Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Hainbat inauteritako pertsonaiak bilduko dira Olatzagutian

Dokumentuaren akzioak

Hainbat inauteritako pertsonaiak bilduko dira Olatzagutian

2017/02/22 08:25
Hainbat inauteritako pertsonaiak bilduko dira Olatzagutian

Olatzagutiko inauteria. Argazkia: Iñaki Otaño

Otsailaren 25ean, inauteri larunbatez, ospatuko dute Olatzagutian bertako inauteria berriz egiten duela 25 urte hasi zirela, eta zenbait herritako inauterietako ordezkariek hartuko dute parte ospakizunetan: Zalduondo, Altsasu, Urdian, Unanu eta Navalosa (Avila). Beraz, Olatzagutiko zamarroekin batera Unanu eta Urdiaingo mamuxarroak, Zalduondoko mozorroak, Nabalosako kukurrumatxoak eta Altsasuko momotxorroak denak batera agertuko dira larunbatean Sakana aldean.

1992. urtean ekin zioten olatzagutiarrek beren inauteria berriz egiteari. Ohikoa duten moduan, Mari Arroka, Zamarroak eta enparauak ariko dira Olatzagutiko kaleetan zalaparta sortzen. Zamarroen gurdia da inauteriko beste elementu nabarmena. Lur bustia daramate bertan, eta segizioari jarraika dabiltzanei botatzen diete. Kintoek dantzatutako zortzikoarekin bukatuko da desfilea, San Migel plazan.   

Olatzagutiko ihotea hainbat pertsonaiak osatzen dute: Zamar haundiak, Zamar txikiak, neskak, Mari Arroka (jainkosa mitologikoa), iratxoak eta auntzaiak, alkatea, medikua eta apaiza. Zamarrak bi ardilarrurekin janzten dira, bata aurretik eta bestea atzetik. Atzeko ardilarruari lotzen diote buruko ipurukoa, eta zapi zuri batekin estaltzen dute aruepgia. Ardilarruen azpitik gonak daramatzate, eta denek farak edo joareak daramatzate. 

Hiru eguneko inauteri zaharra

1937 arte egin ziren ihoteak Olatzagutian. Kasu askotan bezala, Espainiako Gerra Zibilak eta haren ondorioek ekarri zuten etena. Ordu arte hiru egun irauten zuten Olaztiko ihoteek, bakoitza bere berezitasunekin: Lardero Eguna, Domeka Zamar Txiki eguna eta Zamar Haundi eguna. 

Lardero Egunean herriko artzaia eskean ateratzen zen. Goizetik hasita, zesto eta zakuak eskutan, etxeko atarietan lukarikia (lukainka), urdai puska, artaburuak edota dirua biltzen zituen. Kantu propioa zuen: "Eskean despeituta gero, bazkaltzera". 

Domeka Zamar Txikiko igande arratsaldean ospatzen zen. Gazteak, neskak eta ezkonduak, zamarrez jantzita ateratzen ziren. Zamar jantziek aurpegia belzten zuten betunarekin edo ikatzarekin. Beste batzuek, berriz, ardi edota hartz gisan mozorrotzen ziren. Fariak (zintzarriak) eta kamantxilak (kaskabiloak) larruzko lepazaldietan janzten zituzten. Kalean harrapatutako edozein zikintzen zuten zamarrek, eta eskuetan lokatz eta ongarriak eramaten zituzten, taldeak zeraman guridtik hartutakoak. Herriko plazara iritsita, herriko txistulariek ttun-ttuna eta danbolina jotzen zituzten, eta "Abemarik jotzen zenian despeitzen zan musika". Domeka zar eguna, ofizialki, egun argiz bukatzen zen, dantza bukatutakoan mozorroak kendu eta neskak plazatik joaten zirenean.

Zamar haundi inauterietako asteartean izaten zen, eta inauteriko egun nagusia zen olatzagutiarrentzat. Eguna aurrera joan ahala, giroa berotzen joaten zen, zamarrek herria hartzen zuten neurrian. Dantza egiten zen hasieran, eta ondoren herriko gazteek puska-biltzea egiten zuten etxez etxe, danbolinarekin, oihuka, garrasika eta irrintzika. Diru-poltsa eramateaz arduratzen zen bat, eta beste lauk otordurako puskak biltzen zituzten. Urdaia, artoa, ogia, lukarikia eta tripotiak jasotzen zitutzen. Jasotako dirua eta artoa (hura ere saltzen zuten), inauterietako gastuak ordaintzeko erabiltzen zuten, eta ezer geldituz gero, gazteen artean partitzen zuten. 

Urteurrena ospatzeko gonbidatuak eta ospakizunak

1992an hasi ziren berriz ere ospatzen, berreskuratze-lan baten ondoren, eta inauteriko larunbatean ospatzen da. Urteurrena ospatzeko, hainbat herritako inauterietako ordezkariak gonbidatu dituzte antolatzaileek: Zalduondo, Altsasu, Urdian, Unanu eta Navalosa (Avila). 

Herri bazkariarekin hasiko da festa. Segidan, zamarraundiak eta zamartxikiak prestatzen hasiko dira kalerik kale musikak lagunduta ibiltzeko. Segizioaren buruan alkatea eta alkatesa, auntzaiak, apaiza eta medikua joango dira. Haien atzetik, zamarraundiek lurrez betetako gurdia bultzatuko dute, zamartxikien laguntzaz. Mari Arroka Urbasako bidetik jaitsiko da, eta gainerakoak gaztetxetik, udaletxeko plazan Mari Arrokarekin biltzeko. Ihoteak plazan bukatuko dira eta gonbidatu bakoitzak bere erakustaldia egingo du. Amaieran, Olatzagutiko kintoek Olaztiko zortzikoa dantzatuko dute, eta partaide guztien fandango eta arin-arinarekin emango zaio amaiera inauteriari. 

Egitaraua

  • 12:30, poteoa La Cigarra txarangarekin
  • 14:30, bazkari herrikoia frontoian
  • 17:00, kedada frontoian janzteko
  • 18:00, kalejira futbito pistaraino, beste herri batzuetako inauterietako partaideekin:
    • Unanu (mamuxarroak)
    • Urdiain (mamuxarroak)
    • Zalduondo (Markitos)
    • Nabalosa (kukurrumatxoak)
    • Altsasu (momotxorroak)
  • Ondoren salda plazan eta poteoa txarangarekin
  • 23:00, kontzertuak gaztetxean 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.