Dokumentuaren akzioak
Axuri Beltzaren 50. urteurrena ospatu dute Jaurrietan
Axuri Beltzaren 50. urteurrena. Juan Antonio Urbeltz eta Mertxe Ibañez ageri dira sokaren buruan, Jaurrieta bertako dantzariekin eta Elai Alaiko Rosi Lazaro eta Charo Caravias-ekin batera. Jaurrieta, 2019-05-04. Argazkia: Jose Luis Lopez 'Fiti'
Jaurrietako Axuri Beltza dantza berreskuratu zela berrogeita hamar direla ospatu dute Jaurrietan bertan. Jaurrietako museo etnografikoaren inaugurazio eta dantzaren berreskurapenaren urteurrenak bat egin dute pasa den larunbatean. Axuri Beltza dantzari buruzko informazioak eta irudiek protagonismoa dute museoan berrian, herria suntsitu zuen sutearekin eta patataren laborantzarekin batera. Museo berriaren inaugurazioa bera Axuri Beltza dantzarekin berarekin abiatu da.
50 urte Axuri Beltza estreinatu zela
Berrogeita hamar urte dira Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik Jaurrietan galduta zegoen dantza birsortu zutela. Zenbait hilabetez ikerketa eta berreskurapen lanetan aritu ondoren, 1969ko maiatzaren 4an estreinatu zuen Argia dantza taldeak Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Estreinaldi horretan Argiako Mertxe Ibañezek abiatu zuen soka eta berrogeita hamar urteren ondoren berriro berak abiatu du Axuri Beltzaren dantza Jaurrietan. Herriko dantzariak, Jaurrieta bertakoak izan ditu berarekin sokan, eta baita Portugaleteko Elai Alai dantza taldeko Rosi Lazaro eta Charo Caravias ere. Izan ere, Elai Alaiko dantzari horiek erakutsi zieten Jaurrietako neskei dantza orain 32 urte. 1987ko maiatzaren 2an Jaurrietako plazan dantzatu zuten bertako herritarrek lehen aldiz. Juan Antonio Urbeltz ere ekitaldian izan da eta dantzaren bukaeran sokan dantzatu du emakumeekin batera. Sokan irten dira denak batera plazatik eta horrela sartu dira erakusketara.
Erakusketan Jaurrietako dantzaren historia jaso nahi izan da. Besteak beste, dantza irudi zaharrak, Juan Antonio Urbeltzen eta Marian Arregiren argazkiak eta ikerketa lanaren nondik norakoak, dantzarien jantziak eta bitxiak eta Marian Arregiren esku soinua daude erakusgai.
Plazan Axuri Beltza dantzatzearekin batera, Jaurrietako alkateak eta herriko bi neskek hartu zuten hitza. Arregiren eta Urbeltzen lana eskertu eta Elai Alaiko dantzariak eta Juan Antonio Urbeltz omendu zituzten. Urbeltzek oso hunkituta hitz egin zuen eta esan zuen Jaurrieta bezalako herri txiki batek harro egoteko arrazoiak dituela, bertako dantza Euskal Herri osoan eta munduan zehar ere ezaguna baita. Ekitaldiaren ondoren, berriro dantzara animatu ziren hainbat neska; tartean Jaurrietara hurbildu ziren Argiako zenbait dantzari. Musikarekin, dantzan eta mokadutxoaren laguntzarekin amaitu zuten ospakizuna.
Axuri Beltza berpiztu zuten
Juan Antonio Urbeltzek eta Marian Arregik Jaurrieta herrian kantuz ematen zen dantza baten berri izan zuten 1967. urtean. Jaurrietan, ohean zen adineko emakume batekin egon ziren, doinua gogoratzen zuen, baina asko gehiagorik ez. Azkuek bildutakoa baliatu dantza osatzeko; Baztango mutil-dantzetako hiru-puntukoaren urratsak eta Zuberoako dantza-jauzietakoak baliatu zituzten dantza osatzeko. Lekarozko Zikiro beltza izeneko doinua baliatu zuten hasiera eta bukaeran soka-dantza dotorean egiteko.
Arropari dagokionez, Zaraitzu ibarreko emakumezkoen jantzi dotoreak erabili zituzten. Horretarako etxez etxe ibili ziren, gordeta zeuden jantziak jaso eta berriak birmoldatzeko. Ondoren Donostiako moja batzuek josi zituzten.
Dokumentuaren akzioak