Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mikel Sarriegi: "Desorientazio maila altua daukagu gaur egun Gipuzkoako dantza taldeetan"

Dokumentuaren akzioak

Mikel Sarriegi: "Desorientazio maila altua daukagu gaur egun Gipuzkoako dantza taldeetan"

2023/12/13 07:55
Mikel Sarriegi: "Desorientazio maila altua daukagu gaur egun Gipuzkoako dantza taldeetan"

Mikel Sarriegi, Eibar, Dantzan-Biharrian, 2023-11-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Gipuzkoako dantzetan azken hamarkadetan baliatu diren zenbait molde hankaz gora jarri ditu Mikel Sarriegi Etxezarretak (Beasain, 1965) argitaratu berri duen liburuarekin. Gurutze posizioarekin hasi, sentzillo eta lauarinekin segi eta punta-orpoko zein murisketara, Gipuzkoako dantza-maisuek transmititu duten sistemaren azterketa eta sistematizazio xehea egin du. Iztueta erdigunean jarrita, Europako dantza-eskolatuen erreferentzietatik hasi eta herriz herri elkarrizketatu dituen Gipuzkoako sistemaren transmisioan aritu den azken belaunaldiraino idatzizko, ahozko eta gorputz bidez iturri andana bildu eta parekatu ditu dantza-puzzle erraldoiko piezak banan-banan kokatuz. "Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua" 20 urtetik gorako ikerketa lanaren emaitza da, 1000. orrialdetan zuri-beltzera ekarritakoa, baina beste horrenbeste ordu beharko dituena datozen gipuzkoar dantzen gramatika horren transmisioan.

Nondik dator lan hau egiteko gogoa, nahia. Noiz eta nolatan planteatu zenuen lan hau egin behar zenuela?
Lan hau bere horretan bukatu den bezala ez dakit ze unetan izan zen pentsatua edo, baina hasierako bilketa lana eta kezka hori 90eko hamarkadan kokatu genezake. Garai hartan ni Madriletik etorri, dantza taldera itzuli nire herrira Beasainera eta hor izan genuen horrelako gogoeta bat egin beharra zein norabide jarraitu behar zuen taldeak eta hasi ginen pixka bat herrikoari begira. Esate baterako, garai hartan, badakizue dantza taldeok eskema jakin baten barruan lan egiten genuela gehienbat eta hasi ginen herrian bertan geneuzkan zenbait tradiziozko dantza zantzu edo zantzu baino gehiago ziren horiei begira, nolabait guk paraleloan bizi izan genituenak ordura arte. Dantza taldea bazegoen herrian, baina aldi berean bazegoen tradizio bat oraindik ere bizirauten zuena indar gehiago edo gutxiagorekin.

Kezka horren ondorioa herrikoa zen tokian tokiko dantza modu hori geure errepertorioan gehitzea izan zen, eta horrekin batera bultzatu genituen bestelako zenbait dantza ohitura. Horietako bat agintarien esku-dantza edo soka-dantza izan zen. Garai hartan Ikerfolk ari zen bultzatzen Goierriko soka-dantzaren sistema, garai batekoa, Iztuetak deskribatzen zuena, eta elkarlan horretan nik gogoan daukat gure zalantzak genituela eta Iñaki Arregi dantza-maisuari galdetu nion: “Hemen badaukagu aurresku bat eta dantzatzeko modu bat, Alpargata dantza, besteak beste, eta aldi berean dantza taldean eta denok ustez zuzena den beste modu batekin diferentziak daude. Zer egin behar dugu agintarien soka-dantzan, zer erakutsi behar dugu?” Eta Iñakiren aholkua izan zen herrikoari lehentasuna emateko. Gure ustez herrikoa hor bazterrean zegoen zerbait zen, behar bada gutxietsia, ze eredu nagusia beste bat zen, eta kezka horretatik sortu zen bide horren jarraipena edo.

Mikel Sarriegi
Mikel Sarriegi argitaratu berri duen liburuarekin. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Nik gogoan daukat 1997. urtean nire osaba zenari egin niola lehen elkarrizketa, lan honen abiapuntua izan daitekeena. Nire osaba Joxe Sarriegi izan zen ondoren ezagutu genuen “Paxatxo” dantza-maisuren aita, eta hari egin nion lehen elkarrizketa bere etxera joanda. Pentsa, ni ikasia nengoen aurretik sistema zahar horretan dantza egiten, 70eko hamarkadan, eta hor, 1997an, hasi zen lan hau, oraindik ere proto-ikerketa besterik ez zena. Ikerketa lana, kontzienteki, geroago hasi nuen. Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko Joxe Alberto Andres Zurutuza nire lagunaren proposamenez. Etorri zitzaidan 2000. hamarkada hasieran eta berak bazeukan Goierriko folklorea biltzeko egitarau orokor bat. Horren barruan dantzak garrantzi handia zuela jabetua zegoen eta laguntza eskatu baino gehiago, iniziatiba neuk edo dantza taldeak hartu beharko lukeela adierazi zidan, garai hartan adinean aurreratuta zeuden zenbait dantza-maisu, Ordizian eta Zaldibian batez ere, eta beraien ezagutza desagertzeko arriskuan zegoela, zeukaten adinagatik, eta komeni zela hori lehenbailehen jasotzea bere egitasmo orokor horren barruan. Niri orduan familia gorabeheragatik, hirugarren seme-alaba orduantxe etorri-berria, ezinezkoa izan zitzaidan modu antolatu batean horri ekitea, baina bere mugekin, mantso eta poliki-poliki, hasi ginen lan horretan. Egin genuena lehentasunak markatzea izan zen: zein ziren pertsona interesgarrienak eta arrisku handiena zeukatenak nolabait informazioa galtzekoa eta horiengandik hasi ginen. Eta horrela pasa genituen hamar urte bilketa lana egiten.

Hori izan zen hasiera eta motibazioa.

Mikel Sarriegi
Oier Araolaza eta Mikel Sarriegi, Eibar, Dantzan-Biharrian, 2023-11-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Hasiera horretan agian errepertorioari gehiago begiratzen zenioten dantzakerari baino edo hasieratik izan zenuen kezka hori? Ze gogoratzen dut garai hartan Goierriko dantzen ikuskizuna ere prestatu zenutela Aurtzaka Taldearekin eta han batez ere errepertorioan bazegoen bildu nahia eta transmititu nahia ez?
Bai, biak eskutik joan ziren. Hasiera batean herrira begira jarri ginen, 90eko hamarkadan batez ere Beasainen zentratu ginen. 2000. urtean 25. urteurrena zetorkigulako Beasaingo dantzei buruzko liburuxka bat argitaratzeko konpromezua hartu genuen eta orduan ikusi genuen beharra, lehendabizi bertako gure altxor hori nolabait ezagutu, aztertu eta balioan jartzekoa, argitalpen horren bidez. Baina aldi berean beste helburu bat sortu zitzaigun Beasaindik harago, batez ere errepertorio aldetik Goierri inguru guztian zer egon zitekeen ikusteko. Eta hori ez zen oso sistematizatutako ikerketa lan bat izan, bilketa lan bat baizik; lehendik beste egile batzuk egindako informazioaren bilketa izan zen gehiago. Epeak estututa 2004an jarri genuen ikuskizun hori martxan eta hor biak joan ziren eskutik. Behar bada errepertorioa gehixeago, ze dantzaera edo dantza sistema bera zalantzan jartzeko arrazoirik ez genuen artean. Ez geneukan susmo izugarririk zer zegoen hor azpian eta ezkutuan. Ezkutuko horiek oraindik ez ziren guretzako bisibleak, gero joan dira azaleratzen. Baina bueno, hasi ginen hor ikusten halako zantzu batzuk.

Bide horretan, lehen aipatzen zenuen nola hasiera batean tokiko estilo edo dantzakera horiek ez bada bigarren maila batean ez zenituztela estandarragotzat hartzen genuen horren maila berean ikusten edo sentitzen, baina bide honetan momentu batean hori aldatu egiten da.
Ez da puntuala izan, nik uste poliki-poliki emandako prozesu luzea izan dela. Lehen aipatutako hari horretatik 90eko hamarkadan hasitako gogoetan bazegoen susmoa hor bazegoela zerbait eta landa-lana egiten hasi nintzen momentuan, hau da, elkarrizketak egiten hasi nintzen momentuan, batez ere zahar jendearekin, konturatzen joan nintzen, uste baino informazio gehiago zegoela oraindik bizirik. Bizirik esaten dudanean, indarrean zegoela esan nahi dut eta oso interesgarriak ziren datuak zeuden hor ezkutuan. Markatu beharko banu une bat, inflexio puntu gisa, 2000.eko lehenengo hamarkada horretan bildu nuen informazio hori guztia prozesatzen hasi nintzenekoa izango litzateke. Txukuntzen eta antolatzen hasi nintzenean hasi nintzen loturak egiten... batak hemen esandakoa beste batek han esandakoarekin lotzen, sarritan modu harrigarrian. Gauza asko estaltzen zuen nolabaiteko hautsa edo zaborra garbitu ahala, ikusten zen bazegoela hor sare koherente moduko bat, behartu ninduena, batetik, Beasain, Ordizia eta Zaldibia izan ziren nire lehen abiapuntuak askoz ere gehiago zabaltzera: Zumarraga edota Legazpiz gainera, goierritar dantza-maisuen segida edo pista horri jarraituz Gipuzkoa osoko eskualdeak ere aztertzera, alegia. Behartu ninduen, baita ere, lehen hamarkadan egin nituen elkarrizketa guztiak, behin informazioa prozesatzen hasi eta gauza asko lotzen hasi nintzenean, bigarren elkarrizketa saio baten bidez osatzera kasu gehienetan. Informazioa osatu ahala nire galdetegia moldatuz eta aldatuz joan zen. Hasieran bururatu ere egiten ez zitzaizkidan galderak edo zalantzak, geroago sortu ziren eta horrek behartu ninduen berriz ere atzera itzultzera, berriz ere galdetzera eta beste filtro batekin gauzak ikustera.

171-12-d-870-fototeka_kutxa_1200p.jpg
Zinta-dantza Donostian, Konstituzio plazan, XX. mendearen lehen zatian. Argazkia: Kutxa Fototeka.

Azkenean, lehenengo bueltan zenbait ezaugarri utzikeria, zabarkeria edo zorroztasun faltaren ondorio izan zitezkeela ulertu arren, bigarren bueltarako konturatu zeundelako agian ez bakarrik zorroztasun falta, justu kontrakoa zela? Sistema bati zorroztasun handiarekin lotzen zitzaizkion ezaugarriak zirela?
Aurriritzi handiarekin ari ginela lanean konturatuz joan nintzen. Beti eman dugu ontzat kanon edo estandar horrek erakutsi diguna eta gainera ez geneukan motibo berezirik kontrakoa pentsatzeko. Azken batean, gure dantza-maisua, dantza taldean garai hartan eragin handiena izan zuena, Jesus Mari Garate, ordiziarra zen eta beste dantza-maisu zaharragoen oinorde. Orduan guri gauza asko jartzen zizkigun zalantzan, baina berak ontzat ematen zituenez, guk esku artean geneukan informazioarekin ez zitzaigun bururatzen gauzak zalantzan jartzea. Elkarrizketatzen genituen dantza-maisu zaharragoek ere ez zuten kuestionatzen gure egiteko era. Orduan, behar izan zen zorrotz eta lupaz eta lente handi batekin aztertu, eta galdeketak egin behar izan genituen huskeriak izan zitezkeen xehetasunen inguruan, eta zehatz mehatz galdetu behar izan genizkien konturatzeko hor kontraesan asko zeudela. Oso errekurrentea zen norbaitek zerbait esan eta hor geratzen zen grabatua; eta handik pixka batera beste lekuren batean lehengoarekin zerikusirik ez zuen norbaitek gauza bera esan eta lotura egin behar izatea hor azpian bazegoela jokabide komun bat edota araua bilakatzen zen eginbide bat. Hasieran ez nituen lotura horiek egiten, dena batera aztertzen hasi nintzen arte. Loturak egiten hasterakoan ohartu nintzen hemen bazegoela zerbait oso sendoa. Gainera, ezagutzen genuen sistemarekiko kontraesanean zegoela zirudien hainbat alderdik, aldi berean bat egiten zuen kronologikoki lehendik geneukan informazio eta dokumentazioarekin. Eta hor geneukan erreferente inportanteenetakoa da Iztuetaren liburua. Iztuetaren liburua beti zalantzan jarri izan da, kanon horrek errebindikatzen zuen tradizioa ez omen zetorrelako bat Iztuetak esaten zuenarekin. Askotan zenbait egilek baita ere jarri izan du zalantzan Iztuetaren fidagarritasuna, eta aldiz, guk ahoz ahozko transmisio zahar horretan aurkitu dugu Iztuetaren koherentzia oso handia zela eta oso bizirik gorde eta iraun duela gutxienez orain hamarkada batzuk arte.

Ahozko hizkuntza eta gorputz hizkuntza edo dantzaren arteko paralelismo horrekin aritzen gara maiz hitzetik hortzera azken urteetan. Esango nuke kasu honetan ere badagoela egiterik horrelako paralelismoa euskara batuaren ibilbidean nola momentu batean tokikoak ziren edo estandarretik aldentzen ziren formak gutxietsi genituen eta gerora konturatu gara horietan zer nolako aberastasuna eta sistemarekiko zuzentasuna dagoen. Ez dakit zuk ere antzerako zerbait sentitu izan duzun?
Bai, zalantzarik gabe. Oso oso zuzena da esatea ahozko hizkuntza batek bezala funtzionatzen duela gorputz hizkuntzak. Egin ditzakegun konparaketa eta paralelismo guztiak oso ondo funtzionatzen dute eta kasu honetan ere horrelaxe da, sistema oso aberatsa daukagu dantza hizkuntzan. Zein da, ordea, aldea? Ahozko hizkuntzaren alorrean baliabideak izan ditugu hura aztertzeko, eta hizkuntza batua eraiki edo proposatu zutenek bazuten ezagutza maila handia, horretara kontsakratutako aditu jendea izan da eta, aldiz, dantza munduan hori ez dugu izan. Eta ez hori bakarrik, niretzat izan zen beste deskubrimendu bat eraikita geneukan apur horretan hainbat argumentu zeinen ahulak ziren konturatzea. Nahikoa zen bazterrean edo ezkutuan zeuden beste egikera asko ezagutzea adituek idatziz utzi zituzten gauza asko zalantzan jartzeko edo kasu batzuetan baita hankaz gora jartzeko ere.

Mikel Sarriegi
Mikel Sarriegi, Eibar, Dantzan-Biharrian, 2023-11-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Konplexuek zer nolako begirada daukaten, gure begirada ere makurtzerakoan. Hori hizkuntzaren alorrean ere ikusi izan dugu eta nik uste dut kasu honetan ere oso nabarmena dela. Konplexutik ez dugu bizi izan hau?
Bai, baliteke konplexua izatea, baina nire ustez gehiago da ezezagutza. Jaso duguna sesgatua izan da eta horrek eman digun aukera bakarra sistemaren azalpen oso erredukzionista eraikitzekoa izan da. Nik uste eraikita geneukan estandar hori ere mugatua geratzen zela ezta? Edozein hizkuntza bezalako gauza konplexu bat berreraiki edo berregituratu nahi denean beharrezkoa den oinarrizko informazio hori falta zitzaigula esango nuke.

Lokala eta globala. Izan ere, badira 30-40 urte inguru Juan Antonio Urbeltzek Gipuzkoako dantzen sistema ulertzeko Europa mailako eredu zahar batzuen konparaketara hurbildu zena eta haietan kokatzen hasi zena gure dantza sistema molde hori. Eta zuk ere bide horri jarraitu diozu. Zuk ere garbi ikusi duzu Gipuzkoako dantzetan daukagun sistema hau aspaldidanik eta Europako beste hainbat tokitan garatu izan den sistema handiago baten parte, eratorpen edo behintzat txertatzen dela mundu zabalago horretan?
Ni urrutirago joango nintzateke. Nik uste Urbeltzek bere garaian, 90eko hamarkadan eta aurretik, egin zituen lehen hurbilketa horiek oso aztarna garbiak zirela, inork ez genuen zalantzan jartzen hor zerbait bazegoela, baina lanabesak falta zitzaizkigun bide hori arakatu ahal izateko. Lehen aipatzen nuen, beharbada eraikita geneukan sistema erreduzituta zegoelako. Sistema horren oinarria handitu ahal izan dugunean jada ezinbestekoa gertatu da bide horretatik joatea. Hasieratik oso urrun ikusten nuen zerbait, ur sakon horietan sartzea, gauza ia ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina poliki-poliki egitura eta puzzle hori muntatzen eta eraikitzen joan naizen neurrian ikusi dut nahiko erraz bistarazten zirela zenbait gako. Ez bakarrik aztarna ziren horiek nolabait sendotzeko baizik eta... ni ausartzen naiz nire umiltasun guztiarekin esatera demostratuta gelditu direla, neurri handi batean. Lan asko dago egiteko oraindik, ze hori mundu handi bat da. Europa mailan dauden adituek ere ez dute denek bide beretik jotzen. Europako dantza historikoa, gaur egun ezagutzen dena, mende askotako garapena ezagutu duen hildako sistema bat da, baina ausartzen naiz esatera, landu ahal izan dudan neurrian, gu garela sistema horren oinordetza bizirik gorde dugun gutxienetako batzuk. Jakina, eraldaketa handi edo txikiagoekin, baina gutxi dira Europa guztian ziurrenik hain fidelki transmititzea eta gordetzea lortu duten bestelako tradizioak. Izan ere, dantza eskolatua edo jasoa galdu egin zen bere momentuan. Moda berriek ezabatu egin izan duzte aurretik zegoena, baina tradizioan askotan geratzen da horren arrastoa. Eta gu izan gaitezke hori ondoen gorde duenetako herria.

Mugimenduaren konparatze eta analisi lan horretan baditugu mugimenduaren oinarriak, baditugu apaingarriak eta baditugu estiloak. Zaila gertatu zaizu hiru horien artean bereiztea? Kasu bakoitzean zer den gauza bakoitza eta zer den bestea?
Zaila baino luzea izan da, denbora asko behar izan dut. Ez nuke zaila esango ze niretzat hori argitzen ikusi ahal izatea prozesu oso atsegina izan da, gustu handiarekin egin dudana eta oso gogobetegarria, poliki-poliki argiak ikusten nituelako, informazioa jaso ahala eta batez ere aurrekari historiko horiek aztertu eta hobeto ezagutu ahala. Horretan laguntza izan dut Carles Mas i Garcia-ren aldetik, Berpizkunde dantzetan eta dantza aurre-barrokoan aditua da. Hor neure burua jantzi dudan neurrian gai izan naiz, lehendabizi, haiek gure aurrekari direla baieztatzeko, eta behin konstatazio hori izanda, erraz azaltzen da gure sistema oinarrizko mugimendu eta apaingarrien bidez eraikitako sistema dela. Eta ez hori bakarrik, paralelismo horrek aldi berean guk oso ezkutuan edo gure ezagutzan ia desagertuta geneuzkan zenbait mugimendu identifikatzen laguntzen du, sistema hori osatuz eta denari gorputza emanez. Ondorioetako bat da bageneukala nahasmendu handi bat apaingarri asko oinarrizkotzat hartuta genituelako, eta alderantziz. Eta horrek sortzen zuen gure sisteman halako distortsio bat, dantzatzeko eran, eta distortsio hori filtratzen edo zeharkatzen da dantza egiteko estilora. Gaur egun kirrinka egiten digun zenbait estilo kontuk jatorria nahasketa horretan dute: gure sisteman ez garbi edukitzea zer den oinarrizkoa, zer den apaingarria eta nola funtzionatzen duten elkarrekin.

Zumarraga, Antion soka-dantza hanka igotzen
Zumarraga, 1932. Argazkia: Paskual Marin. guregipuzkoa.net CC BY-SA

Oinordetza ezkutua jarri diozu izenburuan zure lanari. Badago errebindikazio kutsu bat izenburu horretan edo lan osoan? Hau da, zenbait urtetan, gutxietsiak eta baztertuak izan ditugun moldeak argitara ekarri nahia? Eta ez bakarrik argitara ekarri, baizik eta aldarrikatu eta balioa ematea?
Zalantzarik gabe. Lehen aipatu dugun bezala, lan honen ondorioetako bat da ezkutuan gelditu diren egikera, dantzaera eta molde horiek bazterrean gelditu direla oso arrazoi eta justifikabide eskasen bidez. Esan nahi dut, molde horiek bazterrean uzteko erabili izan diren justifikazioak ez zirela zuzenak. Horren ondorioa izan da zenbait sistemaren gutxiespena eta gutxiespen horretatik abiatuta dantzatzeko moduak txirotu egin ditugu. Sistemaren baitan funtsezko edo oinarrizko diren zenbait mugimendu baztertuta herrena geratzen zitzaigun sistema bera. Eta herrentasun horrek emaitzatzat eman du gure dantzaera txirotzea. Zenbaitetan gertatu da baita ere hainbat herritako tradizioa eta zenbait dantzariren egikerak irrigarri uztea. Nik uste hemen badagoela intentzio bat aldarrikatzailea eta agian, ez dut esango erreparazio ariketa bat egiteko, baina bai, neurri handi batean izenburu horrek badauka espiritu hori.

Hain zuzen ere Gipuzkoako dantzetan badago eredu bat, deitu diezaiokegu estandar, kanon edo pixka bat aldarrikatu eta nagusitu dena azkenengo hamarkadetan. Nola geratzen da eredu hori zure lan honen ondoren? Ze ondorio atera dituzu eredu horren inguruan?
Ereduak proposatzen direnean hartzen diren arriskuetako bat da homogeneizazioa gertatzea. Gure kasuan ere hori da gertatu dena. Eredu horrek sortu du estandarizazio moduko bat, prestigio bat izan du eredu horrek. Nik uste ez dela kontzienteki egin den eraikitze bat baizik eta beharrak sortutako zerbait. Azken hamarkadetan dantzari asko, dantza talde asko izan gara. Hor egon dira eten batzuk, nik gehiago botako nioke errua transmisioaren eten horiei, eta beste behin, eten horien barruan badago ezagupenaren falta. Orduan, beste edozein alorretan gertatu daitekeen bezala, kanon bat sortzen den unetik beti dator lotuta halako txirotze bat. Nire lanaren ondorioetan erredukzionismoa deitu diot fenomeno horri. Gertatu da gure sistemaren ulerkeraren murrizketa eta hortik sortu den arazo horretan lan honek lagundu nahiko luke horri buelta ematen, edo hobeto esanda, zuzentzen edo osatzen. Ze azken batean, beste hainbat arlotan bezala izan daiteke kanona bera abiapuntua, jakina.

Eta dantza klasikoak hor eredu bezala, teknika bezala, estilo bezala ez du eragin izan horretan guztian? Hau da, kanon horren norabidean eta baita ere kanon horren errekonozimenduan edo ezartzean?
Nik uste dut gure dantza egiteko moduaren bilakaeran badaudela zenbait mugarri beharbada gaizki-ulertuengandik edo interpretazio ez oso zuzenengatik ba oso muturrera eraman diren jokabideak. Eta bat da lehen aipatu dudan nahasmendu horrek sortzen duena. Hau da, oinarria zein den eta apaingarria zer den garbi ez daukagunean, apaingarriak protagonismo handia hartzen du eta askotan estilizazio fenomeno horiek izaten dira apaingarriak goratzearen ondorio. Orduan horrek sortzen du sistemaren barruan estilizazioaren gehiegikeria bat. Gure sistemaren barruan, arau orokorren artean, badago apaingarriak erabiltzeko bidea, baina arazoa sortzen da apaingarri horien erabilerari lehentasuna emateak sistema distortsionatzen duenean eta oinarria alboratzen duenean. Nik uste hor gertatu diren kortozirkuitu txikiak direla gero dantza klasikoaren egikerak gorestera eraman gaituztenak. Zenbait dogma eta uste oker ere erabili izan dira. Azken batean gure sistema baldin bada orain dela lauzpabost mendeko sistema baten oinorde eta, aldi berean, dantza klasikoa ere erro bera daukan sistema horren oinorde bada, ba zenbaitek pentsatu izan du biak senide izanik, zuzena dela bien artean gehiago hurbiltzea. Bi adar dira, bakoitzak bere bidea eraman duena eta nik uste nahasmen horretatik datorrela biak gehiegi fusionatzea, bakoitzaren izaera perbertitzeraino.

Segura dantzariak 056413-010
Segura, dantzariak. GFA-056413-010. Argazkia: Manuel Lekuona. Gordailua.

Hainbat dantza moldetan gertatu den bezala, zure dantzakera hori zenbat eta gertuago egon estilistikoki dantza klasikotik orduan eta zuzenago ari ote garen. Eta iruditzen zait zure lanean agerian geratzen dela zenbaitetan kontrako norabidean egon daitezkeela estilo baten eta bestearen edo hizkuntza baten eta bestearen zuzentasunak ez?
Bai hori garbi-garbi ikus daiteke egindako lana eta ateratako ondorioak pixka bat aztertuz. Hor badago lehen aipatzen genuen hori, azkenean prestigio kontu bat. Hau da, dantza klasikoak edo beste dantza generoek irabazi dute edo jaso dute halako prestigio bat beren inguruan edo mundu mailan eta, aldiz, gurea prestigio horren gabezian egon da. Orduan, bi horiek balantzan jartzen direnean beti erabiltzen duzu erreferentzia bezala prestigio gehiago daukan hori. Eta hortik dator, ez gazte jendeak bakarrik, baizik eta dantza-maisu oso kontsakratuek ere edukitzea beti beren fokua han jarrita eta arrakasta bilatzen saiatzea beste hori imitatuz. Autoestimu arazo bat da azken batean.

Dantza-maisuen oinordetza izan duzu ikergai. Gaur egun gutxi erabiltzen da dantza-maisua. Iruditzen zaizu badagoela tokirik gaur egungo euskal dantzan dantza-maisuaren figura moduko batentzat?
Nik ez daukat zalantzarik baietz, posible dela. Kontua da dantza-maisuaren figura lehengo moldean eta garai batean funtzionatzen zuen moduan praktikan desagertuta dagoela eta, beraz, eskatuko luke egungo egoerara egokitzea. Nik uste, garai batean bezalaxe, gradu ezberdinetako dantza-maisuak daudela. Hau da, ez dago dantza-maisu bati zer eskaturik ezagutza oso zabala edo eremu oso zabalak lantzea. Izan daiteke dantza-maisu bat oso eremu konkretu batean edo mugarritu batean lan egin dezakeena, baina nire ustez bai da garrantzitsua lan egiten duen eremu horretan ezagupen on bat izatea eta ezagupen hori nekez lortzen da gaur egungo dantza taldeetan dauden oso ziklo laburreko dinamika horietan. Hau da, behar da denbora pixka bat eta jarraipen pixka bat ezagutza hori izateko eta jasotzeko, eta aldi berean, transmititu ahal izateko. Nik uste behar dela gaur egungo bizimodu zoro honetan patxada pixka bat dantza-maisu izan daitekeen norbaiten perfilak lantzeko. Gaur egun ere izan ditzakegu bakoitzaren egoerari eta herriari moldatutakoak; izan, badira oraindik mota horretakoak dantza taldeen dinamikan ari direnak, baina niretzat arazo nagusia da dantza taldeetan bizi dugun ziklikotasun hori.

200 urte betetzera datoz Juan Inazio Iztuetak Gipuzkoako dantzei buruzko liburua idatzi zuela. Nola ikusten duzu gaur egungo egoera euskal dantzei buruzko perspektiba Gipuzkoako dantzen begiraleku horretatik. Nola ikusten dituzu euskal dantzak 200 urte ondoren?
Ikusten ditut egoera kaotiko batean. Zergatik kaotikoa? Nire ustez desorientazio maila altua daukagu gaur egun behintzat Gipuzkoako dantza taldeetan, beste herrialdetakoa ez baitut hain sakon ezagutzen. Badago desorientazio handi bat eta desorientazio horri aurre egiteko modu bakarra behin eta berriz diot, ezagutza da. Ezagutza horren bermatzaileek izan beharko lukete aipatu ditugun dantza irakasle edo maisuak. Dantza maisutasuna eskuratuko luketen pertsona horiek izan beharko lukete lagundu beharko luketenak horretan, desorientazio horri aurre egiten. Irizpidea behar da horretarako eta irizpide hori ez da edozein modutan eskuratzen.

Bada urte mordoska bat Urbeltzi euskal dantzak aspergarriak ote ziren galdetu ziotela, eta oso gogoan daukat iltzatuta haren erantzuna: “ez dira aspergarriak, aspergarri guk egiten ditugu”.

Baina gure egungo gizarte honetan ezagutzaren bilketa, ikasketa, ikerketa... instituzionalki egituratuta daude eta egitura eta instituzio horietan ez dago dantzarik.
Halaxe da eta gainera egun gizartea doan bidetik, nekez. Beharbada orain arte militantzia minimo batekin lortzen zen gabezia hori leuntzea. Geroz eta zailagoa dirudi dauzkagun baliabide murritzekin eta gizartea doan norabidean gabezia horiek osatzea, ez badago kontzienteki antolatutako hezkuntza, ikerketa erakundeak... badaukagu zer egina.

Mikel Sarriegi
Oier Araolaza eta Mikel Sarriegi, Eibar, Dantzan-Biharrian, 2023-11-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Baina beharko luke?
Zalantzarik gabe.

Zergatik?
Beste edozein alorretan bezalaxe. Lehendabizi garbi eduki behar dugu beharrezkoa dela gure sektoreak ematen dituen onurak eta eginbideak mantentzea.

Hainbat herrialdetan norberaren ondarea diren tradiziozko dantzak desagertu egin izan dira eta beste zerbaitegatik ordezkatu behar izan dituzte. Globalizazioan erori dira. Askotan kirola izan daiteke edo musika edo beste dantza genero batzuk. Gure kasuan, nik uste dut, gauza izan bagara 400-500 urtez eusteko halako ondare bati... zerbaitegatik izan da. Ez diogu ehuneko ehunean berdin eutsi, baina bai oinarrizko egitura eta izaera batean. Hor daukagu ondare bat guretzat oso naturala dena, zero kilometroa dena, gordetzeko. Hori aprobetxatzen ez badugu etorriko dira ordezkatuko duten beste batzuk. Baina hori erabaki politiko bat da eta ezagutzaren edo gure jardunbideen beste alor batzuetan politikoki kontziente hartzen diren erabaki batzuk hartzen diren bezala, euskara bera hizkuntza bezala da adibide bat, honetan ere behar beharrezkoa izango litzateke baliabideak jartzea, gure ustetan behintzat. Nik uste sektorean gaudenak nahiko garbi dugula esfortzu hori egin behar dela.

Mikel Sarriegi
Mikel Sarriegi, Eibar, Dantzan-Biharrian, 2023-11-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Ze ekarpen egin diezaioke lan honek gaur egungo dantzaren praktikari eta biharko gizarteari?
Lehenengo eta behin, eta niretzat oso garrantzitsua da egiten dugunari balioa ematea, gaur egun aitortzen dioguna baino balio handiagoa ematea. Hau da, autoestimurako garrantzitsua gerta daitekeela. Nire kasuan behintzat, pertsonalki, hala gertatu da. Hori abiapuntu bezala. Zer gehiago? Nik uste jartzen dizkigula baliabide asko irakasle eta dantza-maisuon egunerokoa aberasteko. Eta nik uste emango digula bidea beldur asko galtzeko, baita ere. Ze orain arte nire esperientzia da mugitu garela oso eremu zurrun batean, beldur askorekin gauzak eginez "hau horrela zen eta tradizioan horrela izan da beti eta ez naiz ausartzen aldatzera" eta hor oso oker gaude. Liburuan erakusten da gauzek eboluzio bat izan dutela eta beldur horrek lagunduko digu batetik ausartagoak, malguagoak izaten eta aldi berean sormenerako bide asko zabaltzen direla uste dut.

Lan hau ez da behin betikoa. Nik uste ate asko ireki direla lan honetan eta hor adar asko daudela gogoa daukanak eta jarraitu nahi duenak esplorazio eta bide horretan jorratzen jarraitzeko.

Dokumentuaren akzioak