Dokumentuaren akzioak
Baina... zer da dantza tradizional bat?
Batetik krisiaz hitzegiten da, baina bestetik, balantza orekatzeko beharra duen mekanismo bat balego bezala, zenbait jarrera defendatzen dira, horretan diharduten jende kopuruak babestuta, edo besteak beste, gure inguruko zein urruneko herrialdeetako ereduak baliatuta. Zenbait planteamenduri ez zaio arrazoirik falta, baina orokortasunen azpian ikuspegi oso partikularistak aurkezten dira.
Baina talde bakoitzaren egituratze eta funtzionamendua alde batera utzita, jar dezagun arreta hitz eta kontzeptuen erabileran, irizpideak ia norbanakoarenak izaten baitira maiz eta sentimientuekin lotuta agertzen baitira.
Honenbestez, agerian sinple, baina barnean konplexua den alor batera hurbilduko gara, are gehiago gizartearen zati bat egungo egituraren oinarrizko osagai honi buruz nolako arinkeriaz aritzen den ikusita. Baina, zertaz ari gara hizketan? Zer da dantza tradizional bat? Gai hori ikuspuntu tekniko eta funtzional batetik egiterakoan, geure buruari galde diezaiokegu: dantza edo folklore talde batek, plaza, oholtza edo antzoki batean egiten duen edozein dantza? Galderak duen zehaztazun urriak, erantzun erlatibo bat ekarri digu ondoriotzat, noski. Akaso horren bila genbiltzan.
Kontzeptuak definitzen
Goazen atalez atal ikustera. Dantza hitza definitu eta mamitzen duena "tradizional" kontzeptuak ematen dion zentzua da, eta hori erabateko antzekotasuna eta desberdintasun txiki baten artean egon daiteke. Alde batetik, herri mailan ulertzen dena: "tradizioak agintzen du", "betidanik ezagutzen dut, horregatik da tradizionala", "tradizioa da, betidanik egiten delako", "tradizionala da herriak barneratu duelako", e.a. Bestetik, RAE-n (Real Academia Española) arauek diotena, edo gutxienez 1739an, hiztegi horretan lehen aldiz agertu zenean bertan zioena:
Noticia de alguna cosa antigua, que se difunde de padres a hijos, y se comunica por relación sucesiva de unos a otros. | [Antzinako gauzaren baten albistea, gurasoengandik seme-alabengana hedatzen dena, eta batzuengandik besteengana oinordeko harreman bidez komunikatzen dena.] |
Oraindik argitaratzeke dagoen hiztegi horren hogeita hirugarren edizioan, kontzeptu sorta zehatz eta eguneratuagoak jaso dira:
Transmisión de noticias, composiciones literarias, doctrinas, ritos, costumbres, etc., hecha de generación en generación. / 2. Noticia de un hecho antiguo transmitida de este modo. / 3. Doctrina, costumbre, etc., conservada en un pueblo por transmisión de padres a hijos. / 4. Elaboración literaria, en prosa o verso, de un suceso transmitido por tradición oral (...) | [Belaunaldiz belaunaldi egindako albisteen, literatur sorkuntzen, doktrinen, erritoen, ohituren eta abarren transmisioa. / 2. Modu honetan transmititu den antzinako gertaera baten albistea. / 3. Herri batean gurasoengandik seme-alabetara transmitituz gorde den doktrina, ohitura, e.a. /4. Ahozko tradizioz transmititu den gertaera baten prosa edo bertso erako literatur lana (...)] |
Edozein hizkuntzaren aberastasunak eskaintzen digun laguntza eskergaitzaren erakusgarri hau agertu ondoren, eta zenbait kasutan esanahai parekoa duen “ohitura” bezalako beste kontzeptu baten inguruan jardutera sartu gabe, ondoko iruzkinak egin ditzakegu:
a) Nabarmena da denbora markoaren anbiguotasuna, bukaerarik gabeko eztabaida sortzen duena. ¿Zein da dantza bat tradizionala dela erabakitzeko gutxieneko denbora (urtetan neurtua)?
b) Jatorriaren formulari buruz, irizpideak ezartzeko arazoak daude jatorri ezaguna edo ezezaguna den kontuan hartuta, eta mendetan funtzionatzen duten sormen, birsortze, berregite eta abarren arabera.
c) Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa hein handi batean galduta, ezagutzen transferentzian erabilitako beste moduen gaineko balorazioa geratzen zaigu.
Zalantzarik gabe partikularitatea, jatorri geografikoa eta bestelako osagaiek ez dute jatorria zehazten. Hautatu beharraren aurrean aurkitzen gara, guztiari zentzua bilatzeko gizakiaren baitako jarrera, eta horretarako ahalegin guztiak egingo ditugu gehien interesatzen zaigun esparrua defendatzeko.
Osagai bakoitza asmakizun bat da, baita dantza tradizionalean ere, denboran barrena itsatsita eraman behar duen etiketa,
baina irizpide ilun batean oinarritua. Hau esanik, sustraia ezagutzenez bazaio behintzat, eta baita hala balitz ere, edozein tradizio eusten duena jaso eta erakusten duen prozesu historikoa da. Alegia, zerbait tradizionaltzat hartua izan dadin, neurri handiago edo txikiagoan, aldaketa jasaten joan da bere ibilbidean. Beste kontu bat da, dagoen informazio eta dokumentazioaren arabera, gertatu den transformazioa zehaztea, zenbaitetan, portzentaje erlatibo batean finkatu genezakeena.
egiten (2002. urtea). Arg.: Emilio Xabier Dueñas.
Eta dantzari dagokionean tradizional hitza erabiltzen dugunez gero, zertarako defendatzen dugu norbanako mailan oinarrizko irizpide eta ezagutzarik gabe? Kontuan hartu behar da hitzak, gauzak eta izenak bere erabileraren ondorio direla, eta ez alderantziz. Alegia, defendatutako oinarrien arabera dantza tradizionala da edo ez da tradizionala, garaikidea da ala ez da, dantza da edo ez da, baina baita kritiko ororen jarrera sendotik ere. Tamalez edo zortez, dantza izan da, da eta izango da neurri handi batean, bakoitzak (dantzari, ikertzaile, dibulgatzaile, irakasle, e.a.) zehazten duenaren araberakoa, eta ez dantza berak erakutsi eta eskaini dezakeenaren araberakoa; horixe baita edozein adierazpen formaren ezaugarri eta helburua, eta arau malgutasunaren ondorioa.
Tradizioaren galera
Horrek gutxienez XIX. mendearen hasieratik, Iztuetarekin, gero Aranzadirekin, eta XX. mendean ere bai, modu zabalean eztabaidatutako auziarekin bat egitera garamatza: tradizioaren galera, eta ondorioz, dantza tradizionalaren galera. Egia bada ere besteak beste industrializazioa, immigrazioa, gerrak eta gehiago edo gutxiago eragin duten beste gertaera batzuk direla medio ohitura multzo handi bat XX. mendearen hasieratik lurruntzen joan direla, zenbait alderdi eraldatzen joan dira iraun ahal izateko: aukera erabat onargarria iragan hurbil zein urrunetik datorren edozein osagairen kontserbaziorako. Une zehatz batean zerbait berri eta modakotzat ulertu zena, denboraren poderioz "tradizional" bihurtu da.
Ez nuke alor honen beste alderdia lardaskatu gabe bukatu nahi, modu zurrun batean bere baitan itxita, irudi erabat interesatua hedatuz, gorantz doazen eztabaidekin eta ardurarik gabe dagoen alderdia. Merkatura bideratzen den edozein produkturekin bezala, zuzenean edo zeharka, konzienteki ala oharkabean eragindako desitxuratzea aipatu behar da, erantzuteko erakutsitako gaitasun urriarekin, baina ez horregatik konponezina, etorkizun hurbilean behintzat.
Dokumentuaren akzioak