Dokumentuaren akzioak
Soka-dantzan lotuko dira Gipuzkoako agintariak

Gipuzkoa izenaren lehen erreferentzia idatziaren 1000. urteurrena soka-dantzan ospatuko da larunbat honetan Tolosan. Aurreskua plazaratuko dute Gipuzkoako herri-erakundeetako buruek, beraz, sokan eskuz esku dantzatuko dira Eider Mendoza Larrañaga buru dutela, eta eskutik direla Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea, bai eta Gipuzkoako herrietako alkateak ere.
Uztailaren 5ean, larunbatean, 12:00etan Tolosako Euskal Herria plazan egingo da soka-dantza. Tolosako Udaberri dantza taldeko dantzariek lagunduko diete sokan agintariei eta Tolosako txistulari bandaren doinu eta erritmora arituko dira. Ikerfolk elkartea arduratu da antolaketaz, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Tolosako Udalarekin elkarlanean.
Urbeltzek berak dioen moduan soka-dantzak kohesio sozialaren adierazgarri dira eta hala irudikatuko da Tolosan Gipuzkoaren batasuna, ordezkari politikoak eskuz esku elkarrekin soka berean dantzan. Badirudi Ipuskoa izenaren efemeride borobil honetan egin zaiela lehen aldiz gonbidapena Gipuzkoako alkate guztiei elkarrekin dantzatzekoa. Agintarien aurreskuaren ondoren agintarien parte hartzearekin, Et Incarnatus orkestraren, Argia dantzari taldearen eta Zaria koru eskolaren parte hartzea izango duen ekitaldia egingo da.
"Ipuskoa"ren urteurrena dantzan
Duela 1000 urtekoa da ezagutzen dugun Gipuzkoa edo "Ipuskoa" izenaren lehen erreferentzia. Urteurrenaren ekitaldi instituzional nagusia Tolosan egingo den agintarien soka-dantza izango da, baina ospakizuna aurreko astean hasi da girotzen. Ekainaren 28an, eguerdian ezpata-dantza kaleratu zuten Gipuzkoako hainbat taldetako dantzariek Donostiako Alde Zaharrean eta jarraian baita brokel-dantzaren zikloko zenbait dantza eta soka-dantza ere Plaza Berrian.
Iluntzean, berriz, Argia dantzari taldeak Muriska drama koreografikoa aurkeztu zuen San Telmo Museoko elizan. Pastoralen egituran kontatzen den istorio hau 1989an estreinatu zuen Argiak eta Gipuzkoaren izenaren urteurrenean berriz plazaratu da. Argiak zenbait taldetako kideek osatutako dantzari eta musikarien taldearekin aurkeztu du ikuskizuna: Duguna (Iruñea), Kezka (Eibar), Elai-alai (Portugalete), Gure-kai (Deba), Haritz (Elgoibar), Antiguotarrak (Antigua), Astigar (Astigarraga), Arkaitz (Añorga).
Azken ospakizuna Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugan kokatzen den UIizar mendian egingo da uztailaren 20an. Urmuga jaialdiaren egitarauaren barnean. ‘Ypuçcoa 1.000 urte ikuskaria’ eskainiko dute Leitza eta Amasako koruek, Euskal Herriko eta Aragoiko dantza taldeekin batera.
Dokumentuaren akzioak