Dokumentuaren akzioak
Zapatain-dantza, zapatarien polka Euskal Herrian eta Europan
Lehen bideo honetan Argia dantzari taldea ageri da zapatain-dantza egiten. 1981ean Donostian egindako emanaldi batean hartutako irudiak dira. Argia dantzari taldeak Lapurdiko inauterietako dantzak berreskuratu eta berregin zituenean zapatain-dantza ere jaso zuen. Aita Donostiak ematen dituen argibideetatik abiatuta berrosatu zuten dantza.
Datorren bideoan, berriz, 2011ko inauterietako irudiak ditugu, Beskoitzen Oinak Arin dantza taldeko kideak zapatain-dantza dantzatzen ageri zaizkigu.
Violet Alford-ek Lapurdin, Ainhoan jaso zuen dantza hau 1929an, eta Aita Donostiak horren berri eman zuen bost urte beranduago. Hauxe da Violet Alford-ek jasotako dantzaren eskema:
Dantzariak lurrean eserita zapatarien moduan. A1 1. Eskuin eskuko hatz-erakuslea kopetan igurtzi. 2.Berriz ere berdina eskuin eskuko hatz-erakuslearekin. 3 eta 4. Zulatzeko keinua egiten da. 5. Haria zulotik pasatzen da. 6. Haritik indarrarekin tiratzen da. 7. Eskuin hatz erakuslea galtzaren gainean igurtzitzen da. 8. Ezker hatz erakuslea galtzaren gainean igurtzitzen da. 9 eta 10. Haria txirikordatzen da. 11. Korapilo bat egiten da indarrarekin. 12. Haritik fuerte tiratzen da. A2 Berriro hasten da A1-rekin. Zutik jartzen dira konpasaren azken zatian, 6.zenbakian. 1. Polka pausoa aurrerantza (balantza handiak aske dagoen hankarekin). 2. Polka pausoa buelta osoan. 3 eta 4. Polka pausoa aurrerantza. Konpasa markatu mailuaren kolpeak eskuarekin imitatuz, ukabil batek beste eskuan joz. 5tik 8ra. 1tik-4ra berriro hasten da. Zenbaki hauek konpasei dagokienak dira. Ref. "Yakintza". n. 1. (1933).
Ondoren, Jean-Michel Guilcher etnologoak 1984. urtean "La Tradition de danse en Béarn et Pays basque français" liburuan argitaratu zuen Uztaritzen eta Luzaiden jasotako Zapatain-dantza edo zapatari-dantzaren inguruko informazioa. Jean-Michel Guilcherrek ondokoa dio bere liburuan zapatain-dantzari buruz:
"Zapatari-dantza hau, gaur egun, ahaztua dago. Guk, ordea, dantza honen oroitzapen zuzen bat jasotzerik izan dugu Uztaritze eta Luzaiden, non dantza honen informatzaile zaharrenek dioten zapatain-dantza 1900 urte inguruan galdu zela. Alduden eta Zalgize-Donezteben ere entzuna zuten aurreko belaunaldietakoek hau dantzatzen zutela. Aita Donostiak 1933. urtean ere argitaratu zuen zehatz azalduta Violet Alfordek Ainhoa herrian jasotako dantza honen bertsio bat. Izatez, gauetan, ezkontzetan, aterpetxetako bileretan egiten zen joko-dantza bat da.
Dantzariak hankak gurutzatuta dituztela lurrean esertzen dira. Melodiaren A zatian, zapatarien laneko mugimenduak errepikatzen dituzte: Larrua perforatzen da, alanbre bat zulotik pasa, zirgatu, korapiloak, eta abar. B zatian, dantzariak zutik daudela, polkaren urratsekin mugitzen dira, noizbehinkza buelta emanaz eta eskuin ukabila ezker eskua joz mailuaren mugimenduak imitatuz. Laburpen hau Violet Alfordek jasotako informazioan aurkitzen da".
Europa osoan zehar oso ohikoak dira lanbideen inguruko dantzak, eta noski, zapatain-dantza ere aurkitu daiteke. Tirolen eta Thierseen (Austria) adibidez. Schustertanz dute izena, adibidez, Tirol eta Thierseen egiten direnek. Schusterrek, zapatari esan nahi du alemanieraz. Tanz-ek, aldiz, dantza. Hortaz, izen bera geurearen berdina da, baina, alemanieraz, zapatain-dantza. Bestalde, kontuan hartzekoa da Violet Alford-ek deskribatutako zapatain-dantza polka erara dantzatzen dela, eta zehazki aipatzen du hori, eta Austriako zapatari-dantza hauek ere polkak dira.
Dokumentuaren akzioak