Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Amatasuna eta gazteen sorkuntza erdigunean jarri ditu Tzan Tzan dantza jaialdiak

Dokumentuaren akzioak

Amatasuna eta gazteen sorkuntza erdigunean jarri ditu Tzan Tzan dantza jaialdiak

2020/10/15 09:50
Amatasuna eta gazteen sorkuntza erdigunean jarri ditu Tzan Tzan dantza jaialdiak

Nire azalean arrotz. Argazkia: Galder Izagirre

Dantza eta amatasunaren arteko loturari eta hogeita hamar urtetik beherako gazteen sorkuntzari eman nahi izan dio lekua Gasteizko arte eszenikoen Baratza zentroak aurtengoan. Dantza garaikidearen jaialdiko egitaraua zine emanaldiekin eta dantza ikuskizunekin osatu dute. Joan diren bi asteetan Pina eta Blush ikus-entzunezkoak proiektatu dituzte eta bihartik igandera bitarte dantza ikuskizunak izango dira Baratza aretoan eta Amurrio antzokian.

Asteburuko eskaintza

Ostiralean Cris Gomez Valentziako dantzariaren Dance is my heroine ikuskizuna izango da Amurrion eta larunbatean eta igandean Baratza aretoan izango dira ikuskizunak. Larunbatean hiru proposamen labur aurkeztuko dira; dantza eta amatasunari lotuak hirurak. Bertha Bermudezek inprobisazio bat egingo du, Naiara Rojok Camino bideo-dantza lana erakutsiko du eta Myriam Perez Cazabonek Nere azalean arrotz ikuskizuna. Jarraian, hiru dantzariekin mintzaldia izango da, ama eta dantzari izateaz, gorputzaz... arituko dira.

Azken egunean gazteen sorkuntza jarriko da erdigunean Under 30 pieza programaren bidez. Amateur mailan eta profesionalizaziorako bidean lanean dabiltzan gazteei bultzada eman nahi izan diete antolatzaileek. Horrela, Julia Godinoren eta Alexa Moyaren Picnic on the moon eta Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxagaren Leiho zikin, zeru garbi ikuskizunekin itxiko da jaialdia.

Dantza pelikulak

Jaialdia Wim Wendersek zuzendutako Pina dokumentalarekin hasi zen urriaren 2an. Pina Bausch, antzerki-dantzaren eta dantza garaikidearen aitzindarietakoa izan zen Alemaniako dantzariaren ibilbidea kontatu eta bere lana omentzen du dokumentalak. Urriaren 9an, berriz, Wim Vandekeybus zuzendari, koreografo eta argazkilari belgikarraren Blush lana eman zen. Ikuskizun baten oinarritutako pelikula da, bidaia bat irudikatzen duena.

BaraTZAN DanTZAN 2020

  • Urriak 16 ostirala: 20:00 Cristina Gomez: Dance is my heroine. Non: Amurrio Antzokia
  • Urriak 17 larunbata: 20:00 Dantza eta amatasuna - 3 pieza (Bertha Bermudezen inprobisazioa, Naiara Rojoren Camino bideo-dantza eta Myriam Perez Cazabonen Nere azalean arrotz ikuskizuna). Non: Baratza Sala
  • Urriak 18: 19:00 Danza Under 30 (Julia Godinoren eta Alexa Moyaren Picnic on the moon eta Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxagaren Leiho zikin, zeru garbi). Non: Baratza Sala

 

Ikuskizunak

Cristina Gomez: Dance is my heroine

Cristina Gomez: Dance is my heroine

Zu izan nahi ez eta inoiz baino zuago izaten amaitzea. Zer gertatuko litzateke edozein egunetan bigarren eskuko denda batean super heroi trajea aurkituko bazenu eta behin jantzita ezin izango bazenu kendu? Dance is my heroine piezak identitateaz, gustuko gauzez, izatera atrebitzeaz, porrota onartzeaz, une batez deskonektatu eta gorputzari bizitza erreala esperimentatzeko boterea emateaz... hitz egiten du.

Myriam Perez Cazabon: Nere azalean arrotz

Myriam Perez Cazabon: Nere azalean arrotz

Presentzia kontzeptuari dagokionez, pieza honen oinarria zera da, izan gabe egotea. Pertsona baten presentzian gertatzen den aldaketari buruzko gogoeta da. Aldaketa noiz eta persona horren barne-mundua hausten denean eta ordura arte baleko zitzaizkion bere izaera eta bere egoteko era arrotz sentitzen dituenean gertatzen da. Presente egoten jarraitzen du pertsonak, ala absentzian murgiltzen da? Eta pertsonak absente badirudi, non geratzen dira haren izaera eta egoteko era? Nola ageri da hori gorputzaren fisikotasunean?

Picnic on the moon: Julia Godino eta Alexa Moya

Picnic on the moon

Picnic on the Moon bi pertsonaiaren tableau vivanta da. Picnic batean daude bi pertsonaiak, eguzkitan, eta haize leunak igurzten die ilea. Ingurua zoragarria da, dekoratua akasgabea, eszenatokia ideala. Gauza bakoitza egon behar duen lekuan dago. Politegia, erreala izateko. Baina zer gertatuko litzateke eguzkia ez balitz eguzkia, eta brisa ez balitz brisa? Eta haur baten jolas txoroko txotxongiloak bagina? Picnic on the Moonek errealitate itxuraz akasgabearen eta barne mortuaren arteko kontrastea arakatzen du. Benetan betetzen al gaitu honelako errealitate batean bizitzeak? Eta itxurakerien jolasa besterik ez balitz?

Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxaga: Leiho zikin, zeru garbi

Oihana Vesga eta Nerea Gurrutxaga: Leiho zikin, zeru garbi

Espazio fisiko eta testuinguru konkretuek gorputzean eta genero jarreran duten eragina aztertzen da Leiho zikin, zeru garbi lanean. Mugimenduaren eta ahotsaren lanketatik emakumearen espazioa erreklamatzea zertan datzan hausnartzeko saiakera bat da. Nerea Gurrutxagak eta Oihana Vesgak elkarlanean sortutako lehen lana da Leiho zikin, zeru garbi. London Contemporary Dance School-en burutu zituzten biek goi mailako dantza ikasketak, eta Erresuma Batuan hasi zuten ibilbide profesionala dantzari eta sortzaile gisa. Gai honen eta prozesuaren garapenean zuten interesa partekaturik, pieza hau kolaborazioan sortzeari ekin zioten.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.