Dokumentuaren akzioak
Pasaiako Dantza Festibala antolatu dute aurten lehen aldiz
Lau eguneko dantza jaialdia antolatu dute Pasaiako Udalak eta Haatik Dantza konpainiak, aurten estreinakoz, ekainaren 6tik 9ra. Lau egunetan dantzaz gozatzeko hainbat modu izango dira Pasai Antxon: tailerrak, erakusketak, hitzaldiak, ikuskizunak, zinema...
Puntako dantza konpainen eta herriko talde eta eskoletako dantzarien emanaldiak izango dira ikusgai. Proyecto Larrua, Myriam Perez Cazabon, Mugmus laborategia, Ertza, Lasala konpainia, Kolorearekin Elkarte Artistikoa edota Hika eta Oinkari konpainiek Pasaian aurkeztuko dituzte beren dantza piezak. Pasaiako Alkartasuna dantza taldeak eta Iker Murilloren Studio24 eskolako ikasleek ere eskainiko dituzte emanaldiak. Dantza zuzenean zein pantaila handian izango da asteburuan Pasaian, Dantza filma proiektatuko baita lehenengo egunean. Ikusleak dantza praktikan jartzeko aukera ere izango du, Entre Orillas sorkuntza kolektiboaren tailerrean, Myriam Perez Cazabonek gidatutako Dantzaturiko istorioak lantegian eta Antxoko muxikoen elkartea eta kantu jira elkarteak bultzatutako erromerian.
Jaialdi parte-hartzaile, parekide eta integratzailea martxan jartzea da asmoa. Aurtengoa Pasaiako Dantza Festibalaren lehen edizioa da, baina ondorengo urteetan jarraipena izango duela azaldu dute antolatzaileek. Urtero herriko barruti batean antolatuko da eta norabide zirkularrean txandakatuko dute jaialdiaren kokapena. Lehenengoa Antxon izango da eta hurrengo urteetan Trintxerpe, San Pedro eta Donibanen, hurrenez hurren.
Pasaiako Dantza Festibala
Ekainak 6 osteguna
- 17:30ean, Entre Orillas sorkuntza kolektiboaren taillerra Azokan.
- 19:30ean, Proyecto Larruaren Idi Begi ikuskizuna Zumardian.
- 20:30ean, Dantza pelikularen proiekzioa Kultur Etxean.
Ekainak 7 ostirala
- 18:30ean, Myriam Perez Cazabonen Nere azalean arrotz ikuskizuna Zumardian.
- 19:30ean, Mugmus laborategiaren Esku Harriak: Oteizaren (H)aria ikuskizuna Biteri plazan.
- 20:30ean, Ertzaren Meeting Point ikuskizuna Zumardian.
Ekaiank 8 larunbata
- 11:30ean, Myriam Perez Cazabonek gidatutako Dantzaturiko istorioak lantegia Azokan.
- 13:30ean, Alkartasuna dantza taldeak Zuberoako maskarada eskainiko du Ibaiondo zabalgunean.
- 18:30ean, Iker Murilloren Studio24 eskolako ikasleen dantza erakustaldia Ibaiondo zabalgunean.
- 19:30ean, Lasala konpainairen IU ikuskizuna Skate-parkean.
- 20:30ean, Kolorearekin Elkarte Artistikoaren Habrá que ponerse cachas ikuskizuna Zumardian.
Ekainak 9 igandea
- 11:30ean, Iker Murilloren Studio24 eskolako ikasleen barra klasikoko erakustaldia Ibaiondo zabalgunean.
- 12:30an, Hika eta Oinkari konpainien Sagartu ikuskizuna Zumardian.
- 13:30ean, Herri dantzak Antxoko muxikoen elkartea eta kantu jira elkartearekin Zumardian.
Taldeak
Euskal Herriko Idi Probak oinarri hartuta, animalia eta gizakiaren arteko lotura iriudikatzen du. Haren fisikotasuna, hierarkia eta plazan duen hizkuntza animaliaren ikuspuntutik. Koreografia: Jordi Vilaseca. Dantzariak: Maddi Ruiz de Loizaga , Miguel Ballabriga, Aritz López. Musika: Bach, Machinefabriek.
Myriam Perez Cazabon: Nere azalean arrotz Ekainak 7, 18:30ean Zumardian.
"Orduantxe gertatu da: nerekiko deskonexio hori… Nire zati bat ezeztatuta geratu da. Bitartean, bestea begira daukat, so, ni aztertuz, kontrolatuz… Banaizen ere ez dakit. Egon, banago, sentitzen ez naizen arren… Azala lehor, eztarria lehor, eta itzalak edonon. Zai, beldurrik gabe zai." Ideia, zuzendaritza, koreografia: Myriam Perez Cazabon. Dantzariak: Leire Otamendi, Oihana Vesga, Myriam Perez Cazabon. Musika: Elle Belga, W. A. Mozart.
Mugmus laborategia: Esku Harriak: Oteizaren (H)aria Ekainak 7, 19:30ean Biteri plazan.
2018an Oteiza sortzaileak 100 urte beteko zukeen. Hori dela eta, MugMus laborategiak dantza garaikidea eta mugimendua, zuzeneko musika, eskultura, bertsolaritza… uztartzen dituen lana prestatu du. Ikusle-entzuleari eskaintzen zaio Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide oparoan landutako imajinarioaren berrirakurketa bat: harrespila, espazioa eta desokupazioa, hutsa, eskultura, klarion laborategia, musika serial eta konkretua, bertsolaritza, txalaparta, Ez Dok Amairu, hitza, “umea”… eta abar, horren bidez artista osoaren unibertso berezi eta zabala oroitzeko eta berregiteko. Zuzendari Artistikoa: Beñat Ralla Yusta. Dantzariak: Jone Amezaga del Frago, Ioritz Galarraga Capdequi. Mugimendu aholkularia /Kanpo begirada laguntzailea: Eneko Balerdi Eizmendi. Musika eta musikariak: Iñar Sastre Lopetegi Beñat Ralla Yusta. Bertsolaria: Ane Labaka. Jantziteria: Xabier Mujika Aldasoro
Ertza: Meeting Point Ekainak 7, 20:30ean Zumardian.
Herrialde berdinetik, baina elkarren artean urrun dauden bi hirietatik datozen bi gaztek, 8.000 kilometroko “putzua” gurutzatu behar izan dute eta urte batzu pasatzen utzi, planetaren beste punta batean topatu, elkar ezagutu, eta elkarren loturak aurkitzera iristeko. Eta konturatzeko nola askotan, gure bizitzako labirintoa osatzen duten bideak, besteenarekin gurutzatzen diren, eta hortik aurrera, persona berriak bilakatzen garen. Nola dantzarekiko pasioak agintzen duen leku berri batetan, Break Dance-a eta Hip Hop-a bezelako lengoaiak, dantza garaikidetik datorren hirugarren persona baten begiradapean, zera berri bat sortzeraino nahasten diren. Defini ezina den zera berri bat, baina biak (…edo hobeki esanda hiruak) definitzen dituena. Meeting Point-en, jendeak topo egiten duen toki horietaz mintzatzen gara, eta hori gerta dadin gurutzatu behar diren “putzuetaz” eta itxaron behar den denboraz. Zuzendaria: Asier Zabaleta. Koreografia: Asier Zabaleta. Dantzariak: Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza. Musika: Bosques de mi mente
Alkartasuna dantza taldea: Zuberoako maskarada Ekainak 8, 13:30ean Ibaiondo zabalgunean.
Zuberoan XVI. mendeaz gero. Inauterietako igande guztietan gazteak bildu eta maskaradak prestatzen zituzten, eta herriz-herri ibiltzen ziren mozorroz jantzirik. Euskal Herrian ezagunak ziren ofizio jakinetakoak ziren pertsonaiak eta taldeak. Dantzaz, musikaz, mintzoaz eta mimoaz baliatzen ziren lanbideak antzezteko. XXI. mendean oraindik bizirik diraute, eta orain dela hirurehun eta laurehun urte bezalaxe antolatzen dira.
Alkartasuna Pasai Antxoko Euskal Dantza Taldea da. Euskal Herri osoko jatorrizko dantzak eskaintzen ditu 1964. urtea ezkero. Herriko dinamizatzaile garrantzitsua dantzen transmisioan eta baita ohitura eta kultur ekintzen transmisioan ere.
Iker Murillo Studio24: ikasleen erakustaldia Ekainak 8, 18:30ean Ibaiondo zabalgunean.
Iker Murillo eta Vitali Safronkinek gidatutako dantza eskolaren erakustaldia. 4 urtetik 21 urtera bitarteko ikasleek bertan lantzen diren klasiko, neoklasiko, garaikide eta hip-hop estiloetako koreografia ezberdinak eskeiniko dituzte.
Lasala: IU Ekainak 8, 19:30ean Skate-parkean.
Gu, itzalen munduan, argia arnasten. “Microclimate” ikuskizunaren pieza laburra. Koreografa: Judith Argomaniz. Dantzariak: Jaiotz Osa eta Garazi Etxaburu.
Musika: Arvo Part, Acid Ghost, George Frideric Handel, Deep Frieze.
Kolorearekin Elkarte Artistikoa: Habrá que ponerse cachas Ekainak 8, 20:30ean Zumardian.
Habrá Que Ponerse Cachas (Katxas jarri beharko dugu) zentzugabekeri, xarma eta asmamenen joko bat da. Bob Dylanen abesti bat. «The Royal Tenenbaums» filmean bi anaien paperak. Anai-arreben arteko harremanak denboran zehar nola aldatzen diren… haurtzaroan, nerabezaroan, heldutasunean… Zer gertatzen da haurrek gurasoen ordez erabakiak hartu behar dituztenean? Zerk hurbiltzen gaitu gure anaiengana? Zerk urruntzen? Nola familiak batzutan gure nortasunarengana gerturatzen gaituen eta bestetan urruntzen? Guzti horrekin eta horretaz pentsatzen… dantzariek hartu-eman oparoa sortarazten dute… beraien ideia hegalarien mugimenduak ospakizuna bilakatuz. Gida artistikoa: Maylis Arrabit. Dantzariak: Ebi Soria Coron, Xabier Madina Manterola. Ekoizpena: Kolorearekin Elkarte Artistikoa
Iker Murilloren Studio24: barra klasikoko erakustaldia Ekainak 9, 11:30ean Ibaiondo zabalgunean.
Iker Murillo eta Vitali Safronkinek gidatutako dantza eskolako ikasleek ikasturtean zehar barra klasikoan landutakoa erakutsiko dute. 7 urtetik 21 urtera bitarteko ikasleek eta balleta ikasten duten helduek ere parte hartuko dutelarik.
Hika & Oinkari: Sagartu Ekainak 9, 12:30ean Zumardian.
Umorez, alaitsaunez eta bizi-bizi, sagarrak gure herrian ez ezik, paradisuko garaietatik hona izan dituen esanahi guztiak plazaratzen dituen ikuskizun multidisziplinarra, zuzeneko musika, antzerkia eta dantzarekin. Sagarra tentazioa da. Goserik gabe, gutizia. Bazkal-aurretik, kapritxoa. Bazkal-ondoren, apeta. Eta beti, osasuntsua. Gosea baretzen du, eta aldi berean, sagar gehiagoren gosea piztu. Sagarrak dantza egiten du. Poltsikoan berdea, poltsoan, gorria eta eskuan, berdea! Partaideak: Oinkari Dantza Taldea, Iñaki Dieguez, Iker Telleria, Miren Gojenola. Zuzendaritza eta dramaturgia: Agurtzane Intxaurraga. Koreografia: Eneko Gil, Agurtzane Intxaurraga.
Dokumentuaren akzioak