Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Pandemiak etendako urteurrena berrartu du Oñatzek

Dokumentuaren akzioak

Pandemiak etendako urteurrena berrartu du Oñatzek

2021/03/12 08:35
Pandemiak etendako urteurrena berrartu du Oñatzek

Oñatz 50 soka-dantza, Oñati, 2020-01-18. Argazkia: Oier Araolaza - Dantza CC-BY-SAn

"Ez zen posible izan". Iazko maiatzean, koordinazio taldeak proposatuta eta lan talde txikiek aho batez onartuta, erabaki zuten pandemia zela eta urteurrenarekin ezin zela aurrera jarraitu eta ekintzak 2021ra pasatzea. "Beti egon da esperantza txikia urteurrena berrartzekoa, baina ez zen posible izan 2020an". Maite Irizar Oñatzeko dantzariak azaldu digu guztiz ez direla inoiz geratu, baina pandemia dela eta bertan behera utzi behar izan zituzten urteurreneko ekintzak, eta, orain, martxoa hastearekin batera 50. urteurrena berrartu du Oñatiko Oñatz dantza taldeak

 

Soseguz eta arduraz

Ilusioaren eta egingarritasunaren errealitateak askotan txoke egiten duela dio Irizarrek, beraz helburua da ekintzak poliki eta zuhurtziaz antolatzea. Urrian hasi ziren 2021erako ekintzei bueltak ematen eta hor erabaki zuten, aurreko hilabeteetako esperientziak erakutsita, "soseguz eta arduraz" jokatu beharra dagoela erabakiak hartzeko orduan. 2020ko urteurrenerako hilabete bakoitzean gai bat lantzea aurreikusi zuten. Orain, begiratu behar izan dute pentsatuta zituzten ekintzetatik zein diren egingarriak eta zeintzuk moldatu beharko liratekeen, eta beste zenbait 2021ean ere ezin direla egin ikusi dute. Gauzak horrela, momentuan martxoko eta apirileko ekintzak bakarrik lotu nahi izan dituzte. 

Moldatu daitezkeen ekintzei forma ematen hasi dira, "baina zaila da, etorkizunean ez dakigulako egoera zein izango den eta zertarako aukera izango dugun. Hala ere, gogorik ez da falta eta urteurrena gogoz hasi dugu". Hilabetez hilabete eta epe motzerako proiekzioak eta egitaraua osatzen joatea erabaki dute, egoerak zaildu egiten duelako urte osoko egitaraua aurkeztea.

Martxoa: udaberria janzten

Urteurrena arropen hilabetearekin hasi dute. Herriko komertzioetako 50 bat erakusleihotan dantza taldearen jantziak, materialak, apaingarriak eta argazkiak erakusgai dira. Euskal jantziak ezagutarazi, herrira bistarazi, "kaleak bizitu nahi ditugu urteurrenaren aitzakian eta jendeak ikus dezala bagatozela".

Oñatz 50 erakusleihoak
Oñatz 50. urteurrena, erakusleihoetako erakusketa, Oñati, 2021-03-11. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Jantzi Dantza erakusketa ireki dute Kultur Etxean. Ramon Gartziak atondutako jantziekin osatutako Errenteriako Iraultza dantza taldearen erakusketa ikusgai da martxoaren 8tik 26ra 18:00-20:00. 1990eko hamarkadatik Oñatzentzat eginiko jantzi gehienak Gartziak eginikoak dira, beraz erakusketan pieza horiek ere ikus daitezke. Eta, nola ez, baita Oñatiko korpus dantzen jantziak ere. Erakusketa borobiltzeko martxoaren 16an hitzaldia emango du Ramon Gartziak.

Jantzi Dantza erakusketa
Jantzi Dantza erakusketa, Oñati, 2021-03-11. Argazkia: Maite Irizar - Dantzan CC-BY-SA

Apirila: kanpora begira

Datorren hilean kanpoko taldeak izango dira protagonista nagusiak, Iruñeko Duguna eta Iurretako dantzariak izango baitira Oñatin. "Herrira ekarri nahi dugu kanpoan egiten den hori. Askotan gure herritik kanpoko dantzen ezagutza falta sumatu izan dugu eta tokian tokiko beste zenbait dantza gure herrian ikusteko aukera eskaini nahi dugu".

Iurreta dantzari-dantza 2018
Dantzari-dantza, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Beste herrietako errealitatea eta ondarea ezagutzeko asmoz apirilaren 13an Jantzari dokumentalaren proiekzioa antolatu dute eta apirilaren 17an Iurretako dantzarien eta Iruñeko Duguna taldearen emanaldiak izango dira Oñatiko plazako frontoian.

Iruñea trokeo-dantza
San Fermin trokeo-dantzak, Iruñea, 2017-07-07. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.