Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Erriberak bere soka-dantza izango du

Dokumentuaren akzioak

Erriberak bere soka-dantza izango du

2019/09/10 09:35
Erriberak bere soka-dantza izango du

Laya dantza taldea Tuterako soka-dantza entseatzen. Argazkia: Laya dantza taldea

Sortu berri duten Tuterako soka-dantza dantzatuko du Laya dantza taldeak ostegun honetan 20.30ean Tuterako Plaza Zaharrean. Taldeak Erriberako kulturan errotutako dantza berri bat sortu nahi izan du: "Ez dugu ia ezer ezagutzen guregana iritsi diren dantzen egileen inguruan, eta bakarrik azken garai hauetan hasi gara dantza maisu horien rolez jabetzen, eta, horrekin batera, hasi gara konturatzen behin berezko hizkuntza koreografikoa ulertuta, gai izan gaitezkeela tradiziozko dantza bat sortzen, iraganean hainbeste jendek egin zuen moduan". 

Tuterako-soka dantza entsegua
Laya dantza taldea Tuterako soka-dantza entseatzen. Argazkia: Laya dantza taldea

Lan luzea du atzean ostegunean aterako duten soka-dantzak. Taldeko kide diren Patxi Laborda eta Iñigo Castellano arduratu dira koreografiez. Azaldu dutenez, soka-dantza osatzen duten dantzak jotaren gainean sortutako aldaerak dira eta zenbait zati zabalik daude inprobisaziorako, batez ere aurreskuaren eta atzeskuaren tarteak. 

Sabin Bikandiren doinuak jarraituz, instrumentazioan tutu estuko gaitak, gitarra, mandolina, buzuki, bibolina, xirula, txistua, akordeoia eta danborra sartu dituzte. Sortzaileek diote Erriberako errealitatea islatzen saiatu direla, sonoritate anitza bilatuz.

Euskal Herriko beste zenbait soka-dantzen tankerako da, baina aldi berean, berezitasun propioak ditu; beste eremu kultural batetik abiatutako baita. Tutelako soka-dantzaren egitura honakoa da: 

  • Irradaka
  • Aurresku
  • Atzesku
  • Aurrez Aurre
  • Zubiak eta Dantzak bikoteei
  • Arin Arin
  • Biribilketa

Tuterako soka-dantza entsegua
Laya dantza taldea Tuterako soka-dantza entseatzen. Argazkia: Laya dantza taldea

Tuterako tradizioak aberasten

Soka-dantza herritar guztiei zabalduta dagoela azaldu dute sortzaileek. Egun hauetan Tuteran antolatu dituzten ondare historikoaren inguruko Desadarve jardunaldien barruan aurkeztuko dute dantza; baina urtero Maiatzean ospatzen diren Barazkien Jardunaldian dantzatzeko asmoarekin sortu dute; "Tuteran azken hamarkadetan indar handia hartu duen jai horrek, beraz, dantza honekin aberastuko da datorren urtetik aurrera".

Tuteran azken urteetan dantza ugari sortu dira; besteak beste, Tuterako Jota, Ihauteri Polka eta Paloteadoa. Herrian oso ongi onartuak eta hedatuak izan direla azaldu digute Laya dantza taldeko kideek. Soka-dantza ere Tuterako identitatean errotzea eta hiriaren tradizioko adierazpenetan sartzea nahiko lukete.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.