Dokumentuaren akzioak
Zeraingo dantza-soka: beste behin ere herritar sentitu naiz
Lainorik ez eta eguzkia bero, uda-giro beteko eguna da. Oso garaiz iritsi naiz, oraindik apenas dagoen inor. Baina nik azkeneko aldiz pauso guztiak errepasatu nahi ditut. Baldar samarra naiz eta badakit ez naizela honetarako egina, baina behintzat hurrenkera ondo eraman eta zerbait duina egin nahi dut. Neure buruari hitz eman diot lehenengoa eta azkena izango dela! Udalean jende gehiago ere badela eta ez daukadala hau nik zertan eginik! Oraintxe bazkal ondoan egoteagatik...
Hasi da jendea inguratzen. Batzuk lasai datoz, urteetako esperientzia baitaukate altzoan; beste batzuei, berriz, barre xirria atzematen zaie ezpainetan, konplizitatearen seinale ziurrenik; eta tartean badira animoak emanaz datozenak ere, noski, inork ere ez luke gure tokian egon nahi. Amaitu da meza ere eta jendea plazan pilatzen hasi da. Geroz eta gutxiago falta da. Denok ote gauden begiratu, beharreko zapi guztiak ditugula ziurtatu eta borobilean elkartu gara Jexux Mari Garate maisuaren bueltan. Behin eta berriz esan digu ondo egingo dugula eta lasai egoteko. Baina une honetan hitzik baikorrenak ere ez dira nahikoa. Alkatea alkate-makilarekin aurretik dugula, elkarri eskutik heldu, eta txistulariak lagun, plazara abiatu gara sokan.
Jendea zain dago, elkarrekin kontutan eta irribarrez. Harrera ezin hobea egin digute, eta guri ere jarrera berarekin erantzutea dagokigu. Ezin gara orain kikildu. Bekoki beltzari agur esan, ahalik eta tenteen jarri, bularra atera eta irribarre egin dut. Beste urte batez ere, Zeraingo dantza-soka atera da.
Plaza bueltan, batzuk eserita eta besteak zutik, herritar mordoxka elkartu da. "Hauek ez dute gaizki egingo, baina garai batekoak ere ez ziren txarragoak", esan dio Joxe Alustizak emazte Ines Etxaluzeri pretilean eserita dauden tokian. "Juan eta Joxe Migel behintzat dantzari dotoreak ziren", erantzun dio honek. Gerra aurreko kontuez ari dira. Joxek ondo gogoan du bera mutiko zela nola San Roke egunez soka ateratzen zuten herriko plazan. Otatza Goiko Juan Mendizabal Otatxa-k eta Otatza Beheko Joxe Migel Iparragirre Otatza-k ateratzen zuten soka: "Urte askoan atera zuten. Artzainak ziren biak eta Urbian egoten ziren artzain. Andra Mari festetan Urbitik etortzen ziren, sasoiko mutilak, eta Zeraingo plazan soka ateratzen zuten San Roke egunez. Haiek ez zeukaten Udalarekin zerikusirik. Orduan Udala ez zen ezertara sartzen. Herriko dantzaririk onentxoenak ziren eta jendea zain egoten zen haiek ikusteko. Neska eta mutil, jendea sailean ekartzen zuten sokan, painueloarekin, noski, orduan ez zeukaten-eta neskak eta mutilek eskurik ematerik. Orain baino korro handiagoa ateratzen zuten", gogoratu du Joxek.
Eta orduko herriko plaza irudikatu du: zoruan lurra, bola-tokia alderdi batean eta, orain bezalaxe, artea erdi-erdian. Azpian Juan eta Joxe Migel, ttunttuna lagun, elkarri sueltoan dantzan: "Haiek ez zioten orain bezala beste inori egiten dantza, sueltoan egiten zuten elkarrekin. Gero, esku-bueltak eta besoaren azpitik pasatzeak ere egin ohi zituzten, baina ez zuen gaur haina jendek egiten dantza. Hasieran biek bakarrik egiten zuten. Beste norbaiti ikusita ikasiko zuten ziurrenik. Haiek dantzaldia hasten zuten, dantza ireki. Bikote mordoa ateratzen zuten sokan. Badakizu gustokontxoen zutena aukeratu eta... lehenik korroan denek sueltoan egiten zuten eta gero bikoteka fandango eta arin-arinak eta bazkaltzerako etxera joaten ginen denak", jarraitu du Joxek lehengo kontuak oroitzen.
Plazaren beste aldean dago Joxe Mari Etxaluze. Gaurko sokari begira, bera sokan ateratzen zenekoa etorri zaio gogora. Gainerako tokietan bezala, gerra garaian eta gerra ondoko lehen urteetan ez zen dantza eta festarako girorik Zerainen. Baina gerra amaitu eta urte gutxira, atzera Juan eta Joxe Migel bi artzainak hasi ziren San Roke egunez soka ateratzen: "43an behintzat, Joxe Mari Alustiza alkate zela, haiek egin zuten dantza Urbian artzain zeuden tokitik etorrita. Juan aurresku eta Joxe Migel atzesku. Nik 6 urte besterik ez nituen, baina gogoan dut. Hura izango zen gerra ondorengo lehenengoa. Eta tartean beste bi ibiltzen ziren neskak ateratzen. Bat behintzat Enrique Alustiza Untsulategikoa. Dantza egiten zieten ateratzen zituzten neskei. Jende artean zegoen neska bat ateratzen zuten, ezagunena edo amistadea zutena edo politena edo... eta aurreskua dantzatzen zieten. Bi artzainek bakarrik egiten zuten aurresku osoa, eta besteek neska bila joaten zirenean hanka jaso eta erreberentzia moduko bat egiten zuten. Gero soka osatu eta denek dantza egiten zuten sueltoan bueltan jarrita eta handik aurrera dantza irekitzen zen bazkaldu artean".
Baina inor ez da betiko. 1960 inguruan beste belaunaldi baten txanda iritsi zen. Juan Mendizabal eta Joxe Migelek Iparragirrek 53 ingurura arte atera zuten soka eta gero beste batzuk hasi ziren. "Ni ere urteren batean tartean soka osatzeko aterata nago. Baina hor aurresku eta atzesku aritzeko abilentxoenak Ganbaratxoko Inaxio Alustiza, eta geroago, Txomin Alustiza ziren. Guk besteok ez genekien dantzan. Baina soka osatzeko borondatea zuen edonor ateratzen zen, kopuru jakinik gabe", argitu du Joxe Marik.
Sokan noiz aterako duten zain dago Antton Alustiza. 2001eko hartan baino ondotxoz lasaiago. 1966 urte inguruan azkenekoz egin zenetik, urte luzean Zeraingo plazan ez da ikusi dantza-sokarik. 1990eko hamarraldian Ikerfolk elkartea (Urbeltz buru zuela) Goierriko udal guztiekin bildu zen dantza-soka martxan jarriz. Zerainen 1996ko urriaren 7an egin zuten bilera, Antonio Gartzia alkatea eta Jexux Intxausti kultura zinegotziarekin. Baina bilera haiek bere hartan geratu ziren. Geroztik, festa inguruan, urtero ateratzen zen dantza-soka berreskuratzearen kontua, baina beti hurrengo urterako uzten zen. Azkenik, 2001. urtean Antton Alustiza alkate zela, Andoitz Telleria zinegotziak eta biek egin zituzten aurresku eta atzesku lanak Zeraingo lehen agintarien soka-dantzan.
Txistua jotzen ari da Joxe Mari Telleria. Jexux Mari Garateri begiratu dio. Ahal duen moduan, atzeskuari aginduak ematen ari zaio. "Eskerrak berari, gainontzean hemen ez zuen inork pauso bat bera ere ikasiko" pentsatu du Joxe Marik. Bera jarri zen Jexux Mari Garaterekin kontaktuan dantza-soka herrian berreskuratzeko, eta ahaleginak eman ditu emaitzak.
2001eko eta 2002ko San Roke egunez Antton Alustiza eta Andoitz Telleriak dantza egin ostean, ordea, Udala aldatu zen eta aurresku eta atzesku lanak egiteko inor prest ez zegoenez, lau urtez ez zen Zerainen sokarik atera. Hurrena, 2008an Ion Muñoa eta Aitziber Makatzaga, Udaleko kideak biak, atera ziren aurresku eta atzesku. Kontzienteki inoiz horretan pentsatu gabe eta naturaltasun osoz, Aitziber Makatzaga izan zen Zeraingo sokan gidari lanetan aterako lehen emakumea. Gaur berari egingo diote dantza. Kasik berak dantza egin behar izan duenetan baino urduriago dago, baina aldi berean pozik, beste urte batez ere soka osatu ahal izan delako Zerainen San Roke egunez: "2008az geroztik urtero atera da dantza-soka. Ea, bada, urte luzez eusten diogun", pentsatu du bere arterako.
Korroan jarrita fandangoa eta arin-arina egin eta sokan plazatik ateratzen hasi gara. Jendearen txalo zaparrada entzun dut eta oihuren bat ere bai tartean. A zer nolako lasaitua. Irribarrez noa eskaileretan behera, eta oraingoa benetakoa da, pozik nago. Azken urteetan herriko festetan indarra hartuz doan ekintza baten parte izan naiz, taldeko sentitu naiz, gure komunitateko kide, zeraindar. Ziurrenik ez diot hain erraz uko egingo hurrengo urtean sokan ateratzeari!
Dokumentuaren akzioak
Bestalde, bagenituen Juan eta Joxe Migelen dantzarako abileziak beste iturrietatik jasoak, baina ondo datozkigu berriemaile hauen datuak ere.
Animo hurrengoetarako eta mila esker berriz ere.
Bada argazkietan kontu bat atentzioa deitu didana. Bi urte desberdinetako argazkietan Jesus Mari Garate dantzarien ondo ondoan ageri da, dantza bertatik bertara jarraitzen. Garai bateko argazkiak gogorarazi dizkit, Jose Lorenzo Pujana dantzari taldea eszenatoki bertatik zuzentzen erakusten duten horietakoa. Ordiziako Santaneroen esku-dantzan ere, irakasle aritzen direnak (Enrike Lacalle, Joseba Juarez eta Gurutz Ojanguren adibidez) ikusi izan ditut dantza oso gertutik jarraitzen eta laguntzen, baina makurtuta gehienetan. Zeraingo honetan, dantza-irakaslea tente-tente ageri da dantzarien ondoan, ensaioa izango balitz bezala, baina saioa bera da.
Horrelako beste adibiderik, dantza-maisua dantzaldian bertan zuzentzen aritzen denik inork?
Garai berriotan, gure inguruko (Goierri) dantza-soketan funtzio hori betetzen duen maisuaren irudi hori askotan ikusten da, betiere sokan parte hartzen dutenak dantzari adituak ez direnean:
- direla Haurrak: Beasaingo argazki ederra daukagu Joxe Sarriegirena https://picasaweb.google.com/[…]/Loinatzak#5797434351058348706)
- edo agintariak: geuk sokan parte hartzen ez dugunean, inguruan egoten gara beharrezko laguntza emateko; ni neu nago aurtengo agintarien dantza-sokaren ezkerraldean: https://picasaweb.google.co[…]vcHXrwE#5752425809362853314)
- edo puntualki egiten dutenak: Ordiziako santanazaleen esku-dantzakoak.
- Mikel Arrese dantza-maisuak ere egiten omen zuen Zaldibian soka ateratzen zutenean.
Egia da, modu "diskretuagoan" egiten dela, publiko artean disimulaturik edota sokaren kanpoaldetik. Esate baterako, Xabier Sarriegi Joxeren semeak sokaren kanpoaldetik zaintzen ditu gaur egun haurrak, edo Enrike Lakalle santazaleetan albo batean egoten da: http://www.dantzan.com/[…]/image_large), eta badauka bere justifikazioa, soka-dantza baten protokoloak bere korapilotasuna bait dauka, eta ez da erraza unean uneko ordena eta irudiak gogoan hartzea.
Goierritik kanpo, orain gutxi ikusteko aukera izan dugun Barteko aurreskuan ere, gogoan dut bertatik bertara ikusi genuenean, bazela dantzatzen zutenak baina zaharragoa zen pertsona bat soka inguruan momentuoro hurrengoan zein aldaera zetorren adierazten aritu zena. Itxuru osoa zuen, adinez aurrera zegoelako dantzatzeko gauza ez, baina ohitura zuzen mantentzeko lanak hartuak zituela. Fijatu zaitezte aurtengo grabaketan txistularien ondoan dagoen alkandora urdindun horretan! horretxek ematen ditu adierazpideak dantza guztian zehar!
http://www.dantzan.com/[…]/hermua-barteko-aurreskua-2012
Pujanarenak makina bat daude horrelakoak:
http://www.dantzan.com/[…]/1942-08-29_Tolosa-Pujana-1015557_o.jpg
Egia da Bartekoa ere bai, konturatu gabe nengoen!
Mila esker!!