Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Txino-dantzaren berreskurapenaren 50. urteurrena gogoan Aretxabaletan

Dokumentuaren akzioak

Txino-dantzaren berreskurapenaren 50. urteurrena gogoan Aretxabaletan

2025/02/25 10:00
Txino-dantzaren berreskurapenaren 50. urteurrena gogoan Aretxabaletan

Txino-dantzaren 50. urteurrena, Aretxabaleta, 2025-02-09. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

1975eko otsailaren 9an berreskuratu zen txino-dantza Aretxabaletan, 1930eko hamarkadatik galdua baitzen. 50 urte geroago Loramendi txistulari taldeak urtemuga borobila ospatzeko ekitaldia eta erakusketa antolatu ditu. Berreskurapen urtean bezala, aurten ere otsailaren 9a igandea suertatu da. Horrela, dantzaren historia errepasatu eta garaian dantzatu zutenak omentzeko Txino dantza, bere historia ekitaldia egin dute Aretxabaletako udaletxe zaharrean.

Txino-dantzaren 50. urteurrena
Txino-dantzaren 50. urteurrena, Aretxabaleta, 2025-02-09. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Dantzaren historia eta bilakaera azaldu dute eta 1975ean dantzatu zituztenak omendu dituzte. Gero, horietako batzuk batu eta kalean txino-dantza egin dute.

Ekitaldiaz gain, txino-dantzaren inguruko argazki erakusketa antolatu dute. Hilabete guztian egongo dira argazkiak ikusgai erakusketen aretoan.

Txino-dantzaren 50. urteurrena
Txino-dantzaren 50. urteurrena, erakusketa, Aretxabaleta, 2025-02-09. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

50 urte dantzan

Ramon Eraña (Aretxabaleta, 1950-2015) izan zen txino-dantzaren bultzatzaile nagusia. Txistularia eta dantzaria zen eta Loramendi dantza taldea zuzendu zuen. 1975ean, dantza taldeko 13-17 urteko hainbat mutikorekin taldea osatu eta kaleratu zuten txino-dantza. Hauek izan ziren dantzariak: Luis Mari Ezkurra, Roberto Urteaga, Lorentxo Gorroño, Andoni Altube, Jesus Arregi, Imanol Galfarsoro, Jesus Aizpurua, Migel Perez, Sabin Urreta, Ricardo Uribesalgo. Txistuarekin Eraña bera aritu zen eta atabalarekin Fidel Iturbe.

Txino-dantza
Txino-dantza, Aretxabaleta, 1975-02-09. Argazkia: Txino-dantza 50 urte erakusketatik

Juan Jose Garziaetxabe pausu, janzkera eta melodia kontuekin aritu zen eta Demetrio Iriarte txistulari eta konpositoreak moldatu zuen musika. Gerra aurreko dantzaren doinuaren hitzak Edurne Galdosek jasoak zituen, baina gazteleraz zirenez Erañak euskaratu egin zituen:

Txin txin, txin txin
Mahatsa heldu gabe dago
Txin txin, txin txin
Baina helduko da

Txiribito ta andrea
joan ziren jatera

Txiribito haserretu
ta bota zun lapiku

Txino-dantza
Txino-dantza, Aretxabaleta, 1975-02-09. Argazkia: Txino-dantza 50 urte erakusketatik

Hasiera hartan gizonezkoak bakarrik dantzatzen ziren, 1998an hartu zuten parte neskek lehen aldiz. Dantzarako arropa gisa emakumeen ehunezko azpikogona edo “kamixa” zuri luzea janzten zuten dantzariek. Jantziak hasieran baserrietan eskatzen ziren, erabili eta itzuli egiten zituzten. Urte batzuetan ondoren udalak batzuk egitea erabaki zuen. Buruan kapela zahar bat eta lehenagoko oinetakoak (abarkak, abarketak...) eta galtzerdiak erabiltzen dituzte. Horretaz gain, aurpegia beltzitu egiten zuten ikatzez.

Txino-dantzaren 50. urteurrena
Txino-dantzaren 50. urteurrena, Aretxabaleta, 2025-02-09. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Dantza taldetik kintoetara

Kintoek hartu zuten dantzan egiteko ardura; soldadutzara joatekoak ziren mutilek. Egun soldadutza joaten ez badira ere, 18 urte bete behar dituzte gazteak elkartu eta festak antolatzen dituzte Santa Ageda eta inauteri bueltan. Besteak beste, kuestazioan, soka-dantzan eta txino-dantzan aritzen dira. Txino-dantza inauteri igande eguerdian kaleratzen dute. Aurten 2006an jaiotakoek plazaratuko dute.

Txino-dantzaren 50. urteurrena
Txino-dantzaren 50. urteurrena, Aretxabaleta, 2025-02-09. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA

Nondik dator?

Ez da ezagutzen dantzaren jatorria, ezta esanahia ere. Hainbat hipotesi jarri izan dira mahai gainean eta horien artean Bergara, Antzuola edota Lasarte-Orian dantzatzen den sorgin-dantzarekin lotzen da, dantzaren egituran eta doinuan antzekotasun nabarmenak baitira. Zuberoako maskaradetako kerestuak ere doinu berean dantzatzen dira eta Euskal Herritik kanpo ere ezaguna da dantza doinu hau. Bideo honetan ikus daitezke doinuaren eta dantzaren hainbat aldaera:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.