Dokumentuaren akzioak
Txondorra saria jaso du Ortzadar elkarteak 50. urteurrenean
Sortu zenetik 50. urte bete dituen Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak jaso du X. Txondorra saria. Olentzeroren Lagunen Elkarteak sustatzen duen eta Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan ematen den sari honen bidez Ortzadar elkarteak "folklore tradizionalaren ikerketari eginiko ekarpena" saritu nahi izan da. Txondorrak sariak hamargarren edizioa bete du herri kultura bultzatzen eta garatzen laguntzen duten pertsona edo erakundeak omentzen.
Ortzadar elkartearen ekarpenari buruz honakoa adierazi du epai-mahaiak: “Bere ibilbide luzean, Ortzadarrek ikerketa-lanen bidez (landa-lanak eta artxiboak), ikerketa-jardunaldiak antolatuz, ikastaroak eta lantegiak eskainiz eta horren guztiaren funtsa dantzen eta musika-emanaldien bidez zabalduz ikertu eta zabaldu ditu folklorea eta kultura tradizionala. Iruñeari eta Nafarroari egin dion ekarpena, baita euskal kultura eta tradizioei egin diena ere, ikaragarria da. “. Hitzez gain, musika eta dantza izan dira ekitaldiko protagonistak: Ortzadarko kideek Santa Ageda-koplak eta -doinua interpretatu dituzte eta denek elkarrekin kantatutako Hator, Hator abestiarekin bukatu dute.
Saria egur-ikatz zati bat irudikatzen duen Benito Goñiren eskultura da, eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak egin du sari-ematea. Txondorra sariaren epaimahaia osatu dute: Susana Irigarai Soto Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuko zuzendaria, Rebeca Esnaola kontseilariaren ordez, eta, unibertsitateen ordezkari gisa, Roldan Jimeno (NUP) eta Naiara Ardanaz (NU); Patxi Perez, Nafarroako Kazetarien Elkartea ordezkatuz; Irantzu Vazquez, CAN Fundazioa ordezkatuz; Laura Iantzi, Euskal Artzainak Ameriketan elkartea ordezkatuz; eta Sandra Iraizoz Cia, epaimahaiko idazkari gisa.
Ortzadar 50 urte
Ortzadar 1974an sortu zen, Iruñeko zenbait dantza taldetako musikari eta dantzarien eskutik. Gaur egun, 120 pertsonak baino gehiagok osatzen dute Ortzadar, dantza, musika, jantziak, irakaskuntza, jardunaldieen antolaketa eta ikerketa lanak eginez. Hiru dantzari talde aritzen dira Ortzadarren baitan, umeen, helduen eta beteranoen taldeetan antolatuta.
10. Txondorra
Txondorra saria 2015ean sortu zen, tradizioen eta herri-kulturaren alde lan egiten duten pertsonen edo erakundeen ibilbide profesionala aitortzeko asmoz. Lehen edizio horretan, Lesakako herriari eman zitzaion saria, eta, hil ondoko sari gisa, Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldearen sortzaileari. Etnografiaren, etnologiaren, folklorearen eta euskal kulturaren alde lan egiten duten pertsona eta elkarteak saritzen dira. Adibidez, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregik jaso zuten Txondorra saria 2017. urtean.
Txondorra Saria
• 2015 - Lesakako Herria, eta, hil ondorengoa, Andoni Santamaria Juventudes de San Antonio taldeko sortzailea.
• 2016 - Joxe Ulibarrena, eskultore eta etnografoa
• 2017 - Juan Antonio Urbeltz etnografoa eta Marian Arregi emaztea
• 2018 - Pello Apezetxea, etnografo, etnologo, idazle eta apaiza
• 2019 - Gabriel Imbuluzqueta, kazetaria
• 2020 - Fernando Hualde, idazle eta ikertzailea
• 2021 - Cesáreo Soule, hargina
• 2022 - Balbino García de Albizu, ikertzailea
• 2023 - Aurelio Sagaseta, Iruñeko Katedraleko Musika Kaperako maisu ohia
• 2024 - Ortzadar Euskal Folklore Elkartea
Dokumentuaren akzioak