Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Martin Zalakain Argentinan euskal diasporaren eskutik

Dokumentuaren akzioak

Martin Zalakain Argentinan euskal diasporaren eskutik

2025/10/21 09:25
Martin Zalakain Argentinan euskal diasporaren eskutik

Martin Zalakain, Argia.

Martin Zalakain dantza tradizionaleko ikuskizunaren egokitzapena eta moldaketa argentinar dantza taldeek Tandileko 2025eko Euskal Astean eskainiko dute. “Argentinako dantza taldeen zuzendarien taldean planteatu zen Euskal Aste Nazionaleko dantza emanaldiko orain arteko ereduari buelta bat eman behar zitzaiola eta Zalakain niretzat horretarako zubia izan da”, azaldu digu Sara Urbieta Tandil-eko Gure Etxeko dantza taldeko zuzendariak.

Urbietak egindako proposamen- eskaerari erantzunez, Argia dantzari taldeak hainbat hilabete daramatza Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean prestatu zen Martin Zalakain ikuskizuna Argentina eta Uruguaiko dantza taldeen behar eta ezaugarrietara egokitzen, koreografia, musika, antzerki eta jantziteria azaltzen, transmititzen eta osatzen laguntzen. Ikuskizuna Argentinako Tandil hirian ospatuko den Euskal Astean, 2025ko azaroaren 1ean, aurkeztuko da.

Datozen egunetan Argia dantzari taldeko musikari eta dantza maisu-maistra taldetxoa bat Argentinara joango da argentinarrei laguntzera; tartean da Jexux Larrea, “proiektu polita zela ikusi genuen, erronka berri bat. Ausartak izan ginen hemen Zalakain plazaratzearekin, ba zeresanik ez Argentinan”. Astebetez ibiliko dira hainbat hiritan toki bakoitzeko taldeekin entseguak egiten eta azken egunetan Tandilen batuko dira denak batera azken prestaketetarako.

Zalakain Argentinan
Martin Zalakain ikuskizuna prestatzen Argentinan, Tandil.

Euskal astean diasporan dantzak duen indarraren erakusgarri bertako taldeen dantza emanaldia izan ohi da ekitaldia garrantzitsuenetakoa, aurten argentinarrek dantzaturiko Martin Zalakain ikuskizuna, baina aste osoko egitarau zabala antolatu dute; besteak beste, Zetak-en kontzertua, Aitzindariak taldearen emanaldia, erromeriak, hitzaldiak, liburu aurkezpenak...

Itsasoa erdian dela dantzan 

Argentinako eta Uruguaiko 25 Euskal Etxetako euskal dantza taldeek prestatu dute Martin Zalakainen argentinar bertsioa. Hauek dira ikuskizunean parte hartuko duten Argentina eta Uruguaiko dantza taldeak: Eusko Indarra (Montevideo, Uruguay), Ohiankide (Buenos Aires), Laurak Bat (Buenos Aires), Viedma (Patagones), Toki Eder (Jose C Paz), Gazte Alai (Necochea), Ugarritzak (Arrecifes), Denak Bat (Mar del plata), Lagun Onak (Pergamino), Alaia (Chacabuco), Denak Bat (Cañuelas), Denak Bat (La Plata), Gure Etxea (Tandil), Hiru Erreka (Tres Arroyos), Laprida, Maipu, San Nicolas, Comodoro Rivadavia, Macachin, Euskaltzaleak (Buenos Aires), Puerto Madryn, Chivilcoy, Rosario, Bahia Blanca.

Euskal Herriko Argia dantzari taldeak prestatu zuen Martin Zalakain dantza, kantu eta antzerki emanaldia eszenaratuko dute. Ameriketako eta Euskal Herriko dantzariak eta musikariak elkarlanean jarri dituen ikuskizun horren egokitzapena, itzulpena, moldaketa eta transmisio-lanak bideratzeko proiektua izan da. Aipatu, proiektuak Sortutakoak tradizionala 11 diru-laguntza jaso duela.

Martin Zalakain
Martin Zalakain, Argia.

 Euskal Herrian Argia dantza taldeak hainbat talderekin elkarlanean osatu zuen Martin Zalakain, badu eskarmentua taldeen koordinazioan, eta antzeko lana egin da Argentinan, baina dimentsio handiagoan. Hain zuzen ere, Euskal Herriko talde hauek hartu zuten parte Zalakainen eta orain argentinarrei dantzak erakusten ibili dira: Argia (Donostia), Arkaitz (Añorga), Astigar (Astigarraga), Duguna (Iruñea), Elai Alai (Portugalete), Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Gure-Kai (Deba).

Larrearen arabera ideala litzateke Euskal Herritik taldetxo bat joan eta haiekin han pare bat hilabetez lanean aritzea, “baina badakigu zaila dela hori. Hemengo maisuak harremanetan jarri dira, ikuskizuneko zatiak bidali dizkiete eta bideoak sortu dira propio urratsak poliki erakutsiz. Gero, haiei ere eskatu zaizkie entseguetako bideoak bidaltzeko, zuzentzen eta egokitzen joateko”.

Argentinako taldeko zuzendarien bilera deitu zen apirilean eta han aurkeztu zela proposamena kontatu digu Urbietak. Ondoren, online bidez dantzak ikasteko lanak hasi ziren. “Markatzen gaitu distantzia handiak, ordutegi ezberdintasunak, beraz, erakutsi duguna online eta telefono bidez izan da. Puzzle handia bat izan da. 25 euskal etxetako dantzariak direnez, ikuskizuna zatitu dugu eta paperak eta dantzak denen artean banatu dugu”; orain joaten direnean puzzle hori dena osatu beharko dutela dio Larreak. “Urduri noa, baina ikusten da borondate izugarria dagoela eta ilusionatuta daude oso, baita gu ere”.

Zalakain Argentinan
Martin Zalakain ikuskizuna prestatzen Argentinan, Viedma.

Diasporan dantza taldeen dinamismoa handia da eta dantzariz betetzen dira Euskal Etxeak. Ostera, dantza emanaldietarako musikariak urriago daude, hala ere, Euskal Etxetako musikariz osatutako taldetxo bat ari da zuzeneko musika jartzeko lanean eta Argia dantzari taldearen musika zuzendari Mikel Urbeltz dago haiekin zuzenean harremanetan. Mikel Urbeltz Euskal Herritik eta Noe Fernandez Argentinatik etengabeko lan-harremanean ari dira dantza ikuskizunak eskatzen duen zuzeneko musika eskainiko duen taldea prestatzeko ahaleginean.

Dantzan kontatutako istorioa

Orain arte Euskal Aste Nazionalean Argentinako talde bakoitzak bere dantzak aurkeztu izan ditu, baina Urbietak kontatzen duenaren arabera, inolako lotura edo batasunik gabe. Eta denak batera elkarrekin zerbait egiteko Zalakain ikuskizuna aukera ederra zela ikusi zuen Urbietak. Jaurlaritzaren Gaztemundu proiektuarekin 2018an Euskal Herrian izan zen eta ikusgarria ikusteko aukera izan zuen, “harritu eta harrapatu ninduena izan zen nola kontatzen zuten istorioa bat dantzaren bidez; nola dantza lengoaia bat izan daitekeen. 15 pertsona ginen euskaraz ulertzen ez genuenak, baina hala eta guztiz ere, dena ulertu genuen”. Entseguetan egoteko aukera ere izan zutela dio eta hor ikusi zuela nola elkartzen zen hainbat dantza talde eta dantza maisuren lana, “eta orduan argia piztu zitzaidan”.

Martin Zalakain
Martin Zalakain, Argia.

Larreak dio Euskal Herrian aurkeztu zutenaren antzekoa izango dela, “baina ezberdina. Hizkuntza, adibidez. Nahiz eta esaldiren bat edo beste euskaraz egingo duten, testuaren gehiengoa gazteleraz izango da”. Martin Zalakain-en gidoia Harkaitz Canok idatzitakoa da, Pio Barojan eleberrian oinarrituta. Euskaraz idatzitako gidoia da eta Tandilen emateko gaztelerara itzulpena egin da. Enrike Izagirre literatura irakasleak egin du itzulpena gaztelerara eta testu hori prestatzen ari dira Argentinako Euskal Etxeetako aktore talde bat.

Zalakain Argentinan
Martin Zalakain ikuskizuna prestatzen Argentinan, Tandil.

Abentura berrietarako ateak

Guztira 25 taldek onartu zuten ikuskizunean parte hartzeko proposamena eta ikaragarrizko gogoak ipini dituztela dio Urbietak. Egon den elkarlanarekin oso gustura daudela, “talde handiek badituzte harremanak Euskal Herriko taldeekin, baina txikientzako aukera polita izan da eta uste dut ate asko ireki direla. Proiektu honetan gehien baloratzen dudana da egin ditugun kontaktuak eta hemendik aurrera sor daitezkeen loturak”.

Zalakain Argentinan
Martin Zalakain ikuskizuna prestatzen Argentinan, Tandil.

Euskal Herriko eta diasporako dantzarien arteko harremanak bultzatzeaz gain, diasporako euskal etxeen arteko harremanak bultzatu direla nabarmentzen du Larreak, “sekula egin ez dena da, berain artean koordinatu eta ikuskizuna osatu dute elkarlanean. Nik uste dut beraien lan egiteko modua aldatu daitekeela ikuskizun honen ondoren, ikusi baitute denak batera gauza ederrak egiteko gai direla”.

Argentinako Aste Nazionalen egitarauaren barruan, azaroaren 1ean izango da emanaldia, iluntzeko 19:000etan, Martin Fierro anfiteatroan. Aire librean dago kokatuta eta hiriko eszenatoki garrantzitsuena da, 5000 ikusle jasotzeko prestatua dago.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.