Dokumentuaren akzioak
Ortzadarren XX. Folklore Jardunaldiak
Hogei urte beteko dira Ortzadarrek Iruñean urtero folklorearen gaineko jardunaldiak antolatzen dituela, eta zaila da urte horien denen ondotik atzera ez begiratzea. Atzera begiratze horrek, batetik, ibilitakoaren poztasuna ematen digu, egindako ekarpenengatik eta aurkeztutako eta argitaratutako lanen mailarengatik. Baina bestetik, malenkoniarik ere badakar. Hogei urte hauetan lehenbiziko belaunaldiko antropologoetan zutarri nagusi izan direnak galdu ditugu, Euskal antropologian eta herri honen tradizio kulturaren gaineko azterketetan berebiziko ziren horiek: Joxe Miel Barandiaran (1991), Julio Caro Baroja (1995), Jose Maria Jimeno Jurio (2002), Jose Maria Satrustegi (2003). Haietako batzuek Jardunaldietan parte hartu zuten. Kezkatzekoa da azken urte sail honetan tradizio kulturaren ikertzaileen parte hartzeak behera egin duela, batik bat haren alderdi ezmaterialean.
Hargatik, aurtengo Folklore Jardunaldiei begira, Folklorearen eta tradizio kulturaren azterketen alorrean gertatzen ari denari begiratu bat ematea egoki litzatekeela deritzogu. Izan ere, Ortzadarrek tradizio kulturaren gaineko azterketak bultzatzen eta zabaltzen eman dituen hogeita hamar urteotan, folklorearen mundu txiki honetan gauza anitz aldatu da. Agian folkloreak berak jasan duena izan daiteke oinarrizkoena, bai bere eguneroko errealitatearen ikuspuntutik, bai folklorea aztertzen duten antropologo eta etnografoen ikuspuntutik. Tradizio kulturak igaro dituen hainbat egoerek harenganako ikuspegi jakin bat bideratu dute, momentu bakoitzeko tesi nagusienek baldintzatua den ikuspegia, hain zuzen. Izan liteke ikuspegi hau mende honen hasieran, globalizazio eta kultur kolonizazioen testuinguruan, baina baita nortasunaren garrantzia eta berezkoaren balioarenean, inoiz baino ageriago izatea. Hain zuzen, joan den mendearen zati handienean zehar berehalako galera sentsazioak ikuspegi horietako baten iraunkortasuna eta garrantzia funtsatu bazuen, eginkizunak informazio bilketaren tradizio kulturaren inguruan oinarrituz, mende amaierak folklorearen bukaera proposatu digu, eta folklorismoaren hasiera.
Aipatu arrazoiengatik, aurtengo Folklore Jardunaldietan Folklorearen ikerketen gaurko joerak aztertzea proposatzen dugu, Tradizio Kulturaren gaineko azterketen egungo egoerak arakatzea, egindakoaren ekarpen eta gabeziak ezagutzea, Tradizio Kulturaz eta haren azterketaz dagoen ikuspegia bateratzea, bai antropologo, etnografo eta folkloristen aldetik, bai gaiaren inguruan ikerketari eusten dioten hainbat erakunderen aldetik; egungo gizartean tradizio kulturaren ikertzaileen papera; bertako kulturetan kultur artekotasunaren eta kultur aniztasunaren eragina; Tradizio Kulturaren erabilera zahar eta berriak. Hau guztia, etxeko egoera azpimarratuz, baina nazioarteko joerak alde batera utzi gabe, noski.
Jardunaldiak, Iruñean 2004ko azaroan eginen direnak, entzulegoari irekiak izanen dira. Informazio gehiago nahi duenak edota izen eman nahi duenak Jardunaldien Idazkaritzara jo beharko du.
Lanen aurkezpena
Batzorde antolatzaileak zenbait ponentzia eskatu ditu aldez aurretik, baina horiez gain interesa duen oro gonbidatu nahi du haren argitaratu gabeko lanak aurkeztera. Egileek uztailaren 31 baino lehen bidali beharko dute lana behin-behineko izenburuarekin, egile/en izena eta lanbidea aipatuz, harreman helbideak ( etxeko helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa) emanez.
Behin-betiko testua urriaren 17 baino lehen helarazi beharko da euskarri informatikoan ( Word bertsioa edo antzekoan), 15 orrialde luze jota. Honi 15-20 lerroko laburpena erantsiko zaio idatzita ez dagoen bi hizkuntzetan.
Baieztatu eta geroagoko argitaratzeari begira, Batzorde zientifiko batek neurtuko ditu aurkeztutako txostenak eta proposatutako gaiarekiko egokitzapena, hauek Sukil-eko bostgarren alean argitaratzeko, alegia.
Jardunaldien Idazkaritza / Secretaría de las Jornadas
Descalzos Kalea, 65 behea
Tfnoa./faxa: 948 223 107
E-mail: ortzadar@ortzadar.org www.ortzadar.org
31001 Iruña / Pamplona
Dokumentuaren akzioak