Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak 150 dantzari baino gehiago irtengo dira dantzara larunbatean Iurretan

Dokumentuaren akzioak

150 dantzari baino gehiago irtengo dira dantzara larunbatean Iurretan

2019/10/09 09:30
150 dantzari baino gehiago irtengo dira dantzara larunbatean Iurretan

Urrijena, 2014-10-12. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Guztira hamalau ezpata-dantzari taldek dantzatuko dute Iurretako plazan, hamabostgarren talde bat ere izango da desfilean, 85-90 urteko dantzariek osatutakoa. Ezpata-dantzariek dantzari-dantzako agintariena, zortzinangoa, ezpata-txikiena, banangoa eta txotxongilo dantzatuko dituzte. Ondoren, gorulari-dantzak eskainiko dituzte: arku-dantza, zinta-dantza eta estanpa.

Azken prestaketekin hara eta hona harrapatu dugu Unai Esturo Iurretako dantzaria eta Urrijena jaiaren antolatzaileetakoa, “Gogor ari gara, jende asko gara aurten. Taldeak eta batzen gabiltza, bati hau falta zaiola besteari hura, hemen gabiltza puzzlea osatzen”. Orain dela urtebete inguru hasi ziren bost urtetik behin Iurretako dantzariek ospatzen duten jaia antolatzen. Ez da lan erraza izan, baina ia dena prest dute urriaren 12rako, hainbat belaunalditako 150 dantzari inguru irtengo dira Iurretako plazara dantzara.

Urrijena 2014
Urrijena, 2014-10-12. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Gorularien estanpa amaitzean omenaldiei egingo diete tartea. Ezpata-dantzari talde beteranoena eta azken bost urtean 65 urte bete dituzten dantzariak omenduko dituzte. Baita Sabin Egiguren ere, Durangaldeako dantzen berreskurapenean egin duen lana eskertu nahi diote. Eta bazkal aurreko saioarekin amaitzeko soka-dantza egingo dute, Eneko Abasolo aurresku eta Irene Iza atzesku direla.

Urriko igandeak dantzan

Garai batean San Migel festen jarraipena izaten zela urrian azaldu digu Esturok. Urriko igande guztietan izaten zen jaia Iurretan, lehenengoan Errosario eguna, herriko festen errepikapena. Hurrengo igandean San Migel egunerako aukeratuak izan ez ziren dantzariek dantzatzen zuten, hirugarrengoan haurrek eta azkenengoan nagusiek. Urriko igande guztietan Iurretako plazan goizez dantzari-dantza eta arratsaldez soka-dantza izaten zen, “gerora jakin dugu soka-dantza horietan emakumeek ere parte hartu izan dutela”.

Urriko jai horiek galdu egin ziren, baina 1970eko hamarkadan bazkari handi bat egin zuten Iurretako dantzariek. Handik urte batzuetara, 1989an, heldu zioten jaiari berriro. Orduan, Iurretako belaunaldi ezberdinetako gizon dantzariak elkartu eta plazan dantzatu zuten. Ordutik, bost urtetik behin irteten dira plazara denak batera.

Urrijena 2014
Urrijena, 2014-10-12. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Emakumeak ere plazan dantzan

2014. urtera arte Iurretako dantzari gizonen jaia izan da Urrijena, bai dantzan eta bai bazkaritan gizonek bakarrik hartzen zuten parte. Azken Urrijenan, ordea, ikusi zuten jaiak emakumeena ere izan behar zuela, “Erabaki genuen emakumeek parte hartu behar zutela, dantzariak zirelako eta bestela festa horrek ez zeukalako zentzurik”. Orain dela bost urte emakumeek gorulari-dantzak plazaratzea erabaki zuten eta soka-dantza ere dantzatu zuten mutilekin batera, ordurako herriko jaietan ere sokan ateratzen baitziren.

Aurtengoan, berriz, gorulari-dantzetan ez ezik dantzari-dantzan ere emakumeek dantzatuko dute, “sasoia heldu delako eta gaur egungo dantza talde ofizialeko parte direlako, lehenengoz praka zuriekin emakumeek Urrijenan dantzatuko dute”. Egungo dantzari taldeko emakumeez gain, aurreko belaunaldiko batzuk ere dantzatuko dute dantzari-dantza, nahiz eta plazan inoiz ez dantzatu ikasia baitzuten.

Egitaraua

  • 9:30 Belakortun zerrategiko aparkalekuan taldeen argazkiak.
  • 10:30 Kalejira Belakortutik plazara herritik buelta eginez.
  • 11:00 Meza nagusia.
  • Ondoren dantzari-dantza eta gorulari-dantzak.
  • Jarraian omenaldia 65 urtetik gorakoei.
  • Amaitzeko soka-dantza.
  • 15:00 Bazkaria Askondoko karpan.
  • 18:00 Erromeria Askondon Luhartz taldearekin.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.