Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Santurik gabeko Tuterako Alde Zaharreko Paloteadoa

Dokumentuaren akzioak

Santurik gabeko Tuterako Alde Zaharreko Paloteadoa

2020/07/09 10:30
Santurik gabeko Tuterako Alde Zaharreko Paloteadoa

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

Hiru urte dira Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa kaleratu zutela. Aurten ezin izan dute bere horretan plazaratu, baina ez pentsa Alde Zaharreko auzokideak geldirik geratu direnik: "Hemen gaituzue berriz, Entzun Tuterako herria: Paloteaua ez du akatuko Covid hemeretziak". Aurtengoan bideotxo bat prestatu dute San Pedro jaietarako eta dagoeneko datorren urtekoari begira jarrita daude.

Miren Balmaseda paloteadoko dantzarietako bat da eta berak azaldu dizkigu paloteado berri honen nondik norakoak. Fernando Leon eta Jabitxu Perez de Obanos musikariak eta Jose Luis Balmaseda Balma dantzariak Alde Zaharreko mugimendu kulturala sendotzeko asmoz egositako ideia da. Tuteran bada San Joan paloteadoa, baina Alde Zaharrekoarekin paloteado tradizionaletik ateratzeko asmoa agertu zuten. Egiturak mantenduta, zenbait konturi buelta eman eta hainbat aldaketa txertatu dituzte. Besteak beste, santua kendu eta pertsonaia berriak sortu dituzte.

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa 2019
Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

Harrera ezin hobea

Bultzatzaileak auzoko jendeari ideiaren berri eman eta talde txikitan biltzen hasi ziren. Dantzariak, antzezleak, gidoigileak... Elkartzen hasi eta urtebetean estreinatu zuten, dantza berriekin eta testu berriekin. "Lehenengo urtea izan zen kristorena", Balmasedak azaldu digu herritarrek bazekitela paloteado berri bat prestatzen ari zirela, baina ezer gutxi zekiten, parte-hartzaileek nahiko ezkutuan eman zutela kontua dio. Bazuten beldurra auzotarrek nola hartuko zuten, batez ere kritika politikoagatik. Hasieratik saiatu ziren Alde Zaharreko peña ezberdinetako jendea, ikastetxe ezberdinetan ikastitako auzotarrak elkartzen, "denetarik bildu gara eta oso ondo funtzionatu du".

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa 2019
Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

"Plazara heldu ginenean jendeak aulkiak buruan zituen oraindik", Tuteran euri gutxi egiten duen arren egun horretan kristoren zaparrada bota zuen. "Ia ezin izan genuen atera paloteadoa euriagatik, baina azkenean atertu eta oso harrera ona izan zuen".

Taldean sortutako dantzak

Jabitxu Perez de Obanos gaiteroak sortutako musikaren gainean sortu dituzte dantzak. Jose Luis Balmaseda Balma-k gidatu ditu dantzariak, baina dantzari taldeak sortu ditu zikloa osatzen duten dantzak. "Inor ez da dantza talde batekoa, beti egon izan gara dantza munduari lotuak batzuk, baina inoiz dantzatu gabekoak ere badira dantzari-taldean". Paloteadotako dantzen estruktura edota makila txikiak erabiliko zituztela argi zuten, baina berrikuntza batzuk ere sartu dituzte. "Zortziko dantzak dira eta saiatu gara mantentzen paloteado tradizionaletako dantzetako estrukturak".

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa 2019
Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

Zikloa bost dantzek osatzen dute: karrika-dantza, por lo vajo (makil txikiena), palitrokeak (makila handiena), zinta-dantza eta revolxota. Azkena dantza horretan Tuterako jaietan dantzatzen den revoltosaren musikaren zati batzuk, baina jotaren erritmoan egiten dituzte, "azalpen horretatik dator dantzaren izena". Aurten seigarren dantza sortzen ari ziren, baina ezin izan dute atera, "erdia edo egina genuen, baina hor gelditu da. Ez dakigu hasitakoarekin jarraituko dugun edo datorren urterako guztiz aldatuko dugun".

Tresna eta arropen buelta

"Arropei buelta eman nahi izan diegu", dantzetan bezala jantzien oinarria ere mantendu nahi izan dute: mediak, kaltzoiak, faldin txikia, alkandora eta buruko zapia. Koloreekin jolastu dute: "Kolore zuriak eta apaingarriak erabili izan dira paloteadoetan eta guk aldatu ditugu eta lurraren koloreak sartzen saiatu gara. Bardeetako koloreak, nahiko okrea da jantzia".

Makila luzeak sartu dituzte, karrika-dantzan erabiltzen dituzten eta zintzarri txikiak dituzte puntan. Horrela transhumantziari keinua egin nahi izan diote, "lurra jotzen dugunean artaldearen soinua irudikatzea da asmoa". Zinta-dantzan, berriz, zintekin bakarrik dantzatzen dute, erdiko makilarik gabe.

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa 2019
Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

Pertsonaia berriak

Paloteado gehienak santuren bati eskainiak izan ohi dira, "guk santua kendu dugu eta deabrua eta aingeruaren partez pertsonaia berriak sortu ditugu: Bardea, Zipoteroa eta Cierzoa". Mayorala eta Rabadana mantendu dituzte eta pertsonaia nagusiei berriak gehitu zaizkie. Zipoteroa Tuterako inauterietako pertsonaia da eta politikan zirikatzen du, pixka bat deabruaren papera hartzen du. Bardea naturaren edota poligonoaren inguruan aritzen da, herriko egunerokotasunean baino inguruneari erreparatzen dio. Hirugarrena, Cierzoa litzateke, Tuteran haizeari horrela deitzen diotela azaldu digu Balmasedak eta pertsonaia zirikatzailea da.

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa 2019
Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

Bost pertsonaia finko horiez gain, urtero pertsonaia berriak atera dituzte, lehenengo urtean apaiza eta bigarrengoan Ortelana, barazkien merkatuan postua zeukan emakumea. Aurtengorako pentsatuta zutena ez du nahi izan aurreratu Balmasedak, seguruenik, hurrengo urtean erabiliko baitute. Pertsonaia historiko bat ere atera dute bi urtetan, "Tuteran kontatzen ez den historia ezagutzera emateko, modu dibertigarri batean baina herritarrak informatuz".

Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa 2019
Tuterako Alde Zaharreko paloteadoa, Tutera, 2019-06-29. Argazkia: Angel Alvaro

Paloteado konfinatua

Hirugarren urtez San Pedro jaietako larunbatean paloteadoa emateko asmoa zuten, baina prestaketak eta jaiak bete-betean harrapatu ditu COVID-19ak. Azkenean, entseatu gabe eta nahiko modu inprobisatuan Padre Baztan parkean paloteado murriztua grabatu eta jaietako larunbatean, arratsaldeko 20:00etan argitaratu dute; berez paloteadoa kaleratuko luketen egunean eta orduan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.