Dokumentuaren akzioak
Dantza eskaintza zabala Leioako Umore Azokan
Dantzak protagonismo handia izango du Leioako Umore Azokaren 17. edizioan. Euskal konpainiekin batera Katalunia, Gaztela, Aragoi, Madril eta nazioarteko zenbait konpainia izango dira egunotan Leioan. 2016ko Umore Azoka maiatzaren 19tik 22ra egingo da Leioan. Lau egunetan zehar, mota guztietako ikuskizunak, performanceak eta estreinaldiak ikusi ahal izango dira Leioako txoko desberdinetan, guztira 54 konpainiak parte hartuko dute. Hona hemen Umore Azokan ikusi aha izango diren dantza ikuskizunak:
Ana Capilla eta Julia Färber (Euskadi): Basati
Maiatzak 20 ostirala, 19:00 Pinosolo / Maiatzak 21 larunbata, 19:00 Pinosolo
Barruko habitatetik izatea. Intuizioa. Sena. Ezezaguna denerako bidaia, basatia den horretan ibiltzeko. Ezezaguna denerako bidaia, bizi-ibilbide legez. Gorputzean eta espazioan bizi, gure naturaren adierazpide gisa. Enborrak, adarrak, ezkurrak… Inpultsua, sendotasuna, zuhurtzia… Topaketa, taupada, gardentasuna… Soinua, ahotsa, oihartzuna… Tankera... Ana Capilla jatorri andaluziarra duen eta Bilbon bizi den sortzaile bisuala da, eta batu egin da Julia Färber mexikarrarekin proiektu honetan. Dantzaren eta mugimenduaren lengoaiak baliatu eta performance izatera heltzen da pieza, eta publikoarekiko kontaktua du ardatz.
- Zuzendaritza / Antzezleak: Ana Capilla eta Julia Färber
- Musika: Abraxos
Laura Cobo konpainia (Euskadi): Señor Smith
Maiatzak 19 osteguna, 18:30 Udaletxea / Maiatzak 20 ostirala, 18:00 Udaletxea
Konpainia gazte honen dantza bikotea Rodney Smith argazkilari estatubatuarraren irudi onirikoetan inspiratzen da, eta herentzia surrealista konposizio geometrikoekin konbinatzen du. Mugimenduaren bitartez sortzen den begiradari darion nostalgia, edertasuna eta gozotasuna erakusten ditu piezak, eta mundu magikoa islatzen du. Objektuak bizirik daude, argazkiko paperetik ateratzen dira eta ikuslearekin hartu emanean hasten dira.
- Egilea / Zuzendaritza / Eszenografia: Laura Cobo
- Koreografia / Antzezleak: María Andrés, Laura Cobo
- Musika: Eugen Moga, Uakti, Moderat
Deabru Beltzak (Euskadi): Su à feu
Maiatzak 19 osteguna, 22:30 Boulevard (ibiltaria) / Maiatzak 20 ostirala, 23:30 Boulevard (ibiltaria)
Etorkizuneko pertsonaia bitxiek kalea inbaditu eta eraldatzen dute. Kalea zena erritual modernoek eguneroko bizitzaren keinuak integratzen dituzten leku bilakatzen da, eta munduko hainbat lekutako erritmo eta su primitiboak uztartzen dituzte horretarako. Danborrak, dantza eta sua. Deabru Beltzak konpainiak 20 urte bete ditu, eta beste behin ere, bere estilo paregabearen erakustaldia egiten du, ikusleei gonbidapen bat luzatuz kalea erritmo, argi, bizi, magia eta magnetismoz beteriko jai bilakatzeko. “Su à feu” ikuskizunak “Les tambours de feu” eta “Bande déplacée” lanekin hasitako trilogia osatzen du. Lan horiekin Umore Azokan izan dira aurrez, eta munduan zehar ere ibili dira hamaika emanaldi eskainiz.
- Egilea / Zuzendaritza: Garbitxu
- Antzezleak: Zesar A. Ogara, Alain Díez, Alex Alonso, Kepa Elgoibar, Ruben Sastre, Dario Campos, Garbitxu
- Musika: Deabru Beltzak
- Eszenografia: Iñaki Etxeandia
- Jantziak: Mayda Zabala
Laglo Zirkdantza (Euskadi): Entre cuatro tiempos
Maiatzak 19 osteguna, 00:00 Errekalde plaza / Maiatzak 20 ostirala, 00:00 Errekalde plaza
Zuzeneko musika pieza bakarrarekin, munduaren txoko honetan bizi ditugun lau urtaroak igarotzen dituzte zintzilik dauden lau gorputzek. Uraren jariokortasuna, haizearen zoramena, haizearen laztanak, eta gure alderik basatiena kanporatzen duen suaren energia. Natura aldatzen doan heinean aldatzen doan ikuskizuna.
- Zuzendaritza: Gloria Peon
- Koreografia: Gloria Peon, Bego Krego
- Antzezleak: Maite Kaltzakorta, Zuriñe Burgoa, Federica Sacotelli, Naiara Bilbao, Gloria Peon
- Musika: Martin Calo, Ander Sanchez, Bittor Pastor
- Eszenografia: Dolo Navas
Larrua (Euskadi): Larrua
Maiatzak 19 osteguna, 19:30 Udaletxea / Maiatzak 20 ostirala, 19:00 Udaletxea
Arrazoiketarik gabeko bi gorputz, azala folio zuria bailitzan lurzoru anbiguoan, hitzak existitzen ez diren lekuan. Tenperaturak, ehundurak, kontaktu fisikoaren bitartezko ezagutza, ukituz, urratuz, sakatuz, ferekatuz… Kontaktua igorlea da, azala hartzailea eta mugimenduaren motorra, zirraren igorlea. Jordi Vilasecaren dantzari eta koreografo katalanaren eta Aritz López dantzari gasteiztarraren ikerketa eta sorkuntza proiektua da “Larrua”, breakdance eta dantza garaikidearen arteko hizkuntza komuna bilatzen duena.
- Zuzendaritza / Koreografia: Jordi Vilaseca
- Egilea: Aritz Lopez
- Antzezleak: Aritz Lopez, Jordi Vilaseca
- Musika: Machinefabriek
Matxalen Bilbao (Euskadi): Gear
Maiatzak 19 osteguna, 21:30 Udaletxea / Maiatzak 20 ostirala, 20:30 Udaletxea
Taldea da gaia. Gizabanakoa taldearen barruan. Mendekoa-independentea. Matxalen Bilbaoren konpainiako sei dantzariek elkar bilatzen dute, elkar jarraitzen dute, elkartzen dira, banatzen dira, eta beren gorputzekin, egoera desberdinak gurutzatzen dituzte W.A. Mozart eta J.S. Bach-en musikarekin. Beren mugimenduak antolakuntza, migrazio, arintasun eta singulartasun prozesuetan oinarritzen dira paisaia gizatiar, fisiko eta emozionalak sortzeko plano poetiko baten barruan. Lan honetan, Matxalen Bilbaok zuzendaritza hartzen du eta ia azken 20 urteotan egin duen lanaren oinarria biltzen du: gorputzaren eta dantzaren egituren azterketa, mugimenduaren bidez, diskurtsoa eraikitzeko.
- Egilea / Zuzendaritza: Matxalen Bilbao
- Antzezleak: Natalia de Miguel, Nerea Martinez, Mikel del Valle, Maria Andres, Natalia Garcia, Nekane Mendizabal
- Koreografia / Jantziak: Matxalen Bilbao eta interpreteak
- Musika: A. Mozart, J.S. Bach
Nui Danza (Euskadi): Manar
Maiatzak 19 osteguna, 00:00 Elexalde Errota / Maiatzak 20 ostirala, 22:00, 23:00 Elexalde Errota / Maiatzak 21 larunbata, 22:00, 23:00, 00:00 Elexalde Errota
“Manar”-en interprete bat, bi esku eta zenbait paisaia daude. “Manar”-en ez dago testurik. Hitzak aho barruan ezkutatuta daude eta eskuak dira hitz egiten dutenak. Harremanei buruz mintzo dira, elkartzeez eta desadostasunez. Dantzatzen eta jolasten dakiten eskuak dira, “beldur”, “zeru” edo “musu” esateko beste modu batzuk aurkitzen dituzten eskuak. Barruko mikroikuskizun poetikoa.
- Zuzendaritza: Nui Danza
- Antzezlea: Begoña Martin-Treviño
- Eszenografia: Optah Design & Arts
- Jantziak: La Funambulista
Organik (Euskadi): Irrintzi
Maiatzak 19 osteguna, 20:30 Udaletxea / Maiatzak 20 ostirala, 18:30 Udaletxea
“Irrintzi” garrasi karrankari, ozen eta luzea da, hats bakarrekoa, euskaldunek poza erakusteko botatzen dutena. Bat-bateko garrasi askatzailea, oraindik ere, erromeria, jai eta poz adierazpenetan entzun daitekeena, entzulearengan enpatia eta zirrara sortuz. Beren azken lan honetan, dantza, antzerkia, musika eta umorea nahasten dituzte Organik-ekoek, eta artikulazioetan arazoak izanik mugitzen diren bi atso aurkezten dituzte. Atsoek gaztaroa oroitu, eta une batez, iragan hartara itzultzea lortzen dute, alai eta pozik, irrintziaren musika oihartzun horiei esker.
- Zuzendaritza: Natalia Monge
- Antzezleak: Laurentx Etxemendi, Helena Golab, Natalia Monge
- Musika: Laurentx Etxemendi
- Eszenografia: Helena Golab, Natalia Monge
- Jantziak: Organik
Plataforma Colectivo Artístico (Euskadi): Tras la frontera
Maiatzak 20 ostirala, 19:00 Boulevard / Maiatzak 21 larunbata, 20:00 Boulevard
Alanbre-hesi handia. Muga gaindiezinaren aurrean ehunka iheslari pilatzen dira, akituta, beren txartelaren bila. Eta nora eramango ditu txartel horrek? Bada… Urteko lehiaketarik dibertigarrienera! Nor sartuko da? Gaur, agian, zure txanda izango da, baina zein aldetan? Antzerkia, musika eta dantza nahasian. CEARen (Iheslariei Laguntzeko Espainiako Batzordea) Memoriak proiektutik sortutako ikuskizunak satira eta gizarte kritika barra-barra ditu, eta historikoa bezain gaurkoa den gai bat du ardatz: iheslariak.
- Zuzendaritza: Estibaliz Villa, Jose Ibn
- Egileak: Nelida Ranedo, Marie Toure, Dairi Brown, Estibaliz Villa
- Musika: José Manuel Gutiérrez
- Eszenografia: Iñaki Aginaga
- Jantziak: Ane Pamparacuatro
Suhar Prest Zirko Taldea (Euskadi): Paradoxa
Maiatzak 21 larunbata, 18:30 (eu), 22:30 (es) Boulevard Udondo
Paradoxa pneumatiko-hilerri batean bizi da eta gure burua ezagutzeko bidaia proposatzen digu. Zuzeneko musika, eta soka, trapezio eta oreka-jokoekin, pertsonaia xelebre honek publikoa berak bizi dituen egoera eta zirrarekin identifikatzea du helburu. Jolaserako gonbitea egiten duen ikuskizuna. Pneumatikoak oso modu berezian erabiliz Suhar Prest Zirko Taldeak erakusten duelako inguratzen gaituen guztiarekin jolas daitekeela.
- Zuzendaritza: Izaskun Agirresarobe, Jon Ariño
- Antzezleak: Izaskun Agirresarobe, Harry Bird
- Musika: Harry Bird
- Eszenografia: Ederkalde, NV Recycling
- Jantziak: Danel Santos
Tio Teronen semeak (Euskadi): FreshCool
Maiatzak 20 ostirala, 22:00 Mendibile / Maiatzak 21 larunbata, 19:00 Mendibile
Jende askok dantzatu du Raphaelen kantaren bat bere bizitzako uneren batean, baina zenbat jende saiatu da haren kantak euskal dantza herrikoiekin nahasten? Tira, ba Tio Teronen Semeak bai, eta harrigarriena da ongi gelditzen dela. “FreshCool” ikuskizunak aurreskuaren soiltasuna eta ganberrokeria batzen ditu umorez betetako saioan. Euskal dantza bitxiak izango dira, baina funtsean euskal dantzak dira hala ere.
- Egilea / Koreografia: Aritz Salamanca, Tío Teronen Semeak
- Zuzendaritza: Aritz Salamanca
- Antzezleak: Aritz Salamanca, Iker Sanz, Mederi Orbiso, Ander Domingo, Antton Fernandez, Xuban Iragorri, Jon Iragorri, Aritz Olarte, Ekain Susperregi, Eneko Iparragirre, Mikel Urdampileta, Unai Etxebeste, Haritz Olaziregi, Beñat Begiristain, Alai Goñi
- Musika: Eider Olasagasti, Joseba Etxegoien,Gorka Daguerresar, Mikel Zubiria
Alodeyá Circo Danza (Aragoi): Son recuerdos
Maiatzak 19 osteguna, 22:30 Boulevard Udondo / Maiatzak 20 ostirala, 23:00 Boulevard Udondo
Bikote baten harremana eta hura bukatzen deneko arrastoa. Maitasunetik eta malenkoniatik sentimenduetara jotzen duen ikuskizuna. Emozioak sorrarazten dituzten sentsazioak. Dantza, antzerkia, poesia, zirkua, musika eta erritmoa nahasten ditu Alodeyáren proposamenak, mugimendua zirkuko berezko teknika balitz bezala emanez. Edu eta Laurak alboan dute Sofia pianoan, baterian eta ahotsetan laguntzen, hiruren artean amodiozko istorio ederra kontatzeko.
- Egilea: Eduardo Lostal
- Zuzendaritza: Amparo Nogués
- Antzezleak: Eduardo Lostal, Laura Val, Sofia Diaz
- Musika: Sofia Diaz
- Koreografia: Paula Gelpi
- Jantziak: Alodeyá Circo Danza
La Pequeña Victoria Cen (Gaztela eta Leon): Gigante
Maiatzak 19 osteguna, 21:30 Elexalde errota / Maiatzak 20 ostirala, 19:00 Elexalde errota
Txikiaren eta ohikoaren handitasuna, eta erraldoiaren txikitasuna eta sentiberatasuna azaleratzen dira zirku eta antzerki ikuskizun honetan. Leongo Jorge Pascual olerkariaren hainbat testutan oinarrituta, gozotasunez beste dago une harrigarriz egina. Hiru pertsonaiek eta besaulkiak edo aulkiak bezalako eguneroko objektuek dimentsio berria hartzen dute obran, eta eztiki uztartzen dira akrobazia, poesia, malabarismo, dantza eta musikarekin, hizkuntza unibertsal bezain hunkigarriari bide emanez.
- Egilea: La Pequeña Victoria Cen, Jorge Pascual
- Zuzendaritza / Koreografia: La Pequeña Victoria Cen
- Antzezleak: Pablo Parra, Elena Cennerelli, Víctor Martínez
- Musika: Nodding by the Fire
- Eszenografia / Jantziak: Rakel Alvaro
Delrevés Danza Vertical (Katalunia): Uno
Maiatzak 20 ostirala, 22:00 Errekalde plaza / Maiatzak 21 larunbata, 19:00, 21:30 Errekalde plaza
Hiru pertsona. Horma bat. Dantza plano bertikalera pasatuz grabitateari eta orekari desafioa egiten dion ikuskizuna. Delrevés konpainiak “Zisneen Aintzira” eta “Intxaur Hauskailua” pieza klasikoak interpretatzen ditu, publikoak arin identifikatuko dituenak, baina aldi berean, deseraiki egiten ditu pieza horiek beste gorputz-hizkuntza bat sortuz. Norbanakoaz hitz egiten duen lana, zerbaiten parte izatearen garrantziaz, desoreka orekatzeaz.
- Zuzendaritza: Saioa Fernandez
- Koreografia / Interpreteak: Saioa Fernandez, Eduardo Torres, Sheila Ferrer
- Musika: Manuel Dabove
- Jantziak: Delrevés
- Rigging: Volátil rigging
Mumusic Circus (Katalunia): Amigoo
Maiatzak 21 larunbata, 19:00, 21:30 Aldapa auditorioa
Gizon eta emakume baten bizitza zatiak. Biren arteko zirkua. Kontrabaxua dute lotune. Intimitate zatitxoak norbere barrualderako bidaian, keinuek eta musikak lagunduta. Elkarrekin josten dute poesiak eta konplizitatezko mundu irreal batek. Bakardadearen mitoarekin kontra talka egiten dute itsu-itsuan, gizatasunaren berezko joera balitz bezala. Zoramen, astakeria, konplizitate eta poesiaz beteriko uneak dantza eta akrobazioa artean, beren barruko zirku propioa desegiteko.
- Zuzendaritza / Antzezleak: Clara Poch y Marçal Calvet
Alvaro Esteban eta Laura Aris (Madril): Cualquier mañana…
Maiatzak 20 ostirala, 20:00 Udaletxea / Maiatzak 21 larunbata, 19:30 Udaletxea
Bikote intimista. Hautsitako gauzen goibeltasun naturalari buruzko hausnarketa. Goiz arrunt batean gauzak lehen bezala ez datozenean. Iragana ez dela itzuliko jabetzeko orainaldirako bidaia fisikoa. Oreka prekarioan, hitz pare batek, keinu batek, bira batek, karraska batek balantza desoreka dezaketenean. Gure erreferentzia puntuak desagertzen dira noizean behin, eta erraietatik datorrena geratzen da bakarrik.
- Zuzendaritza / Antzezleak: Alvaro Esteban eta Laura Aris
- Musika: Roger Marin
Delá Praká (Brasil/Frantzia): Nois Um
Maiatzak 21 larunbata, 19:00 Boulevard / Maiatzak 22 igandea, 13:30 Pinosolo
Dantza garaikidea, capoeira, akrobaziak, porteak eta contact juggling-a uztartzen ditu Delá Praká konpainiak, eta sinkroniaz beteriko bidaia koreografikoa eskaintzen du. Leuntasunak eta kolpeak bat egiten dute mugimendu azkar eta arinetan. Hori guztia ohikoak ez diren musika-tresnen (Hang-a, adibidez) zuzeneko musikarekin. Soinu organikoak birtuosismoz beteriko ikuskizunerako. Bestelako sentikortasun egoera batera eramango gaituzte, eta dantzariak, begirada sakon eta distiratsuz, publikoaren ikusle bihurtuko dira.
- Zuzendaritza: Cía Delá Praká
- Koreografia: Ronan Lima, Marina Collares
- Musika: Pedro Collares
- Antzezleak: Ronan Lima, Marina Collares, Pedro Collares
Bakhus (Frantzia): a l’Ombre de Coré
Maiatzak 20 ostirala, 23:00 Institutua / Maiatzak 21 larunbata, 23:30 Institutua
Antzeman eta irudikatzen dugunaren arteko jolas bisuala. Mickaël Six koreografoak eta Sami Loviat-Tapie dantzariak unibertso poetikoa sortu dute ikuskizun honetan. Ikusleak begiak non pausatu zalantza egingo du itzalek eta proiektatuko irudiek gain hartuta. Edertasun bisual handiko koreografia da, dantza garaikidea eta hip-hopa nahasten dituena. Nazioarteko hainbat antzoki eta jaialditan erakutsi, eta harrera beroa jaso du piezak.
- Zuzendaritza: Mickaël Six
- Antzezleak: Mickaël Six, Sami Loviat-Tapie
Bakhus (Frantzia): Glaucos
Maiatzak 19 osteguna, 19:30 Mendibile / Maiatzak 20 ostirala, 18:00 Mendibile
Koreografia akrobatikoak, umorea eta poesia nahasten dira dantza eta zirkuko ikuskizun honetan. Kalea belaontzi handia izango da. Ikuskizun honetan, dantzariek beren dohain fisikoak erakusten dituzte, zirkukoen oso antzekoak diren teknikak erabiliz. Gitarra, masta, upela, lanpara bat, sokak eta erratzak nahikoa izango dira publikoak bere irudimena erabiliz nabiga dezan.
- Zuzendaritza: Mickaël Six
- Antzezleak: Mickaël Six Sami Loviat-Tapie, Nicolas Baurens, Iftikhar Jaha, Yann Schiffano-Fournier (alias FrHeaven)
- Musika zuzenean: Nicolas Houssin
Vendaval (Frantzia): Soif
Maiatzak 20 ostirala, 23:00 San Juan Bautista plaza / Maiatzak 21 larunbata, 23:00 San Juan Bautista plaza
Eserleku batean, emakume batek bakarrik hitz egiten du, dantzatzen du… Iluntzean, Hellen Millerrek itxurak egiteari uzten dio eta biziraun ez zuten lagunekin batzen da. Beren ahotsak gordetzen ditu. Egunero galdetzen dio bere buruari nola atera ahal izan zen infernu hartatik. Hellenek bere garrasia itotzen du. Idazlea eta Frantziako erresistentziako kide zen Charlotte Delboren “Auschwitz eta gero” testuetan inspiratuta, Vendaval taldeak dantza eta antzerkiko omenaldiikuskizuna sortu du. Nazioarteko jaialdietan arrakasta handia izan ondoren, Leioara datoz gaztelaniazko estreinaldia egitera.
- Zuzendaritza / Antzezlea: Carmela Acuyo
- Eszenaratzea: Mariya Bogdanova-Aneva
- Koreografia: Philippe Ducou
- Musika: Vincent Ferrand
Tsubasa Watanabe (Japon): Hidden place
Maiatzak 19 osteguna, 21:30 Boulevard / Maiatzak 20 ostirala, 13:00 Boulevard / Maiatzak 21 larunbata, 13:30 Boulevard / Maiatzak 21 larunbata, 20:00 Pinosolo / Maiatzak 22 igandea, 13:00 Errekalde plaza
Diabolo eta dantza ikuskizuna. Kito. Gauza batzuk errazago direlako kontatzeko egiteko baino. Musika da oinarria, eta haren gainean sortzen du koreografia Tokioko artista honek, diaboloarekin dituen gaitasun tekniko eta sormena dantzarekin konbinatuz. Dantza bikoitza dantza bakarrean
- Zuzendaritza / Antzezlea: Tsubasa Watanabe
Asociación Artística Despertar los Sentidos: Juego, arte y sensibilidad
Maiatzak 21 larunbata, 18:00 Jose Ramon Aketxe plaza / Maiatzak 22 igandea, 12:30 Pinosolo
Kultur Leioako elkarte artistiko egoilarra da Despertar los Sentidos taldea, eta ikusgarri izateko eskubidea aldarrikatuko du Umore Azokan aurkeztuko dituen koreografiekin. Askatasuna eta baita kontsiderazio eta tratu berdintasuna ere. Bestelako gorputz, buru, erritmo eta mugimenduen aldeko kanta bat dira dantza libre, ireki eta ezberdinok. Guztion barrubarruan izpiritu artistikoa bizirik dagoela erakusten digun ikuskizuna.
- Zuzendaritza / Koreografia: Sarah Ramirez
- Antzezleak: Mariví Córdoba, Jone Hernandez, Carlos Keller, Mikel Martija, Ana Mota, Zaloa Unda, Patricia Villar, Leire Zelaia
Andoni Aresti Dantza Eskola
Maiatzak 21 larunbata, 19:30 Jose Ramon Aketxe plaza / Maiatzak 22 igandea, 12:00 Boulevard
Disziplina anitzeko eskola gaztea da Andoni Aresti Dantza Eskola, eta nazioarte mailan ibilbide garrantzitsua izan duten hainbat irakasleekin sortutako koreografietan oinarritzen da ikuskizuna. Irakasleok formakuntza eskaintzen diete bai etorkizunean dantzari profesionalak izango diren ikasleei eta baita dantza mota ezbedinenganako pasioa daukan edozeini ere.
- Zuzendaritza: Andoni Aresti
- Koreografiak: Andoni Aresti, María Martín, Maitane Zalduegi, Natalia García
- Antzezleak: Andoni Aresti Dantza Eskolako ikasleak
- Musika: Keith Kennif, Alboka, Vicente Amigo, Thom Hanreich, Kalakan, Grupo musical Francisco Goya, René Aubry
Dokumentuaren akzioak