Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zenbait galdera Bateleren dantzaren inguruan

Dokumentuaren akzioak

Zenbait galdera Bateleren dantzaren inguruan

2013/02/01 12:35

Pasai Donibaneko bateleren dantza Maria Elena Arizmendik, euskal dantza eta jantzien ikertzaile izandakoak eta Vascos y Trajes liburuki mardul eta aberatsak egin zituenak sortu zuen. Bateleren dantza sortzeko, XIX. mendean, Pasaian, badia zeharkatzen zuten txalupak izan zituen gogoan. Emakume arraunlariak aritzen ziren bi Pasaien arteko joan-etorriak txalupetan egiten, eta festetan arraunekin dantza egiteko ohitura omen zuten. Hainbat idazle eta bidaiarik eman izan dituzten Pasaiako Bateleren testigantzak.

Datu horietan inspiratuta sortu zuen bateleren dantza Maria Elena Arizmendik 1960ko hamarkadan. Koreografia egiteko Pablo Sorozabali eskatu zion musika. Honek, txistularien errepertorioko zortziko bat armonizatu zuen eta horrekin prestatu zuten dantza. Arizmendik berak sortu zuen Izarti dantza taldea Donostian, emakumez osatutako dantza taldeak estreinatu zuen dantza, Isidro Ansorena eta Donostiako txistulari bandaren laguntzarekin.

Baina ordutik mende erdi pasa da, eta gaur egun Maria Elena Arizmendik sortu zuen dantza horrek hainbat bide desberdin jorratu ditu. Pasaiako Alkartasuna dantza taldekoek jatorrizko bertsioa ikasi nahi dute, eta horregatik plazaratu dute galdera. Zuen taldean dantzatzen duzue Bateleren dantza? Noiztik? Norekin eta noiz ikasi zenuten? Ea dantza honen bilakaera haria aurkitzen dugun. Bestela, Arantxa Gurmendi eta Izarti dantza taldeko dantzari izan zirenekin saiatu daitezke Alkartasunako kideak, ea oroitzen ote duten nola dantzatzen zuten.

Aurretik ere aritu gara honetaz

Erantzunetan Aritz-ek gogorarazi digunez aurretik aritu izan gara gai honetaz <dantzan> posta zerrendan. 2004. urtean Jon Mayak azaldu zuen Errenterian Maite Egigurenek egindako koreografia dantzatzen zutela: "Hemen, Errenteria-Oreretan, Ereintza Dantza Taldekook normalean koreografia hori dantzatzen dugu gure emanaldietan. Guk dantzatzen dugun koreografia Maite Egigurenek egin zuen, Euskal HErrira itzuli eta gurean eskolak ematen hasi zen garaian, eta orain ere hark prestatutako hura erabiltzen dugu. Hala ere, badakit beste zenbait taldek dantzatzen dutela, eta gurearen ezberdina dela.

Hortik pare bat urtera Itxartu dantza taldeko Xabik galdetu zuen ea bateleren dantzak ba ote zuen kantatzeko letrarik. Ortzadar taldetik Mikel Lasartek azaldu zuen Ortzadar taldeak 1996an egindako moldaketa batean hasi zirela bateleren dantza "Itxasoa laino dago" kantarekin ematen. Karlos Irujok argitu zuenez Ortzadarrekoak Maria Elena Arizmendirekin harremanetan izan ziren eta hainbat azalpen jaso zituzten dantzari buruz: "Nik dakidanez Batelerak dantza Elena de Arizmendik berak asmatu eta taularatu zuen, berak esan zigun bezala. Iruñeko Ortzadar taldeko beste bi kiderekin elkartu ginen duela ez dakit zenbat urte (ez asko, bera hil baino urte bat lehenago) eta azalpen hauek eta beste batzuk eman zizkigun."

Dokumentuaren akzioak

2013/02/01 13:01
Behin baino gehiagotan gai bera edo antzekoa izan da solasgai dantzan.com-eko foroan:

Dantzaren jaotorriaren berari buruzko dudak: http://comments.gmane.org/[…]/1132
Bateleren dantzaren doinuak letrarik ba ote zuen: http://article.gmane.org/[…]/match=batelerak
Karlos Irujok emandako azalpen interesgarri batzuk ere: http://article.gmane.org/[…]/match=batelerak

Argigarri izan daitezkeelakoan...
2013/02/04 10:19
Mila esker Aritz! Artikulu nagusian gehituko ditugu kontu horiek, ez dagigun berriz ere ahanztura etorri...

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.