Guilcher 19 Iholdi 1972 Besta Berri: dantza-jauziak
Irudi hauek Nafarroa Behereko Iholdi herrian filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1972ko Besta Berri ospakizunean. Festa horren irudiekin argitaratutako aurreko filme-zatian Besta Berriko segizioaren desfileko irudiak ikusten badira nagusiki, oraingo honetan behin martxa eta desfileak bukatuta, bat-batean eta aire ez formalean dantzatutako dantza-jauziak eta fandangoak ageri dira.
00:00 Taldea lasai prozesioaren ondotik. Makilaria, Aldare-aitzinekoak, musikariak trago bat edaten eta zenbait ume, helduen artean.
00:24 Dantza-jauzi bat ematen ageri dira hainbat zapur ―kaskak erantzita― eta hainbat musikari. Egiten ageri diren segida hau da: “zote - erdizka - dobla - erdizka - ezker - erdizka”. Ematen ari diren dantza-jauzia Muxikoak dela ondorioztatu dezakegu, beraz.
Arreta gehien pizten duena da kasik dantzari bakar batek ere ez duela ber maneran dantzatzen. Zapurrek urratsak loratuagoak egiten dituzte, musikariek aldiz, sinpleagoak. Alta, guztiek, Zote ―edo Jo― eta Dobla, Iholdiko maneran egiten dute, noski. Hau da, urratsaren lehen partean kontrapasa egiten dute laugarren denbora esekiduran eutsiz eta bigarren partean, ohi den bezala itxiz. Baina zapurretako zenbaitek oraindik ere gehiago loratzen dute urratsa, lehen kontrapas horren bukaeran itzuli bat emanez.
Erdizketan ere aniztasuna bada. Batzuek urraska egiten dituzte ―lehen planoan agertuko zaigu zapurretako baten, esaterako―. Beste batzuek kontrara, erdizkaren lehen puntua pikatu egiten dute, Antrexatak edo Euskaldunak-etan egiten ohi den gisara. Hirugarren manera bat ere ikus dezakegu. Lehenago hasierako puntuak urraska egin dituen zapurrak, azken erdizka jauzika egiten du.
Urrats aldaera menestra ederra, hamabost segundu eskasetan.
00:39 Planoa aldatzen da eta bi Aldare-aitzineko agertzen zaizkigu lehen planoan. Kameraren posizioagatik ―aurreko bera― pentsa genezake Muxikoak dantzatzen ari direla oraindik. “Dobla - erdizka - erdizka” segida egiten dute, baina planoa berehala moztu egiten da.
00:43 Aldare-aitzinekoen eta emakumezko baten oinen detaile-planoa ageri zaigu oraingoan. “Erdizka eta hiru - erdizka lauetan” da irudiek agertzen diguten urrats segida laburra. Aipagarria da “eta hiru” apaindura hori hiru aldiz pikatuz egiten dutela dantzari gehienek, baina, haietako batek bi aldiz pikatu eta saltoa eginez ixten duela puntua.
00:56 Planoa aldatu da berriz, baina beste oinen detaile-plano bat erakusten digute irudiek. “Erdizka bietan - dobla - erdizka” pasartea dantzatzen dute Aldare-aitzinekoek eta emakumezkoak. Kamara aurretik norbait gurutzatzen da eta planoa moztu egiten da. Gauza bera gertatzen da segundu baten buruan. Oin beren “erdizka - dobla - erdizka” segida erakutsiz bukatzen da sekuentziatxo hau.
01:13 Plano zabalagoa da oraingoan. Iholdiko karriketatik, modu informalean, ibiliz ageri dira bi zapur eta makilaria, ume zenbaitzuez lagunduak. Berehala makilariaren detailea erakusten digu kameralariak. Makila dantzatzen jostatzen da, ibiltzen den bitartean, inguruan dituen haurren gozamenerako. Planoa zabaltzen denean ikus dezakegu aurreko zapurrak binaka formatuak direla eta martxarekin pilota-plazara heltzen ari dela guztiak.
01:22 Pilota-plazako planoa da eta taldea, oilarrak buru eta zapurrak eta makilaria gibeletik, plazan, borobilean kokatzen ari dira, martxari segiz. Musikariak datoz atzetik. Plano berriak makilaria agertzen digu danbor-nagusiaren lanak eginez, musikarien doinua makilarekin zuzentzen, danborradetan nola ―tira, makila modu aberatsagoan mugituz, egiaren aitortzeko―.
01:37 Plano zabal batek jende multzo handia erakusten digu borobilean dantzan ari diren Beztituan inguruan. Pilota plazan ari dira dantzan, bertan kokatuak diren bi etxeen gerizpean. Gertuagoko plano batek erakusten digu berriz Muxikoak dantzatzen ari direla. Lau urrats lauetan-en azken bi errepikapenak dantzatzen ageri dira eta ondotik, pika eta erdizka egiten dute alde banatara. Aldare-aitzinekoak, musikarietako batzuk, oilarrak eta zapurrak ageri dira dantzan. Arestiko urrats aberastasuna agertzen zaigu oraingoan ere. Batzuk urraska, besteak saltarinago.
01:54 Musikarietako biri erreparatzien die kamerak. Lehenegoak ―gaztexeagoa denak― saltari egiten ditu erdizkak, eta inguruka doblak, esate baterako. Besteak dantzakera sotilagoa du.
02:25 Dantzari saltarinak arreta deitu dio kameralariari eta bere oinen detaileak eskaintzen dizkigu ondoko segunduetan. “Zote eta hiru - erdizka - dobla - erdizka (x2) - erdizka lauetan - zote - zote eta hiru”. Muxikoak-en azken segidak egiten ari da. Erdizka batzuk pikatuak eta jauzika, besteak urraska, zoteak Iholdiko maneran, noski, baina itzuliak. Doblak aldiz itzuli gabe. Urrats paleta oso bat bi oin soiletan.
02:58 “Zote eta hiru - erdizka - dobla eta hiru - erdizka”. Zapur eta Aldare-aitzinekoen oinak agertzen zaizkigu, orain arte bezala, puntu aniztasun eta aberastasun erabatekoan.
03:09 Plano zabalagoak dantzaren bukaera erakusten digu. “Ezker - eskuin - jo - erdizka - eskuin - ezker- jo - erdizka”. Ahuntxa dantza-jauziaren bukaera da. Azkeneko erdizkaren azken puntuan saltatuz amaitzen dute denek dantza jauzia.
03:23 Plano orokorrago batek talde osoa agertzen digu, jauzi-dantzari, herriko beste zoko batean. Hegi ari dira dantzatzen. “Pika bietan - ebats - pika bietan - ebats”. Erdizka lauetan dantzatzen hasten direnean zapurretako batek lehen bi puntuetako urratsa apaindu egiten du eta kortaren ordez saltoak ematen ditu. Beste aldeko oilarretako batek, modu berean bukatzen du urratsa.
03:52 Plazako irudiak. Taldea gertuagotik grabatua ageri da eta kasu honetan ez dira beztituak bakarrik dantzan ari; herritarrak ere ari dira, gizon zein emazte. Ez zaigu errez egin jauzia zein den asmatzea, dantzarietako batzuk tronpatzen baitira, baina iruditu zaigu honako segida egiten dutela:
- Zote (Iholdiko maneran) - erdizka eta hiru - eskuin (x2)
- Pika eta erdizka (x4)
-
Zote, erdizka…
Hala balitz, Lapurtar Motxak-en antzeman dugu segida hori.
04:24 Planoa moztu da eta beste dantza-jauzi pasarte bat erakusten digute irudiek. Honako segida antzematea iruditu zaigu:
- Jauzi eta hiru (x4)
- 4etan erdizka
- Ezker, eskuin, ezker eta hiru…
Esanen genuke Lapurtar Motxak-en aldaera berezia dela, ohiko honen aldaera.
- Zote eta hiru, erdizka eta hiru, dobla eta hiru, erdizka eta hiru
- Erdizka lauetan
- Ezker, eskuin, ezker hiru, erdizka eta ezker…
Ederrak dira dantzari batzuen urrats apaindurak.
04:53 Dantza-jauziak bazterrean utzi fandangoa dantzatzeari ekiten diote beztitu zein herritarrek. Boskotea agertzen zaigu lehenik, eta gero lagun gehiago doaz dantza korrora batzen. Puntapioa egiten dute, planoa moztu eta itzuliak egiten agertzen dira eta ondotik, baltseoarekin haien eskuineruntz aitzinatzen, batzuk aurreraka, besteak atzeraka, beste batzuk itzuliz… Hara-honakoa dirudiena eginez bukatzen da planoa.
05:26 Gertuagoko planoek urratsen xehetasunak erakusten dizkigute: baltseoa, itzuliak, hara honakoa, puntapioa…
Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Aritz Ibañez - Euskokultur Fundazioa
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
- Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 07 Urdiñarbe 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak
- Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
- Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak
- Guilcher 10 Altzürükü 1963 Urdiñarbeko dantzariak
- Guilcher 11 Barkoxe 1963 Alexis Pikotxet eta Pierre Üthürri
- Guilcher 12 Eskiula 1963-1976 Gabota, Godaleta eta Aitzina Pika
- Guilcher 13 Barkoxe 1962 Etxahun koblakaria pastorala
- Guilcher 14 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: Satanen errepikak
- Guilcher 15 Gotaine 1963 Santxo Azkarra pastorala
- Guilcher 16 Gotaine 1963 Zantxo Azkarra: moneinak
- Guilcher 17 Iruri 1966 Comte de Treville pastorala
- Guilcher 18 Iholdi 1972 Besta Berri
- Guilcher 19 Iholdi 1972 Besta Berri: dantza-jauziak
