Dokumentuaren akzioak
Euskal dantza sartu da Pariseko Arte Ederren Akademian Thierry Malandainen eskutik
Thierry Malandain Frantziako Arte Ederretako Akademiarako sarrera ekitaldian akademiako gainerako zenbait kiderekin, Paris, 2022-04-06.
Frantziako Arte Ederretako Akademian sarrera egin du Thierry Malandainek (1959, Petit-Quevilly, Frantzia). 1998tik Miarritzen Zentro Koreografiko Nazionala gidatzen eta bere izena, Malandain Ballet Biarritz hartu duen konpainiaren bidez egindako goi mailako ekarpen koreografikoa aitortuz gonbidatu dute Malandain akademiako kide izatera. Euskal Herriarekin lotura agerikoa izan da ekitaldian: euskal makila hautatu baitu Malandainek bere ezpata-ikur moduan eta euskal dantzariak izan baitira Contiko jauregian dantzatu direnak, Maritzuli konpainiako eta Bilaka kolektiboko dantzariak eta musikariak hain zuzen ere.
Laurent Petitgirardek, akademiako idazkari iraunkorra eta musika konposizio ataleko kideak, egin du Malandainen ekarpenen eta ibilbidearen merituen gorazarrea. Akademiaren atal koreografikoan osatzera datorren laugarren koreografoa da Thierry Malandain, Blanca Li, Angelin Preljocaj eta Carolyn Carlson-ekin batera.
Gabota, agurra eta kaskarot-martxa Parisen
Euskal dantzen errepertorioan aski ezagunak diren gabota eta agurra dantzatu dituzte Maritzuliko eta Bilakako kideek Frantziako Institutuko eraikinean eta ekitaldiaren amaiera kaskarot-martxaren doinuarekin borobildu dute. Maritzuliko Jon Olazkuagak dantzatu du gabota Bilaka kolektiboko Xabi Etxeberrik arrabitaz lagunduta eta Bilakako Arthur Barat dantzariak eta Sebastien Paulini txistulariak eskaini diote agurra Malandaini.
Olazkuagak dantzaturiko gabota Vestrisen Gabota bezala ezagutzen da. Thierry Malandainek eman ditu honen inguruko azalpenak bere sarrera-hitzaldian. Maximilien Gardel dantza-maisu eta akademikoak arautu zuen dantza hori, eta Auguste Vestris dantzariak interpretatu zuen lehenengo aldiz 1785ean, Grétry Panurge-ren Linternen uhartea opera komikoan, hain zuzen ere. Gerora, XIX. mendean, akademia militarretan dantza-instrukzioa jasotzen zituzten dantzari gazteek azken frogan dantza hori egin behar izaten zuten dantza-agiriak eskuratu ahal izateko. 2014. urtean Maritzuli konpainiaren Nundik Nora ikusgarrirako Jon Iruretagoienak prestatu zuen gabota dantzatu du Olazkuagak. Gabota hori akademia militarren eragina eta arrastoa antzematen zaien gabotetatik mugimenduak bilduz osatu zuen Iruretagoienak.
Euskal makila eskuan
Akademiako kide berriei ezpata bat oparitzen diote sarrera ekitaldian. Bakoitzak erabaki ohi du ze ezpata mota jaso nahi duen eta Thierry Malandainek euskal makila aukeratu du. Catherine Pégarden, Versaillesko jauregiko eta museoko eta Malandain Ballet Biarritzeko juntako lehendakariaren eskutik jaso du sinboloz beteriko makila. Agintearen ikurra eta erromesaren edo dantza maisuaren eguneroko tresna, lurrean denbora markatzeko erabilia. Biarritzeko Stephanie Porsain eta Florent Tremolos artisauek egin dute makila berezia.
Zuritu, zuzendu eta zahartutako mizpiraren adarrak dantzariaren gorputza zaildua irudikatzen dute eta kasik Malandainek interpretatutako balletak beste korapilo ditu. Zilarrezko heldulekuan barraskilo oskolarekin apainduta dago, mugimendua eta denborarekin lotuta, eta bere espiralak Arteetara dantzaren itzulera eta berpizkundea sinbolizatzen du. 1661. urtean Luis XIV.ak Dantzako Akademia sortu zuenean izendatu zituen koreografoen izenak grabatuta ditu, eta, tradizio akademikoari jarraituz, baita olibondoaren adarrak ere. Makilaren behealdean irudikatutako txori hegaldiak gogorarazten du gizaki arruntarentzat anbizioa gorputza eta arima igotzea dela. Ezpataren poltsa, berriz, Karine Prinsek egin du, konpainiako jantzien arduradunak, eta hainbat balletetako oihal puskekin josi du.
Dokumentuaren akzioak