Dokumentuaren akzioak
Txaro Garate hil da, Deban dantza erein zuen emakumea
Debako San Roke dantza eta jorrai-dantza hainbat belaunaldiri irakatsi, Gure-Kai dantza taldearen irakasle eta Umeen Egunaren antolatzaile eta bultzatzailea izan da Txaro Garate Urain (Deba 1941-2023). 81 urterekin zendu da Karmen egunean Txaro Garate, herriko festa eta dantzen transmisioari lotutako bizitza emankorraren ondoren. Nekane Goikoetxea, Andonio Iriondo eta Felix Irigoien-i esker bildu ditugu Txaro Garateren ibilbide eta ekarpenen berri.
Umetatik dantzan, berehala irakasle
1941ko urriaren 20an jaio zen Deban Txaro Garate. Bera ume zela iritsi zen Debara Anes Arrinda apaiza, euskal kulturaren maitalea eta ekintzaile nekaezina. 1950eko hamarkada hasieran Anes Arrindak abiatutako Umeen Egunean parte hartu zuen Txaro umeak, umetatik festak eta dantzak erakarri baitzuten.
Parrokiaren katekesis taldearen bidez sustatu zuen Arrindak Umeen Egunaren antolaketa eta lehen urteetan ume moduan parte hartu ondoren, nerabe zela ume txikiagoei irakasten hasi zen Txaro Garate. Umeen eguna prestatzeko lehen urteetan Donostiako monja batek hartu zituen lan handienak, baina berehala hartu zion txanda Txaro Garatek. Umeen Eguna festa egun handi baten tankeran antolatzen zen, San Roke festetako egitaraua errepikatuz, baina umeak protagonista izanik: entzierroa, zezenak, danborrada, antzerkiak eta dantzariak.
Umeen egunak haurra ulertzeko modu berria zekarrela ohartarazi digu Nekane Goikoetxeak, umeen eskubideak erdigunera ekartzen baitzituen herrigintzako subjektu moduan hartuta. "Horren erakusgarri zen Txarok herriko haur guztien izenak zekizkiela eta kalean agurtzen zituela beren izenez. Belaunaldi guztien jarraipena egiten zuen, nor nongoa zen e.a." Irailaren 2an antolatzen zen lehen urteetan eta gero San Roke festen programan sartu zen ekitaldia, abuztuan beraz. Umeak protagonista zituen ekitaldi, dantza eta festaren tamaina ikusita, San Roke festetako egun handienetakoa bihurtu zen eta Debatik kanpo ere hamaika aldiz eskaini zuten, Gipuzkoako hainbat herritan eta baita Iruñean 18 urtetan ere.
Gure-Kai dantza taldea
1950eko hamarkada erdian, Umeen Egunera begira dantzak irakasteko Gure-Kai dantza taldea sortu zuten Anes Arrindak zuzentzen zuen parrokiaren katekesi inguruan eta umeei dantzan irakasten hasi zen Txaro Garate. Hortik aurrera eta hainbat hamarkadatan Txaro Garate izan zen Gure-Kai dantza taldean umeei dantzan irakatsi eta Umeen Egunaren antolaketa gidatzen zuena. 1960ko hamarkadan irakatsi eta dantzatzen zituzten dantzak: kaxarranka, jorrai-dantza, aurreskua, ezpata-dantza, San Roke dantza, sagar-dantza, zinta-dantza eta kaskarotz ziren. 1975ean Debako ikastolan dantza tradizionala curriculumean sartu zuten eta Txaro izan zen irakasle.
Lola Urain izan zuen ama, janari-denda baten jabea. Presen ahizpak jarraitu zuen negozioarekin. Aita, Luis Garate, herriko lehen taxi-gidaria izan zuen. Txaro banku-langilea, baina lanetik irten eta festa eta dantza zituen pasio, margolaritza eta kantuarekin batera. Gure-Kai dantza taldearen bidez San Roke festetan dantzen ardura hartu zuen bere gain Txaro Garatek, Anes Arrindaren laguntzarekin orduan ere. Tradiziozko "dantzak bizirik eta dagokien duintasun eta errespetuarekin dantzatu daitezen saiatzen gara" zioen Txaro Garatek 1994an Felix Irigoieni eskainitako elkarrizketan. Ezpata-dantza eta jorrai-dantza Debako dantzak izanik arreta berezia eskaintzen zieten.
Debako Aita San Rokeren Ezpata-dantza
San Roke egunean egiten den ezpata-dantzak interes berezia ikusi zioten Anes Arrindak eta Txaro Garatek. Luis Idiakez Garatekin ikasi zituen Txaro Garatek Debako dantzak, bereziki San Roke dantza. Arrindak eta Garatek dantza horren historia osatzeko informazioa bildu zuten. Lan hori osatzeko Luis Idiakez Garate "Txerturi" berarengana jo zuten. Gaztetan dantzaria izana, 1972an 60 urte zituen berak eta harak esan zienez "gure garaian dantza askatasun aundian egiten zan eta zenbat eta saltu geiago desberdiñak egin eta obeto". Bildutako testigantzekin eta 1972an egindako moduaren deskribapenekin idatzizko lana egin zuten 1979an eta lan hori, "Debako Aita San Rokeren Ezpata-Dantza" izenarekin Dantzariak aldizkariaren 21. zenbakian argitaratu zen 1982. urtean, Anes Arrindak eta Txaro Garatek sinatuta.
Artikuluan zehazten dutenez 1884ko testigantza baten arabera ezpatekin dantzatzen zuten garai hartan San Roke dantza. Ostera, 1924ko beste dokumentu batek makilekin aritzen zirela jasotzen du. "Onek esan nai du makillekin baiño aurrerago ezpatekin egiten zutela dantza eta errazoi orregaitik GURE-KAY'ko dantzariek 1972 urtean ezpatekin egin zuten dantza". Hala ere, ondoko urteetan berriz makila apainduak erabili zituzten ezpata-dantzarako eta horrela transmititu zuten dantza Arrindak eta Garatek.
Debako dantzen transmisioa
Umeen Eguna, eta Deba bertako San Roke ezpata-dantza, jorrai-dantza eta aurreskuaren transmisioa bermatu du Txaro Garatek mende erdiz eta behin 1990eko hamarkadan testigua Andoni Iriondori emanda ere laguntzeko eta bultzatzeko gertu jarraitu du. Erregeen kabalkada antolatzen eta jantziak prestatzen jarduten zuen hainbat harmakadatan. 1994an Anes Arrinda eta Txaro Garatek omenaldia jaso zuten Umeen Eguna eta Gure-kai dantza taldearekin egindako lana eskertuz.
Debako San Roke Festetan "bodega" izeneko festa-guneak atontzen aitzindaria izan zen Txaro Garate. Horietan antolatzen zituzten lagun-taldeek jatordu eta festa-egonaldiak. Andoni Iriondok kontatu digunez Txaro Garatek museo txiki bat moduan zeukan atonduta haien bodega hori, Iturkale kalean hain zuzen ere. Urtez urte festetarako erabilitako hainbat tresna, janzkiak eta izandako bisitari ilustreekin egindako argazkiekin apaindutako bodega festarako toki eta Debako festa eta dantzen historiaren erakusleiho da.
2022ko San Roke festetan jaien hasiera iragartzeko suziria piztu zuen Txaro Garatek. Honela agurtu du Debako udalak Txaro Garate:
"Txaro Garate Urain. San Roke jaietan Umeen eguna antolatzen eta herria girotzeko beste hainbat lanetan aritu zen Txaro Garate. Euskal kultura eta tradizioa galdu ez dadin lan handia egin du Garatek urte askoan. Besteak beste, dantzak ez galtzeko, Ezpata dantza eta San Roke dantza, kasu. San Roke jaietako Umeen egunaren antolaketan eta Marinel egunaren antolaketan ere buru belarri ibili izan da. Pasa den urteko San Rokeetan, egindako lan guzti honengatik omendua izan zen eta jaien hasiera iragartzeko txapligua berak bota zuen."
Herrikideen agur beroa
Debarrek astelehenean agurtu zuten herrikide maitea. Erraldoien konpartsa zain zuen plaza zaharrean, eliza jendez beteta zegoela, Aitzuri abesbatzak eta parrokiko koroak kantuan hartu zuten Txaro. Parrokiko koruan abesten zuen berak ere. Kareaga eta Urkiri soinujoleek Nemesio Etxanizen “Debari abestia” pieza eskaini zioten, Leteren “Xalbadorren heriotzean” kanta interpretatu zuten Debako musika bandakoek eta Aita Madinaren “Aita gurea” Aitzuri abesbatzak. Une hunkigarriena etxeko ilobek, Txaroren anaia Jose Antonioren eta Nekane Barrueta errainaren seme Jonek eta Ikerrek, zeramaten hilkutxa elizatik ateratzean bizi izan zen bere ikasle izandako belaunaldi askotako dantzarien uztai eta makilez osatutako arku azpitik igarotzean eta kanpoan oraingo Gure-Kaiko dantzari gazteek agurra dantzatu ziotenean Kalez kale txistulari bandak lagundurik. Txalo zaparradarekin agurtu zuen herriak. Ez adiorik, Txaro!
Dokumentuaren akzioak