Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Thierry Truffaut: "Gaurko gazteen arazo gotorra da etengabeko zappingean izatea"

Dokumentuaren akzioak

Thierry Truffaut: "Gaurko gazteen arazo gotorra da etengabeko zappingean izatea"

2016/02/12 07:35
Thierry Truffaut: "Gaurko gazteen arazo gotorra da etengabeko zappingean izatea"

Argazkia: Xan Aire - EKE

Thierry Truffaut antropologo eta inauterien ikertzaile baionarra elkarrizketatu du Xan Airek Euskal Kultura Erakundearen webgunerako. Bere ibilbideaz gain, dantzak eta inauteriek gizartean, herri eta euskal kulturan duten garrantziaz, eta egiten dituen ekarpenetaz mintzo da Thierry Truffaut elkarrizketan. 

Bere ibilbide eta nondik norakoetaz galdetzen du Airek lehenengo eta Truffaut-ek, Baionan errotutako bere famili jatorri gaskoitik hasita egindako ibilbidearen berri ematen du: Lizeoan sortutako lehen kluba, Lauburu elkartearekin harremana 1974tik aurrera, Barandiaranekin harremana, historia ikasketak, eta hainbat ekimenen eta dantzara eta inauterietara hurbiltzeko akuilu gertatu zen Baionako Ipar MJC (Maison des jeunes et de la culture, halako gazteleku erako batzuk, elkarte modura antolatuak) ere. Betti Betelu ezagutu izanak zer nolako eragina izan zuen aipatzen du Thierry Truffaut-ek, eta belaunaldi hartan dantzari zirela ezagututako Filipe Lesgourges eta Claude Iruretagoiena aipatzen ditu besteak beste. Hona hemen elkarrizketan zehar Thierry Truffaut-ek aipatzen dituen ideietako batzuk:

  • "Dantza haien zentzu guzia hor zen. Ohartu nintzen zer aldea zegoen MJCan egiten genuenaren eta ihauteri horien artean
  • "Euskal Herriaz ikuspegi osoa transmititzeko xedez, probintzia bakoitzeko herri batekin harremandu ginen fite, elkarrengandik trukatu eta ikasi ahal izateko. Aberastasun handia izan zen bi urtez: gure dantzariak inarrosi genituen, horien artean Filipe Lesgourgues eta Claude Iruretagoiena zirelarik... Ez dut uste horien ibilbidea aurkezteak balio ote duen! "
  • "Ohartu nintzen, tokian tokiko taldeak ezagutuz, identitatea indartsua zela lurralde batek markatua izatekotan, trukaketarako plaza komuna: dantzarien arteko komunioa, begiz begi, baita ikusleekin ere, denak beren tradizioan elkartuz. Ez da batere harreman bera ikusgarri baterako txartela hartua dugularik. "
  • "Kultura baten berezkoa ez da erratea hoberena eta ederrena dela, baizik-eta ulertzea enbor berak ditugula, humanitatea tarteko. Ororen buru, populu bakoitzak txertoketa joateko abilezia ukanen du, horien nahastekoa, eta ama-enborrean bere fruitu bereziak ematekoa. Bizi den populu baten ezaugarria da etengabe txertatzen aritzea... "
  • Thierry Truffaut hartzarekin. Argazkia: Thierry Truffaut-en artxiboa."Funtsean, ihauteri hitzaren erranahietariko bat, “txertatze-garaia” da. Berdin garrantzitsua da enborraren ulertzea, txertoa lot dadin: jendeari zail egiten zaio hori ulertzea, eta memento baten buruan, ez dezake gehiago uler egiten duenaren zentzua. Ene aldetik, anitz lagundu nau Europan bidaiatzeak, hemen eskas zitzaigun katebegia sesitu eta berreskuratu ahal izateko. "
  • "Horrela jokatu genuen Beskoitzen, adibidez, Claude Iruretagoienarekin. Gure txertoa ongi lotua zela ohartu nintzen 24 urteko dantzari gazte bat elkarrizketatzean, horrek bere herriko ihauterien garrantzia aipatzean. Erran zidan sekula gelditu ez zen zerbaiten enbaxadore sendi zela, herria lotzen zuen historiaren garraiatzaile... Hitz horiek irriz zapartarazi zuten talde-arduraduna, dantzari gazteari salatuz nola parte-hartu nuen Beskoitzeko kaskaroten berpiztean, hura sortu zen garaian, 24 urte lehenago. Baina gazteak eternitate-harremana zuen bere ihauteriekiko, eta horrek anitz hunkitu ninduen". 
  • "Gaurko gazteen arazo gotorra da etengabeko zappingean izatea, eta horrek eragin dezake beren identitearekiko seguritate-hutsune bat".
  • "Herriko xaharrak nigarrez ikustea kaskarotak heltzean, edo horien begietan harrotasuna irakurtzea: uste dut oraindik ere gazteek horrelako mementoen beharra dutela gaurko egunean. Baita ihaute-biharamunean sentitzen den hutsunea, ondoko urtean berriz hasteko gogoa ematen duena."
  • "Kaskaroten bukaeran, neskak anitzetan gomit izaten ziren gazteen arteko gaualdia partekatzera. Hala ere, garrantzitsua zait soilik gizon gazteen arteko mementoak eta soilik emazte gazteen arteko mementoak pasatzea, eraikitze-xedeetarako: badituzte gauzak errateko beren artean.
  • "Lehen, borrokatzen zen lurra emankorra izan zedin urte berrian: hil ala bizikoa zen. Gaurko egunean, haurrak ez dira otsoaz ikaratzen, ez dituzte hiru haurride galtzen urte berean... "
  • "Maskak haurren izuarazteko ere baliatzen ziren, gauaz bakarrik ez ibiltzeko kanpoan heziz. Heziketa dantza-iniziazioa ere bazen, gaubeiletan, adibidez. Gisa guziz, haurrek ez zuten ihaute egiten, eta maskaradak soilik atxikiak dira arrazoinamenduaren adinera heltzen diren gazteentzat, bizitzaren konplexutasuna sesitzen hasten direlarik."
  • "Zanpantzarren auzian antzerkitik haratago doan jokagaia ere badago: pieza hori euskaraz idatzi eta partekatzearen garrantzia alimalea da, baina euskarak zer dimentsio duen plaza publikoan ere pausatzen da berdin-berdina."

Elkarrizketa osorik: Thierry Truffaut: "Ihauteria herri-eskola da, ororen buru" (Xan Aire - EKE, 2016-02-09)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.