Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Baserriz baserri talai-dantzarien atzetik

Dokumentuaren akzioak

Baserriz baserri talai-dantzarien atzetik

dantzan.com
2008/02/12 08:48
Amezketan talaiak dira inauterietako protagonistak. Inaute igandean eta astelehenean ibiltzen dira kalez kale, etxez etxe eta baserriz baserri talai-dantza eginez. Otsailaren 4an, inauterietako astelehenean ibili gara Amezketako talaiekin, eta baserri batzuk elkarrekin egiteko aukera izan dugu. Euritsu hasi den egunak eguzkitsu bukatu du, baina baserri-bideetan aurkitu dugun lokatza gogotik probatu dugu.

Igandean Amezketa herrian bertan eta hurbil dauden baserrietan ibiltzen dira talaiak, edo talaik bertan esaten dioten moduan. Astelehenean berriz, herritik aparteago geratzen diren baserrietan eta Bedaioko baserrietan. Bedaio Tolosako auzoa da, baina Amezketako talaiek aspaldiko ohitura dute inauterietan bertako baserrietara hurbiltzea, eta baserritarrek pozik hartzen dituzte. Balerditik blogean jaso dutenez, garai batean Bedaion ere ospatzen ziren inauteriak. 1934. urterarte ospatu omen ziren. 1950ean izan zuten zuzperraldi bat, baina ez nahikoa, eta ez zuten aurrera egin.

Goiz erdia da Bedaiora iritsi garenerako. Bi taldetan banatuta dabiltza talai-dantzariak, bata Amezketa aldean eta bestea Bedaion, eta bigarrenarekin egin egin dugu topo Bedaion. Balerdi mendi magalean dago Bedaio, eta tontorrak zurituta antzematen dira inguruan. Soinujoleak kalejira doinua joz eta talai-dantzariek makilak elkar kolpatzen dituztela hurbildu dira baserri batera. Oihu egin arren ez da inor azaldu baserri barrutik, badirudi ez dagoela inor. Ez dira asko arduratu horregatik dantzariak. Taldea prestatu, soinua hasi da doinuarekin, eta talai-dantza egin dute intentzio guztiarekin.

Makila-dantza bat da talai-dantza. Abaltzisketako txantxoek egiten duten dantzarekin antz handia du Amezketakoak, baina Aritz Larretak esan digun bezala, "hura motelago egiten dute, hau biziagoa da".

Amezketa talaik 2008

Amezketa aldeko baserrietara itzuli gara. Larreta baserrian talai-dantza egin eta bidean gora jo dugu. Baserritarrak iragarri digu bidea lokaztuta aurkituko genuela eta bai aurkitu ere. Nahikoa lan zutik eusten. Zelaian goruntz eginez Iparragirre-txiki baserrira iritsi gara. "Amezketan Iparre-txiki esteyeu" argitu digu Aritz Larretak. Iparre-txiki horretan elkartu dira bi taldeak, Bedaioko baserrietan ibili dena eta Amezketako baserrietan ibili dena. Denen artean eta bi egunetan, igandean eta astelehenean, 60 baserri inguru bisitatzen dituzte urtero.

Iparre-txikin hamaiketakoa dute zain dantzariek. Jan aurretik eta ondoren egin dute talai-dantza bi taldeek. Segidan, beheranzko bidea (?) hartu dugu denok eta orduan komeriak, zelaian beheruntz, busti-bustita dagoen belardian irrist eginez. Ipurdiko bat ere izan da tartean. Eta gero, basoko bidean lokatza, orkatila bera lurperatu arte. "Ateazak ba oain argazkie!". Klik.

2008ko otsailaren 4an Amezketa eta Bedaioko baserrietan talai-dantzariek inauteria ospatuz egindako dantzen irudiak jasotzen ditu bideoak. Azpiko loturan argazkiak:

Dokumentuaren akzioak

Aritz.
2008/02/12 11:02

Hori da hori meritua duzuena dantzan-ekoak! Mendian gora eta behera argazki eta bideoak sareratzeko. Lan puska egiten ari zarete!

2008/02/12 12:02

Talai dantzariekin baserri batzuetako bidean ibili ahal izatea zorte handia da guretzat. Eskuzabalik hartu gaituzte eta dantza tradizionalen beste aurpegi bat, izugarri ederra gainera, ezagutzeko eta bizitzeko aukera eman digute. Testu, argazki eta bideoekin han ikusitakoaren zati bat ezagutzera ematen saiatzen gara, baina disfrutatu, bertara joanda disfrutatzen da...

balerditik
2008/02/12 14:14

Eskarrikasko aipamenengatik eta eskarrikasko baita ere urtero urtero Bedaiora etortzeagatik, lan bikaña egiten ari zarete, segi horrela.

Aritz.
2008/02/12 15:12

Ederra, emozionantea, oso, erreportaia, bai horixe!

BEJONDEIZUELA!

Egia da, bai, astelehen inauterian Bedaio aldean ibiltzen garela, Artubipean, alegia.

Dena dena, triste samarra egiten zaigu, maiz, Bedaioko buelta; izan ere, etxe/baserri asko eta askotan ez zaigu inor azaltzen. Gatozenik ere ez dakitelako? Atera nahi ez dutelako?... Egia ere bada, ordea, gure makil hotsekin etxe/baserri atarira ateratzen direnek oso gustora hartzen gaituztela. Hoiengatik bakarrik bada ere, gustoa ematen du TOLOSAKO AUZO horretara gerturatzea. Tolosako auzoarena ez gaizki hartu, e! Je, je!

Pentsatu beharko dugu zer edo zer Bedaion jendeak Amezketako talaiak badatozela jakin dezan. Zerbait okurrituko zaigu!

Hurrengo urtera arte, zuoi, dantzan.com-ekooi, eta, nola ez, baita "balerditik" blogean idazten duzun horri ere.

Aritz.

balerditik
2008/02/12 16:33

Nik huste jendeak jakin badakila astelenen han izaten tzeatela, baño ohitura haundie zeok KAPITALEA(je,je) jeixteko. Lastime da horrelako altxor bat zuzenean ez ikustea. Ea datorren urtean elkar ikusten degun.

Bedaio, Udalik gabeko Herrie.

Aritz.
2008/02/12 22:53

Eztek/n arrazoi faltik, Balerditik!

Ta, portzierto, zein demonio haiz hi? Bazeuket/nat jakinmiñe!

Aritz (Amezketako Latukoa).

Apa Aritz
2008/02/13 16:52

Seguro nonbatten topatu geala, Eletxeko Txarli nak, sortzez txintxarrie baño bihotzez makille.

ALT
2008/02/13 20:29

ZORIONAK DENEI!!! BAI DANTZAN.COM-EKOEI ETA NOLA EZ, BAITA AMEZKETAKO TALAIRI ERE!!!

GIRO EDERRA HAUEK ETXEZ-ETXE ETA BASERRIZ-BASERRI SORTZEN DUTENA, ETA ZIRRARA EDERRA, IGANDEAN AMEZKETAKO KALETIK PASATZERAKOAN, MAKILEN ZARATAK EGITEN DUENA, BENO, NERI BEHINTZAT ALA SORTZEN DIT!!!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.