Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Gordailua Futbolariak eta dantzariak Futbolariak eta dantzariak

Dokumentuaren akzioak

Futbolariak eta dantzariak

Futbolariak eta dantzariak Argiarako idatzi nuen artikulu baten izenburua da. Askotan gertatzen zaidan bezala, artikulua idatzi eta argitaratua ikustean aipatu gabe utzitako beste konturen batekin akordatu nintzen orduan ere. Baina gainera, kasu honetan, aldian behin futbola eta dantzaren arteko lotura bitxi horri buruzko datu gehiago agertzen zaidanez, artikulua bera, eta segidakoak biltzen jarraitzea pentsatu dut. Oier Araolaza, 2001/11/21.

1924. Satur Arriola "Txirloia" Eibarko Untzaga Plazan San Joan jaietako aurreskulari txapelketan.

 

Satur Arriola Txirloia Eibarko Untzaga Plazan (1924)


Argia, 1999-10-17

Futbolariak eta dantzariak

Oier Araolaza, dantzaria

Dantza irakaskuntzan dihardugunok ondotxo dakigu dantzari gazte batek futbolerako dohainak erakusten baditu, alperrik gabiltzala dantza irakatsi nahian. 11-12 urte izan orduko futbol entrenatzaileek gaztetxoen denbora guztia futbolerako nahi dute eta maila gorenean jokatuko duen jokalaria lortzea bakarrik dute helburu. Horrelakoak milaka askotatik bakan batzuk irteten dira, baina gazteengan (eta gurasoengan) horrek pizten duen ilusioak entrenatzailearen esanak itsu-itsuan betetzera eramaten ditu. Gutxi dira futbolaren zirrarari ihes egiten diotenak eta ondorioz, dantzari izateko baldintza modukoa bihurtu da futbolari txarra izatea.

DANTZARI eta futbolari arteko aurkaketa hori oso normaltzat nuen nik. Horregatik erabat harrituta geratu nintzen orain gutxi nire aitona Juanitok (aitxitxa gure familian) kontatu zidanarekin. Tiburcio Beristain elgoibartarraren kasua aipatu zidan. Beristain futbol jokalari aparta omen zen eta 1930eko hamarkadan Alavesarekin lehenengo mailan jokatu zuen. Baina harrigarria zera da, ez zuela batere arazorik futbola aurreskuarekin tartekatzeko, eta batean bestean bezain ondo moldatzen zela. Bitxikeriatzat hartu izango nuen handik gutxira horrelako beste fenomeno bat topatu izan ez banu. Antonio Azpiazu, hau ere elgoibartarra, aurreskulari bikaina eta 1930eko hamarkadan Real Sociedadean jokalari izatera iritsi zena.

Mende hasierako dantzari-futbolari horiekin harrituta nenbilen Txirloiaren berri izan nuenean. Zur eta lur utzi ninduen. Satur Arriola Txirloia eibartarra 1897an jaio zen eta 16 urterekin Izarra futbol taldean estreinatu zen. Berehala nabarmendu zen jokalari gaztea eta 1919an Donostiako Union Deportiva futbol taldeak fitxatu zuen eta segidan Real Sociedadera pasa zen. Futbolariaz gain, pelotari aparta zen eta Astelehena katedralean hamaika partidu jokatu zituen. Baina bi kirol horiekin batera, aurreskulari bezala nabarmendu zen Txirloia. 1925 eta 1926 urteetan 17 aurresku txapelketatan aurkeztu zuen burua eta den-denak irabazi zituen. 1923an eibartar nagusiek oraindik gogoratzen duten balentria egin zuen Txirloiak. Goizean aurresku txapelketa batean izan zen eta irabazi egin zuen, arratsaldean Bergaran futbol partidua jokatu zuen eta gauean, Astelehenan pelota partiduetan ikusle zegoela, pelotari batek huts egin zuela eta haren ordez jokatu beharrean aurkitu zen. Jokatu eta baita irabazi ere, Artamendi I.ri nagusitu baitzitzaion Txirloia.

TXIRLOIA buruan, begira-begira ibili nintzaion joan den egunean Igor Yebrari. Egia da metro eta 87 zm-ko alturak joko asko eman dezakeela futbolean ere (buruz jotzeko Salinasen estilora, defentsan ingelesen tankerakoa edo atezain bestela), baina nik behintzat ez nion futbolari plantarik hartzen, dantzan zoragarri egiten duela aitortu behar badut ere. «Egunkaria»ko Barkatu Aman irakurri nuenak argitu zizkidan begiak. «Hamairu urte zituen dantzan hasi zenean, ia hamalau. (...) Futbolean ere aritzen zen, baina dantza nahiago izan zuen». Hara ba! Hamalau urterako entrenatzaileek baztertu dituzte dagoeneko futbolerako balio ez dutenak, eta ez al zen akaso Yebra futbolari frustratua izango? Alegia, futboleko begiztatzaile beldurgarriak fin ibili izan balira, Kursaalean baino San Mamesen egingo zituela Yebrak kabriolak. Ziur nago Yebra futbolari bikaina izan zitekeela (eta askoz lore gehiago jaso eta diru gehiago irabazi), eta dantza maite dugunok zorionekoak garela bere irudi argal eta hauskorrak futbol entrenatzaileak engainatu egin zituelako. Beste batzuekin ez dugu horrenbesteko suertea izan ordea. Ba al zenekiten Joseba Etxeberriaren aita dantzaria izan zela?

*******

Goiko artikulua argitaratuta ikusi nuen momentuan "hi tontoa haiz!" esan nion nire buruari. Futbolari eta dantzarietaz hitzegiten hasi eta Begiristain-darretaz ahaztu!

Izan ere, Aitor Txiki Begiristain Realeko eta Barcelonako futbolaria izandakoa oso ezaguna da, baina Txikin anaietako bat, Jose Antonio, goi mailako dantzaria izandakoa da. Espainiako Compañia Nacional de Danzan urte mordoska bat egin ditu dantzari bezala, bai konpainiaren errepertorioa erabat klasikoa zenean, eta bai Nacho Duatoren gidaritzapean ere proposamen garaikideak dantzatuz. Gaur egun, CNDn bertan jarraitzen du, baina administrazio lanetaz arduratuz.

**************
2001-11-22

Maximiliano Guerra da dantzarako eta futbolerako dohaiak biltzen dituen beste artista bat. Argentinako dantza izarra, munduko dantzari onenetzat hartua izan da. Ba horrez gain, Maximiliano Guerra maila oneko futbolari izan zen gaztetan eta Buenos Aires-ko River futbol taldeko harrobiko taldean jokatu zuen.

*******
2002-06-06

Fernando Fdz-Berridi, Real Madrid, Real Sociedad eta Osasunako jokalaria izan zen 1940ko hamarkadan (85 urte ditu) eta Diario Vasco-an elkarrizketatzen dute. Hauxe dio kazetariak "Dantzari en su juventud y pastelero de oficio".

"- ¿Compaginó su trabajo?"

"- A los 17 años bailaba con Eusko Gaztedi y fui dantzari en el Liceo de Barcelona en la ópera Amaia. También fui vocal vecino en el consejo de administración de la Caja de Ahorros Municipal."

*******
2002-06-21

Pelotariak eta dantzariak. Jakina zen Fernando Arretxe Luzaideko pelotaria (Buruz buruko txapeldun izana) bolant-dantzaria dela bere herrian. Gaur Euskaldunon Egunkarian Abel Barriola elkarrizketatzen dute, igandean buruz-buruzko finala Ruben Belokirekin jokatuko duena. Honako izenburua du artikuluak: "Dantzan hasi eta pilotan hazi". Barruan zer kontatzen du Enekoitz Telleria kazetariak:

"Herriko mutiko guztiak bezala, futbolean, pilotan, bizikletan ibilitakoa, trikitixa jotzen ere ikasi omen zuen, baina pilotaz gain bazuela beste afizio bat oso gustokoa dio: dantza. 8 urterekin hasi eta 18 arte aritu omen zen. Ezpatadantza herriko festetan, Lesaka, San Miguel... izen guztietaz akordatzen da. «Kanpora ere irtetzen ginen, Iruñera-eta. Aurrera izena zuen dantza taldeak, autobusean joaten ginen denok elkarrekin, ez dakit nongo festetara eta aurreneko juergak ere orduan egin genituen». Zergatik utzi zuen? «Akordatzen naiz, debutatzekotan nintzela, saio batean kristoren zaintiratua izan nuela hanka altxatuta. Orduan erabaki nuen uztea». Ez da damutzen, ordea, bere dantzari urte haietaz. «Ni seguru nago dantza ume batentzako oso ona dela, koordinazioa-eta hartzeko. Beste dantzari on bat Arretxe omen zen, erraztasuna ematen du, beti izango da baldarragoa dantza egin ez duen norbait egin duena baino»."

***********************************

2005-01-09 DV, Igor Yebrari elkarrizketa.

¿De niño ya quería ser bailarín, o bombero o futbolistas, como todos?

  • Yo soy de Bilbao, así que lo que quería era ser futbolista y del Athletic. Y además, portero: jugaba de guardameta en el equipo del colegio y eran los tiempos en que todos queríamos ser Zubizarreta. Pero en mi casa el ballet se vivía a fondo y un día decidí probar... hasta hoy.

*********************************

2005-07-19 Eskubaloia eta dantza.

  • Unai Arrieta Bidasoako eskubaloi jokalaria Elgoibarko Haritz EDTko dantzaria da.
  • Adrián Crowley, jugador de balonmano del filial del Bidasoa Irún e internacional juvenil, compagina su carrera deportiva con el desarrollo de una actividad mayoritariamente practicada por mujeres, el ballet. Un Nureyev en Artaleku

********************************

2007-02-28 Dantzari bat Osasunan

 

Iruñeko Duguna dantza taldearen blogean kontatzen dute Jokin Arkaia, Dugunako dantzari izandakoak Osasunan debuta egin dezakeel asteburuan. "Ederki dantzatzen zuen ("txiki horrek ederki dantzatuko du haunditan!")" 

baina futbolak irabazi zuen.

 

*********************************

2009-09-13 Ander Navarro, Bizkaiko aurresku txapelduna eta futbolaria

 

*********************************

2014-04-30 Andoni Aretxabaleta, pilotaria (2014an bi-bitazko txapelketa nagusiko finalera iritsi da Aimar Olaizolarekin)

"dantza taldean ere luze jardundakoa baita: «Debutatzean utzi nuen. Gustatzen zitzaidan; kanpora eta irtendakoa naiz. Jende premia balego eta deituko banindute, ni berriz prest nengoke plazara irteteko». " Berria, 2014-04-30



Dokumentuaren akzioak