Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jantzarien sokan eskutik dabiltza dantzan

Dokumentuaren akzioak

Jantzarien sokan eskutik dabiltza dantzan

2024/10/23 10:05
Jantzarien sokan eskutik dabiltza dantzan

Naroa Jaio, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Maitane Totorika, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Dantzarako eginiko plaza da. Iurretako plazan egin dugu zita. Urrijena jaiaren aitzakian bertaratu gara, bezperan. Txistu doinu eta txilin hotsik ez da oraindik, hutsik eta isilik dago, dantzarien zain. Segituan agertu dira dantzariak: Antton Mari Aldekoa-Otalora Zamalloa (1951), Maitane Totorika Del Amo (1999) eta Naroa Jaio Jaio (2006). Iurretako jantzariak hirurak, hiru belaunalditako ordezkari, urtetako sokari segida emanez eskutik dabiltza dantzan.

Iurretako dantzariak
Naroa Jaio, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Maitane Totorika, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Nola eta norekin hasi zineten dantzan?

Antton Mari: Dantzan hasi ume-umetatik. Gure etxeetan eta garai hartan etxean ikasten zen dantzan. Nire kasuan behintzat, guraso, osaba etab. familian dantzariak ziren eta orduan etxean ikasi nuen. Gero inoiz kolegioan egin nuen eta seminariora joan nintzen. Seminarioan nengoenez eta dantzan egin ezin nuenez txistua ikasi nuen. Gero seminariotik bueltan 19-20 urterekin Iurretara itzultzean txistua jotzen nuen, baina nire gogoa dantzan egitea zen. Dantzari-dantzan plazan lehengo aldiz 1969 edo 70. urtean Iurretako Oromiñon sanmarkoetan egin nuen.

Aitak, osabak, aititak batzuetan erakusten zigun. Guk ume-umetatik dantzari-dantzaren erritmoa aitaren hanka-bitartean eta besapetik umea hartuta “tanpatapatan-tapatapatan-tanpatapatan-tapatan” erritmo hori jaso dugu. Ez puntapioa botatzen eta buelta egiten, baina lehenengo erritmoa hartzen ume-umetatik. Aurten ere ikusi ditugu hemen plazan umeak dantzarien atzean plazara etorri eta dantzarien atzean eta holako puntapio bat egin guran eta txapela bota eta hortik hurrengo pausoak.

Iurreta: Urrijena 2024
Urrijena, Iurreta, 2024-10-12. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Zuek ere etxetik jaso duzue Antton Marik aipatzen duen erritmo hori?

Naroa: Nik ere etxean badaukat. Aitak eta nebak eta birraititak egiten zuten, baina ni hasi nintzen lehenengo eskolan. Lehenengo euskal dantzak eta holakoak egiten eta gero Amatzan hasi ginen Iurretan hasi orduko, DBHra sartzean hasi ginen Iurretan ikasten eta gero ia plazara.

Maitane: Nire kasuan ere Naroaren atzera. Txikitatik dantza gustatu, plazan ikusi dantzak eta txikitan eskolan egiten genuen, eskolaz kanpoko ekintza moduan. Gero DBH garaian etorri ziren deialdia luzatzera Iurretako dantzaria izateko, eta hasi ginen Iurretako plazan ikasten. Nire sasoikoak 2015ean hasi ginen eta 2018an plazan egin genuen lehenengoko aldiz.

Tanboliña Dabil
Sansebastianak, Iurretako dantzariak, Bakixa, 2018. Argazkia: Tanboliña dabil

Naroa: Nik plazan egin nuen duela hiru urte lehenengo biderrez. Lehenengo Maiztegin egin genuen arkuak eta zintak eta gero uste dut Oromiñon egin nuela lehengo biderrez, eta hortik aurrera dantza saio ia gehienetan eta aurten lehengoz Urrijenan. Nik Maitane eta bere taldekoak izan nituen lehenengo irakasle moduan eta gero ikasi genuenean eurekaz dantza egitera pasa ginen. Eta orain gu gabiltza gazteagoen irakasle moduan eta gero gurekin eurek egingo dute dantza.

Iurretako dantzariak
Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Naroa Jaio, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Maitane: Hori da, belaunaldiz belaunaldi goaz hurrengoari erakusten. Nire kasuan aurreko belaunaldikoak ibili ziren erakusten eta gero beti ibiltzen dira batzuk. Esateko izen batzuk: Eñaut Aiartzaguena topera ibiltzen da, Unai Esturo, euren taldeetako beste batzuk, nire neba ere ibili zen niri erakusten, Olatz Plazaola, Jon Badiola....

Iurretako dantzariak
Antton Mari Aldekoa-Otalora, Maitane Totorika eta Naroa Jaio, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Urrijena aipatu du Naroak eta jai horren aitzakian hurbildu gara zuengana, baina zer da Urrijena?

Antton Mari: Ikusgarria da larunbatean egingo dugun jaialdi hori. Ikusgarria izaten da. Iurretako plazan edo plazetan auzoetan egin dugun dantzari guztiok saiatzen gara denok elkartzen.

[Telefonoak jo dio Antton Mariri. Herriko dantzari bat ea bihar meza ze ordutan den galdezka. 11:30ean dela erantzun eta Urrijena jaiaren inguruko azalpenekin jarraitu du.]

Eten luze bat egon zen. Gure garaian galtzear edo erdi labaindurik zetozen guganaino dantzak eta gogoratzen dut gure gurasoak eta osaba eta hasiak ziren esaten: “hori ez dok dantza klasia, holan ez dok eiten”. Orduantxe hasi ginen ostera ere berreskuratzen edo zelan egiten ziren, musikak, pausuak, ohiturak... batzen. Eta euren artean agertu zen Urrijena. San Migel eta hurrengo lehenengo domeka Errosario domeka, Iurretan jaiak, baina

Urriko domeka guztietan Iurretan dantzan egiten zen.

Bigarren domekan Urrijena, eta Urrijena zer da? Halako eskerrak emate bat edo. Aurreko garaietara goaz, eliza, erlijioa, dantza, jaia... nahastuta zeuden eta hor kontuan izan behar dugu nekazaritza sasoitik gatozela eta urrirako babak batuta daude, gaztainak batzen hasita, intxaurrak batuta, mahatsak batuta.... horrela, esker emate jai bat edo zen elizaren eraginez edo dena dela. Orduan, urriko bigarren domekan dantzan egiten zuten, antzinako iurretarrek. Hirugarren domeka herriko dantzari gazteen eguna zen eta hor dantzari gazteek egiten zuten eta laugarren domekan ostera ere herriko dantzariek, plazaratu gabeek eta.

Urrijena 1989
Lehenengo Urrijena, Iurreta, 1989. Irudia: Txebi Arriagaren grabaziotik

1970eko hamarkadako errekuperazio horretan pentsatu genuen, ea, Iurretako dantzari guztiok zergatik ez dugu jaia egiten, Urrijena badago eta ez da gure asmakizun bat, lehenago ere egiten zen. Beraz, bazkari bat egin behar dugu! Nortzuk izan ziren dantzari? Orduan, bueno gaur prakadunak hirurok gara (alboan dituen bi dantzari gazteei egin die erreferentzia), baina orduan prakadunak gizonezkoak, ezta? Nortzuk gara? Mutil eta gizon helduak elkartu ginen 1979an, asko, ehundik gora. Goiurin bazkaldu genuen, anaiarteko bazkaria izaten da, baina giro ona, zabala...

Naroak aipatu du bere birraitona dantzaria zela, guk ordura arte ez genekien dantzariak zirenik ere. Orduan ez zuten dantzarik egin, oso nagusiak ziren eta, baina beste batzuk hor kopatxoaren ondoren banangoa egin zuten eta egin genuen. Eta hor gelditu zen. Eta halako batean berotu ginen eta handik hamar urtera, 1989an, pentsatu genun bazkaria egitea berriz, baina bazkaria irabazi egin behar da, izerdituta. Hemen plazan elkartu ginen dantzan. Orduan pentsatu genuen hau zergatik ez dugu egiten bost urtetik urtera. Horrela hasi ginen eta jarraitu genuen prakadunok.

Eta halako batean korro bazterretik: epa, epa, epa! Guk ere egiten dugu gorulariena, erregelak... Halako batean emakumeek esan zuten gu ere dantzariak gara eta ez hemen ikusle eta zaintzaile bakarrik.

Iurreta: Urrijena 2024
Antton Mari Aldekoa-Otalora gorularien arku-dantzan, Urrijena, Iurreta, 2024-10-12. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Maitane: 2014an prakadunak ez bakarrik, gonadunek ere plazara irteteko aukera izan zuten. Urrijena orain arte prakadunen jai bat zen eta orduan konturatu ginen gonadunena ere izan behar zuela, denok gara dantzariak, denok daukagu eskubide berdina plazara irteteko. 2014ko Urrijenan gorulari dantzak eta aurresku eta atzesku soka-dantzan dantzatzen atera ziren gonadunak.

Antton Mari: Gauzak goitik behera datoz, baina trabesetara ere bai, ezta? Eta ordurako Irungo eta Hondarribiko alardeen auzia hor zegoen, zergatik neskak ez dute egiten dantzan? "Ez neskak ez dute inoiz egin, hemen ez dago dokumenturik", esaten zen. Dokumentuak bazeuden esaten zutenak emakumeek dantzatzen zutela. Maitaneren birramama, Santa Sarrionandia, hainbat aldiz paperetan agertu da, Santa Goiurikoak egiten zuela aurresku. Halako batean karlistada garaiko dokumentu bat agertu zen 1837koa. Karlisten erregea orduan gortean Durangon egin zen sasoi batean eta hango ingeles kronista batek kontatzen zuen Durangotik etorri zirela Don Karlos eta bere segizioa Iurretako plazara San Migel egun batean dantzariak ikustera eta horrelako deskribapenak egiten ditu. Amazonen soka bat osatu zela neskak sartuta eta abar. Nahiz eta aurretik ere jakin Santa Sarrionandia eta Miren Bikandi edo beste neska batzuk ere aurreskuan egiten zutela, ezkutuan edo ez dakigu non, aipatutako testigantza horren ondoren plazaratu ziren Iurretan eskubide eta jantzi guztiekin eta dotore.

Urrijena 2014
Urrijena, 2014-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Maitane: 2014ko Urrijenan prakadunak eta gonadunak irten ziren plazara eta hurrengo Urrijenan 2019an prakadunak eta gonadunak irten ziren, baina prakadunak ez ziren gizonezkoak bakarrik, emakumeak ere agertu ginen prakekin Urrijena batean.

Gure aurreko belaunaldietan neskei gorulari dantzak eta soka-dantza erakusten zitzaien eta mutilei-dantzari-dantza. Badaude adibide batzuk neskak dantzari-dantza ikasi zutenak, baina ez zuten aukerarik izan plazara irteteko. Gure belaunaldia sartu zenean ikastera orduan eman zen aukera eta erabaki zen generoak ez zeukala zerikusirik eta bai neska bai mutil berdin ikasiko genuela eta gero erabakiko zirela gauzak, baina ikasteko eskubide berdina genuela. Eta hor hasi ginen gu ikasten eta azkenean 2018an atera ginen lehenengoko aldiz bai mutil, bai neska prakak jantzita dantzari-dantza egitera. Hori Bakixan izan zen, hemengo auzo batean. 2018ko San Migel Egunean ere dantzatu genuen eta hurrengo urtean 2019an Urrijenan bai neska bai mutil prakekin irten ginen dantzari-dantza egitera.

Iurreta San Migel 2018
Neskak prakekin eta gonekin dantzara atera zirenekoa Iurretan, San Migel eguna, Iurreta, 2018-09-29. Argazkiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA.

Iurreta San Migel 2018
Neskak prakekin eta gonekin dantzara atera zirenekoa Iurretan, San Migel eguna, Iurreta, 2018-09-29. Argazkiak: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA.

Naroa, zuk aurten lehen aldiz dantzatuko duzu Urrijenan. Nola ikusi izan duzu kanpotik?

Naroa: Daukat akordua azken Urrijenan nik nola ikusten nituen aita eta neba dantzan eta epoka horretan ikasten ari nintzen, eta orduan ikusten nuen inbidiarekin. Nahiz eta plazan dantzatu izan dudan, Urrijenan denekin batera egitea ezberdina da eta aurten egiteko oportunitatea daukat.

Antton Mari: Nik Urrijena barrutik bizi izan dut, baina aurrekari izan daitekeen saio bat aipatuko dizuet, mutiko nintzela gogoratzen dut eta ikaragarrizko zirrara izan zen. Aurten gara omentzekoa Juan Bizente Gallastegi abadea, Juanito lez ezaguna gure artean. 91 urte beteak behar ditu. Juanito abade egin berri Iurretara destinatu zuten eta hementxe abade etxean bizi izan zen, baina Oromiñoko beste auzo kofradia bateko ardura zeukan. Orduan Juanitoren ardura euskara, ohiturak indartzea izan zen, esate baterako Oromiñoko dantza taldea bultzatu zuen. Arriandin ere bazeuden, baina han ere makalik eta han ere bai. San Migel batzuetan Juanitok proposatu zuen talde bat baino gehiagok dantzatzea, nik 8-9 urte nituen eta ikusgarria izan zen, gaurko Urrijenaren antzera hiru taldek egin zuten: Oromiñokoek, Arriandikoek eta Iurretakoek. Iurretan hiru talde batera, eta mutil gazteak e! Orduan 20 urtetik beherakoak. Urrijenaren aurrekari lez hartu behar da ze haren eraginez Oromiñon hainbat talde sortu ziren eta Arriaundin ere bai eta Iurretan zeresanik ez. Aurten 17 izango gara, baina 30 talde ere ibili izan gara, hor dago ikusgarritasuna.

2024-10-12-Iurreta-Urrijena_IL_159_r.jpg
Maitane Totorika, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Naroa Jaio, Urrijena, Iurreta, 2024-10-12. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Maitane: Nire familian ere badaude beste dantzari batzuk. Aita dantzaria izan zen, nire neba ere bai. Gogoan dudana da plazara etorri eta neba Asier ikustera etortzea. Dantzariak, baina nire neba ere badago eta horrek ilusioa egiten du eta pentsatzen nuen “niri ere gustatuko litzaidake”. Niri beti gustatu izan zait euskal dantza, erromeriak, trikitixa, hemen Iurretan badaukagu buruko mina horrelako gauzekin eta pixka bat hori giro horretan ibili izan naiz.

Lehenengo Urrijena itzela izan zen, super polita, egun berezia da. Sanmigeleak ere bereziak dira, dantzari moduan gehiago, plazara irtetea momentu super polita izaten da bai bezperan, bai San Migel egunean, bai Errosario egunean. Harrotasunez bizi dugun jaiak dira da eta baita Urrijena ere. Gainera Iurretako jende askorekin batzea eta konturatzea badagoela jende bat ez nuela pentsatzen dantzaria denik eta izan da. Kuriosoa da nola konturatzen zaren ia denok edo maioria handi bat dantzaren parte izan dela. Adibidez bihar [Urrijena egunean] nire neba eta aitarekin partekatu behar dut plaza eta hori oso polita da. Inguruko familiak, ezagunak eta lagunak ere berdin. Naroan kasuan ere bai ez?

Naroa: Bai, gainera nik Amatzako taldearekin egin behar dut dantza, gure auzoko taldearekin. Beraz plazatik aparte taldean ere aitarekin egiten dut dantza.

Iurreta: Urrijena 2024
Amatzako taldea, Urrijena, Iurreta, 2024-10-12. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Antton Mari: Bueno, baimena neuk emanda e! Ni ere Amatzakoa naiz. Ni ere prest nago dantzan egiteko Amatzakoekin, baina bertan taldea badago ni erretiratu egingo naiz. Norbaitek debutatu egiten du, ez?

Naroa: Bai, Irati, Lorea eta Elenek egiten dute lehengoz dantzari-dantza.

Antton Mari: Gustatuko litzaidake Amatzarrekin egitea, baina beste talderen batean jendea falta da eta eurekin egin behar dut, baina Amatzarrek eurek osatuta dutelako. Hau da, nagusi izanda, horrekin kontzientzia izan dut, ez dut estorbu izan gura. Gu irtengo gara baina dantzariak neska-mutil hauek dira, lehentasuna beraiek dute. Nik Goiuriarrekin egin behar dut aurten eta pozik.

Iurreta: Urrijena 2024
Antton Mari Aldekoa-Otalora Goiuriarrekin, Urrijena, Iurreta, 2024-10-12. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Dantzari izatea Iurretan zerbait berezia da, ezta?

Antton Mari: Maitanek aipatu duen moduan dantzari-dantza Iurretako plazan egitea ikaragarria da. Egokitu zait Bilbon egitea, Donostian egitea, Donibanen, Durangon, Basaurin... baina dantzari-dantza sanmigeletan Iurretako plazan egitea da “sobresaliente cum laude”, txapela kentzekoa. Baduzue sentimendu hori zuek ere, ez?

Iurreta azken entsegua
Atzeko biak Naroa Jaio eta Maitane Totorika 2023ko sanmigeletako azken entseguan, Iurreta, 2023-09-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Maitane: Sanmigeletan galdetzen ziguten zer egiten duzue, entseatu asko edo zer da egiten duzuena horrela dantzatzeko? Eta nik esaten nien nire ustez ez da entsegu kontu bat da, bihotz kontu bat da ez? Bihotzarekin egiten dugulako irteten zaigula ondo edo jendeak ondo ikusten duela.

Antton Mari: Eta bihotzarekin egiten duzu Donostian eta Bakion...

Maitane: Baina Iurretakoa,"top one" edo zelan esaten da?

Antton Mari: Ingelesa dakite eta...

Iurreta: Urrijena 2024
Maitane Totorika bere taldearekin, Urrijena, Iurreta, 2024-10-12. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Iurretan dantzari izatearen harrotasun hori, ordea, belaunaldi berriek berdin sentitzen dute?

Naroa: Orain gutxitu da. Nik uste dut lehen horrelako herri txiki batean aukerak ez zirela hainbesterakoak eta dantzak bazeuden, ba orduan denok dantzetara. Orain ez dakit zenbat eskolaz kanpoko ekintza dauden, ez da horrenbeste etortzen, baina hala ere gu ere bagaude taldetxoa eta gazteak ere badatoz. Gustatzen zaionari etortzen da.

Ez dakit zer ematen duen, baina beste ekintza batzuk hemen Berrizen edo Durangon egon daitezke, baina Iurretako dantzak egitea da herrian dagoen zerbait eta herriarekin elkartzea eta herriko beste jendearekin eta beste belaunaldiekin eta hori agian kanpoko beste gauza batzuek ez dute hainbeste ematen.

Iurretako dantzariak
Maitane Totorika, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Naroa Jaio, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Gazteak nola ikusten dituzu Antton Mari?

Antton Mari: Buff... ikaragarri, gazteak ikaragarri, ikaragarri. Sanmigeletan horrela hegal batean anaia eta biok egon ginen. Anaia ere dantzaria, ni baino hobea, "que ya es decir", kar, kar, kar!Dantzari aparta zen bere garaian eta hori komentatzen egon ginen. Honek gure gurasoek eta ikusiko bazituzten... apartekoak dira, ez da lausengu eta zer esango dugu ba, arraza hobetzen doala, ba ez dakit, oso onak. Guk orduan munduko onenentzat geneukan gure burua, baina hauek apartekoak dira, benetan txapela kentzekoa, oso onak.

[Txapela kendu die bi gazteei]

Guk ere entseatzen genuen, baina beti ez genituen hemen hankak apurtzen. Orain txapela kendu espresioa ere galdu egin da, lehen txapela kentzen zitzaion merezi duenari, haren aurrean txapela kentzen zen. Eta justu hemen daude pieza bi, txapela kentzeko modukoak dira. Taldea ere, "cum laude".

Eta zuek, nola ikusten dituzue Antton Mari eta bere belaunaldikoak?

Naroa: Nik inoiz ez ditut ikusi talde moduan dantza egiten nagusi hauek, ikusi baditut ere ez daukat akordurik. Nik eskertzen dudana da belaunaldiz belaunaldi galdu ez den gauza bat izan dela eta beti egon dela nonor dantzan egiten erakusteko eta gazteagoei eurei gustatzen zaien hori pasatzeko.

Iurreta azken entsegua
2023ko sanmigeletako azken entseguaren aurretik herriko dantzraiak eta gazteak Donien Atxa altzatzen, Iurreta, 2023-09-28. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Maitane: Nik ikusi izan ditut bideoak zelan egiten zenuten dantzari-dantza. Aurrekoan ibili ginen ikusten 1985eko sanmigeletako irudiak zelan agertzen zinen zu Donien Atxa altxatzeko aginduak ematen, ezta? Ikustea oraindik ohitura horiek jarraitzen ditugula mantentzen eta uste dut zuei esker dela. Aurrekoek eutsi diozue horri gaurkoek ere aukera hori edukitzeko.

Antton Mari: Esaldi hori ere hor dago... harian etorri da. "Izan zirelako gara eta garelako izango dira".

Iurretako dantzariak
Naroa Jaio, Maitane Totorika, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Amaiur Aristi 1989ko Urrijenako irudiei begira. Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Garai bateko irudiak aipatzen hasita, momentu ezin hobea iruditu zaigu 1989ko Urrijenako irudiak erakusteko. Egun hauetan Txebi Arriagak argitaratuak, hain zuzen ere.

Antton Mari: Aurreskularia Jose Felix Zamalloa eta atzesku egiten gero ni nator. Hor ditut 38 bat urte edo... lehenengo Urrijenan egin genuen dantzan. Euritsua izan zen eta justu egun horretan dantzan ez nuen egin ze mikroan egon nintzen. Eta gero erregelak etorri ziren eta Iketza etorri zitzaidan, "hik ez dok egin dantzan eta egin sikiera zer edo zer orain". Zapategaz nengoen eta abarketa batzuk eta zuzendu eta gero atzesku egitea suertatu zitzaidan. Uste dut dotore egin nuela e! Hanka eta neska gazte hauek bezainbeste jaso barik, baina mugimenduak eta ikerak eta zuenak baino dotoreagoak dira.

Dantzari bakoitzak badu bere dantzatzeko modua, ezta?

Antton Mari: Gu dantzan edo irakasten genbiltzala konturatzen ginen zortzirok diferente egiten genuela. Era berean kanpotik begiratuta, a ze taldea. Zuen taldean ere pasatzen da. Diferente, baina talde moduan denek patroi bat jaso dute. Ni konturatzen nintzen diferentetxo egiten genuela eta hori da bakoitzak bere estiloa. Zutundu egingo naiz momentu batean.

[Zutitu eta dantzako mugimenduekin azalpenak ematen hasi da]

Iurretako dantzariak
Naroa Jaio, Maitane Totorika eta Antton Mari Aldekoa-Otalora. Antton Mari bilbotarrekin dantzakeraren inguruan izan zituen gorabeherak azaltzen. Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Banangoa egiten dago bat eta ni nago itxaroten eta irten egin behar dut. Etorri ziren zuen moduan batzuk grabatzen eta. Erdalduna ziren eta ni ikusi ondoren "hay que hacer asi". Eta nik esaten nuen "yo no hago eso". Ni ordura arte ez nintzen konturatu horrela egiten nuenik ere. Horrela egin behar da eta ez da egin behar, haiek grabatu ziguten gero erakusteko, bilbotarrak ziren eta agian talde denak makurtuta irtengo zuten, nik egiten dudan bezala. Dantzariok pertsonak gara eta pertsona bakoitzak daukagu gure abilidadeak eta gure ezinak. Nik ez nuen hori abilidadea, horrela irteten zitzaidan, besterik gabe. Gaur ere oraindik horretara irteten naiz.

Maitane: Dantzan ikasten dugu horrela, eta horrela egiten dira pausoak eta gero bakoitzak bere tokea ematen dio. Niri adibidez gustatzen zait asko gerria mugitzea dantzan nabilela. Aurrekoan esan zidaten ematen duela saltsa dantzatzen ari naizela. Agian behin dantza ikasten duzunean eta konfiantza hartzen duzunean gustatzen zaizu zure tokea ematea.

Iurretako dantzariak
Maitane Totorika, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Naroa Jaio, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Naroa: Hori ikusteko dantza bat izan ahal da banangoa. Egiten dugula denok zortzinango erdi, denok kanpotik ikusita egiten dugu igual, baina gero bakoitza irteten denean banangoa egiten ikusten duzue denok ez dugula horren berdin egiten, eta gero amaitzeko ere denok berdin izango balitz bezala.

Antton Mari: Egiten dugu ikasi dugun moduan eta horretara ikasi dugu eta seguru Naroak, Maitanek eta nik gauza bera ikasi dugula eta hori egitera irteten dugu, baina gero gorputza harantz doa edo gerria mugituz doa.

Naroa: Erregelak ere ikasi denok batera eta entseatzen dugu batera, berez pausoak zelan diren denok dakigu igual. Baina gero batzuk arintxoago egingo dute, beste batzuk astirotxoago, beste batzuk gerria gehiago, gutxiago. Bakoitzak gura duen berezitasuna ematen dio.

Antton Mari: Berak gura duena ez, bera konturatu barik. Norbera konturatu barik horretara trebatu da.

Iurretako dantzariak
Maitane Totorika, Antton Mari Aldekoa-Otalora eta Naroa Jaio, Iurreta, 2024-10-11. Argazkia. Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Orduan zer da oinarria eta zer da estilo kontua?

Naroa: Erregelatan guri erakusten dizkiguten bi pauso inportanteenak izaten dira jalgia eta pausoa eta erakusten dira horiek direla base moduan eta esaten da zelan egin. Erakusten duenak ere egiten du bere moduan, baina bueno... erakusten zaigu jalgia eta pausoa nola egiten diren eta gero ia hanka noiz bota behar den edo daude bariante batzuk. Gero ikasten duzuenean jalgia, pausoa eta zelan den dantza osoa gurata edo gura barik sartzen duzu zure modua, zuk dantzan egiteko daukazun estilo hori.

Maitane: Igual pauso bat arinago egingo duzu eta beste bat astiroago eta besteak alderantziz. Adibidez aurresku edo atzesku da momentua zu bakarrik ari zarena dantzan, orduan gustatzen zaizu zure erara egitea, ez? Badago oinarri bat dantza horretan eta denok dakizkigu pausu horiek, baina pausu horiek guztiek badaukate zelan pertsonalizatu. Batzuetan bakarrik irteten zaizu eta beste batzuetan agian esajeratu egiten duzu, gustatzen zait gerria mugitzea ba hemen esajeratuko dut. Jalgian gerria mugitu behar da, baina bakoitzak modu bat dauka gerria mugitzeko. Edo puntapioa botatzerakoan, ez? Hanka gora altxa behar duzu, bakoitzak ezberdin egiten du. Adibidez, Naroak flexibilitate handia dauka eta errazago altxatzen du. Igual beste batek ez daukana horrenbeste flexibilitate, ba indar gehiago egin behar du horretarako, orduan kostako zaio gehiago, agian denbora gehiago. Gero aurpegiak ere modu batera, bestera.

Antton Mari, aipatu duzu 1989ko Urrijena hartan dotore aritu zinela, zer da dotore aritzea?

Antton Mari: Maitanek aitatu du pixka bat. Nik ez dut egingo honen moduko puntapiorik eta ez da gutxiagorik ere, baina bai oinpuntetan dantzatze hori baneukan, eta badaukat oraindik ere, kar, kar, kar. Oinpuntetan dantzatzerakoan gerriarekin bazabiltza, gorputzarekin ere bazabiltza jokatzen, kontziente edo inkontziente.

Hizlari dotoreak dira hirurak, baina dantzaren dotorezia gorputzarekin ulertzen da ondoen. Beraz, altxa eta sokan ipintzeko eskatu diegu. Antton Marik zalantza egin du, Kameraren aurrean ez zaiola irtengo natural dio. Ahazteko kamerarekin esan diogu eta guk esaldia bukatzerako kantuan eta dantzan hasi da. 

Dokumentuaren akzioak