Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Tolosatik Zumarragara eta axeri-dantzatik oilasko-biltzera

Dokumentuaren akzioak

Tolosatik Zumarragara eta axeri-dantzatik oilasko-biltzera

2008/07/21 15:30

Bordon-dantza Tolosan

Dantzarekin lotuta eta dantza protagonista duela Euskal Herrian barrena ospatzen den festa ederrenetakoa da Tolosan San Juan egunez ospatzen dena. Goizean goiz abiatzen dira bordon-dantzariak mendira, lizarrak moztu eta herriko erdiguneko kaleak apaintzeko. Eta goizean goiz, ez da literatura, goizeko 6:00etan abiatzen baitira. Ondo gosaldu ondoren hasten dira dantza-lanak eta arratsaldeko azken ordurarte atseden gutxi izango dute.

Alardeko konpainien eskopeta eta danbor hots artean, txistulari, musika-banda, udal-batza eta apaizak lagunduta, bordon-dantzarien taldea behin eta berriz ikusle, argazkilari eta herritarren atentzioa bereganatzen duena. Plaza Zaharra. Udalbatza, Tolosako Musika Banda, txistulari, bordon-dantzari eta eskopetariak Plaza Zaharretik, Santa Maria elizara, hortik Arramaleko San Joan kaperara eta buelta triangelu plazara, ikuskizun bikaina da bordon-dantzan Tolosan.

2008-06-24_Tolosa-bordon-dantza_2.jpg

Udaletxetik Zumardi Handira bidean behin eta berriz jaurtitzen dituzte tiroak airera eskopetariek bordon-dantzariak aurretik pasa ahala. Eta Zumardian aurreskua. Hogeitabost dantzari sokan eta udal-batza eta ikusleak erne, dantzarien lanari begira. Aritz Iglesias dantzari gazte baina dotoreak egin ditu aurten kapitain lanak, eta aurreskuan Mikel Agirre izan du atzesku.

2008-06-24_Tolosa-soka-dantza.jpg

Axeri-dantza Hernanin

San joanetan, ekainaren 25, 26 eta 27an axeri-dantzak hartzen ditu Hernaniko kaleak goizeko 9:00etan. Udaletxe atzean biltzen dira axeri-dantzan parte hartuko duten gazteak. Soka luze bati lotuta irteten dira, eta puxika banarekin eskuan. Goiz osoan ez dira sokatik askatuko. Azeria dute aurretik eta soka osoa dator atzetik.2008-06-26_Hernani-Axeri-dantza_1.jpg

Udaletxe azpiko arku batean kokatu dira lerro batean. Azeriak Gudarien plazara irten eta fandango bat dantzatu du, gainontzeko gazteek, sokari helduaz itxoiten diote. Bukatzean, sokaren hasierara bueltatu da eta dantza eginaz plazara sartu dira guztiak. Pare bat buelta eman dizkiote plazari dantzan. Bat-batean dantza egiteari utzi eta jendea inguratu dute, puxikekin joz. Ondoren, eta beti ere sokatik askatu gabe, Hernaniko kaleetan barrena abiatu dira, Kardaberaz kalean behera.

Gutxien espero den momentuan, berriro jendea inguratzen dute ezustean puxikekin jotzeko. Eta horrela behin eta berriz, beheko plazara iritsi arte. Bertan, azeriak berriro dantzatu du fandangoa, eta geldialdi txiki honen ostean kaleetan aurrera jarraitu dute.  Udaletxeko plazara itzulitakoan, azeriak, eta sokako gainontzekoak korro batean bildu eta azken fandangoa dantzatu dute. Amaieran, bakoitzak, bere puxikaren gainean egin du salto.

2008-06-26_Hernani-Axeri-dantza_2.jpg

San Pelaioak Zarautzen

Festarako tradizio bizia dute Zarauzko Inurritzako auzoan. Ekainaren 26a da San Pelaio eguna, eta aurreskua dantzatu ohi da egun horretan Iñurritzan. Biharamunean, oilasko biltzea antolatzen dute Inurritzako Mutil-ardo elkarteko kideek. Goizeko 5:30ean berakatz-zopa jan, eta bi taldetan banatuta baserri-baserri ibili dira aurten ere. Baserri bakoitzaren aurrean dantza berezi bat egiten dute. Ezpata-dantzaren doinura eta zenbait urratsetan antzekotasuna duten mugimenduekin, baina ezpata gabe eta jatorrizko dantzarekiko lotura handirik gabe egiten da. Lastozko kapela daramate buruan dantzariek eta jaietarako jantziak soinean.

2008-06-26_Zarautz-aurreskua.jpg

 2008-06-27_Zarautz-oilasko-biltzea-3.jpg

 2008-06-27_Zarautz-oilasko-biltzea-2.jpg

Ezpata-dantza Antion

Santa Isabel, uztailaren 2an, erromeria Zumarragako Antio baselizan, eta ezpata-dantza ekitaldirik ikusgarriena. Goizeko 9:30ak inguruan, dantzariak eta udal-agintariak herritik Antioko elizarako bideari ekin diote oinez. Dantzariek hamarretakoa egin bitartean elizan tokia hartzea komeni da.  11:00etan, mez nagusia hasi aurretik dantzatzen da eliza barruan ezpata-dantza. Ondoren, prozesioan atera da Ama Birjina eta elizari buelta eman diote. Ama Birjina berriro ere eliza barrura sartu eta mezarekin jarraitu dute. 12:30ean, meza amaitu ostean, eliza aurrean aurreskua eta soka-dantza dantzatu dituzte Irrintzi dantza taldeko dantzariek.

2008-07-02_Zumarraga-ezpata-dantza_1.jpg

2008-07-02_Zumarraga-soka-dantza_1.jpg

 

Honelako tokian-tokiko dantza tradizionalen milaka argazki ikus ditzakezue argazkien atalean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.