eta Iriondok 18 urtez. “Ni aurreskulari jarri ninduen Jose Inazio Sarasuak eta bera, atzeskulari. Guretzat beti izan da berezia San Bartolome eguneko soka-dantza. ‘Orain hasten dittuk jaixak. Orain, bai!.Parranda egitteko moduan gauazak!’ esaten nion Abeli dantzan egin ostean. Batera ibili ginen Donostiako Argian ere Gipuzkoako dantza-ereduak ikasten, Iñaki Arregi, Jose Inazio Sarasua eta uztailean hil zen Mikel Pontesta dantzari handiarekin”, gogoratu du. 1987-1988 bitartean izan zen hori. Sasoi hartan soldadutza egiten ari zen Iriondo Donostian. Argiarekin entsegutan hasi eta Zortziko (1988) eta Alakiketan (1993) ikuskizunetan dantzatu zuen, bai eta geroago Kondharian (1997) eta Pas de Basque (2002) ikuskizunetan ere. “Teknika handiko dantzaria izan da; indartsua, azkarra eta zehatza. Dotorea. Haritzen, figura inportantea izan da. Urte askoan kapitain lanak egin zituen hain gogoko zuen Errosarioko Amaren ezpata-dantzan ere, eta Gabonetako Plazara dantzara erromeriara ere beti etortzen zen. Alaia zen, umoretsua, kantari aparta eta esku onekoa. Luzaideko bolanteen dantzarako kapelak ere berak egin zizkigun”.

2021 08 31 abel iriondo errosario ezpata dantza


 • Oier Araolaza: “Dantzarako afizio itzela izan du beti”
Arrateko Amaren ezpata-dantza ere gogoko zuen. 2006an gonbidatu eraman zuten Arratera, Mikel Legorburu, Lourdes Odriozola eta Jon Lizarralderekin batera, eta gerora urtero saiatzen zen joaten. Aipagarria da Kezka dantza-taldekoek domina bana eman ohi dietela ohorezko gonbidatu izaten direnei, bai eta hamar urtean dantza egiten dutenei ere, eta Abel Iriondo dela biak eskuratu dituen bakarra. “Dantzarako afizio itzela izan du beti”, nabarmendu du Oier Araolaza Kezka dantza-taldeko kideak. 96-97 urteko kontua ekarri du akordura. Iparraldeko dantzen ikastaroa antolatu zuen Claude Iruretagoiena Maritzuli konpainiako dantza-maisuak Beskoitzen, eta zapatu goizetan izaten ziren eskolak. “Etxepen lan egin du Abelek, erreleboka, eta zapatu batzuetan gabaz beharra eginda joaten zen. Etxepe parean batzen genuen, bidean lo-kuluxka egiten zuen bazterrera arrimatuta eta irribarre handienarekin aritzen zen gero dantzan goiz osoan”. Anekdotak asko dira. Eta laguna hil ondorenean trumilka datozkio burura Oier Araolazari. Mendarora eraman du haietako batek, Abel Iriondoren ama Mari Karmen Elorzaren jaioterrira. “Behin idatzi zidan dantza-doinu bat grabatzeko eskatzen. Ez zeukala txistularirik eta autorako nahi zuen grabazioa, Mendaroko Etxabeko Santa Isabel jaietan dantza egiteko. Autoko ateak zabal-zabalik jarrita dantza egingo zuela esan zidan”. Urte askoan galduta egon ostean, 2011n berreskuratu zituzten Etxabeko Santa Isabel jaiak eta beste pare bat urtean ospatu zitzuzten (ikus honako bideoan Abel Iriondo dantzan). Sonia Garcia Mendaroko alkate zen orduan eta haren senarra, Jon Salegi, jaiak antolatzen jardun zenetako bat. “Lagun handia genuen Abel eta izoztuta gelditu gara. Eskatu bestetan etorri zen Mendarora dantzara, beti eskuzabal, beti irribarretsu”, esan du Garciak.
 • “Plaza bete egiten zuen”
Plaza gizona zen Abel Iriondo, plazan hazten denetakoa. “Erraz egiten zuen dantzan, gozatu egiten zuen. Jarrera aldetik ere, beti izan da gizon noblea, eskuzabala eta esker onekoa. Sekula ez da iskanbiletan sartu”. Ezta giroa gaiztotzeko baldintzak izan direnetan ere. Tradizioz gizonenak ziren plazetan emakumeei lekua egitearen alde agertu zen esaterako, eta hor ere, Durangoko Kriskitin dantza taldean zela, “lan handia egin zuela azpimarratu du Araolazak. Durangora ezkondu berritan batu zen Kriskitinera, eta Durangoko ia dantza talde denak tradizioa aldatzearen kontrako zirenean, emakumeen parte-hartzea babestu zuen “inorekin enfrentamendurik izan barik”. Durangaldeko ezpata-dantzari taldeen ekitaldi handia izan ohi da Merinaldeko Ezpata-dantzari eguna, Gerediaga elkarteak antolatutakoa. Izurtzan ospatu zuten 2016an, eta estreinakoz, talde mixtoa atera zuen Kriskitin dantza taldeak. Zortzikote hartan zen Abel Iriondo ere [hiru emakumek parte hartu zuten: Leire Sagastigoiak, Ixone Aromaketa Garazi Sarrionandiak].

2021 08 31 abel iriondo kriskitin durango ezpata dantza izurtza

 • Sabin Bikandi: “Aparteko gizona izan da. Dantzari fina eta dantzazale amorratua”
Estimu handitan izan dute Durangoko Kriskitin dantza taldean, bai eta Aiko taldean ere. Hunkituta mintzatu da Sabin Bikandi Aiko taldearen sortzailea. “Aparteko gizona izan da. Dantzari fina eta dantzazale amorratua”. Azkeneko hamarkadan dantzaren funtzioak aldatu egin direla esan du, eta gaur, dantzari askorentzat ere, dantza espektakulua dela, baina ez horrenbeste komunikatzeko eta harremantzeko modu bat. “Abel, baina, dantzari peto-petoa eta dantzazale amorratua izan da”. Hitz onak baino ez dauzka hilberria den lagunarentzat. Hari buruz dio “erregistro askoko dantzaria” izan dela, “inprobisatzen zekiena”, eta batez ere, “plaza bete egiten zuena”. “Zuen alorrean ere gertatzen da. Asko dira mikrofono aurrean jartzen direnak eta irakurtzen dutenak, baina denek ez dute komunikatzen. Dantzan gauza bera gertatzen da. Abelek transmititu egiten zuen dantzan ari zela. Grabilleta, artazi eta puntapio bakoitzean geugaz izango da dantzan”.

 • Haritz EDT: "Dantzan eta abesten gogoratuko zaitugu, Abel"
Elgoibarko Haritz Euskal Dantzari taldeak dantzan eta abesten gogoratuko dutela Abel idatzi du dantzariaren ibilbideari errepasoa egiten duen idatzian. "Haritz Euskal Dantzari taldeko kideok doluan gaude gure dantza taldeko kide zen Abel Iriondo joan zaigulako. Gazterik joan zagu Abel, 55 urte besterik ez zituela. Dantza maisua eta dantzari bikaina izateaz gain, alaia eta edozeini bere intentziorik onenarekin laguntzeko prest agertzen zen beti", adierazi dute. (Irakurri osorik hemen)

Dokumentuaren akzioak