Dokumentuaren akzioak
Txapeloaz, Chapeloise, Aleman's marsj, Gay Gordon Progressive...
Izan ere, hainbat izen jasotzen ditu, eta toki guztietan berehala etxekotzen denez, izenak ere halaxe jasotzen ditu. Gaur egun zabalkunde handiena duen izena Chapelloise da, baina, horren idazkeran ez gara ados jartzen eta ondorioz Chapeloise, Chapelloise, Chapeloisse, Chapelloisse edo Txapeloaz idatzita ageri da. Horixe al du benetako izena? Tira, izen hori A. Dufresnek asmatu zuen, dantzaren jatorrizko izena gogoratu ezinik. Frantzian, Chapelle des Bois herrian egindako ikastaro batean irakatsi zuen dantza hori Dufresnek, eta benetako izena gogoratzen ez zuenez, une hartan zeuden herriaren izena jarri zion eraldatuta: Chapelle des Bois > Chapelloise!
Baina nondik dator?
Badirudi Suedian duela jatorria da dantzak. "Aleman's marsj" izeneko mixer bat zen bertan. Miss Pledge-ek eragin handia izan zuen dantza horren zabalkundean. Alick Maud Pledge (1893-1949) gimnasia eta dantza irakasle ingelesa izan zen, hezkuntza eta mugimendua ikergai izan zituen eta herri dantzak sustatzeko hainbat ikastaro eskaini zituena munduan barrena. Berak zabaldu zuen beraz suediar mixer horri munduko hainbat txokotara.
Eta zer da mixer bat? Dantzan zehar bikotea aldatzen joateko bidea ematen duen dantzak dira mixer-ak. Kontra-dantzen terminologian "progressive" bat litzateke hori, eta hain zuzen ere, dantza honi ingeles kulturan Gay Gordon Progressive deitzen diote. Baina, hor ere badugu nahaste apur bat, Eskozian Gay Gordon izeneko dantzak hainbat aldaera dituelako, eta ez direlako denak Chapelloiseren horren antzekoak...
Patxi Perez-en bultzada
Ziur aski Patxi Perez-i zor diogu Euskal Herrian txapeloaz-ek izan duen zabalkundea. Azken hamar urteotan ehunka plaza eta festa jarri ditu dantzan bere Dantza Pikoekin, eta Batbiru taldearekin, Tapia eta Leturiarekin, edo bere Konpaniarekin, inoiz falta ez den dantza da Chapeloise bere dantzaldietan. 2000. urtean Agorila-rekin Patxi eta Batbiruk argitaratu zuten CDan jaso zuten dantza honen bideoa eta dantzatzeko musika Patxik eta Batbiruk.
Doinuari buruz hauxe zioen CD horretan Patxi Perez-ek: "Minxoriak taldeari hartu diogun musika bat, zeinak Gwendal taldeari hartu zion, zeinak berriz Irlandatik ekarri zuen. Geroztik Titanik filmak hartu digu..."
Hala da bai, Kate Winslet eta Leonardo di Capriok doinu horrekin dantzatzen dute Titanic-en egindako festa zoro hartan.
Arrakastaren giltza
Zergatik horrelako arrakasta? Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu. Guri bururatzen zaizkigunak: Dantzatzeko oso erraza da, ez du urrats edo erritmo zailik, ez du ahalegin fisiko handirik eskatzen, adin guztietakoek dantzatu dezakete, musika alaiekin dantzatzen da, eta mixer izaera horrek, alegia, bikoteak etengabe aldatzen joatea oso dibertigarri bihurtzen du.
Edozertarako balio du
Gaur egun edozein festa mota, edozein testuinguru eta edozein herrialdetan egokia da dantza hau plazaratzeko. Soineko guztietara egokitzen da, eta beti gertatzen da egokia. Ertaroko feria bat dagoela eta zahar itxurako dantza bat nahi duzula? AEBtako mendebaldean bakero festa bat dagoela? Folklore jaialdi bat, dantza tradizionalen ikastaro bat, vintage estetikako ezkontza bat, inauteriak, eskolako ikasturte bukaerako jaia, Baionako sanferminak (!!) edo Mutrikuko madalenak, gutxien espero duzun tokian eta unean, han agertuko da Txapeloaz, Chapelloise, Gay Gordon Progressive, Champenoise, Aleman's marsj" edo dena delakoa.
Hona hemen Alemaniako talde bat, ustez berpizkundeko maneran jantzita eta berpizkundeko dantzak egiten ari diren itxura eman nahian.
Bakero (?) talde bat country musikarekin bakero dantza tipiko bat (!) egiten.
Urte berriko dantzaldia Lousianako "Vintage" erara jantzita.
Entrudancas jaialdia Portugalen. Soinujoleak doinu bat bestearekin lotu du eta Kepa Junkeraren Gaztelugatxeko martxari heldu dio, baina... itxuraz ez da ondo akordatzen edo auskalo, akaso aspertu egin da!
Dokumentuaren akzioak