Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Patxi Laborda: "Pilota etorri zaigu eta ahal dugun moduan erantzuten ari gara"

Dokumentuaren akzioak

Patxi Laborda: "Pilota etorri zaigu eta ahal dugun moduan erantzuten ari gara"

2020/05/13 08:55
Patxi Laborda: "Pilota etorri zaigu eta ahal dugun moduan erantzuten ari gara"

Patxi Laborda online klasea ematen.

Eguneko klasea prestatzen harrapatu dugu Patxi Laborda (Iruñea, 1967). Hogeita zortzi saio eskaini ditu gaur arte itxialdian zehar. Orain dela hamalau urtetik Bilbao Musikan irakasle aritzen da helduei dantza klaseak ematen eta azken asteetan guztiz aldatu behar izan du dinamika. Eskolak ematen jarraitu du; Bilbaomusika Dantzan online kanala sortu du eta bertan argitaratzen ditu ikasleentzako edukiak eta Bilbao Musikaren blogean ere publikatzen ditu bideoak. Bere ikasleei begira pentsatutako klaseak dira, baina edonorentzat eskuragarri ipini dituzte.

Azken asteetan online klaseekin gelditu gabe ari zara ezta?
Lehenengo egunetik bi helburu izan ditut, kontaktua mantentzea ikasleekin eta baliabideak ematea etxean dantzatu dezaten.

Eta hori nola egiten duzu?
Nik musikaren bidez egiten dut lan, beraz ahalegintzen naiz uztartzen urratsak eta idazkera erritmikoa (partiturak). Arbelean marrazten dut klaseetan, ikasleek ikus dezaten zer den egin behar dutena oinekin. Musika idazteko programa bat da orain nire arbela. Klasean egin nahi dudana azaltzen diet hasieran. Gero, idazkera erritmikoa erakusten diet eta jarraian urratsen azalpena ematen dut plano labur batean. Azkenik orokorrean nola funtzionatzen duen erakusten dut, musikarekin dena osatuta. Ahalegintzen naiz hori egiten egunero.



Edukiak aldatu behar izan dituzula diozu.
Hasierako planteamendua izan zen klase presentzialetan ematen nituen eduki berberak lantzea, baina gero konturatu nintzen ez zela egokia. Niretzako eskola arruntean garrantzitsua da errepikapena. Errepikapena da pixka bat automatizaziora eramaten gaituena. Hamabost minutuko bideo batean, ordea, ezin da hori landu. Orduan klaseak planteatzeko modua aldatu dut, nik eduki berriak ematen dizkiet eta gero ikasleak erabakiko du ze errepikapen egingo dituen. Azalpenak emateaz gain, azterketa erritmikora bultzatzen ditut, saiatzen naiz jendeari ulertarazten zer den ikusten ari direna. Horrez gain, Dantza Dezagun atala ere sortu dut, dantzarako egina ez dagoen disko bat hartu eta nola dantzatuko nukeen nik pieza hori erakusten dut ikasleak ere horretara anima daitezen.


Zenbat ikasle dituzu?
Nik 340 ikasle ditut gutxi gorabehera. Sei taldetan banatuta, baina talde guztiak ez doaz batera. Niretzako ez dira inportanteak edukiak, nik ez ditut bereizten klaseak dantzen arabera. Niretzako dantzak dira baliabideak hainbat elementu erakusteko: azentuazioa, pultsua, egitura erritmikoa... Egon daitezke bi talde 5. mailakoak, baina biek ez daukate errepertorio bera. Batzuk agian behar dute gehiago musika landu eta besteek lateralitatea. Orain ezin dut hori egin, ez dakit ikasleek zer behar duten, nik ematen dut eta beraiek jasotzen dute.



Orduan errepertorio zabala ari zara lantzen?
Bai, oso zabala. Niretzako inportantea da jendeak ulertzea, gure oinak baketak balira moduan, gure oinak perkusio tresnak dira. Dantza tradizionalean gure mugimendua beti gora abiatzen da eta gorputzak laguntzen du. Hau ez da matematika baina egitura erritmiko batetik abiatzen da. Nik irakasten dut nola pasatzen den erritmo hori gorputzera eta horretarako errepertorio anitza erabiltzen dut. Niretzat inportantea da adibidez zote bat egiteko erabiltzen dugun erritmoa, bolero bat erabiltzeko erabiltzen dugun erritmo bera dela. Erritmo bat ulertzea, baliagarria da hainbat gauzetarako. Edo txotisaren erritmoa ikasi eta erritmo berbera erabiltzen da bolant-dantza bat egiteko edo arin-arin bat dantzatzeko.

Ze ezberdintasun ikusi dituzu aurrez-aurreko eta online klaseen artean?
Oso argi daukat esfortzu handiagoa dela egunero eduki berri bat prestatzea online klaserako eta mezu zabala ematea ikasleak aurrean izan gabe. Ez dakit mezua nola heltzen den. Aurrez aurrekoetan, askotan zerbait azaltzen hasi eta ikasleen begiradak ikusita bakarrik konturatzen zara hori ez dela bidea. Orain egunero gauza berri bat publikatu behar izaten dut, baina hori ez da erreala irakaskuntza ez da beti gauza berri bat. Bestalde, irakasleen lana ez da bakarrik irakastea, motibatzea ere bada. Klasean ikasleak pixka bat baxu ikusten badituzu baliabideak beste bide bati heltzeko, baina kasu honetan ezin da hori egin.

Etorkizuna nola ikusten duzu?
Online munduak lana murrizten du, klase presentzialek maisu lana bermatzen dute. Oraindik mundu konplikatua da, seguru asko hemendik urte batzuetara ohituko gara. Orain behartuta eman dugu urratsa, baina bestela hemendik urte batzuetara emango genuen. Orain gertatzen ari dena koiunturala da, baina online hor egongo da eta baita egun hauetan egiten ari garen materiala ere. Baditu gauza onak, baina orain ikasten ari gara hausnartu gabe. Frontoian bezala gabiltza: pilota erantzuten, baina jokaldia pentsatu gabe. Pilota etorri zaigu eta ahal dugun moduan erantzuten ari gara.

Ze gauza ikasi dituzu azken bi hilabeteetan?
Konturatu naiz badagoela gauzak egiteko beste modu bat. Online irakaskuntzarekin oso eszeptikoa nintzen, baina orain bide bat izan daitekeela konturatu naiz. Nire aurreiritzi asko biluztu ditut. Orain alde positiboak ere ikusten dizkiot, lehen negatiboa bakarrik. Bestalde, egunero zerbait prestatu behar dudanez gauza asko ari naiz ikasten. Online eskolak prestatzeak bide bat baino gehiago zabaldu dizkit, hausnartzen zabiltzala beti ikasten dira gauzak.

Online Klase guztiak: Bilbao Musika Bloga

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.