Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Rafael Eneterreaga eta Koldo Lizarralde, festa eta ezpata-dantzei lotutako bi folklorezale hil dira

Dokumentuaren akzioak

Rafael Eneterreaga eta Koldo Lizarralde, festa eta ezpata-dantzei lotutako bi folklorezale hil dira

2019/10/04 08:00
Rafael Eneterreaga eta Koldo Lizarralde, festa eta ezpata-dantzei lotutako bi folklorezale hil dira

Koldo Lizarralde Errosarioko Amaren ezpata-dantzan, Elgoibar, 2017-10-07. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Udazkenean sartzearekin batera, haizeak hostoak eraman ohi dituen gisan, Koldo Lizarralde eta Rafael Eneterreaga eraman ditu irailak. Beren herrietako festen, tradizioen, folklorearen eta ezpata-dantzen ikertzaile, maitale eta zaintzaileak biak, astebeteren barruan hil dira. Lizarralde Elgoibarren eta Eneterreaga Lesakan, nor bere herriko historia eta tradizioen berri biltzen aritu izan dira eta azken egun hauetan herritarrek benetan egindako ekarpen oparoa eskertuz agurtu dituzte.

Koldo Lizarralde Pasai San Pedron jaio bazen ere, urte askoan Elgoibarren bizi izan da. Historialaria eta etnografo izan da lanbidez eta hainbat lan eta artikulu argitaratu ditu. Horietako asko Elgoibarri buruzkoak; herrigintzan ere bere ekarpena utzi du. Besteak beste, herriko Haritz dantzari taldearen inguruan. 1999an, Elgoibar Dantzan liburua egiten lagundu zuen edo 2009az geroztik egiten den Errosarioko Amaren ezpata-dantza martxan jartzeko akuilu lanetan ere jardun zuen. Ezpata-dantzan parte hartu izan du Liarraldek, arkabuzero gisa. Hileta egunean ezpata-dantzariek azken agurra eman nahi izan diote, ezpatak eskuan dituztela lagunduz.

Rafael Eneterreaga
Rafael Eneterreaga San Fermin jaietako txupinazoa botatzen, Lesaka, 2014-07-06. Argazkia: DV

Rafael Eneterreagak, berriz, Lesakako hamaika kontu bildu izan ditu. Bere herriko historia jaso du testu, argazki edo bideoen bidez eta bere lana eta jakintza herritarrekin konpartitu izan ditu. Izan Lesakan zehar egiten zituen bisita gidatuen bidez edo azken urteetan artikulu, bideo eta argazkiak interneten argitaratuta. Tartean, ezpata-dantzarien irudiak edo horien jantzien xehetasunak erakusten zituzten argazkiak. 2013an, Lesakaren historia eta arkitekturari buruzko liburua ere egin zuen. Herritarrek hala eskatuta, urteetan jasotako informazioa txukundu eta osatu ondoren. 2014an, jaietako txupinazioa botatzeko aukera eman zioten Lesakari egindako ekarpena aitortuz.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.