Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Pedro Urtxegi, Meakako dantzari nekaezina hil da

Dokumentuaren akzioak

Pedro Urtxegi, Meakako dantzari nekaezina hil da

2022/01/31 12:50
Pedro Urtxegi, Meakako dantzari nekaezina hil da

Peio Urtxegi, 2017. Argazkia: Eire Vila - Dantzan (cc) by-sa

Pedro edo Peio Urtxegi Ruiz (Irun, 1937-2022) Irungo Meaka auzoko dantzaria zendu da 84 urterekin urtarrilaren 29an. Kemen eta Meaka dantza taldeen sortzaileetakoa eta Meakaren zuzendaria luzaz, Irungo Euskal Jiraren zuzendari izana, inauterietako puska biltzeetan, han eta hemengo erromerietan eta ehunka dantza ekitaldian aritu da dantzan eta dantza sustatzen, bere emazte Nekane Lasarekin batera, dantzaren plazetan egindako lagun dantzazaleekin eta baita seme-alaba eta bilobak gertu zituela ere. Pedro eta Nekaneren semeetako bat, Peio Urtxegi Lasa, dantzaria hau ere, Kemen dantza taldean aritua, 2008an hil zen. Aita Pedro Urtxegi umetatik izan zen dantza-zalea eta gaztetan erromeria eta inauterietan aritzen zen. 47 urte zituen Meaka dantza taldea sortu zuenean  lagun dantza-zale batzuekin.

Hondarribian puska-biltzea 2017
Meakako dantzariak Hondarribian, Jaizkibel inguruko baserrietan inauterietako puska biltzean, 2017-02-25. Argazkia: Eire Vila - Dantzan (cc) by-sa.

Eskolara hanka hutsik jaisten zen mutil koskorra

Bidasoa eta Aiako Harria artean Meaka auzoko mendietan jaio zen Pedro Urtxegi 1937ko uztailaren 8an. Irugurutzetako meategitik gora, Aitzondoko errekak egiten duen urjauzietako baten ondoan. Zazpi urterekin Ibarlako eskolara jaisten zen oinez Pedro. Ia ordubeteko bidea zeukan eskolara, bera bakar-bakarrik mendian behera eta gora, eta lurra bustita egonez gero abarketak eskuan hartuta hanka-hutsik egiten zuena, eskolara iritsitakoan abarketak lehor jantzi ahal izateko. Apur bat koskortu zenean gomazko abarkak erosi zizkioten eta pozik haiekin eskolara joateko. 75 urte beranduago ez zen arraroa Pedro gomazko abarkekin dantzan ikustea inauterietako puska biltzeetan. Izan ere umetan hasi zen Meaka auzoan egiten ziren puska biltzeetan parte hartzen.

Hondarribian puska-biltzea 2017
Peio Urtxegi Meakako dantzariekin Hondarribian, Jaizkibel inguruko baserrietan inauterietako puska biltzean, 2017-02-25. Argazkia: Eire Vila - Dantzan (cc) by-sa.

10 urte zituenean urjauzitik Irugurutzetako meategira jaitsi zen familia, aita meategiko enkargatu izendatu baitzuten. Soldatarik ez zuen karguak, baina behintzat errentarik ordaindu gabe bertan bizitzeko aukera eskaintzen zieten, meategia zaintzearen truke. Bertan bizi izan zen Peio Urtxegi Nekane Lasarekin  ezkondu zen arte.

Peio Urtxegi eta Nekane Lasa
Peio Urtxegi eta Nekane Lasa, 2014. Argazkia: Fernando de la Hera, DV.

Dantzarako zaletasuna

Adinean aurrera egin ahala dantzarako zaletasuna gutxitu baino areagotzen joan zitzaion Urtxegiri. 30 urtez El Pinar altzari-dendan egin zuen lan eta lanetik atera eta dantza izaten zuen zaletasun handiena. 1973an Irungo Kemen dantza taldearen sorreran parte hartu zuen eta bertan aritu ziren dantzan seme-alabak.

Kemen 1978
Kemen dantza taldeko kideak Zarautzen, 1978an. Erdian alkondara koadrodunaren Peio Urtxegi.

 1984ko uztailaren 25ean, Santiago egunez, Hondarribiko Santiagotxo festetan zeudela, bera bezala Meakakoa zen Consuelo Peluagarekin batera pentsatu zuten dantza taldea antolatu behar zutela, festa eta erromerietan elkartzen ziren dantzazaleak bilduz. Horrela sortu zen Meaka dantza taldea, eta taldera bildu ziren Irundik Hernanira bitarte festa eta dantzaldietan elkar topo egiten zuten hainbat dantzazale. Lehen agerraldia urte hartako Irungo Euskal Jiran egin zuten, abuztuaren 11n, zortzi bikotez osatutako taldea plarazatuz.

Hondarribian puska-biltzea 2017
Peio Urtxegi eta Nekane Lasa Euskal Jiran, Irunen. Argazkia: Meaka dantza taldea.

Festarik festa

Euskal Herriko hainbat festa, dantza-ekitaldi eta erromerietan aritu dira Meaka eta Ibarla-Meaka dantza taldeetako dantzariak, Peio Urtxegi buru zutela. Euskal Herriaz gain nazioartean ere hainbat bira eta emanaldi egin dituzte, hala nola Italia, Frantzia, Alemania, Portugal, Letonia, Argentina edo Kuban. Antolatzaile eta zuzendari Peio Urtxegi, emazte Nekane Lasa beti ondoan zuela, eta Patxi Urtizberea, Maria Luisa Agirresarobe eta beste zenbait dantzazalerekin batera elkarlanean. 

Euskal Jira 2016
Irungo Euskal Jira, 2016, Meaka dantza taldea.

Gaztetan hainbat erromeria bizi eta ezagututakoa zen inguruko parajeetan: Toki-Goxo, Ibarla, Estebenea, Bentaseko Jose Marin, Anakako La Cepan, Santiago kalean, Behobian... Horien gainbehera ikusita 1990eko hamarkadan urtean hamar erromeria bultzatzen aritu ziren Meaka taldetik, hilabete bakoitzaren hirugarren igandean bat. 2002an auzoaren aldeko bultzada eskertu nahi izan zion Urtxegiri Izokinaren kofradiak eta Urrezko Izokina saria eman zioten. Irungo Euskal Jiraren zuzendari aritu zen Urtxegi. Aurreskuan heldua zela ikasi zuen baina beti prest zen behar zen tokian dantzatzea, eta horrela, hainbat urtetan Donostian dantzatu zuen Kofradien Egunean. 

Peio Urtxegi Donostia aurreskua
Peio Urtxegi Donostian aurreskua dantzatzen Kofradien egunean.

Puska biltzeak

Umetako lehen dantza oroitzapenak inauterietako puska biltzeak bazituen, heldutan ere eutsi dio horri Pedro Urtxegik, Meaka dantza taldeko kideekin batera aritzen baitzen puska-biltzean inauteri sasoian. Bai Irungo Meaka auzoan zein Hondarribian, 2017ko irudi hauetan ikus daitekeen moduan, Jaizkibel azpiko baserri eta etxaldeetan dantzan eta eskean.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.